2 motako edo helduen diabetesa

Zer da II motako edo helduen diabetesa?

Gaixotasun kronikoa da, odoleko glukosa-maila (azukrea) handitzean gertatzen dena, pankreak ez duelako intsulinarik sortzen, edo organismoak ez duelako behar bezala erabiltzen (edo biak aldi berean). Helduek izan ohi dute, horregatik deitu zaio helduen edo II motako diabetesa; hala ere, edozein adineko pertsonek izan dezakete. Diabetes motarik ohikoena da, kasu guztien % 90-95, eta obesitatearekin lotzen da askotan.

I motako diabetesa ez da hain ohikoa (kasuen % 5-10). Gaixotasuna intsulina-defizit handiak eragiten du, eta haur edo gazteek izaten dute batik bat. Horrez gain, beste diabetes mota batzuk daude:

  • Haurdunaldikoa: haurdun dauden emakumeek izan dezakete.
  • Beste gaixotasunen batek edo tratamenduek (kortikoideek eta kimioterapiak gehienbat) eragindakoa.
  • Monogenikoak (alterazio genetikoren bati lotutako diabetesak).

Nola diagnostikatzen da?

Diagnostikoa erraza da. Odol-analisiaren bidez egiten da. Noizean behin, glukosa-kurba egin behar da.

Uste da II motako diabetesa duten pertsonen erdiak ez dakitela gaixotasuna dutela, izan ere, lehen urteetan ez dago sintomarik. Askotan, ustekabean diagnostikatzen da (enpresan azterketa medikoa egitean, edo osasunarekin lotura duten bestelako egoeratan).

Hori dela eta, komeni da gure osasun-zentroetara joatea eta aldizkako azterketak egitea.

Irizpide diagnostikoak:

   Glukosa normalarekiko tolerantzia  Glukosa anormalarekiko tolerantzia  Diabetes mellitusa
 Glukosa plasmatikoa baraualdian  <100 100-125 >126
 Glukosaren kontzentrazioa 2 ordu geroago  <140  >140-199  >200
 HbA 1c (%)  <5.7  5.7 - 6.4  6.5

HbA1c (hemoglobina glikosilatu) parametro analitikoak diagnostikoa egiteko balio du, bai eta gaixotasunaren kontrol-maila ezagutzeko ere.

Zeintzuk dira sintomak?

Denborak aurrera egin ahala, diabetesa tratatzen ez bada, glukosa-maila altua izatearen ohiko sintomak ager daitezke, alegia: egarri handia, txiza egiteko eta jateko gogo gehiago, nekea eta pisua galtzea.

Diabetesaren arazorik handiena da garaiz diagnostikatzen eta kontrolatzen ez bada, arazoak eragin ditzakeela epe luzera.

Arazo horiek, batez ere, begietan eta giltzurrunetan agertzen dira (gorputzeko arteria txikiak alteratzearen ondorioz); eta, alterazioak arteria handiagoetan gertatzen direnean, bihotzean (miokardio-infartuak), burmuinean (iktusa) edo oinetan (oinetako ultzerak).

Elikadura egokia

Diabetesa prebenitzeko modurik egokiena da faktore horiek kontrolatzea eta bizimodu osasuntsua eramatea, elikadurari, pisuari eta ariketa fisikoari dagokienez.

Prebentzioa eta arrisku-faktoreak:

Zeintzuk dira gaixotasuna izateko probabilitatea areagotzen duten faktoreak?

Badira aldatu ezin ditugun eta diabetesa izateko arriskua areagotzen duten zenbait faktore, adibidez, adina (zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta probabilitate handiagoa) eta familiako aurrejoera (diabetesak lotura du genetikarekin).

Halaber, badira aldatu ahal diren eta diabetesa saihesten edo atzeratzen lagundu ahal diguten beste faktore batzuk. Hots, gure bizimoduarekin zerikusia duten faktoreak.

Obesitateak, gehiegizko pisuak, ariketa fisikorik ezak eta elikadura desegokiak (askotan jatea koipe edo azukre gehiegi dituzten janariak, opilgintza-produktuak…) helduek diabetesa izateko probabilitatea areagotzen dute.

Tratamendua

Nola tratatu behar da helduen diabetesa?

II motako diabetesa duen pertsonak elikadura osasuntsua mantendu behar du, pisua kontrolatzeko, eta aldizka ariketa fisikoa egin (gutxienez 3-5 aldiz astean). Horiek dira diabetesa tratatzeko bi alderdirik garrantzitsuenak.

Hori eginda ere ez bada lortzen gaixotasuna kontrolatzea, irensteko (pastillak) edo injektatzeko medikamentuak errezetatuko dira. Horrela ere modu egokian kontrolatzen ez bada, intsulina gehitu ahal da tratamenduan.

Injektatzeko medikamentuak behar izanez gero, batez ere intsulina, ezinbestekoa da zenbait teknika ikastea: azalpeko injekzioa, odoleko glukosaren autokontrola, zer egin hipogluzemia (azukre-maila gehiegi jaistea) gertatzen bada eta abar. Teknika horiek osasun-zentroko edo endokrinologiako kontsultategiko erizainak azalduko dizkizu (ikusi intsulinari buruzko informazioa I motako diabetesaren atalean).

Horrez gain, ondo jakin behar da zer den bizimodu osasuntsua eramatea, elikadurari eta ariketa fisikoari dagokienez.

Helduen diabetesaren kasuan, gogoan izan behar dugu odoleko azukre-maila kontrolatzea bezain garrantzitsua dela hipertentsio arteriala eta kolesterola kontrolatzea. Arazo horiek, askotan, lotura dute II motako diabetesarekin, eta, diabetesak bezala, arazo baskularrak eragin ditzakete. Halaber, komeni da tabakorik ez erretzea, izan ere, eragin berbera du.

