Osakidetzak Umetoki-lepoko Minbizia Goiz Detektatzeko Programan parte hartzera gonbidatu ditu 25 eta 65 urte bitarteko emakumeak, gutunak bidaliz

Argitalpen-data: 

Pandemiagatik hilabete batzuk etenda egon ondoren, Zerbixeko Minbizia Prebenitzeko Baheketa Programa berriro aktibatu da, eta egun hauetan EAEko emakumeak gonbidapen-gutunak jasotzen ari dira. Gutun horretan azaltzen zaie emaginarekin zita eskatzeko deitu behar dutela, programan parte hartu nahi badute.

Osakidetzak 2018ko ekainean abiarazi zuen programa hau, Osasun Sailak bultzatutako 2018-2023ko Euskadiko Onkologia Planaren baitan, eta, gaur egun, EAE guztian aplikatzen da. Abian jarri zenetik, ia 100.000 emakumeri bidali zaie gonbidapena.

Umetoki-lepoko minbizia (ULM) emakumeen arteko laugarren neoplasia ohikoena da. Badakigu prebentzioa dela gure aliaturik onena haren aurka borrokatzeko. Hori dela eta, baheketak eta giza papilomabirusaren (GPB) aurkako txertoak eraginkortasun handia lortzen dute prebentzioan. 2018ko maiatzean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) umetoki-lepoko minbizia desagerrarazteko ekintzaren aldeko deia egin zuen mundu osoan, neskak txertatzeko estrategia bateratu baten, populazio-baheketaren eta tratamendu goiztiarraren bidez.

Euskadiko zerbixeko minbiziaren baheketa-programaren helburua da sintomarik gabeko lesio premalignoak detektatzea, lesio horien diagnostikoak eta tratamenduak minbizi bihurtzea saihesten baitute. Horretarako egiten diren baheketa-probak zitologia eta GPBaren proba dira.

Giza papilomaren birusa (GPB) zerbixeko minbiziaren eta haren lesio aitzindarien eragilea da. Larruazala edo mukosak ukituz transmititzen da, eta sexu bidez kutsatzen da batik bat. Are gehiago, infekzio hau da munduan sexu-transmisiozko infekziorik ohikoena. GPB infekzio gehienak iragankorrak dira, hau da, organismoak infekzioa ezabatzen du. Baina zenbait kasutan, infekzioak iraun egiten du eta zerbixeko minbizia eragin dezake.

Orain arte, gonbidapen-gutuna jaso duten 10 emakumetik 6k parte hartu dute. Espero dugu gero eta emakume gehiagok parte hartzea baheketan, eta herritarrek, oro har, gaixotasunaren ezagutza handiagoa izatea, minbizi hau fase berantiarretan detektatu beharrik ez izateko.

Osakidetza