Ahotik hartzeko tratamendu antikoagulatzailea (AAT)

Zer da Ahotik hartzeko tratamendu antikoagulatzailea (ATA)?

Nola gertatzen da odolaren koagulazioa?

Koagulazioak odolbilduaren sortze-prozesu osoa hartzen du barnean. Odolbilduak tapoi baten antzera jokatzen du, kolpe edo zauri baten osteko odoljarioa gelditzen du eta. Defentsa-mekanismo naturala da, odola galtzea saihesten duena.

Kasu batzuetan, nahi ez diren odolbilduak sortzen dira bihotz-barrunbeetan edo organismoaren hodietan, tronboak (tronbosia), alegia. Tronbo horren zati bat askatzen denean eta hodi bat (zain bat edo arteria bat) buxatzen duenean enbolia bat gertatu dela esaten dugu. Horrek osasun-arazo larria eragiten du, adibidez, miokardioko infartu akutua, iktusa, biriketako enbolia edo tronbosi arterial edo benosoa, tronboa mugitzen den lekuaren arabera.

Tronbosia eragin dezaketen kausak

Hona hemen tronbosia eragin dezaketen kausak:

  • Koagulazioaren sortzetiko defizitak, odolaren koagulagarritasuna areagotzen dutenak.
  • Bihotzean balbula artifiziala (gorputz arrotza) izateak odolbilduak eratzea eragin dezake.
  • Bihotz-erritmoaren alterazioak (arritmiak) fluxu irregularra eragiten du, eta horrek, aldi berean, odolak odolbilduak eratzea eragiten du.
Nola eratzen den odolbilduaren irudia

Tronbosi batek odolaren zirkulazioa oztopatu dezake eta konplikazioak sor ditzake; halako kasuetan garrantzizkoa da, beraz, odolbilduak sortzea eragoztea. Eta hori eragozteko modua koagulazioa murrizten duten medikamentuak hartzea da.

Koagulazioaren aurkako tratamenduaren helburua tronbosien eta enbolien prebentzioa da.

Zer dira antikoagulatzaileak?

Antikoagulatzaileak odolaren koagulazioa aldatzen duten medikamentuak dira. Horien helburua da odol-hodietan odolbildurik ez sortzea eta tronbosia edo enbolia nekezago gertatzea. Eta eragin nagusia odolaren koagulazio-denbora atzeratzea izaten da.

Nork hartzen ditu antikoagulatzaileak?

  • Aurikulako fibrilazioa deritzon arritmia daukaten pertsonek.
  • Zainetako tronbosia edo biriketako enbolia izan duten pertsonek, berriz gerta ez dadin.
  • Bihotzeko balbulopatiak dituzten edo balbula-protesi mekanikoa daramaten pertsonek.
  • Odolean herentziazko gaixotasunen bat (C edo S proteinaren defizita, V Leiden faktorearen mutazioa eta beste batzuk) edo hartutako gaixotasunen bat (Sindrome antifosfolipidikoa edo SAF) duten pertsonek.

Tratamenduak. Antikoagulatzaile motak

Ahotik hartzeko antikoagulatzaileak

Ahotik hartzen dira. Bi motatakoak daude:

K antibitamina (KAB) antikoagulatzaileak

Espainian ohikoena den ATA K antibitamina edo kumarinikoak deritzen farmakoak ematean datza. Horien eraginez, odolak denbora gehiago behar du koagulatzeko. Medikamentu horiek, aldiz, ezin dituzte lehendik eratuta dauden odolbilduak desegin. Bai eragotz dezakete, ordea, dauden odolbildu horiek handitzea eta arazo larriagoak eragitea.

K bitaminaren antagonista diren ahotik hartzeko antikoagulatzaile bat baino gehiago dago: azenokumarola (Sintrom®) eta warfarina (Aldocumar®, Tedicumar®).