Eta oso garrantzitsua da oinak zaintzea, eta aldian-aldian azterketa medikoa egitea.

Diabetesa duten pertsonen elikadura. Zer eta zenbat jan behar dut?

II motako diabetesa duten pertsona guztiek behar dute elikadura osasuntsua; alde batetik, pisua galtzeko, gaixoak obesitatea edo gehiegizko pisua duenean (ohikoak dira diabetikoen artean), eta, bestetik, odoleko glukosa-maila ez igotzeko. Horretarako, azukre eta gantz ase ugari dituzten elikagaiak baztertu behar dira, hala nola, izozkiak, pastelgintza-produktuak, opilak, azukrea, zukuak eta kola-freskagarriak (azukre asko dute eta); horien ordez, azukrerik gabeko edariak, light edariak eta edulkoratzaileak (adibidez, sakarina edo ziklamatoa) kontsumitu ahal dira. Horrez gain, haragi prozesatuak eta ontziratuta saltzen diren produktu aurrekozinatuak baztertu behar dira, gantz ase ugari baitituzte, eta gatz asko ere bai, beraz, pazienteek ezin dute beren tentsio arteriala kontrolatu.

Elikadura egokiarekin jarraituz, talde guztietako elikagaiak kontsumitu behar dira: esnea edo esnekiak, frutak, barazkiak edo entsaladak, irinak, proteinadun elikagaiak eta koipeak. Elikagai bakoitzetik zenbat jaten den ere garrantzitsua da, izan ere, denek kaloria kopuru berdina; hortaz, gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonek kaloria gutxiago jan behar dute, bestela, ezin dira behar bezala kontrolatu azukrea eta obesitatea bera.

Koipea (landare- zein animalia-koipea) duten elikagaiek dute kaloria gehien; olio koilarakada batek 100 kaloria inguru ditu. Desberdintasuna da animalia-koipeak (gurina, esne eta esnegainak, haragiak, hestebeteak, gazta…) kolesterol eta gantz ase ugari dituela, beraz, ahal den neurrian, murriztu egin behar da. Kozinatzeko eta janaria ontzeko, olioak dira gomendagarrienak (bereziki, oliba-olioa), betiere kopurua kontrolatuta, pertsonak gehiegizko pisua badu (gehienez ere, 3-4 koilarakada olio egun eta pertsona bakoitzeko).

100 gramo haragiko anoak jan behar dira, eta gihartsuenak hautatu (oilaskoa, indioilarra, untxia…), kolesterol eta gantz ase kopuru txikiagoa baitute. Arrain gehiago jan behar da, zuria zein urdina, 150 gramoko anoatan.

Jarraian ageri diren elikagaiak egunero jan behar dira: esnea edo esnekiak (2-4 aldiz egunean), frutak (200 gramoko 2-3 pieza egunean) eta barazkiak edo entsalada (2 aldiz egunean). Irinak eta karbohidrato ugaridun elikagaiak (arroza, makarroiak eta pastak) neurtu egin behar dira, eta paziente bakoitzak bere aktibitatearen arabera dagokion kopurua jan behar du.

Janariari ez zaio gatz gehiegi bota behar, eta gomendatzen da elikagaiei gatzik ez botatzea; horren ordez, espeziak eta belar aromatikoak erabil daitezke.

Alkohola kontsumitu daiteke, baina neurriz (1-2 edalontzi txiki ardo egunean).

Zuntz asko kontsumitu behar da (barazkiak, lekaleak, fruitu lehorrak, zereal integralak eta fruta, bakoitza dagokion neurrian)..

Egunean 4-5 aldiz jatea gomendatzen da, batez ere intsulina hartzen ari diren pazienteen kasuan.

Gogoan izan behar da gehiegizko pisua duten pertsonek kilokaloria gutxiago kontsumitu behar dituztela egunean (gutxiago jan behar dute, bereziki kaloria ugaridun elikagaiak).

Zergatik da ona ariketa fisikoa egitea?

II motako diabetesa duten pertsonen kasuan, ariketa fisikoa lagungarria da pisua galtzeko, eta azukrea, tentsio arteriala eta kolesterol-maila hobeto kontrolatzeko. Pertsona bakoitzaren forma fisikora eta bizimodura egokitutako programa jarraitzea gomendatzen da. Diabetesa duten pertsonek edozein kirol egin dezakete, baina gomendagarrienak dira, besteak beste, ibiltzea, igeri egitea eta eskailerak igotzea.

Errazena da egunero ariketa fisiko arina egitea (100-160 pultsazio minutuko), adibidez, astean gutxienez hiru aldiz 30-60 minutuko paseoa ematea.

2 motako diabetesaren jarraipena eta kontrola

Normalean, lehen mailako arreta ematen da (medikua eta erizaina), jarduteko protokoloaren arabera, honako hauek aztertzeko: pisua, tentsio arteriala, medikazioa, aldizkako odol- eta gernu-analisiak, begiak (erretinografia), oinak (oso garrantzitsua), eta, behar izanez gero, elektrokardiograma.

Pertsona diabetikoek sentikortasuna galdu ahal dute oinetan, eta odol-zirkulazio arazoak ere izan ditzakete alde horretan. Hortaz, zauri txikiak edo arazoak larriagotu egin daitezke.

Horrez gain, aho eta hortzen higienea zaintzea ere oso garrantzitsua da. Hala egin ezean, zailagoa izango da diabetesa kontrolatzea.

Azken aldaketako data: