Portal de Osakidetza

Osakidetza logotipoaren irudia

Orain logotipoaren irudia

euskadi.net logotipoaren irudia

Hemen zaude:
  1. Herritarrak
  2.  
  3. Gaixotasunak
  4.  
  5. Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa

Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa

Osakidetzak eskaintzen duen Umetoki-lepoko Minbiziaren Baheketa Programaren barruan, emakumeek gutun bidez zita jasotzen dute dagokien osasun-zentroko emaginaren kontsultara joan daitezen. Bertan, proba erraza egingo da, umetoki-lepoko minbizia garatu aurreko lesioak detektatu ahal izateko.

Lehen fasean, 25 eta 29 urte arteko emakumeei eman zaie lehentasuna. Halere, euskal autonomia erkidegoko 25-65 urteko emakume guztiengana heltzea da programaren helburua. Programa 2018an abiarazi zen Araban eta Gipuzkoan. 2019an, Bizkaian ezarriko da. 2019an, gainerako lurralde eta eskualdeak programara batuz joango dira, 2023an erabat ezartzen den arte.

Herritarrentzako kontaktu-harremana:
Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa
Doako telefonoa: 900 222 002
programacervix@osakidetza.eus

Minbizi mota hau umetoki-lepoko zelulak, anormal bihurtu, eta kontrolik gabe handitzen hasten direnean sortzen da. Oro har, minbiziak denbora asko behar izaten du garatzeko, 10 urte baino gehiago; beraz, epe luzea dago detektatzeko, tratatzeko eta sendatzeko.

Umetoki-lepoa edo zerbixa umetokiaren (edo uteroa) beheko aldea da; baginaren gain-gainean dago, hain zuzen.

Umetoki-lepoko minbiziaren arrazoi nagusia Giza Papilomaren Birusa (GPB) da.

GPBa sexu-transmisiozko infekziorik ohikoena da, eta sexualki aktiboak diren emakumeen % 80k birus horren infekzioa izaten du noizbait. GPBak ez du tratamendurik, baina kasu gehienetan berez sendatzen da. Prozedurak zenbait urte iraun dezake, baina emakume gehienentzat infekzio iragankorra izaten da, inolako arriskurik ez dakarrena, GPBa guztiz desagertzen baita azkenean.

Infekzio horiek oharkabean igarotzen dira normalean. Kasuen ehuneko txiki batean (% 10-15 inguru), ordea, infekzioak luze irauten du (10 urtetik gora), eta horrek aldaketak eragin ditzake umetoki-lepoko zeluletan; horren ondorioz, lesio premalignoak sor daitezke, eta minbizi bilaka daitezke aurrerago.

Hortaz, aski arrunta den fenomeno baten –GPBaren infekzioaren– konplikazio larria bada ere, umetoki-lepoko minbizia ez da batere ohikoa.

GPBaren 100 mota baino gehiago daude. Horietatik guztietatik, 15-20 inguruk eragin desberdina dute gizonezkoen eta emakumezkoen sexu-organoetan. Bi talde handitan sailka ditzakegu:

  • Umetoki-lepoko minbizia izateko arrisku handikoa (GPB-AH). Horien artetik, GPB 16ak eta 18ak umetoki-lepoko minbizi-kasuen % 70etik gora eragiten dituzte.
  • Umetoki-lepoko minbizia izateko arrisku txikikoa. Haien artetik, GPB 6a eta 11 lesio onberekin lotuta daude, hala nola sexu-organoetako garatxoekin edo kondilomekin.

GPBa sexu-harremanen bidez transmititzen da (homosexualak zein heterosexualak izan). Ez da beharrezkoa koitoa gertatzea, sexu-organoak ukitzearekin ere transmiti baitaiteke. Hortaz, preserbatiboak transmisio-arriskua gutxitzen du, baina ez du desagerrarazten.

Birus hori duten pertsona gehienek ez dute sintomarik izaten, eta jakin gabe transmiti dezakete. GPBa izateko arriskua handiagoa izaten da sexu-bikotekideen kopurua handiagoa den heinean.

Ezin da ziur jakin noiz kutsatu den GPBa, ez eta nork transmititu duen ere. Pertsona batek luzaroan izan dezake GPBa, detektatu baino lehen. Beraz, GPBa izateak ez du esan nahi pazienteak edo haren bikotekideak beste pertsona batekin harremanak dituela orain. Oraindik ez dago gizonentzako GPBaren probarik.

Umetoki-lepoko minbizia honela prebenitu daiteke:

  • GBParen txertoa. Txertoek babes eraginkorra ematen dute umetoki-lepoko lesio premalignoak eta lesio gaiztoak sortzen dituzten GPB mota nagusien kontra. Gaur egun, umeak txertatzeko egutegian sartuta dago, 12 urteko neskentzat,oso eraginkorra delako GPBaren infekzioa prebenitzeko artean sexu-harremanik izan ez duten emakumeengan. Hala eta guztiz ere, txertoa onuragarria ere izan dakieke harremanak izan dituzten edo GPBaren eraginpean izan diren emakumeei, beste infekzio batzuetan ez bezala, aurretik infekzioa izateak ez baitu guztiz eragozten BPGaren mota horien infekzioa berriz izatea.
  • Umetoki-lepoko minbizia detektatzeko probak: zitologia eta GPBaren proba. Gaur egun, umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko programan eskaintzen ditu proba horiek Osakidetzak.
  • Preserbatiboa behar bezala erabiltzeak transmititzeko arriskua nabarmen gutxitzen du, baina ez du erabat desagerrarazten, estaltzen ez dituen eremuak egon baitaitezke GPBaren eraginpean. 

Infektatu ondoren GPB birusaz libratzea zailtzen duten hainbat faktore daude:

  • Erretzea. Tabakoa erretzearen ondorioz, immunitate-sistemarentzat nekezago da GPBa desagerraraztea. Infekzioak gehiago irauten du tabakismoaren eraginez, eta arrisku handiagoa egongo da, beraz, lesio premalignoak agertzeko.
  • Ahoko antisorgailuak hartzea. Hainbat azterketaren iritziz, GPBak irauteko arriskua handitu egin da, oso gutxi bada ere, ahoko antisorgailu hormonalak urteetan hartu dituzten emakumeen artean. Arriskua gutxitu egiten da tratamendua baztertu ondoren. Umetoki barneko gailua (DIU) erabiltzeak, aldiz, ez du arrisku hori handitzen; gutxitu egiten duela ere esan daiteke. Antisorgailu hormonalek beste arlo batzuetan eragin onuragarriak izan ditzaketela eta, gomendagarria da ginekologoarekin aztertzea arriskuen eta mesedeen zenbaterainokoa metodo antisorgailu egokiena zein den erabaki aurretik.
  • Immunitatea aldatzen duten gaixotasunak: giza immunoeskasiaren birusagatiko (GIB) infekzioa, trasplantedun pertsonak.

Osakidetzak umetoki-lepoko minbizia prebenitzeko garatu duen programa 2018ko ekainean abiarazi da Debabarrenan lehenengo gutunak bidaliz, eta pixkanaka zabalduko da EAEren gainerako eremuetara, 2018aren azken hiruhilekoan eta 2019an zehar. Datozen 5 urteotan, honela garatuko da:

  • 1. urtea: 25-29 urteko emakumeak
  • 2. urtea: 30-34 urteko emakumeak
  • 3. urtea: 35-44 urteko emakumeak
  • 4. urtea: 45-54 urteko emakumeak
  • 5. urtea: 55-65 urteko emakumeak

Hala ere, norbaitek gonbidapena jaso baino lehenago parte hartu nahi badu programan, orain arte bezala egin dezake, Lehen Mailako Arretako emaginaren kontsultara joanez.

Programa honen helburua da gaiztotu aurreko lesioak eta minbizia hasierako faseetan modu goiztiarrean detektatzea.

Egiaztatuta dago programa hauek eraginkorrak direla, hainbat herrialdetan modu egokian eta sistematikoan aplikatu izanak ekarri duelako minbizi honen intzidentzia eta heriotza-tasa % 70-80 jaistea. Gaiztotu aurreko lesio asintomatikoak hautemanez lortzen da hori, lesio horiek diagnostikatzeak eta tratatzeak minbizi bihurtzea saihesten duelako.

Nolakoak dira umetoki-lepoko minbizia detektatzeko programaren probak? (zitologia/GPBaren proba)

Umetoki-lepoko sekrezioaren lagin bat aztertuta detektatzen da. Lagin hori mikroskopioan aztertzera bidali eta, era horretan, birusik (GPBaren proba) edo lesio premalignoen adierazle den zelula-alterazio garrantzitsuagorik dagoen detektatuko dugu (umetoki-lepoko zitologia).

Proba erraza da, eta ez du minik ematen. Ez du inolako prestaketarik behar, gainera. Proba horretan, umetoki-lepoa estaltzen duten zelulen lagin bat hartzen da. Horretarako, baginan espekulu izeneko tresna ipiniko dugu, eta umetoki-lepoa ikusteko zein lagina hartzeko aukera izango dugu horri esker. Proba emagin batek egin ohi du normalean.

Umetoki-lepoko minbizia detektatzeko programetan erabiltzen dira zitologia zein GPBaren proba. Zitologia 25 urtetik gorako emakumeei egin ohi zaie, eta hiru urtean behin errepikatu ohi da. Duela gutxi, GPBaren proba gehitu da umetoki-lepoko minbizia prebenitzeko, zitologia baino zehatzagoa baita (detektatzeko gaitasun handiagoa), eta proben arteko tartea 5 urtera ere luza daiteke modu seguruan, horri esker. GPBaren infekzioa oso ohikoa da emakume gazteen artean, eta, halakoetan, iragankorra izaten da ia beti; horregatik, 35 urtetik gorakoei egin ohi zaie GPBaren proba.

Nork egin behar du froga?

25 urtetik 65 urtera bitarteko emakume guztiei, betiere sexu-harremanak izan badituzte edo izaten badituzte.

  • 25 eta 34 urte bitartean: zitologia 3 urtean behin.
  • 35 eta 65 urte bitartean: GPBaren detekzioa 5 urtean behin. Adin-talde horretan GPBa detektatzeko egiten den probak sentsibilitate handiagoa du minbiziaren aurreko lesioak detektatzeko; beraz, proba maizago egiteak ez dakar inolako onurarik.

65 urtetik aurrera, aurreko probak normalak izan badira, ez da beharrezkoa gehiago egitea.

GPBaren kontrako txertoa jaso duten emakumeek ere egin behar dituzte umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko probak, berez oso eraginkorra izan arren, txertoak ez duelako GPBaren mota guztietatik babesten.

Sexu-harremanik sekula izan ez duten emakumeek umetoki-lepoko minbizia garatzeko arrisku oso txikia dute; beraz, proba egin ala ez egin aukera dezakete. Emakume batek une honetan ez badu sexu-jarduerarik, baina iraganean izan badu, aldizkako probak egiten jarraitzea komeni da gomendatutako epeetan.

Proba egin baino lehen beharrezkoa da kontuan hartzea:

  • Emakumeak hilekoa duenean ez da proba egin behar.
  • Proba egin aurreko hiru egunetan ez da bagina bidezko sendagairik erabili behar.

Zergatik ez da komeni umetoki-lepoko minbizia detektatzeko probak egitea 25 urtetik beherako eta 65 urtetik gorako emakumeei?

25 urtetik beherako emakumeek umetoki-lepoko minbizia izatea oso arraroa da. Nerabezaroan, umetoki-lepoa oraindik garatzen ari da, eta, horregatik, berez prozesu fisiologiko arrunta bada ere, emaitza anormalak eman ditzake. Egoera horien ondorioz, gerta liteke tratamendua hartzen hastea, baina benetan ez da beharrezkoa. Hortaz, kasu horietan detekzio goiztiarrak mesede baino kalte gehiago eragingo luke.

Ebidentzia zientifikoak erakusten duenez, 25 urtetik aurrera da mesedegarria emakumeentzat umetoki-lepoko minbiziaren detekzio goiztiarreko programa.

65 urtetik gorakoen kasuan, umetoki-lepoaren historia naturala eta bilakaera aintzat hartuta, eta adierazitako adin-tartean detekzio goiztiarreko programa egoki bete bada, gaixotasuna garatzeko probabilitatea oso eskasa da.

Umetoki-lepoko minbizia detektatzeko programan erabiltzen diren zitologiako probak eta GPBaren probak zer emaitza izan dezakete eta zer esan nahi dute?

Zitologia negatiboa bada edo GPBa ez bada detektatzen, lesio premalignoak izateko arriskua oso txikia da; ohiko kontrolak baino ez dira egin beharko, hortaz.

Zitologia egin zaien 25-34 urteko emakumeen kasuan, gehienek zitologia normala izango dute. 100 emakumetik 4k bakarrik izango dute zitologia anormala. Horrek ez du esan nahi minbizia dutenik, emaitza anormala agertzen duten emakume horietako gehienek ez baitute tratamendurik behar izango.

35-65 urteko emakumeen kasuan, GPBa detektatzeko probaren emaitza negatiboa edo positiboa izan daiteke:

  • Emaitza negatiboak esan nahi du ez duela umetoki-lepoko minbiziarekin lotura duen GPB motarik.
  • Emaitza positiboak esan nahi du umetoki-lepoko lesioarekin lotura izan dezakeen GPB motaren bat duela. Horrek ez du esan nahi umetoki-lepoko minbizia duenik. Kasu horretan, urtebetera, emaginak berriro egingo dio GPBaren proba, infekzio asko berez desagertzen direlako, eta momentuz ez dagoelako azterketa gehiagoren beharrik.