Kontuan hartu beharrekoak:

  • Hartu beharreko dosia pertsonaren araberakoa da. Kantitate gehiago hartu behar izateak ez du esan nahi pazientea gaixoago dagoenik.
  • Ondo kontrolatuta dagoen ebaluatzeko INR ratioa (International Normalized Ratio, Nazioarteko Ratio Normalizatua) erabiltzen da, odolak koagulatzeko behar duen denbora neurtzen baitu.
  • Ze dosi hartu behar den jakiteko, pertsona bakoitzarentzat egokiena den pauta zehazten laguntzen duten kontrolak egin behar dira aldian-aldian.
  • Antikoagulatzaileek hartualditik 2. egunera daukate efekturik handiena (36 ordu). Farmako antikoagulatzaile batetik besterako aldea efektua azkarrago edo motelago dutela da.
  • Azenokumarolaren (Sintrom®) efektuak irauten du denbora gutxien, besteen aldean, baina erabiliena da gurean.
  • Egunean behin bakarrik hartu behar dira, beti ordu berean (ahal dela, gauean, afaldu baino lehen).
  • Garrantzitsua da ez ahaztea hartu behar dela.

Ekintza zuzeneko antikoagulatzaileak (EZA)

Azken urteetan, antikoagulatzaile berriak sortu dira, tronbina (dabigatran) edo Xa faktorea (ribaroxaban, apixaban eta edoxaban) modu itzulgarrian blokeatuz eragiten dutenak. Mekanismo antikoagulatzaile zuzena dute; horregatik esaten zaie ekintza zuzeneko ahotik hartzeko antikoagulatzaile (EZAA), KAB antikoagulatzaileek daukaten zeharkako ekintzatik bereizteko.

Kontuan hartu beharrekoak:

  • Dosi zehatzetan hartzen dira (egunean behin edo bitan, farmakoaren arabera).
  • Ez dira etengabean monitorizatu behar efektua neurtzeko, eta ez daukate interakziorik janariarekin.
  • Ez dute aldian aldiko kontrolik eskatzen.
  • Efektua 12-24 ordutan desagertzen da organismotik. Garrantzitsua da ez ahaztea hartu behar dela.
  • Beste medikamentu batzuekin interakzio gutxiago izan arren, kontuz ibili behar da eta ezer berria hartu baino lehen medikuari edo farmazialariari galdetu.
  • Indikazioa bakarrik da aurikulako fibrilazio ez balbularra duten pazienteentzat eta gaixotasun tronboenboliko benosorako.
  • Giltzurrunen eta/edo gibelaren funtzioaren kontrolak aldiro egitea beharrezkoa da.

Ekintza zuzeneko antikoagulatzaileak ezin dira K antibitaminaren antikoagulatzaileen ordezko izan egoera guztietan; indikazioa kasu zehatzetarako da, oraingoz.

Antikoagulatzaile injektagarriak

Zain barnetik edo larruazalpetik ematen dira. Bi motatakoak daude:

Pisu molekular txikiko heparina

  • Azenokumarolaren efektu antikoagulatzailea 48-72 ordura agertzen da eta astiro-astiro desagertzen doa, 48-96 ordura, pertsona bakoitzaren metabolismoaren arabera.
  • Heparinak medikamentu injektagarriak dira, INRa egoki den gutxieneko tartean ez dagoenean indikatzen direnak, pertsona antikoagulatua tronboetatik babesteko.
  • Heparinek azkarrago izan ohi dute efektua (1,5-4 ordura), baina iraun ere, gutxiago irauten dute. Banako aldakortasun gutxiago daukate eta haurdunaldian eta edoskitzaroan erabil daitezke, baina alde txarra ere badaukate, injekzioa jarri behar dela.
  • Aurrez kargatutako xiringetan erabiltzen dira beti. Funtsezkoa da baieztatzea medikuak indikatutako kantitatea eman digutela farmazian, hainbat aukera dagoelako salgai: 20 mg, 40 mg, 60 mg, etab.
  • Gerrialdeko tolesduretan injektatu ohi da, zilborraren bi aldeetara. Kasu berezietan beste leku batzuetan injekta daiteke (izterrak, besoen kanpoko aldea…).

