Aho-hortzen osasuna haurdunaldian
Haurdunaldia
Ahoa zaintzea ohiko errutina da, haurdunaldian arreta berezia eskatzen duena. Badira, baina, horren inguruko uste faltsuak, hala nola haurdunaldi bakoitzean hortz bat "galdu" egiten dela. Ondorioz, baliteke etapa horretan ez ematea behar besteko garrantzia ahoa zaintzeari. Aitzitik, egiaztatuta dago haurdunaldian aldaketak gertatzen direla emakumearen gorputzean, eta horrek agian molestiak edo arazoak eragingo dituela ahoan, zeintzuek jarraipena beharko duten. Atal honetan, ahoaren zainketa espezifikoak azalduko dizkizugu, aurrekontzepziotik hasi eta umetxoa jaio arte praktikan jarri ahalko dituzunak.
Haurdun geratzeko asmoa baduzu, gogoratu garrantzitsua dela ohiko dentistari komentatu eta aho-hortzen azterketa egitea. Dentistak baloratu eta konponduko ditu ahoko arazo txiki horiek, haurdunaldian gehiago konplikatu daitezke-eta. Adibidez, erretzeari utzi badiozu edota hortzoiak ondoezik badituzu edo bertan odolik nabaritzen baduzu, odontologoak egoera ebaluatu eta tratatu ahal izango du. Gogoratu higiene-ohitura egokiak izatea.
Zaindu bion ongizatea, zurea eta umetxoarena, ahoa osasuntsu edukita.
Haurdunaldiarekin lotutako aho-hortzetako arazo nagusiak
Haurdunaldiko hormona-aldaketek eragina dute hortzoien egoeran. Ohikoa da hortzoiak gorritzea, handitzea edota odoletan hastea (haurdunaldiko gingibitisa), eta, erditzearen ondoren, hori desagertzea. Batzuetan, aipatutako alterazioen ondorioz, hortzoietan kisteak sor daitezke.
Hormonek eraginda, halaber, baliteke ahoa lehor edukitzea (xerostomia) edo hortzak mugitzen zaizkizula sentitzea, eta, haurra jaio ostean, sentsazio hori desagertzea.
Goragaleek eta gorakoek hortzen esmaltea higatzea ekar dezakete, eta, listuaren eta ahoko floraren aldaketekin batera, txantxarrak errazago agertzea.
Tabakismoak eta ager litekeen diabetesak ere areagotzen dute hortzoietako infekzioaren arriskua (periodontitisa).
Ahoari buruzko zalantzarik izanez gero, haurdunaldiaren jarraipena egiteko kontsultetan galdetu dezakezu. Etapa honetan ere aukera duzu Osakidetzako odontologoarekin edo higienistarekin zita eskatzeko. Esaiezu haurdun zaudela. Kontsultan, ahoa nola duzun baloratuko dute, eta:
- Zainketa espezifikoei eta gomendioei buruzko informazioa emango dizute, umetxoak eta zuk aho-hortzak osasuntsu eduki ditzazuen.
- Beharrezkoak diren segidako bisitak programatuko dizkizute.
- Neurri higienikoak ezarri edo hortzetako lertzoa (sarroa) kenduko dizute, ahal dela 2. hiruhilekoan.
- Tratamenduak aplikatuko dizkizute sentikortasuna eta kalteak saihesteko, batez ere azidotasuna eta gorakoak maiz badituzu.
Hortzoietako edo hortzetako mina badaukauzu, maiz odoljarioak badituzu, infekzio-sintomak (flemoia) edo kezkatzen zaituen beste arazoren bat, eskatu zita Osakidetzako dentistarekin.
Zainketa
Jarraian, ahoa osasuntsu edukitzen lagunduko dizuten zainketak zein diren azalduko dizugu:
- Osatu aho-higieneko errutina eta garbitu hortzak pasta fluoratuarekin (inoiz ez 1450 ppm baino gutxiagoko fluorra), egunean bitan gutxienez, eta zerbait jan ondoren. Erabili hortzetako haria edo hortzarteko eskuilak egunero. Gogoratu mihia ere garbitzea.
- Goragaleak edo gorakoak badituzu, erabili buru txikiko eskuila leuna eta kolutorio fluoratua egunean behin, ondoren aho-irakuzketa gehiagorik egin gabe.
- Okada bakoitzaren ondoren, garbitu ahoa urarekin, eta, 30 minutu igarotakoan, eskuila ezazu.
- Egin dieta askotarikoa eta orekatua, sasoiko elikagai osasungarriak hartuta.
- Mugatu azukrearen eta edari karbonatatuen kontsumoa.
- Saihestu otorduen arteko mokaduak, batez ere elikagai azukredunak badira.
- Hartu kaltzio ugariko elikagaiak, hala nola gazta edo jogurta.
- Edan likidoa maiz, ahal dela ura, ahoko lehortasunari aurre egiteko.
- Arazo espezifikoren bat nabaritzen baduzu, eskatu balora zaitzaten.
- Ez hartu medikaziorik preskripziorik gabe; mina izanez gero, hobe parazetamola erabiltzea. Galdetu beste analgesiko edo farmako bat hartu aurretik.
- Bigarren hiruilekoa da aldi egokia aho-garbiketa egiteko (tartrektomia). Esan dentistari haurdun zaudela.
Ohiko galderak
Zergatik ematen didate min hortzoiek?
Gingibitisa hortzoien hantura eta gorritasuna da, eta baliteke ahoko min orokortua eragitea, baita odola jariatzeko joera handiagoa ere. Normalean haurdunaldiaren bigarren hilabetean agertzen da. Progresiboki okerrera egin dezake zortzigarren hilabetera arte eta hobera, erditzearen ondoren. Aldez aurretik hortzoietan arazoren bat edo gaixotasun periodontalen bat izan baduzu, ziur asko haurdunaldian larriagotu egingo dira.
Hormona-aldaketengatik da, eta aldaketok ezin dira ekidin; beraz, gomendatzen da garbiketa areagotzea, hortzetako lertzoa kentzea eta litezkeen arazoak kontrolatzea. Zaindu ahoa.
Otorduen arteko mokaduek txantxarrak agertzea errazten dute?
Haurdunaldian, emakume batzuek "etengabe zerbait jateko" gogoa dute, eta, ondorioz, baliteke hortzarteko espazioetan elikagai-hondarrak denbora luzez edukitzea. Bereziki kaltegarria izango da azukre asko duten produktuak hartu badira (elikagai azukredunak edo edari karbonatatuak, hala nola freskagarriak edo tonikoak); hortaz, produktuok saihestea gomendatzen da. Bestela, jan ostean, garbitu berriro hortzak pasta fluoratuarekin.
Egia al da haurdunaldian gorakoek hortzak kaltetu ditzaketela?
Haurdunaldian ohikoa da urdaileko azidotasuna, baita behin eta berriz botaka egitea ere. Horrek hortzetan mineralak galtzea eta txantxarrak agertzea eragin dezake.
Azidotasuna maiz sentitzen baduzu edo gorakoak maiz badituzu, kontsultatu dentistari, zure egoerara egokitutako errefortzu- edo prebentzio-neurriren bat hartzea balora dezan (adibidez, fluorra hortzetan ematea edo kolutorioa edo fluor-pasta erabiltzea). Gorako bakoitzaren ondoren, azidotasuna neutralizatu ahal izango duzu, ahoa urarekin garbituz. Gorakoen iraupenaren eta maiztasunaren arabera, agian gomendatuko dizute urari bikarbonato pixka bat botatzea, eta horrekin ahoa garbitzea. Hobe da 30 minutu inguru itxarotea eskuilarekin garbitzeko, azidotasunak eta igurtziak eragindako higadurak saihestuko dituzulako, batez ere hortzak indar askorekin igurzten badituzu edo zurda gogordun eskuila erabiltzen baduzu.
Zer gertatzen da haurdunaldian erradiografia bat egin behar badidate?
Haurdunaldia arreta bereziko aldia da erradiografiak egiteko, fetuan izan dezakeen eraginagatik. Haurdun bazaude edo egon zaitezkeela uste baduzu, eman horren berri erradiografia bat egin aurretik. Artatzen zaituen osasun-profesionalak premia baloratuko du, haurdunaldi-hilabetea kontuan hartuta.
Ahoko arazoak detektatzeko erradiografien kasuan, esan dentistari haurdun zaudela. Erabilitako erradiazioa oso txikia bada ere, sabelaldea eta lepoa material egokiarekin babestu ahal izango dizkizu. Zure egoera zein den badaki, errazagoa egingo zaio tratamendu egokiena ematea, eta, aldi berean, umetxoa babestea.
Txikitatik izan ditut txantxarrak. Nire seme-alabak ere arazo bera izango du?
Txantxarrek zenbait faktorerekin dute zerikusia, besteak beste, azukre ugariko dieta, ahoko higiene eskasa, ahoan dagoen bakterio mota edota norberaren berezko joera. Faktore horietako batzuetan eragin daiteke.
Txantxar asko baduzu, litekeena da ahoko bakterioek hortzak higatzeko joera handiagoa izatea (kariogenikoak: txantxarra sortzen dutenak). Egiaztatu da umetxoen lehen hortzak bakteriorik gabe erupzionatzen direla, eta hortzaren azalerara iristen den lehen germen motak hura kolonizatuko duela eta han egongo dela bizitza osoan. Normalean, transmisio hori listuarekin kontaktuan egiten da. Hain ohikoak diren keinu batzuek transmisioan laguntzen dute: norberak txupetea listuarekin garbitzea; biberoitik edatea barrukoaren tenperatura egiaztatzeko; haurraren janaria tresna beretik probatzea edo janariari putz egitea, edo haurrari ezpainetan musu ematea.
Zaindu ahoa osasuntsu egon dadin, eta animatu ingurukoei ere gauza bera egin dezaten.
Azken aldaketako data: