Portal de Osakidetza

Osakidetza logotipoaren irudia

Orain logotipoaren irudia

euskadi.net logotipoaren irudia

Hemen zaude:
  1. Herritarrak
  2.  
  3. Osasuna
Osasuna

Aurtengo EiTBko maratoiak, azaroaren 30etik abenduaren 13 arte, dirua bilduko du birikietako minbizia ikertzeko

eitb maratoia aire

Biriketakoa da gure gizartean heriotza gehien eragiten dituen minbizia. Urtero, batez beste 1.289 biriketako minbizia kasu diagnostikatzen dira EAEn, “Minbiziari bizirautea Euskal Autonomia Erkidegoan 2000-2012” txosteneko datuen arabera. Tumore hau, halaber, bi sexuetan hirugarren maiztasun handiena izan zuen minbizia izan zen, eta lehenengoa hilkortasunean bi sexuak batuta. Bestalde, diagnostikatutako gaixoaren batez besteko adina 67 urtekoa izan zen gizonezkoetan eta 64 urtekoa emakumezkoetan.

Azken urteetan, intzidentzia nabarmen handitu da emakumeen artean, eta egonkor eutsi dio gizonen artean. Handitze hori emakumezko erretzaileen kopuruaren igoerarekin lotuta dago. Biziraupena bost urteren ondoren %11,7koa izan zen gizonen artean eta %16,7koa emakumeen artean. Horrenbestez, heriotza ugari eragiten dituen tumorea da.

Tabakoa da, orobat, biriketako minbizia garatzeko arrisku-faktore garrantzitsuena, eta kasuen %80-90ean presente dago. Hilkortasun-tasa murriztea, gaixoen bizi-kalitatea hobetzea eta familiei laguntza ematea dira lan terapeutiko eta sozio-sanitarioaren helburuak.Prebentzioak ere garrantzi handia dauka, biriketako minbizia guztien %80 bizi-estilo osasuntsuen bidez saihestu baitaiteke. Tabakoa, arrisku-faktore nagusia izanik,ez erretzea da norbere osasunari eta gizarteari laguntzeko modurik merke eta arduratsuena.

Osakidetza 39 ikerketa-proiektutan dabil lanean

Osakidetzan egiten den biriketako minbiziari buruzko ikerketaren barruan, une honetan, 39 proiektu eta azterketa kliniko daude martxan, milioi bat eurotik gorako hainbat urtetarako finantzaketarekin. Datu horiek argi erakusten dute gaixotasun honen aurkako borroka ikerketa-lerro garrantzitsua dela Osakidetzan.

Datu on horien atzean bi arrazoi argi ditugu: batetik, gaixotasun horien gaineko ezagutza sakona, eta bestetik, Osasun Sailak ikerketa eta berrikuntzaren alde egindako apustu estrategikoa, gure osasunaren inguruko emaitzak hobetzeko eta Euskadiko garapen ekonomikoa sustatzeko (Osasun Ikerketa eta Berrikuntzaren Estrategia 2020).

Ikerketa proiektu onenentzat bideratuko da dirua

Honengatik guztiagatik, azaroaren 30etik abenduaren 13 arte, "Airea biriketako minbiziaren aurka" lelopean, EiTBk baliabide guztiak jarriko ditu biriketako minbiziaren inguruan sentsibilizatu eta gaitzari aurre egiteko dirua biltzeko.

Euskal gizartearen eskuzabaltasuna eta konpromisoa funtsezkoak izango dira martxan dauden ikerketak bultzatzeko eta esparru honetako jarduera handitzeko. Horrela, dagoeneko gaur egun euskal herritarren zati handi bati eragiten dieten arazoei konponbideak bilatzeko bideak irekiko dira.

Bestalde, urtero legez, BIOEFek (Berrikuntza + Ikerkuntza + Osasuna Eusko Fundazioak) kudeatuko ditu EiTB Maratoian bildutako fondoak. Fundazioak deialdi publikoa egingo du, besteak beste ondoko ekintza hauek aurrera eramateko: ikergaiari buruzko ikerketa-proiektu onenen hautaketa eta etorkizunera begira aukera gehien ematen dituzten ikerketa-ildoak sendotu. I+G+B proiektuak ebaluatzeko agentzia ofizial batek aztertuko ditu proiektuak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendekoa den Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak (ANEPek) hain zuzen ere. Azterketa horren arabera, proiektuei puntuak banatu eta sailkapena osatuko da.

 

eitb maratoia aire

Informazio iturria EITB

Azken aldaketako data:


Euskadi, auzolana