Heparina ez-frakzionatua (sodikoa edo kaltzikoa)

Ospitaleetan erabili ohi da, ahotik hartzeko tratamendu antikoagulatzailea eten beharra dagoenean; adibidez, ebakuntza egiterakoan.

Azenokumarolaren interferentziak (sintrom) beste medikamentu eta produktu natural batzuekin

Ez zaitez inoiz automedikatu (ez hartu medikazioa zure kabuz). Medikamentu batzuek interferentziaren bat izan dezakete zure tratamendu antikoagulatzailearekin; hori dela-eta, abisatu beti medikuari pertsona antikoagulatua zarela, medikamenturen bat errezetatu behar dizunean.

Tratamenduetan aldaketarik egonez gero, jakinarazi beti, hasteko unean zein eteteko unean, eta egin kasu osasun-arloko profesionalen oharrei.

Medikazioa aldatzen dizutenean, kontrol-egunean ekarri erabilera-orria edo kutxa, izen zehatza jakiteko.

Noizean behin analgesikoren bat behar baduzu, parazetamolaz egindakoak har ditzakezu.

OHAR GARRANTZITSUA: ez hartu inoiz aspirina edo horren deribaturik (gripearen aurkakoak, besteak beste), medikuak hala indikatu ezean.

Kontuz medikamentu guztiekin, errezetarik behar ez dutenak barne. Gogoan izan produktu naturalek, belar-dendetakoek, baita elikadura-osagarriek eta bitamina-konplexuek ere batzuetan ez dutela erabilera-orririk eta, berez, ez direla medikamentutzat jotzen, baina, hala ere, kontuan hartu beharreko interakzio farmakologikoak izan ditzaketela.

Horrelako produktuak hartuz gero, saiatu beti modu berean egiten, horien ondorioa beti antzekoa izan dadin.

Tratamendua etetea

Azenokumarola medikuak hala agintzen duenean baino ez da utziko.

Pazienteak kimioterapia edo erradioterapia tratamenduetan badaude, espezialistak baloratuko du tratamendu antikoagulatzailea mantendu ala eten egin behar zaien, tronbosien arriskuaren arabera.

Zenbait prozeduratan, Odontologia, Dermatologia eta Oftalmologiaren alorretan, dagoeneko ez dago ahotik hartzeko antikoagulatzailea eten beharrik, nahiz eta gomendagarria izan prozeduraren egunean bertan kontrola egitea, aurretik eta ondotik jarraitu beharreko gomendioak emango dizkizun espezialistari jakinarazteko.

Beste prozedura batzuetan, odoljario-arriskua dagoenean (ebakuntzak, azterketa endoskopikoak, infiltrazioak, etab.), medikuak berak adieraziko du tratamendu antikoagulatzailea eten behar den edota konbinatuko den, beharrezkoa izatekotan, heparinekin, pazientearen tronbosi-arriskua gorabehera.

Txertoak eta injekzioak

Medikazioa muskulu barnetik injektatzea derrigorrezkoa denean, hobe da izterraren kanpoaldearen erdiko herenean sartzea, eta, behin eginda, injekzio-puntuan 10-15 minutuz sakatzea.

Antikoagulatutako pertsonei beste herritar guztiei gomendatzen zaizkien txerto berak gomendatzen zaizkie, baina txertoak jartzeko unean abisua eman behar dute, larruazalpetik jar diezaieten, eta ondoren 10 minutuz sakatu.

Hormonekin eta/edo prostatarekin arazoak dituzten pazienteekin, injekzioak orratz oso lodiekin hartu behar dituztenez, INR egokia dutela kontrolatzea gomendatzen da, eta injekzio-puntuan 15-20 minutuz sakatzea, ahal dela.