Zitologiaren emaitza anormal batek (SIL/CIN) edo urte berean GPBaren bigarren proba positibo batek esan nahi du balitekeela umetoki-lepoaren lesio premaligno baten eramailea izatea; hori dela eta, azterketa ginekologiko zehatzagoa egin beharko dizute susmoa baieztatu ahal izateko. Horrelakoetan kolposkopia deritzon proba egin ohi da.

Emaitzak postaz edo telefono-deien bidez jakinaraziko dira; horretarako garrantzitsua da zure harremanetarako datuak eguneratuta izatea Osasun Zentroan. Era berean, emaitzak Osasun Karpetatik kontsulta daitezke (sartu www.osakidetza.euskadi.eus edo Osakidetzako app-etik) zure sakeleko telefonotik edo ordenagailutik. Gakorik ez baduzu, eska itzazu zure Osasun Zentroan.

Zer da Kolposkopia?

Zitologia eta GPBa ez dira proba diagnostikoak. Umetoki-lepoko lesioa izateko arrisku handiagoa izan dezaketenak identifikatzeko balio dute. Hortaz, proba horietako emaitza anormala bada, horrek esan nahi du prozedura espezifiko bat beharrezkoa izango dela diagnostikoa izateko, kolposkopia eta biopsia, eta baztertzeko, baita ere, minbizi aurreko lesioak edo umetoki-lepoko minbizia daudenik.

Kolposkopiaren bitartez, handipen gutxiko lente batez (kolposkopio deritzona) aztertzen dute umetokiko lepoa, gailu horrek zehaztasun handiagoa baitu. Hainbat likido jarri ondoren, lesio premalignoak ikusarazten dira, eta, horrela, haien neurria eta kokapen zehatza jakin daitezke. Proba honek ez du bestelako molestiarik eragiten, zitologiak eragiten dituenez gain.

Kolposkopiaren bidez umetoki-lepoaren alterazioaren bat ikusten bada eta horrek lesioa egon litekeela adierazten badu, alde anormalaren biopsia txiki bat egingo du zure ginekologoak. Horretarako, ehun-zati txiki bat hartuko du pintza berezi batzuk erabiliz. Prozedura honetarako ez da inolako anestesiarik behar; molestia txikia baino ez duzu nabarituko. Analgesiaren beharrik edo ostean atseden hartu beharrik ere ez dago. Biopsia aztertuta, behin betiko diagnostikoa izango dugu. Diagnostiko hori funtsezkoa da jakin dezagun tratatu beharra dagoen edo aldian behingo kontrolak, besterik gabe, aski diren, betiere lesioaren mailaren eta ezaugarrien zein pazientearen arabera. Ginekologoak emango dizu horri buruzko informazio guztia proba egiten dizun bitartean.

Onurak:

Baheketa-proba hauek lagungarriak dira umetoki-lepoko minbizia prebenitzeko. Programa antolatuetako zitologiarekin, umetoki-lepoko minbiziaren intzidentzia eta heriotza-tasa %70-80 murriztea lortu da. Gure herrialdean, umetoki-lepoko minbizi kasuen % 60 baino gehiago dira baheketan parte hartu ez duten edo behar bezala egiun ez duten emakumeak.

Arriskuak:

Baheketa-probak (zitologia/GPBaren proba) ez du berez arriskurik, tratamenduak baizik. Baheketa-probaren emaitza positiboa bada, kolposkopia eta biopsia egiten dira behin betiko diagnostikoa lortzeko. Biopsiari esker ikusten bada minbizi aurreko lesioa dagoela, konizazioa izeneko tratamendu bat eskaintzen da, hau da, umetoki-lepotik kono formako ehun-lagin bat hartzen da. Kasu batzuetan, baliteke horrek odoljarioa edo infekzioak eragitea, edo etorkizuneko haurdunal dietan eragina izatea, behar baino goizago erditzeko arrisku handiagoa izateagatik.

Konizazio-tratamendua eskaintzen zaien emakume guztiek ez zuten nahitaez garatuko umetoki-lepoko minbizia. Halere, minbizi aurreko lesioak dituzten emakume guztiei eskaintzen zaie konizazio-tratamendua, ezinezkoa delako aldez aurretik jakitea nork garatuko duen eta nork ez.

Azken aldaketako data:


Euskadi, auzolana