2025ko txertaketa kanpaina
"Zu funtsezko pieza zara gripea saihesteko. Jarri txertoa." lelopean, Osakidetzak txertaketa-kanpainarekin aurrera jarraitzen du. Gonbidapena herritar guztiei irekita dago jada, baina babesa are garrantzitsuagoa da xede-populazioan, hau da:
- 60 urte edo gehiago dituztenak.
- 6 hilabete eta 5 urte arteko haurrak (59 hilabete arte).
- Gaixotasun kronikoren bat duten pertsonak: diabetesa, BGBK, kardiopatiak...
- Emakume haurdunak. Haurdunentzako gripearen aurkako txertoari buruzko ohiko galderak.
- Osasunaren eremuko eta eremu soziosanitarioko profesionalak.
Gainera, 75 urtetik gorakoei COVIDaren aurkako txertoa aldi berean jartzeko aukera eskainiko zaie.
Nola eskatu zita?
- Xede-populaziokoa bazara, eskatu hitzordua Osakidetzaren webgunearen bidez, zure osasun-zentrora deituta edo 900 20 30 50 zenbakira.
- Xede-populaziokoa EZ bazara eta gripearen aurkako txertoa jarri nahi baduzu: itxaron azaroaren 3ra arte. Hitzordua eskatu ahalko duzu Osakidetzaren webgunearen bidez, zure osasun-zentrora deituta edo 900 20 30 50 zenbakira.

Babestu zeure burua!
Txertoa da birus biei aurre egiteko tresnarik onena. Hala ere, gripea eta beste arnas birus batzuk (hala nola COVIDa) prebenitzeko, kontuan izan neurri higieniko, erraz eta eraginkor hauek:
- Sarritan garbitu eskuak, ura eta xaboia erabiliz.
- Estali ahoa besoarekin eztula edo doministiku egitean.
- Erabil itzazu botatzekoak diren zapiak.
- Espazioak maiz aireztatu.
- Erabili maskara, sintomarik baduzu edo pertsona kalteberekin kontakturik baduzu.
Txertoak:
- GRIPEA: txerto tribalentea, zirkulatzen ari diren gripearen birusen aurkako babes, segurtasun eta eraginkortasun handiagoa eskaintzeko.
- COVID-19a: Omikron aldaeraren azpialdaera berrietara egokitutako txertoa.

Ohiko galderak
Zer da gripea eta zein dira sintomak?
Gripea gaixotasun infekziosoa da, influenza birusak eragindakoa. Arnas sistemari eragiten dio batez ere, hots, sudurrari, eztarriari eta birikei, eta erraz hedatzen da pertsona batetik bestera, normalean airearen bidez, norbaitek eztul edo doministiku egiten duenean.
Gripea duten pertsonek honako sintoma hauetako batzuk izaten dituzte maiz: sukarra, eztarriko mina, mukiak, eztul lehorra, zefalea, muskuluetako mina eta nekea. Kasu larriagoetan, bereziki aurretik osasun-arazoak zituzten pertsonen kasuan, gripeak konplikazioak eragin ditzake, hala nola pneumonia.
Zein dira inkubazio- eta kutsatze-aldiak?
Gripearen inkubazio-aldia, hau da, kutsatzetik sintomak agertu arteko denbora, egun 1etik 4ra bitartekoa izaten da. Kasu gehienetan, sintomak bigarren egunean agertzen dira.
Kutsatze-aldia sintomak agertu baino egun bat lehenago hasten da, eta 3-7 egun irauten du. Immunitate-sistema ahulduak dituzten pertsonek edo haur txikiek denbora gehiagoz kutsa dezakete.
Nola zabaltzen edo transmititzen da gripearen birusa?
Gripearen birusa batez ere airearen bidez hedatzen da, infektatutako pertsona batek eztul, doministiku edo hitz egiten duenean, birusa duten tanta txikiak askatzen baitira. Kutsatutako gainazalak ukitzean eta, ondoren, eskuak ahora, sudurrera edo begietara eramatean ere kutsa gaitezke.
Nori gomendatzen zaio gripearen aurkako txertoa hartzea?
Gripearen aurkako txertoaren kanpainak konplikazioak izateko arriskurik handiena duten pertsonak eta infekzioa transmititzeko arriskua dutenak du helburu batik bat. Horregatik, txertaketa honako biztanle-talde hauetan gomendatzen da batez ere:
- 60 urtetik gorakoei. Arreta berezia jarriko zaie egoitza itxietan bizi diren pertsonei.
- 6 hilabete eta 60 urte bitarteko eta arrisku-baldintzaren bat duten pertsonei.
- 6 eta 59 hilabete bitarteko haurrei.
- Emakume haurdunak.
- Konplikazioak izateko arrisku handia dutenei gripea transmiti diezaieketen pertsonei: zaintzaileak, arrisku handiko pertsonekin batera bizi direnak.
- Osasun-langileei eta langile soziosanitarioei, bai eta funtsezkotzat jotako zenbait talderi ere.
Txertoaren konposizioa
Kanpaina honetan, Osakidetzak gripearen aurkako txerto tribalente bat erabiliko du; horrek esan nahi du gripearen hiru birus mota dituela (bi A motakoak eta bat B motakoa). Munduko Osasun Erakundeak denboraldi epidemiko bakoitzean behatu duenaren arabera hautatzen dira birus horiek.
Arrautzaz egindako txertoen konposizio-gomendioa da:
- A/Victoria/4897/2022 (H1N1)pdm09 motako birus bat.
- A/Croatia/10136RV/2023 (H3N2) motako birus bat.
- B/Austria/1359417/2021 (B/Victoria leinua) motako birus bat.
Aurten txertoa jarri badidate ere, gripea har dezaket?
Bai, litekeena da gripea harrapatzea, txertoa jarri badizute ere. Txertoak ez du babes osoa ematen, gripearen birusa urtero aldatzen delako eta txertoa denboraldi horretako andui ohikoenetarako egiten delako. Hala ere, txertoa hartzeak nabarmen murrizten du gaixotzeko arriskua, eta kutsatuz gero, sintomak arinagoak eta laburragoak izaten dira.
Era berean, litekeena da, txertoaren ondoren, gorputzak behar adinako erantzun immunitarioa ez garatzea, batez ere adinekoen edo sistema immunitarioak ahulduta dituzten pertsonen kasuan.
Zer onura ditu gripearen aurkako txertaketak?
Hainbat arrazoi daude urtero gripearen aurkako txertoa hartzeko:
- Infekzioa prebenitzen laguntzen du, eta kutsatuz gero, sintomen larritasuna murrizten du.
- Ospitaleratzeko arriskua murriztu egiten da, batez ere gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen artean.
- Haurdunaldian, ama, haurtxoa eta bularreko haurra babesten ditu bizitzako lehen hilabeteetan.
- Komunitatea babesten laguntzen du, bereziki pertsona kalteberenak, birusaren hedapena mugatuz.
Zer albo-ondorio gerta daitezke gripearen aurkako txertoa hartu ondoren?
Euskadin erabiltzen den gripearen aurkako txertoa birus zatikatuen txertoa da, eta kontrako erreakzioak izateko probabilitate txikia du ezaugarri.
Beste txerto batzuekin bezala, txertoaren ondoren erreakzio lokalak gerta daitezke, eta, gutxiagotan, sukarra, ondoeza eta gorputzeko mina eragin ditzakete. Erreakzio horiek lehen 6-12 orduetan hasten dira, eta 1-2 egun irauten dute.
Urtero hartzen dut gripearen kontrako txertoa?
Urtero txertatu behar zara, gripearen birusak etengabe aldatzen direlako, eta, horren ondorioz, aurreko txertoen babesa ez da hain eraginkorra. Gainera, antigorputzek ematen duten immunitatea murriztu egiten da denborarekin, birusaren aurkako defentsa-ahalmena murriztuz.
Gripearen txertoa hartu ondoren, pertsona batzuek katarro-sintomak izaten dituzte. Zergatik gertatzen da?
- Arnasbideetako birus ugari daude (errinobirusa, arnas birus sintzitiala, parainfluenza birusa, adenobirusa..), gripe-denboraldian zehar zabaltzen dira eta gaixotasuna eragiten dute. Txertoak ez du birus horietatik babesten.
- Txertoa jasotzen denetik, bi aste behar dira gorputza gripetik babestuta egoteko. Batzuetan, denbora tarte horretan gripeaz kutsa daiteke, txertoa jarrita izan arren.
- Pertsona batzuk gripearen birus batekin infektatu daitezke, txertokoak ez direnak, edo baliteke behar bezala babestuta ez geratzea, adinagatik edo osasun-egoeragatik.
Zer kasutan dago kontraindikatuta txertoa?
- 6 hilabetetik beherako haurrak.
- Txertoaren printzipio aktiboei edo osagairen bati alergia dieten pertsonak.
- Lehenago gripearen aurkako txertoaren aurrean erreakzio alergiko larria izan duten pertsonak.
- Sukarra edo infekzio akutu bat duten pertsonak: txertoa atzeratu egin beharko da sendatu arte.
Gripearen aurkako txertoa jar al dezakete arrautzari alergia dioten pertsonek?
Arrautzari alergia dioten pertsonek beren adinerako eta osasun-egoerarako egokia den gripearen aurkako edozein txerto jaso dezakete, oso zaila baita erreakzio alergiko larriak gertatzea.
Hala ere, arrautzarekiko erreakzio alergikoa larria izan bazen (anafilaxia edo shock anafilaktikoa, eta abar), 2025eko kanpainarako Flucelvax® txertoa erabiltzea lehenetsiko da; 6 hilabetetik gorakoentzat da, eta ez dauka arrautza-proteinarik eta antibiotikorik.
Gripea eta COVIDa eduki ditzaket aldi berean?
Bai, gripea eta COVID-19a aldi berean har daitezke; birus desberdinek eragindako arnas gaixotasunak dira biak.
Gripearen eta COVID-19aren sintoma batzuk antzekoak dira; beraz, zaila izan daiteke bi gaixotasunak bereiztea sintomak soilik kontuan hartuta. Diagnostiko-probak lagungarriak izan daitezke norbaitek influenza ala COVID-19a duen zehazteko.
Gripearen eta COVIDaren arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak
Gripea eta COVID-19a arnas gaixotasun kutsakorrak dira, baina birus ezberdinek eragiten dituzte. COVID-19a SARS-CoV-2 birusak eragiten du, eta gripea, berriz, influenzaren birusak.
Bi gaixotasunek antzeko sintomak dituzte, hala nola sukarra, eztula eta nekea, eta horrek zaildu egin dezake sintomatologiarekin soilik bereiztea.
Jaso al ditzaket aldi berean gripearen aurkako txertoa eta COVID-19aren aurkako txertoa?
Bai. COVID-19aren aurkako dosi bat ematea gomendatzen den taldeetako batekoa bazara, eta urtaroko gripearen aurkako txertoa ere gomendatzen badizute, bi txertoak jar ditzakezu zita berean. Bi txertoak leku anatomiko desberdinetan emango dira.
Ez ditut bi txertoak batera jarri nahi. Txerto bakoitzerako zita bana izan dezaket?
Bai, bereiz jaso daitezke, baina ez dago kontraindikaziorik egun berean jasotzeko, eta ez dituzte kontrako erreakzioak areagotzen. Gainera, abantaila bat da zuretzat, zentrora behin bakarrik joan behar duzulako.
Txertoek ematen duten babesa berehalakoa da?
Ez. Txertoa hartu ondoren, gorputzak bi aste behar ditu, gutxi gorabehera, gripeari eta COVID-19ari aurre egiteko behar diren antigorputzak sortzeko. Horregatik, onena da birusak zirkulatzen hasi aurretik txertoa hartzea.
Sukarra daukat. Txertoa jarri ahal didate?
Gaixotasun akutu larri edo sukarra eragiten duen prozesu akuturen bat dutenen kasuan, txertaketa atzeratu egin behar da aldi baterako; baina sukarrik gabeko edo erasan sistemikorik gabeko gaixotasun arina ez da baliozko arrazoia txertaketa atzeratzeko.
Gaur egun, nori dago zuzenduta COVID-19aren aurkako txertoa?
COVIDaren aurkako txertaketa talde hauentzat da:
- 75 urtekoak edo gehiagokoak.
- 6 hilabete edo gehiagokoak, immunoezabatzearen ondorioz kalteberatasun berezia dutenak.
- 6 hilabete eta 11 urte bitarteko pertsonak, zeinak gaixotasun larria izateko arriskua nabarmen handitzearekin lotutako baldintzak baitituzte.
- 12 urtetik gorako pertsonak, arrisku-taldeetako baten parte direnak edo immunoezabatze larria dutenak.
- Desgaitasunak dituzten pertsonentzako zentroetan, adinekoen egoitzetan edo instituzio itxietan bizi direnak.
- Haurdun dauden emakume guztiak, edozein hiruhilekotakoak.
- Gomendatuta dago, halaber, osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetako langileentzat, bai lehen mailako arretakoentzat, bai ospitale-arretakoentzat, publiko zein pribatuentzat, bai pazienteekin harremanetan dauden osasun-larrialdietako zerbitzuetan lan egiten dutenentzat, bai eta adinekoen egoitzetako edo desgaitasuna dutenentzako arretako langileentzat ere.
Eta arrisku-talde horietako kide ez banaiz eta txertoa jarri nahi badut, jar dezaket?
Egun, egoera epidemiologikoa eta biztanleriak hartutako immunitatea kontuan hartuta, ez litzateke justifikatuta egongo COVIDaren aurkako txertoa ematea lehen aipatutako xede-taldeetan ez dauden pertsonei.
Zergatik jarraitzen dugu gomendatzen pertsona zaurgarriei txertoa jartzea?
Oraindik ere birusak aldaera berriak dituelako eta pertsona zaurgarrienek infekzio larriagoak izateko arrisku handiagoa dutelako, adinagatik edo oinarrizko gaixotasunagatik.
Nola eskatu zita?
75 urtetik gorakoei eta arrisku-taldeetakoei COVIDaren aurkako txertoa eskainiko zaie gripearen aurkako txertoa jartzen zaien unean bertan; beraz, ez da zitarik eskatu behar.
Adinagatik edo arrisku-taldeagatik bi txertoak indikatuta dituzten baina COVIDaren aurkako txertoa soilik hartu nahi duten pertsonek beren osasun-zentrora deitu behar dute, edo 900 20 30 50 telefono-zenbakira.
Ez dut gizarte segurantzarik. MUFACE, MUGEJU, ISFAS, desplazatuak... gisako taldeetakoa naiz. Zer egin behar dut? Nola emango didate zita?
Osakidetzako OTIrik ez baduzu, deitu osasun-zentrora edo 900 20 30 50 telefono-zenbakira.
Zer txerto emango da aurten?
Medikamentuen Europako Agentziak (EMA) eta Osasun Publikoko Batzordeak birusaren aldaera berrietara egokitutako txertoak gomendatzen dituzte, aurrez emandako txerto mota edozein dela ere.
Osakidetzak une horretan eskuragarri dagoen txertoa eskainiko du.
Zenbat denbora igaro behar da aurreko txertoetatik?
Dosi hau jasotzeko, gutxienez 3 hilabeteko tartea igaro behar da hartutako azken txerto-dositik.
Duela gutxi COVIDa izan badut, txertoa har dezaket?
Gutxienez 3 hilabeteko tartea igaro behar da, aurretiko infekzioren bat izan duzunetik.
Ez dut COVIDaren aurkako txertorik hartu inoiz. Zenbat dosi jarri behar ditut orain?
Aurreko dosien kopurua edozein dela ere, 75 urte edo gehiago badituzu edo arrisku-talderen bateko kide bazara, gaur egun txerto-dosi bakarra hartzea gomendatzen da.
Baliteke immunodeprimituek COVID-19aren aurkako txerto-dosi bat gehiago hartu behar izatea.
Zer txerto emango zaie haurrei?
Pfizer laborategiaren txerto pediatriko espezifiko bat emango zaio adin-talde horri, helduentzako txertoak baino dosi txikiagoa duena.
Zer albo-ondorio izan ditzaket txertoa jartzen badut?
Medikamentu guztiek bezala, txertoak albo-ondorioak eragin ditzake. Ondorio horiek ez dira beti agertzen, eta gehienak arinak eta iraupen laburrekoak izaten dira (besteak beste, sukarra edota mina txertoa jarri dizuten eremuan).
COVID-19aren sintomak baditut, txertoa jar dezaket?
Diagnostikoa baztertu arte itxaron behar duzu. COVID-19ak eragindako infekzioa dela baieztatzen bada, ez da txertaketa gomendatzen 3 hilabete igaro arte.
Zergatik da garrantzitsua gripearen aurkako txertoa haurtzaroan?
Gripeak etengabeko mehatxua izaten jarraitzen duelako, izan ere, mundu osoko 5 urtetik beherakoen artean milioi bat gripe-kasu larri eragiten ditu urtero. Gripea duten haurrak kutsadura-iturri nabarmenak izan ohi dira (aitona-amonentzat, beste adinekoentzat, bizikideentzat eta abar), eta osasun publikoko arazo garrantzitsu bat dira, ondorio sozioekonomiko larriak dituena. Txertoa da gaixotasun horren aurkako prebentzio-neurri eraginkorrena.
Beste herrialde batzuetan ere gomendatzen al da gripearen aurkako txertoa jartzea 5 urtetik beherakoei?
2012. urteaz geroztik, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (OME, ECDC) 6 eta 59 hilabete arteko biztanleak sartu zituzten gripearen aurkako txertoa jartzeko lehentasun-taldean. Europako beste herrialde batzuek ere (Austria, Danimarka, Finlandia, Irlanda, Italia, Erresuma Batua, etab.) gripearen aurkako urtaroko txertaketa unibertsala ezarri dute adin-talde horretan.
Espainian, Txertaketen Programa eta Erregistroaren Ponentziak gomendioen dokumentu espezifiko bat prestatu du 6-59 hilabeteko populazio pediatriko osasuntsuari gripearen aurkako txertoa jartzeari buruz. Osasun Publikoko Batzordeak onartu du, eta hemen kontsulta daiteke Recomendaciones de vacunación frente a la gripe en población infantil
Zein garrantzitsua da gripearen aurkako txertaketa arriskuko haurrengan?
Gaixotasun kronikoak dituzten haurrek lehentasuna badute ere, horietako askok oraindik ez dute gripearen aurkako txertoa jasotzen. Horrek arrisku handia dakar, halako kasuetan gripea ez baita infekzio arina; konplikazio larriak eragin ditzake.
Gripearen aurkako urteko txertaketa da haur horiek babesteko modurik eraginkorrena. Txertoari esker, gaixotasuna larria izateko probabilitatea murrizten da, ospitalizazioak saihesten dira, eta senideak eta bizikideak ere babesten dira, zeinak erraz kutsa baitaitezke.
Arriskuko haurrei txertoa jartzea ez da gomendio hutsa, osasuna zaintzeko funtsezko neurri bat baizik.
Zein da haurren arrisku globala urteko epidemietan?
Urteko gripe-epidemiek eragindako haurren proportzioa % 5etik % 35era bitartekoa da oro har, eta % 50etik gorakoa da biztanle-talde itxietan, hala nola eskola-giroan. Adingabeak, bestalde, gaixotasuna transmititzeko bektore nagusia dira.
Zergatik da garrantzitsua haurren txertaketa unibertsala 6 eta 59 hilabete bitartean?
Arrisku-taldeetan sartuta ez dauden 6 hilabetetik gorako haurretan, gomendagarria da gripearen aurkako txertoa jartzea prebentzio-neurri gisa; izan ere, haurrari banakako babesa ematen dio eta familiaren eta komunitatearen babesa errazten du. Ebidentzia zientifiko nahikoa dago 6 eta 59 hilabete bitarteko haurrei gripearen aurkako txerto unibertsala gomendatzeko, eta, horretarako, osasun-agintariek haurren txertaketarako emandako gomendio ofizialetan sartu da txertoa.
Zein dira gripearen aurkako txertaketaren gomendio orokorrak, haur eta nerabeei dagokienez?
- 6 eta 59 hilabete bitarteko haur guztiak.
- Arrisku-taldeak: 6 hilabetetik gorako pertsonak, baldin eta egoera jakin batzuetan badaude edo gripearen konplikazioak izateko arrisku handiagoa dakarten oinarrizko gaixotasunak badituzte.
- Arriskuko pazienteekin bizi diren 6 hilabetetik gorako pertsonak.
- 5 urtetik gorako pertsonak, desgaitasunak dituztenen zentroetan edo egoitza itxietan bizi direnak.
- Haurdun daudenak, bai beren burua babesteko, bai etorkizunean izango duten haurra babesteko, haurdunaldiaren edozein unetan.
Zer gomendio daude haurren txertaketari buruz, lehentasunezko talde horietatik kanpo?
Aipatutako guztiaz gain, gomendagarria da arrisku-taldeen parte ez diren 5 urtetik gorako haurrei gripearen aurkako txertoa jartzea, prebentzio-jarduera horrek banakako babesa ematen baitie haurrei eta nerabeei, eta familiaren eta komunitatearen babesa errazten baitu.
5 urtetik gorako haur osasuntsuek txertoa jaso ahal izango dute, gurasoek edo tutoreek haien osasun-profesionalarekin kontsultatuta. Zita azaroaren 3tik aurrera eskatu ahal izango dute.
Gripearen aurkako zer txerto-mota gomendatzen da?
6 eta 23 hilabete bitarteko haurretan, baimendutako txertoa muskulu barneko txerto inaktibatua da. Kanpaina honetan Influvac txertoa daukagu.
24 eta 59 hilabete bitarteko haurren kasuan, bai eta arrisku-egoeraren bat daukaten 15 urtetik beherakoen kasuan ere, sudur bidezko txerto indargetua emango zaie, kontraindikaziorik ez badago. Eskuragarri dagoen txertoa Fluenz da.
Fluenz Intranasal aukerako txertoa da 24 eta 59 hilabete bitarteko haurrentzat eta arrisku-baldintzak dituzten 15 urtetik beherakoentzat. Fluenz hartzeko kontraindikazioren bat izanez gero, edo familiak muskulu barneko txertoa nahiago badu, Influvac jaso dezakete.
Nola jartzen da gripearen txertoa eta zenbat dosi behar dira?
Txerto injektagarri inaktibatua muskulu barneko injekzio baten bidez ematen da, izterrean edo besoan, haurraren adinaren arabera.
Sudurraren bidezko txerto indargetua sudur-lainoztatzearen bidez jartzen da, eta dosiaren erdia sudur-hobi bakoitzean ematen da.
Haurrei gripearen aurkako txertoaren dosi bakarra emango zaie, salbu eta arrisku-egoeraren bat duten eta gripearen aurkako txertoa lehen aldiz hartzen duten 9 urte baino gutxiagoko haurrei. Kasu horretan, txertoaren bi dosi jasoko dituzte, elkarren artean 4 asteko tartea utzita.
Gripearen aurkako txertoa beste txertoekin batera eman daiteke?
Bai. Txerto injektagarri inaktibatuaren kasuan, beste txerto batzuekin batera jar daiteke, baina injekzioa jartzeko leku desberdinak hautatuta.
Sudurreko txerto indargetua beste txerto indargetu parenteral batzuekin batera eman daiteke, eta ez da beharrezkoa haiekin tarterik uztea, egun berean ematen baitira.
Haur batek gripearen aurkako txertoa hartu behar al du, baldin eta denboraldi honetan jada gripea harrapatu badu?
Bai. Gripearen aurkako txertoa gomendatuta dago, infekzioa pairatu izan arren. Gripearen birusa hainbat hilabetez ibil daiteke, eta haurrak gripe-denboraldian zehar hainbat gripe-koadro izan ditzake. Horregatik, txertoa hartzea da babesik onena.
COVIDa izan duten haurrek gripearen aurkako txertoa har al dezakete?
Ez da ezagutzen COVID-19a gainditu duten pertsonei txertoa jartzeko kontraindikaziorik. Era berean, COVID-19ak eragindako infekzio aktiboa duten adingabeei gripearen aurkako txertoa ematea gomendatzen da, eta nahikoa da txertoa egun batzuetan atzeratzea koadro klinikoa arindu arte.
Zer kontraindikazio daude haurtzaroan gripearen aurkako txertoa jartzeko?
Erreakzio anafilaktikoaren edo erreakzio alergiko larriaren aurrekariak gripearen aurkako txertoaren dosi batekiko edo txertoaren osagairen batekiko (arrautza izan ezik) erabateko kontraindikazioa dira txertoa jartzeko.
Arrautzari alergia dioten pertsonei dagokienez, beren adinerako eta osasun-egoerarako egokia den gripearen aurkako edozein txerto jaso dezakete, oso zaila baita erreakzio alergiko larriak gertatzea.
Hala ere, arrautzarekiko erreakzio alergikoa larria izan bazen (anafilaxia edo shock anafilaktikoa, eta abar), 2025eko kanpainarako Flucelvax® txertoa erabiltzea lehenetsiko da; 6 hilabetetik gorakoentzat da, eta ez dauka arrautza-proteinarik eta antibiotikorik.
Zeintzuk dira gripearen aurkako txertoaren kontrako ondorioak?
Gripearen aurkako txertoa segurua da. Albo-ondorioak beste txerto injektagarri batzuetan gertatzen direnen antzekoak dira, batez ere lokalak (mina eta gorritzea injekzio-eremuan) edo orokor eta arinak (sukarra, ondoeza...). Beste erreakzio mota batzuk salbuespenezkoak dira.
Berehalako erreakzioen aurreko prebentzio-neurri gisa, injektagarri bat ematen den bakoitzean, 20 minutu eman behar dira txertaketa-zentroan.
Haurdunaldian gripearen aurkako txertoa jartzeak murriztu egiten du haurdunek eta beren haurtxoek gaixotasunak eta konplikazioak izateko arriskua, haurtxoek 6 hilabete bete arte. Haurdunei txertoa jartzea segurua dela frogatu da, bai emakumearentzat berarentzat, bai fetuarentzat eta jaioberriarentzat.
Zer da gripea?
Gripea gaixotasun infekziosoa da, influenza birusak eragindakoa. Arnas sistemari eragiten dio batez ere, hots, sudurrari, eztarriari eta birikei, eta erraz hedatzen da pertsona batetik bestera, normalean airearen bidez, norbaitek eztul edo doministiku egiten duenean.
Nola zabaltzen edo transmititzen da gripearen birusa?
Gripearen birusa batez ere airearen bidez hedatzen da, infektatutako pertsona batek eztul, doministiku edo hitz egiten duenean, birusa duten tanta txikiak askatzen baitira. Kutsatutako gainazalak ukitzean eta, ondoren, eskuak ahora, sudurrera edo begietara eramatean ere kutsa gaitezke.
Nola prebenitu daiteke gripea?
Txertoa da prebenitzeko modurik eraginkorrena. Txertoaz gain, neurri higieniko erraz eta eraginkor hauek gomendatzen ditugu gripea eta beste arnas-infekzio batzuk prebenitzeko:
- Eskuak maiz garbitzea, batez ere eztul edo doministiku egin ondoren.
- Gelak aireztatzea.
- Eztul edo doministiku egitean ahoa estaltzea, erabili eta botatzeko zapiekin, ahal dela.
- Posiblea bada, ez berrerabiltzea doministiku egitean edo sudur-jariakinak garbitzean erabilitako zapiak.
- Ahal den neurrian, beste pertsona batzuekiko kontaktua mugatzea ondoeza, sukarra edo beste gripe-sintoma batzuk izanez gero, pertsona horiek ez kutsatzeko.
- Gaixoekin kontakturik ez izatea, kutsatu ez gaitzaten.
Haurdun banago, txertoa hartu behar dut?
Haurdunaldiko edozein hiruhilekotan txertoa hartzea gomendatzen da, eragin hirukoitza duelako:
- Ama babesten du.
- Jaioberria babesten du.
- Haurra babesten du bere bizitzako lehen hilabeteetan.
Gripeak haurdunaldian eragin dezakeen erikortasuna, baita heriotza-tasa ere, beste arrisku-talde batzuentzat deskribatutakoaren antzekoa da. Haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan gripearen birusarekin infektatzeak lotura du honako hauen maiztasuna areagotzearekin: bihotzeko malformazioak, erbi-ezpaina eta hodi neuralaren akatsak. Horrekin batera, jaioberriak pixu baxua izatea edota garai aurreko erditzea eragin ditzake.
Gainera, haurdunaldian, erantzun immunitarioan gertatzen diren aldaketa fisiologikoek haurdunek infekzio larriak izateko arriskua handitzen dute, eta, beraz, ospitaleratzeko arriskua handiagoa da.
Hardunaldian, noiz gomendatzen da txertoa?
Gripearen aurkako txertaketa-kanpainan –normalean udazkenean egiten dena–, haurdunaldiaren edozein hiruhilekotan dauden haurdunei txerto-dosi inaktibatua hartzea gomendatzen zaie.
Segurua al da gripearen aurkako txertoa hartzea hardunaldian?
Bai, txerto horrek ezin du gripea eragin, eta segurua da haurdunaldian.
Hala ere, txertoek, beste edozein farmakok bezala, kontrako ondorioak izan ditzakete, baina ez dira oso ohikoak eta arinak izaten dira (molestiak ziztada-tokian), eta ez diote inola ere eragiten haurraren osasunari.
Zein kasutan dago kontraindikatuta gripearen aurkako txertoa?
Haurdunaldiko edozein hiruhilekotan txertoa hartzea gomendatzen da, eragin hirukoitza duelako:
- Txertoaren printzipio aktiboei edo osagairen bati alergia dieten haurdunak.
- Lehenago gripearen aurkako txerto batekiko erreakzio alergiko larria izan duten haurdunak.
- Sukarra edo infekzio akutu bat duten haurdunak: txertoa atzeratu egin beharko da sendatu arte.
Haurdunaldi bakoitzean, gripearen aurkako txertoa eman behar da?
Bai. Haurdunaldi bakoitzean beharrezkoa da gripearen aurkako txertoa jartzea, bi arrazoirengatik:
Gripearen birusek gaitasun handia dute beren azaleko antigenoak aldatzeko (birusak infektatzeko duen gaitasunean garrantzi berezia duten proteinak). Aldaera horien ondorioz, gripearen birus berriak agertzen dira, eta gizakiak ez du birus horietarako babesik. Horregatik, txertoa urtero eguneratu behar da. Gainera, denborarekin, txertoari esker sortzen diren antigorputzak gutxituz doaz.
Posible al da kukutxeztularen eta gripearen aurkako txertoa hartzea egun berean?
Bai, bi txertoak jartzeko unea bat badator, bisita berean jar daitezke, baina bakoitza beso batean. Egun desberdinetan ere jar daitezke, denbora-tarte jakin bat utzi beharrik gabe. Gomendatzen da kukutxeztularen aurkako txertoa haurdunaldiaren 27. astetik aurrera jartzea, baina, ahal dela, 27. edo 28. astean.
Bularra ematen ari diren emakumeek gripearen aurkako txertoa har al dezakete?
Bai, emakume edoskitzaileek gripearen aurkako txertoa har dezakete. Txertaketak ez dio eragiten esnearen ekoizpenari, eta defentsak transferitu diezazkioke haurrari, antigorputz eta esnetik igarotzen diren beste substantzia batzuen bidez.
Izan ere, txertaketa-kanpaina indarrean dagoen bitartean, erditu ondorengo lehen 6 hilabeteetan gripearen aurkako txertoa hartzea gomendatzen da.
Azken aldaketako data:



