Portal de Osakidetza

Osakidetza logotipoaren irudia

Orain logotipoaren irudia

euskadi.net logotipoaren irudia

Depresioa

Noiz eta nola eskatu profesionalen laguntza

Uste dut depresioa dudala... Zer egin behar dut?

  • Depresioa duzula uste baduzu, garrantzitsua da laguntza eskatzea. Zenbat eta lehenago egin, hainbat eta lehenago hasiko zara hobetzen.
  • Gomendagarria da familia-medikuarekin hitzordua eskatzea; berak egoera baloratuko du, eta esango dizu hobetzeko tratamendurik behar duzun ala ez.
  • Gogora ezazu depresio bat diagnostikatzeko beharrezkoa dela sintoma batzuk agertzea, zailtasunak izatea eguneroko funtzionamendurako, eta hori guztia bi astez, gutxienez (irakurri arretaz Depresio nagusia" atala). Tristura "normala" iragankorra izaten da, ez dio gure funtzionamenduari eragiten eta ez da tratamendu medikorik behar.
  • Profesional bati laguntza eskatzea erabaki zaila izan daiteke pertsona batzuentzat; hala ere, erabaki garrantzitsuenetakoa da depresioa ahalik eta lasterren gainditu ahal izateko. Familia-medikuek eskarmentu handia dute depresioa duten pertsonei laguntzen (antsietatea eta depresioa kontsultarako arrazoi ohikoenetakoak dira), eta laguntza hori eraginkorra izan dadin behar den ezagutza dute.
  • Zure medikuak galdera errazak egingo dizkizu, eta zuk ez duzu zertan erantzun galdera guztiei. Gogora ezazu konfidentzialtasun osoz tratatuko duela azaltzen diozun guztia. Gainera, informazioa emango dizu gertatzen zaizunaz, eta hori konpontzeko aukerarik egokienak zein diren adieraziko dizu. Ez duzu zertan egin proposatuko zaizun tratamendua, eta parte hartu ahal izango duzu tratamendu egokia hautatzeko erabakian.

Zer egin premiazko egoeretan?

  • Zailtasunak edo ondoeza bat-batekoak edo oso handiak badira, edo pertsonak depresio-kasuetan kontuan hartu beharreko alarma-seinaleren bat erakusten badu (suizidio-ideiak, adibidez), balorazio medikoa eskatu behar da ahalik eta lasterren.
  • Pertsona dagoeneko tratamendua jasotzen ari bada, komenigarria da lehenengo eta behin bere terapeutarekin harremanetan jartzen saiatzea.
  • Terapeuta horrek une horretan arretarik eskaini ezin badio edo egoera premia handikoa bada, eguneko 24 orduetan eta asteko egun guztietan jaso daiteke osasun-arreta, 112ra deituta. Aukera bat da etxetik hurbilen dagoen larrialdi medikoetako zentrora joatea.
Azken eguneratzea: 2014/02/12

Compromiso con las personas