Portal de Osakidetza

Osakidetza logotipoaren irudia

Orain logotipoaren irudia

euskadi.net logotipoaren irudia

Depresioa

Nola lagundu depresioa duen pertsona bati? jarraibide batzuk senide eta lagunentzat

  • Senideek eta lagunek funtsezko zeregina bete dezakete depresioa duen pertsona bati sendatzen laguntzeko. Osasun-profesional batekin hitz egitea gomendatu ahal diote, funtsezko aliatuak izan daitezke sendatze-prozesuan, alarma-seinaleak goiz atzeman ditzakete eta pertsonari garaiz jokatzen lagundu diezaiokete...

Depresiorik al du?

  • Askotan, hurbilekoak izaten dira lehenengo konturatzen direnak norbaiti gauzak ez doazkiola ondo, eta funtsezkoak dira pertsona horri adierazteko agian osasun-profesional baten laguntza behar duela.
  • Jarraian zerrendatzen ditugun seinaleek depresioa dagoela adieraz dezakete, batez ere bat baino gehiago agertuz gero, eta elkarren segidako aste batzuetan:
    • Ohi baino nahiko tristeago, ezkorrago, suminkorrago edo sentiberago azaltzen da.
    • Ohi baino despistatuago, ahazkorrago edo zabarrago dabil.
    • Ematen du interesa galdu duela lehen gozarazten zioten jarduerekiko.
    • Bakartuago dabil edo interes gutxiago erakusten du lagunekin eta senideekin egoteko.
    • Lo egiteko arazoak ditu (edo ohi baino gehiago lo egiten du).
    • Energia- edo motibazio-faltaz kexatzen da.
    • Jangura galdu du (edo ohi baino gehiago jaten du).
    • Ohi baino gehiago erretzen du edo ohi baino alkohol gehiago edaten du.
  • Garrantzitsua da depresioa aintzat hartzea, larria izan eta pertsonaren bizitza arriskuan jarri baitezake. Susmorik izanez gero, komeni da pertsona animatzea familia-medikuarenera joateko, berak egingo baitu egoeraren balorazio egokia.

Nola lagundu dezaket?

  • Zaila izan daiteke depresioa duen pertsona bati laguntza ematea eta haren ondoan egotea; eta, senideak edo lagunak desorientatuta, larrituta edo errudun ere sentitu daitezke, zer egin ez badakite pertsona horren sufrimendua arintzeko.
  • Garrantzitsua da hau kontuan hartzea:
    • Depresio bat gainditzea luze samarra izan daiteke, eta gorabeherak edo egun txarrak izan daitezke, gauzak hobera doazela ematen duenean.
    • Depresioak eragin handia du pertsonaren jokaeran; eta, hori dela-eta, baliteke ohi bezala ez kontrolatzea bere sentimenduak, zer esaten duen edo zer egiten duen.
    • Borondatea garrantzitsua da sendatze-prozesuan, baina ez da nahikoa depresioa gainditzeko. Funtsezko elementua medikuak agintzen duen tratamendua da.
    • Egoera ezkutatu edo aintzat ez hartzeak ez du konpontzen laguntzen, eta horrela denbora galduko da depresioa gainditzeari begira.
  • Depresioa duen bati laguntzeko modurik garrantzitsuenetako bat animatzea da osasun-profesional batekin hitz egin dezan; edo, bide horretan hasita badago, laguntza ematea kontrol-bisitetara joan dadin.
  • Horrez gain, familia edota lagunak osasun-profesionalaren funtsezko aliatuak izan daitezke depresioa gainditzeko bidean. Oro har, hau gomendatzen da:
    • Saiatu behar da depresioa duen pertsona animatzen, estimulatzen eta laguntzen, medikuak emandako jarraibideak bete ahal izan ditzan (adibidez, ariketa fisikoa egitea, zaletasunen bat berreskuratzea...).
    • Saiatu behar da hurbil egoten, eta ulerkorra eta pazientea izaten. Prest agertu behar da hitz egiteko edo laguntzeko, pertsona horrek behar duenean.
    • Zailtasunik izanez gero, hobe da egoera gehiegi ez behartzea, oso kritiko ez agertzea edo tentsio-uneetara ez iristea. Zalantzarik izanez gero, hobe da osasun-profesionalarekin kontsultatzea.
  • Gomendagarria da depresioaz informazioa izatea, zer gertatzen den hobeto ulertzeko eta egoera batzuetan zer egin jakiteko. Ondo informatuta egonez gero, laguntza handia eman daiteke sendatze-bidean. Dokumentazio eta esteka interesgarriak aurkituko dituzu "Esteka eta informazio interesgarriak" atalean.
  • Garrantzitsua da norberaren osasuna zaintzea, depresioa duen bati laguntzeak ekar dezakeen emozio-higadura saihesteko (beste gaixotasun batzuetan ere hala jokatzea gomendatzen da). Denbora hartu behar da atsedena hartzeko eta beste gauza batzuetan pentsatu eta aritzeko. Maitatzen den pertsona batek depresioa gainditzea ez da hartu behar norberaren erantzukizun gisa. Senide edo lagun batek laguntza eman dezake, baina bera ez da hobekuntzaren erantzulea.
Azken eguneratzea: 2014/02/12

Compromiso con las personas