Portal de Osakidetza

Osakidetza logotipoaren irudia

Orain logotipoaren irudia

euskadi.net logotipoaren irudia

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Profesionalak
  4.  
  5. Praktika Klinikoko Gidak
 
 

Aurkezpena

 

Aurrekariak

Osasun Saila eta Osakidetza ahalegin handia egiten ari dira Praktika Klinikoko Gidak (PKG) lantzen eta inplementatzen, horiek osasun-asistentzia hobetzeko estrategiatzat hartuta.

Horrela, bada, PKG propioak sortu dituzte (hipertentsio arterialaz, asmaz, lunbagoaz, traumatismo kranioentzefalikoaz eta lipidoez, arazo kardiobaskularrak izateko arrisku-faktoreak baitira), eta beste gida batzuk, berriz, lankidetzan garatu dira (1 eta 2 motako diabetesei buruz, zainketa aringarriez eta erditze normalaz), Praktika Klinikoko Gidak lantzeko egiteko Programan parte hartuz.

Dokumentu horiek guztiak ondo egiaztatutako metodologia zorrotzez landu dira; izan ere, Guiasalud atarian eskuragarri daude, eta horietako batzuk, bai eta ingelesez ere National Guideline Clearinghousen.

Nolanahi ere, pazienteak ezagutza onenaz zaindu ahal izateko, beharrezko da hura ahalik modu efizienteenean iristea profesional eta pazienteenganaino, eta etenik gabe eguneratzen dela ziurtatzea.

Horregatik aztertu dute Osasun Sailak eta Osakidetzak zer oztopo dauden PKGak aplikatzeko orduan, hala Lehen Mailako Arretaren eremuan, nola arreta espezializatuarenean, eta, era berean, zein diren gidak praktikan jartzeko modu eraginkorrenak.

PKGen erabilera errazteko asmoz, web-orri espezifiko bat garatu da arlo kardiobaskularreko hiru PKG hauen inguruan: HTA, 2 motako diabetesa eta lipidoak.

Plataforma horren bidez, etengabe egunera daitezke PKGak, baina horrek diziplina askotariko hainbat taldekideren lan eskerga eskatzen du: profesional klinikoak, dokumentalistak, Osteba-ko teknikariak eta informatikariak.

Hori dela eta, 2014ko martxoan batzorde bat sortu da PKGak monitorizatu behar dituzten lan-taldeak koordinatzeko: "PKGak etengabe eguneratzeko argitalpen-batzordea", bai aipatutako hiru PKGak koordinatzeko, bai eta aurrerago sartuko direnak ere.

Hiru PKGen bertsio inprimatuak 2008ko urtarrilean eguneratuta daude. Nazioartean, ordea, PKGak eguneratzeko metodologiari dagokionez, galdera klinikoak etengabe monitorizatzearen aldekoak dira, eta, horrez gain, PKGen edukien eguneratze partziala egitea aurreikusten da, galdera aipagarrienei lehentasuna emanez, ebidentzia berriak argitaratzen ari direla antzeman bada.

Osakidetza eta Osasun Sailaren estrategiak bat egin du dagoeneko irizpide horiekin, eta aurrerantzean, beraz, ez da PKGrik argitaratuko paper-formatuan. 2013an, Osakidetza eta Ostebako profesional-talde batzuek hiru PKGak eguneratu dituzte, eta web-orri honetan bertan eskuratu daitezke formatu elektronikoan. Bertan, eguneratze-data ageri da atal eta galdera bakoitzean, eta erabiltzaileen eskura daude gomendio bakoitza sostengatzen duten dokumentu metodologikoak (ebidentzia-taulak, laburpenak, bibliografia, eta abar).

Helburuak

Plataforma honek profesionalei eta pazienteei erabakiak hartzea erraztea du helburu, bertan sartuta dauden PKGen arloetan.

Horretarako, aipatutako PKGen inguruan, baliabide batzuk garatu dira erabakiak hartzearen hobekuntzari begira, eta gure kontsultetako eguneroko jardueran erabiltzeko asmoz diseinatuta daude.

Nola erabili plataforma

Web-gune honetan PKGetako gomendio nagusiak aurkituko dituzu. Formatua soila eta laburra da. "Galdera-erantzunak" atalean, GRADE sisteman oinarritutako bi dokumentu metodologiko eskaintzen zaizkizu galdera kliniko bakoitzeko. "Laburpenezko erantzuna" dokumentuak galdera bakoitzeko dagoen ebidentzia ebaluatuaren gaineko laburpena dauka, bai eta gomendioa egiteko prozesu formala ere; "Erantzun osoa" dokumentuan, berriz, informazio sakonagoa aurkitu daiteke hainbat alderdiren inguruan: bibliografia aztertzeko prozesua, ebidentziaren ebaluazioa (jatorrizko GRADE taulak barne), zer irizpide hartu diren aintzat ebidentziak gomendio bilakatzeko (EtR taula) eta bibliografia guztia.

Baliabideak menu orokorretik edo gai bakoitzari dagokion ataletik eskura ditzakezu, pazienteentzako dietak edo aholkuak, esate baterako. Plataforman eskura dauden baliabideak pazienteentzat zein profesionalentzat dira, eta gidak praktika klinikoan aplikatzea errazten dute; batzuk aipatze aldera: arrisku koronarioa baloratzeko taulak, presio arteriala hartzeko baldintzak, dietak, osasun-aholkuak, erregistro-orriak, vademecumak, etc. Horrez gain, baliabideen berariazko loturak ere eskaintzen zaizkie pazienteei Osasun Eskola web-orrian.

Azkenik, plataforma hau tresna interaktiboa denez, eskertuko genizuke hura hobetzeko iradokizunak egingo bazenizkigu.

Eguneratze-data

Plataformaren erabiltzaileak edozein unetan jakin dezake atal bakoitzaren eguneratze-egoera. Orri-oinean bi data adierazten dira:

  • Berrikuspen-data: ebidentzia zein egunetan berrikusi den. Askotan, ebidentzia berriek ez dute PKG baten edukia aldatzen; beste batzuetan,ordea, ebidentziak garrantzitsuagoak izango dira, eta edukia aldaraziko dute.
  • Azken aldaketaren data: PKGaren edukia zein egunetan aldatu den, argitaratutako ebidentzia garrantzitsu berrietan oinarrituta. Aldaketak atal oso bati eragin diezaioke, edo atal baten alderdi zehatz bati bakarrik. Testuaren itzaldurak adieraziko digu PKGaren zer eduki aldatu den, eta orri-oinean ikusiko dugu azken aldaketa noiz egin den.

Informazio gehiago nahi izanez gero, plataforma etengabe eguneratzeari buruzko dokumentuan aurkituko duzu.

Eskuragarri dauden gidak


Euskadi, auzolana