Kontrola. Kontzeptuak

K antibitaminaren ahotik hartzeko antikoagulatzaileekin tratamenduan bazaude, aldian-aldian kontrolak egingo zaizkizu hartzen duzun dosia egokia dela ziurtatzeko. INRa da neurtzen den balioa, eta zuretzat egokia den tarte terapeutikoaren barruan dagoela begiratzen da.

Funtsezko kontzeptuak: INRa eta tarte terapeutikoa

INRa

INRak odolak koagulatzeko behar duen denborarekin lotura du.

Izan liteke behar duzun antikoagulatzaile dosia ez izatea beti berdina, aldatu behar izatea edo mantentzea, odolean (kapilarretan zein zainetan) INRa neurtzeko analisiak zer emaitza ematen duen.


INR altua eta baxua
  • Antikoagulatzaileek INRa areagotzen dute, odolak koagulatzeko behar duen denbora, alegia.
  • Antikoagulatzailerik hartzen ez duen pertsona batek duen INR balioa 1ekoa edo hortik ingurukoa da.
  • Aldiz, pertsona batek 2ko INRa badu, horrek esan nahi du, asko sinplifikatuta, bere odolak koagulatzeko behar duen denbora pertsona normal baten bi halako dela. Beraz, 3koa bada, pertsona normal baten hiru halako beharko du, eta abar.
  • Arrisku tronboenbolikoa duen eta antikoagulatzaileak hartu ohi dituen pertsona batek tronbosien edo enbolien arrisku handiagoa du INRa edo kontrolaren emaitza 1etik hurbilago duenean.
  • Odoljarioen arriskuak gora egiten du INRa zifra altuetan dagoenean. Izan ere, INR balioa zenbat eta altuagoa izan, orduan eta odola botatzeko arrisku handiagoa. Arriskua kalitate eskaseko kontrolekin edo larregi tartekatutako kontrolekin ere areagotzen da.

Tarte terapeutikoa

  • Oso garrantzitsua da antikoagulatzaileak behar bezala erabiltzea, odolbilduak sortzearen kontrako babesik handienarekin, odoljario-arriskurik txikienarekin sor daitezen.
  • Horregatik da beharrezkoa odolaren koagulabilitatea tarte egokian egotea, ez oso behera, ez oso gora. Horri deritzo tarte terapeutikoa.
  • Hainbat tarte terapeutiko dago. Paziente bakoitzari, modu indibidualizatuan eta antikoagulazioaren kausaren arabera, tarte jakin bat esleituko zaio.

Tarterik ohikoenak 2-3 artekoak eta 2,5-3,5 artekoak dira.

Diagnostikoa INR tartea
Aurikulako fibrilazio isolatua 2.0 ~ 3.0
Tronbosi benosoa edo biriketako enbolia 2.0 ~ 3.0
Balbulopatia aurikulako fibrilazioarekin 2.5 ~ 3.5
Balbuletako protesi mekanikoa 2.5 ~ 3.5
Koagulazioaren alterazio genetikoak 2.0 ~ 3.0
Sindrome antifosfolipidikoa 2.5 ~ 3.5
Zenbait hausnarketa baliagarri tartetik kanpoko emaitzak daudenerako

Antikoagulazioan, batzuetan, eragin handia dute osasun-aldaketek, elikadura-ohiturek eta medikazioek; beraz, kontrol egokia lortzen ez baduzu, baliagarria da alderdi hauek berrikustea:

  • Medikazioa zehatz-mehatz agindu bezala hartzen duzu?
  • Dieta askotarikoa eta orekatua egiten duzu?
  • Osasun-egoeran aldaketaren bat edo atsekabe nabarmenik izan duzu?
  • Medikazio-aldaketa asko izan duzu?
  • Ohiturak asko aldatzeko moduko bidaiak egin dituzu?
  • Jarduera fisiko oso aldakorra duzu?

Autoanalisia

Pertsona antikoagulatu batzuek euren kabuz egiten dute INR (International Normalized Ratio) analisia.

Jarraian, autoanalisia zuk zeuk egiteko bideo tutoriala ikus dezakezu, edo gidaliburua deskargatu:

tratamiento insulínico

Eskuragarri dituzu, baita ere, beharrezko baimen informatua eta tratamendu-orria erregistratzeko eta jasotzeko gida laburra.

Dosifikazio-orria

Tratamenduaren Dosifikazio-orria, autoazterketa eginez gero, Osasun-karpetatik deskargatu beharko duzu. Kontrola osasun-zentroak egiten badu, han emango dizute. Bertan daukazu egunero hartu beharreko dosia.

Jarraian, gezurrezko dosifikazio-orri baten bitartez, argi eduki behar dituzun kontzeptuak azalduko dizkizugu. Orria jaso eta gero zalantzak badituzu, erizainarekin argitu ahal izango dituzu.

Dosifikazio-orria

Zainketak

Antikoagulatuta bizitzea

Tratamendu antikoagulatzaile ohikoena azenokumarolarekin (SintromR) ematen dena da, beraz, hemen jasotako zainketak tratamendu horretan daudenentzat dira.

Saia zaitez azenokumarola egunero ordu berean hartzen. Onena afaria baino ordu erdi edo ordubete lehenago hartzea da, ur edalontzi batekin, ahalik eta hobekien xurgatzen dela ziurtatzeko.

Azenokumarola medikuak hala agintzen duenean baino ez da utziko. EZ egin zure kontura.

Ahal dela, ez nahastu beste medikamentu batzuekin; antiazidoekin, batez ere.

Ohitura ezartzea baliagarria izango zaizu, baina ez obsesionatu. Lagungarria izan daiteke egutegi batean markatzea, mugikorrean alarma jartzea edo pastilla-kaxa erabiltzea.

Eguneroko arreta-neurriak

  • Etxean animaliak badituzu (txakurra, katua…), kontuz ibili estropezu ez egiteko eta animaliek atzaparka edo haginka egin ez diezazuten.
  • Kontuz alfonbrekin, saihestu erorikoak.
  • Kontuz eskaileretara igotzean, erortzeko arriskua izan dezakezulako.
  • Erabili atzetik itxita doazen zapatilak, estropezu ez egiteko.
  • Kontuz labanak, artaziak eta antzeko tresna puntadunak erabiltzean.
  • Hobe bizar-makina erabiltzea, bizar-xaflaren ordez.
  • Erabili hortzetako eskuila leunak, buru txikidunak, eta argizaria duen hortzetako zeta.
  • Gauez altxatzen bazara, piztu argia ez erortzeko.

Elikadura

Alimentos saludables

Denetarik eta modu orekatuan jan behar duzu. Ahal baduzu, ez oinarritu dieta jaki bakar batean hainbat egunetan segidan, batez ere, K bitamina asko badute:

  • Hori koloreko barazkiak, hala nola zainzuriak, soja edo endibiak.
  • Orri berdea duten barazkiak: ziazerbak, perrexila, zerbak, mendafina.
  • Hesteetako florak K bitaminaren sintesia areagotzea eragiten duten janari haizetsuak, adibidez, aza, brokolia, azalorea, bruselazak, aza gorria, edari gasdunak...

K bitamina izate hutsagatik ez daude debekatuta, baina dietan kontrolatu behar dira. Garrantzitsua da horien kontsumoa beti antzerakoa izatea, batzuetan asko eta beste batzuetan gutxi jaten ibili beharrean. Izan ere, egunean bi berdura eta barazki anoa hartzea, horietako bat gordinik, eta horrez gain, hiru fruta anoa ere hartzea gomendatzen da.

Gainera, K bitaminak funtsezko funtzioak ditu organismoan. Adibidez, hezurren mineralizazio egokia mantentzen du eta osteoporosia prebenitzen du.

Ez jan gehiegi koipe askoko jakiak, kasurako gurina, urdaia, hirugiharra eta opil industrialak, horiek egiteko erabiltzen duten olioagatik K bitamina badutelako.

Kontuz ibili ohiko dietan egindako aldaketekin. Dieta bat hasteko bazaude, bereziki argaltzekoa, gorputza garbitzekoa edo dieta begetarianoa bada, jakinarazi hori ere, barazki gehiago eta koipe gutxiago hartu ohi delako horrelakoetan.

Alkohola

Gogoan izan behar duzu alkohola hartzeak antikoagulatzaileen metabolizazioa aldatzen duela. Graduazio handiko edariek eragin handia daukate, kontsumoa ohikoa izan zein noizean behingoa izan.

Tabakoa

Tabakoak ere, K bitamina asko duenez, antikoagulatzailearen efektua oztopatzen du, arrisku kardiobaskularrerako eta beste gaixotasun batzuetarako faktorea izateaz gain.

Sexualitatea, haurdunaldia eta edoskitzaroa

Sexualitatea, haurdunaldia eta edoskitzaroa

Tratamendu antikoagulatzailearekin dauden pertsonek sexu-bizitza normala izan dezakete.

Viagra®, hodi-zabaltzailea izanik ere, ez dago kontraindikatuta; hala ere, komeni da medikuari galdetzea erabili aurretik.

Ez da gomendatzen sexu-praktika bortitz edo oldarkorrik.

Herritar guztiei bezalaxe, sexu-transmisioko gaixotasunak prebenitzeko metodo berak jarraitzea gomendatzen da.

Antisorgailuei dagokienez, preserbatiboak, diafragmak eta espermizidak gomendatzen dira.

Gestagenoak soilik dituzten metodoak ere, mugarik gabe erabil ditzakete antikoagulatutako emakume gehienek.

Umetoki barneko gailuak ez daude kontraindikatuta, baina kasu batzuetan odoljarioak eragin ditzakete eta kendu egin behar dira.

Nolanahi ere, paziente bakoitzak eta ginekologoak antisorgailurik egokiena zein den baloratu behar dute.

Haurdun gelditzen direnek, lehen hiruhilekoan eta azken hilabetean ezin izango dute Sintrom®-ekin tratamendua egin, beraz, heparina erabili beharko dute.

Haurdun gelditzeko asmorik baduzu, galdetu zure kontrola eramatearen ardura duen medikuari aldez aurretik.

Falta bat baduzu hilekoan eta haurdun egoteko aukera duzula uste baduzu, proba bat egin behar duzu lehenbailehen. Positiboa bada, eman horren berri ginekologoari eta antikoagulazioaren mediku arduradunari ahalik eta lasterren.

Edoskitzaroan ez da Sintrom® erabiltzearen ondoriozko nahasmendurik antzeman, baina kontsultatu pediatrarekin.

Menopausia baduzu, hormonen bidezko tratamendua, partxeak edo pilulak medikazioarekin bateragarriak dira, behar izatekotan.

Jarduera fisikoa

Ahotik hartzeko tratamendu antikoagulatzailea bateragarria da kirolarekin edo jarduera fisikoarekin, arina baldin bada; betiere, zure osasun-egoera eta bihotzeko egoera egokiak badira.

Ariketa onuragarria da bihotzeko patologia duten pazienteentzat, odol-fluxua errazten duelako, arteria-presioa murrizten duelako eta bihotz-gastua hobetzen duelako.

Ariketarik egokiena intentsitate gutxikoa da, baina iraupen luzekoa.

Garrantzitsua da ariketa fisikoa erregulartasunez egitea; ezinezkoa bada, komeni da hainbat txandatan ibiltzea, gehiegi ez nekatzeko.

Egokiak dira gimnasia, ibilaldi luzeak, ibilaldiak, korrika egitea, aerobika, bizikleta, yoga...

Komeni da kontu handiz ibiltzea kontaktuko kiroletan edo erortzeko arriskua dutenetan, hala nola futbolean, saskibaloian, eskubaloian, tenisean, arraunean, frontoian, eskian, mendiko txirrindularitzan, patinajean, alpinismoan...

Kontraindikatuta daude kontaktuko kirolak: errugbia, karatea, boxeoa, paraxutismoa, eskalada.

Bidaiak

Bidaiatzean hartu beharreko neurriak:

  • Autoz joanez gero, gelditu hankak luzatzeko eta ura edateko, batez ere bero egiten badu.
  • Hegazkinez edo trenez bidaiatuz gero, saihestu gehiegi estutzen duten jantziak eta altxatu hankak luzatzeko. Taupada-markagailua edo balbularen bat badaramazu, jakinarazi segurtasun-langileei. Ez hartu edari alkoholdunik.
  • Oporretan, askotan, jarduera fisiko gehiago egiten da, eta aldaketak daude elikaduran eta kliman; beraz, kontuz ibili behar da klima oso beroekin, antikoagulatzaileen eragina areagotu baitezakete.
  • Ez ahaztu inoiz eguzkitik babesteko krema, eta ez jarri zuzenean eguzkitan luzaroan eta, batez ere, burua estali gabe.
  • Eltxoen aurkako babesa erabili, antikoagulatzaile apur bat duen substantzia bat injektatu baitezakete.
  • Bainuetxera joanez gero, kontuz presio handiko zurrustekin eta masaje biziekin.
  • Saihestu 2.000 metrotik gorako ibilaldiak, eguraldi oso beroa eta eguzkiarekiko zuzeneko esposizioa.
  • Bidaiaz gozatu, baina saiatu etxean zaudenean dituzun ohitura berberak izaten, batez ere dietari, edariak hartzeari eta botikak hartzeko ordutegiari dagokienez.

Maiz egiten diren galderak

Zer egin behar da dosi bat ahazten denean?

Dosia hartu ohi duzun orduan hartzea ahazten bazaizu, egun bereko beste ordu batean har dezakezu, baina ez hartu inoiz egun bateko dosia hurrengo egunekoarekin.

Dosia hartu ez baduzu edo behar baino dosi txikiagoa hartu baduzu, hartu falta zaizun dosi zatia baldin eta ez badira igaro 4 ordu baino gehiago.

Erratu bazara eta dosi handiegia hartu baduzu, konpentsa ezazu hurrengo egunean, dosi txikiagoa hartuta.

Sekuentziaren ordena aldatu baduzu, zuzen ezazu hurrengo egunean. Esate baterako: egun batean dosirik ez hartzea bazegokizun, ez hartu hurrengo egunean.

Ez kezkatu egun batean ahaztu bazaizu, baina halakorik gerta ez dadin saiatu behar zara, medikazioaren eragina murriztu eta arriskuak areagotzen direlako.

Kontrolaren aurreko egunetan ez baduzu dosia hartu edo kopurua aldatu baduzu, litekeena da horrek emaitzan eragina izatea; hori kontuan izan behar duzu eta medikuari jakinarazi beharko diozu kontrolean.

Zer egin behar dut gorakoa edo beherakoa badut?

Azenokumarola digestio-aparatuak xurgatzen du, eta aparatu horrek ez badu behar bezala funtzionatzen, bai idorreriagatik, bai beherakoagatik,bai botaka ari zarelako, baliteke INR balioak aldatzea.

Dabigatran (Sintrom®) hartu eta 45 minutu igaro baino lehen botaka egiten baduzu, berriz hartu beharko duzu dosia; bestela, ez duzu berriro hartu behar, dosia bikoizten arituko baitzinateke.

Beherakoa baduzu, dieta likido astringentea egin beharko duzu, baina antikoagulatzailea hartzeari utzi gabe. Egoera bi egun baino gehiago luzatzen bada, familia-medikuarekin jarri beharko zara harremanetan.

Gaindosi esanguratsuren bat gertatzen bazaizu, berehala jarri beharko zara zure terapiaz arduratzen den medikuarekin edota osasun-zentro batekin harremanetan.

Horregatik guztiagatik, eta zure onerako, egindako okerren berri eman behar diozu medikuari; batez ere, oker horiek kontrolaren aurreko egunetan egin badituzu.

Zer egin behar dut odoletan banago?

Odol-galera anormala eta odoljarioa dira ahotik hartzeko tratamendu antikoagulatzaileen konplikazio ohikoena eta larriena. Antikoagulatzaileen ondorioz, egoera normal batean odoletan zaudenean baino odol gehiago jariatzen da, eta ohikoagoa da odola ateratzea odola jariatzeko joera duten eremuetatik.

  • Sudurreko ezohiko odol-galera edo odoljario etengabea, 15 minutu baino gehiago luzatzen bada.
  • Odoljarioa begiaren zati zurian.
  • Gorozki gorriak edo beltzak (burdin-tratamenduren baten ondorio ez bada).0}
  • Odoljarioa hortzoietan, odola karkaxetan edota odol-galerak hilekoen artean edo hileko ugariak.
  • Hematomak (ubeldurak) eta bat-bateko hantura edo traumatismoa.
  • Gorakoak odolarekin, edo hainbat egunetan.
  • Ezohiko mina sabelean, toraxean, eta abar.
  • Zorabioak; ikusmen bikoitza, zorabioarekin edo ez.
  • Ezohiko buruko mina edota min handia, beste sintoma batzuekin batera: zorabioa, ikusmenaren alterazioa, gorakoak, ahulezia, eta abar.
  • Oinak edo hankak haztea eta min ematea.
  • Odoljario guztietan, zaindu tentsio arteriala.

Noiz joan behar naiz Larrialdietara?

Larrialdietara joan behar duzu honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

  • Bat-batean ikusmena galtzea, buruko min handia edo bat-batekoa hasi ostean.
  • Hitz egiteko zailtasunak.
  • Ikusmen-arazoak (ikusmena erabat edo pixka bat galtzea, ikusmen bikoitza).
  • Ahoa okertzea.
  • Besoetan edo hanketan indarra galtzea edo haietan inurridura sentitzea.
  • Arnasa hartzeko zailtasun handia.
  • Ageriko arrazoirik gabe lurrera erortzea.

Zer egin behar dut kolpea hartzean edo zauria egitean?

Zauria arina bada, lehenik eta behin, zauria edo odoletan ari den tokia konprimatu behar duzu, odolak ateratzeari uzten dion arte. Zauria edo odol-galera handiak badira dela zauriaren tamainagatik dela jariatzen den odolagatik, osasun-zentro batera edo gertueneko Larrialdi Zerbitzura joan behar zara.

Kontuz: konpresioa kentzean, ez kendu sortu berri den koagulua, gerta litekeelako berriro hastea odoletan.

Kolpea arina bada, jarri izotza zapi batean bilduta 20 minutuz, eta zaindu kolpea.

Kolpea handia izan bada, odoletan egon ez arren, konpresioa aplikatu behar duzu, eta medikuarenera jo; batez ere, kolpea buruan bada.

Masajeak har ditzaket?

Terapia alternatiborik ez hartzea komeni da (esaterako, ultrasoinuak eta maiztasun handiko korronteak), beroa eragin baitezakete sakoneran. Oro har, hobe da gainazalean bero ez oso handia sortzen duten elementuak erabiltzea; adibidez, ur beroz betetako poltsa bat edo infragorriak.

Komeni da giltzadurak ez mugitzea, artikulazioko odoljarioa eragin baitezake horrek.

Ezin dira hartu hotz sakoneko masajeak, oraketa-masajeak eta Cyrax motako masajeak (tendinopatiak arintzeko ohiko masaje oso sakonekoa).

Drainatze linfatikoa egin ahal da, gainazaleko igurzketaren bidez bada.

Tatuajea edo piercinga egin dezaket?

Pertsona antikoagulatuei ez zaizkie halakoak komeni.

Akupuntura egin dezaket?

Akupuntura egingo baduzu, hobe da aurretik INRa kontrolatzea.

Azken aldaketako data: