Portal de Osakidetza

Osakidetza logotipoaren irudia

Orain logotipoaren irudia

euskadi.net logotipoaren irudia

Ospitalean

Historia

30eko hamarkadan, aldundiak eta udalak benefizentzia-batzordea osatzen zutelarik, Zorroaga jo zuten leku apropostzat, hirirako eta lurralde osorako ospitale berri bat egiteko.

Eraikinaren egitura eginda zegoenean, bertan behera gelditu ziren lanak, gerra zibila zela-eta.Tuberkulosoentzako pabiloia estatuaren eskuetara pasatu zen –Patronato Nacional de Lucha Antituberculosara–, eta horrela sortu zen Toraxeko Gaixotasunen Ospitalea.

Ospitale horrek 1952ko udan ekin zion lanari, urtebete geroago, 1953ko abuztuaren 12an, inauguratu bazuten ere. Bertara joan ziren Ubako Nuestra Señora de las Mercedes sendategiko pazienteak eta Groseko San Antonio Abad Ospitaleko Doker pabiloiko haurrak. Pare bat urte geroago, 1955ean, Andazarrateko gizonezkoen sendategikoak ingresatu ziren.

1957an, Erizainentzako Eskolako pabiloia izan behar zuena Ospitale Probintzial bihurtu zen, 165 ohe zituelarik. Eraikina 1960ko martxoaren 19an inauguratu zen. Inguru horretan bertan, martxan zegoen jadanik –1944tik– Psikiatriako sendategia. Bi zentrook, Foru Aldundiarenak biak, osatu zuten Ospitale Probintziala.

Estatuko Instituto Nacional de Previsión-ek bere aldetik, 50eko hamarkadako erdi aldera, Donostian zentro sanitario bat egiteko asmoa zeukan eta harremanetan zebilen Aldundiarekin, hori baitzen lurren jabea –hain zuzen ere, gorago aipatu dugunena, zeinetan hasi ziren Donostia Ospitalea izan behar zuena eraikitzen, eta bertan behera gelditu zen gerra zibilaren ondorioz–.

Residencia Sanitaria del Seguro Obligatorio de Enfermedad, erresidentzia, 1960ko abuztuaren 15ean inauguratu zen. Bezperan eraman ziren lehen pazienteak: Ategorrietako San José amaetxeko emakume eta haurrak.

Ordura arte, sanitate publikoak bi zentro bakarrik zituen Gipuzkoa osoan, lehenago aipatutako bi, hain zuzen: Ategorrietakoa eta San Antonio Abad Ospitalea, azken hori Manteo Ospitalea bezala (Grosen) ezagunagoa. 60ko hamarkadatik aurrera, Zorroagak 3 ospitale publiko zituen, Gipuzkoako populazioa erakunde desberdinetatik atenditzen zutenak. 1987ko abendutik aurrera, transferentzien bidez Osakidetzan sartu ziren.

1981ean Toraxeko Ospitalea Eusko Jaurlaritzari transferitu zioten, eta 1985ean AMARAKO OSPITALEA izena jarri zioten. Urteak aurrera joan ahala, tuberkulosiaren eragina gutxituz joan zenez, ospitale hori arnas patologia kronikoez hasi zen arduratzen.

Pixkanaka-pixkanaka, instalazioetan birmoldaketa handiak egin ondoren, gaixotasun kronikoak atenditzeko egonaldi ertain eta luzeko ospitale bihurtu zen. Azken urteotan Errehabilitazioko Zerbitzua indartu du: 47 oheko solairua eta erabat berritutako gimnasioa ditu.

GIPUZKOAKO OSPITALEA, lehengo Ospitale Probintziala, 1985ean sartu zen Osakidetzan. Akutuentzako zentro sanitarioa da; 14 udalerri eta, gutxi gorabehera, 160.000 bizilagun dituen eskualde sanitarioa atenditzen du.

Gipuzkoa osorako akutuentzako psikiatriako arlo espezializatua ere badu, eta baita ospitalez kanpoko presentzia handia ere: Gros, Lartzabal eta Pasai San Pedroko anbulatorioetan. Horretaz gain, espezialitate mediko batzuetan erreferentea da Euskal Autonomia Erkidegorako.

ARANTZAZU OSPITALEA, lehengo erresidentzia, 1987an sartu zen Osakidetzan. Hirugarren mailako zentro ospitalarioa da, irakaskuntza -eta ikerkuntza- eginkizun garrantzitsuekin, eta patologia akutuen tratamendura jarria dagoena, batik bat.

Donostia zuzenean atenditzen du eta, aldi berean, Gipuzkoarako erreferentziako ospitalea da. Ospitalez kanpoko atentzioa ere ematen du, Groseko Anbulatorioan batik bat. Irakaskuntzarako kreditazioa du, eta espezialitate mediko-kirurgiko gehienak. Dagoeneko hiru osasun-erakundeek, inguru berean kokatuta daudelarik, beren zerbitzuak batzeko bidea zabalik dute.

Izan zen aurretik horri begirako saiorik, baina hiru ospitale publikoen bateratze-prozesua 1995ean hasi zen. Jakin behar zen ea egitura, antolaketa eta funtzionamendua, hiru ospitaleenak, egokienak ote ziren hiritarrak asistentzi mailarik altuenekin atenditzeko, edo hobetu zitezkeen. Donostiako ospitale publikoen plan estrategikoa egin zen horretarako.

Lantalde bat osatu zen, zeinean hiru ospitaleetako zuzendariek, mediku eta erizainek parte hartu baitzuten, adostasunez egoerari irtenbidea emateko.

Laburbilduz, parte-hartzaile guztien onura bilatu zen, bereziki pazientearena, baina baita ere profesional eta erakundeena. Erabakitzeko metodoa, ahalik gehiena, kontsentsua izango zen.

1996ko apirilaren 22an inauguratu zen hiru ospitaleen arteko konexio-zubia, bateratzea ikusgarri egiten zuen lehenengo ekintza.

Hilabete lehenago Osasun Saileko Zuzendaritzako Kontseiluak bere egin zituen lantaldearen aholkuak. "Irteera tiroa" zen. Bide-lasterketa horretan langileentzako komunikazio-plan zaindua, koordinaziotalde askoren sorrera eta Donostiako Laborategi bateratuaren abian jartzea nabarmendu behar.

Donostiako Osakidetzako laborategien bateratzea 1995ean hasi zen; gogoeta estrategikoan, kontsentu-bilaketan eta planifikazio funtzionalean oinarriturik.

Laborategi Bateratua sei laborategiren gainean sortu zen. Orduko eskaerari erantzuteaz gain, hona hemen helburuak: merkatu berriak bilatzea; giza baliabideen eta baliabide ekonomiko eta teknologikoen erabilpena hobetzea, beti ere gogobetetasunari, kalitateari eta abarrei begira; eta abar. Egindako lanaren erakusgarri, Biokimikako Zerbitzua dugu, zeinari egokitu baitzitzaion lehengo Arantzazu Ospitaleko azalera berean hiru aldiz gehiago ekoitzi beharra.

Espazioa ahalik hoberena profitatzeko, prozesuen berringeniaritza aplikatzea erabaki zen, egitura irekian lan eginez, langile balioanitzekin eta odol-ateratzea pazienteei ahalik gehiena murriztuz.

1998ko maiatzaren 25ean inauguratu zen ofizialki Donostiako Laborategi Bateratua. Bertako bost zerbitzuak (Urgentziak, Mikrobiologia, Hematologia, Immunologia eta Biokimika) erreferentzia dira Gipuzkoa osorako.

Urtebete geroago, Osasun sailburuaren 1997ko maiatzaren 22ko Aginduz, Donostiako Ospitaletegia sortu zen; asmo honekintxe sortu ere: “handiak antolatzeak dituen alde onak eta txikia kudeatzeak dituenak eraginkorki konbinatzea”. Abuztuan Jose Antonio Agirre Elustondo izendatu zuten ospitaletegiko gerente. Hiru urte eskasetan bateratzen dira laguntza-zerbitzuak eta zerbitzu orokor teknikoak.

Bateratu ere dira zerbitzu orokor kliniko eta asistentzialak, esaterako larrialdietako, anatomia patologikoa, kirurgia baskularra, erradiologia interbentzionista eta neurokirurgia. Beste zerbitzu batzuk oraintxe ari dira bete-betean batzeprozesuan.

Horrekin batera, Ospitaletegitik potentziatu dira zainketa aringarriak, epidemiologia klinikoa eta transplante unitatea, besteren artean.

Ospitaletegia sortzeko beharrezkoak izan ziren aldaketak erakundean bertan eta baita ere egiturazkoak, obrak eta inbertsioak. Azpimarragarria da hiru solairuko eraikina egin dela, zeinean bloke kirurgikoak lehenengo solairua hartzen baitu; blokean zazpi operazio-gela daude, hauetatik bost programatutako kirurgiarako, bat urgenterako eta bestea erradiologia interbentzionistarako.

Lehenengo fase hau bukaturik, oinarrizko egitura sorturik eta bateratze-prozesuaren oinarriak egonkorturik, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak erabaki zuen, lehengo martxoaren 26an Donostia Ospitalea sortzea, eta ezabatzea Ospitaletegia osatzen zuten zerbitzu-erakundeak; aldi berri honetarako Juan Jose Mujika izendatu zuten zentro sanitario berriko gerente.

Donostia Ospitaleak 1.172 ohe eta zerbitzu anitz ditu. Donostia aldeko 350.000 biztanlerentzako erreferentzia-ospitalea da, espezialitate batzuetan Gipuzkoa osorako, eta hezur-muineko transplantean eta gorputz-adarren berrezarpenean Euskal Autonomia Erkidego osorako.

Teknologia aurreratuenez hornituta dago. Ospitalean 3.343 profesionalek lan egiten dute eta, horietatik 2.413 langile sanitarioak dira. Antolamendu berriari aurre egiteko, Ospitaleak bere barne egitura egokitu behar izan du; hori dela eta, azpiegitura-lan handiak egin dira, esaterako, Onkologia Medikoko kontsulta berriak, Kirurgiako Kanpo-kontsultak, Dermatologia, eraikin desberdinen arteko lotura-sarbideak, Larrialdi Orokorrak bateratzea edo zerbitzu batzuen espazioak handitzea: laborategiak eta Zainketa Intentsiboko Unitatea.

Ospitaleak bere ingurunea ere zaintzen du. Izan ere, Udalak Osakidetzak sustatutako plan berezia onartu du eta horren arabera, birmoldatu egingo da eta erabiltzaileen sarbidea erraztuko da. Gipuzkoa erakinaren aldamenean eraiki den aparkalekua berriak, neurri handi batean, aparkatzeko arazoa konpondu du.

Ospitaleak kanpora ere begiratzen du. Ospitalez kanpoko zerbitzuen bidez herritarrengandik hurbilago egon nahi du. Groseko anbulatorioak solairuak egokitu eta bere ekipamenduak berritu egin ditu.

Amaran eraikitzen ari den anbulatorioak medikuntza orokorreko eta pediatriako kontsulta izango ditu bai eta espezialitatekoak, erradiologia eta errehabilitazio-gimnasioa ere.

Donostia Ospitalea sortzeak bateratzearen azken faseari ekitea eta 1997an hasitako prozesuari bukaera ematea ekarri zuen, eta ondorioz, biztanleei kalitateko zerbitzua eskaintzea. Garrantzitsuena da profesional guztiek proiektua bere egin dutela.

Ospitalea gaur egun

Donostia Ospitalea Osakidetzaren sarean dago. Gipuzkoa osoarentzako erreferentzia-gunea da eta gutxi gorabehera 350.000 biztanleri eskaintzen die zuzeneko arreta. Egonaldi ertain-luzeko eta akutuen psikiatriako eremuetan lurralde osoari egiten dio arreta. Bestalde, ospitaleak ospitalez kanpoko arreta ematen du Gros, Amara Berri Lartzabal, Pasai eta Tolosako anbulatorioetan.

Donostia Ospitalea Euskadiko osasun-konplexu garrantzitsuenetako bat da. 1.100 ohe baino gehiago ditu, gehienak egonaldi laburrekoak, baina badira egonaldi ertain-luzeko eta akutuen eremu psikiatrikorako beste batzuk ere. Urtean, 52.200 ingresu baino gehiago dituela, urtean gutxi gora behera 400.000 egonaldi jasotzen ditu. Urtero 4.300 haurtxo jaiotzen dira gure ospitalean.

29 operazio-gela ditu, urteko ebakuntza kirurgikoak 33.600 baino gehiago izaten dira, eta epe horretan 700.000 kontsulta izan ohi dira, ospitale barrukoak eta ospitalez kanpokoak kontuan izanik, bai eta 140.000 larrialdi ere.

Donostia Ospitalea hirugarren mailako izaera duen osasun-konplexua da eta bere helburu nagusia asistentzia orokorra eta kalitaterik gorenetakoa eskaintzea da. Horretarako, kualifikazio handiko lan-taldea du, 3.800 profesionalek eta bitarteko teknologiko aurreratuenek osatua.

Patologia akutuen tratamendurako bereziki zuzendutako asistentzia-izaera horretaz gain, irakaskuntza eta ikerkuntzaren alorrean zenbait eginkizun garrantzitsu betetzen ditu.

Ospitaleak espezialitate mediko, kirurgiko eta zerbitzu orokor guztiak ditu. Halaber, unibertsitate ospitalearen akreditazioa dauka.

Era berean, beste ospitale batzuekin nazioarteko lankidetza-hitzarmenak ditu, eta sarri askotan, mundu osoko espezialistek saio kliniko eta kirurgikoak eskaintzen dituzte teknikarik aurreratuenak aurkezteko.

Era berean, beste ospitale batzuekin nazioarteko lankidetza-hitzarmenak ditu, eta sarri askotan, mundu osoko espezialistek saio kliniko eta kirurgikoak eskaintzen dituzte teknikarik aurreratuenak aurkezteko.

 

2015eko urtarrilaren 1 etik Donostialdea ESI-aren parte da.

Azken aldaketako data:  2015/11/23

Euskadi, auzolana