Portal de Osakidetza

Osakidetza logotipoaren irudia

Orain logotipoaren irudia

euskadi.net logotipoaren irudia

Konprometiturik gaude euskararekin

Euskara

Bilbao-Basurtu ESIk, Osakidetza eta EAEko Administrazio osoak bezala, eusko gizartearekin dihardu euskararen erabilera biziberritzeko ahaleginean, erkidegoaren berezko hizkuntza baita. Orobat, konpromiso hori ESIk bere erkidegoarekin duen konpromisoaren baitan dago, eta era berean gure gizarte-erantzukizunaren emaitza da. Jakina, engaiamendu hori argiro lotzen zaio asistentziaren kalitatea eten gabe hobetzeko gure konpromisoari ere, horrela bat etorririk Plan Estrategikoan aldarrikatzen ditugun misio, ikuspen, eta balioekin.

Hori guztia ESIren Euskara-programan hezur-mamitzen da, bai eta berariazko programetan nahiz urteroko kudeaketa-planetan ere, zeinetan gure konpromisoa errealitate bihurtzen baita.

Herritarrenganako konpromisoa: euskaraz artatzea eta informatzea

Erabiltzaileek eskubidea dute gurekiko harreman guztietan euskaraz jarduteko, bai eta emandako zerbitzu mota guztietan ere. Horregatik, arian-arian langile eta unitate elebidunen kopurua gehitzen gabiltza, eta era berean ahalegintzen gara elebidunak izan daitezen komunikazio-tresna tradizionalak nahiz teknologia berrienak, horrela herritarrek beti aukera izan dezaten gurekin bere lehentasuneko hizkuntzan jarduteko. Horren ondorioz beharturik gaude proaktiboak izatera gure paziente eta erabiltzaileen beharrizan linguistikoak asetzeari dagokionean, beti ere bilatzen dugula hizkuntzaren erabilera ahalik naturalena.

Gizartearekin harremanetan: jende aurreko ekitaldiak, komunikabideak eta publizitatea

Konprometiturik gaude jende aurreko ekitaldietan euskara erabiltzen, une bakoitzean ahal dugun neurrian, beti ere xedetzat dugula erabilera gehituz joatea, aurrera egiteko hizkuntza ofizial bien erabilera parekoa izan dadin. Halaber, elebitasun osoa bermatzeko konpromisoa dugu herritarrei zuzentzen zaien idatzizko, ahozko eta ikusteko publizitatean, bai eta hedabideen bitartez zabaltzen diren kanpaina eta komunikazioetan ere.

Euskara lantokian normalizatzea

Euskara lantokian erabiltzea, langile guztien eskubidea ez ezik, giltzarri nagusietatik bat da euskararen erabilera gizartean biziberritzeko. Hori horrela izanik, eskueran ditugun baliabideez trebakuntza sustatzen dugu euskara laneko hizkuntza izan dadin, eta era berean egiten dugu langileen hizkuntza-birziklatzea beharrezkoa denean. Orobat, euskararen erabilera bultzatzen gabiltza bai etengabeko prestakuntzaren arloan bai asistentziaren arloko profesionalak biltzen dituzten zenbait prestakuntza-jarduera espezifikoren bidez ere.

Azken aldaketako data: 2016/07/12

Euskadi, auzolana