Tratamendu onkologikoetan oinarrituta Osakidetzak aurrera eraman duen proiektu batek E-nnova Health 2021 saria jaso du, Big Data eta Adimen artifiziala kategorietan

Argitalpen-data: 

Azaroaren 10ean, Madrilen, Diario Médico eta Correo Farmacéutico aldizkariek babestutako E-nnova Health 2021 sariak banatu zituzten. Hala, profesionalen, erakundeen eta enpresen lana aintzatetsi da, haien ekimen digitalek balioa ekarri dutelako, sistemaren jasangarritasunari lagundu diotelako eta pazientearen bizitza hobetu dutelako 2021ean.

Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzaren "Osakidetzako tratamendu onkologikoen osasun-emaitzak ebaluatzeko bizitza errealeko datuen analisia" proiektuak irabazi zuen sari bat Big Data eta Adimen artifiziala kategorietan.

Osakidetza paziente onkologikoei buruzko datuak aztertzen hasi da Big Data eta Adimen artifiziala erabiliz, eta ekimen hau bultzatu du tratamendu antineoplasikoen bizitza errealean eraginkortasun-datuak lortzeko eta lortutako emaitza horiek asistentzia-praktikan eta erabaki-hartze prozesuetan aplikatzeko, maila klinikoan, kudeaketa-mailan edo osasun-politiken mailan. Aztertutako datuak ohiko asistentzia-praktikatik datoz, Real World Data (RWD) deritzonaren barrutik, eta oso iturri baliotsua dira saiakuntza klinikoek emandakoaren osagarri diren eraginkortasuneko eta segurtasuneko ebidentziak (RWE) sortzeko.

Lehenengo fasean, proiektu honen helburua izan da zehaztea zenbateko gaitasuna daukaten datuak aztertzeko Osakidetzako tresnek, tratamendu onkologikoak jasotzen dituzten pazienteen biziraupen orokorra kalkulatzeko orduan. Horretarako, biriketako minbizi ez-mikrozitiko metastasikoa edo lokalki aurreratua diagnostikatu zaien eta 2019ko abendutik gaur egun arte immunoterapiarekin edozein lerrotan tratamendua hasi duten pazienteen azterketa multizentrikoa, deskribatzailea eta atzera begirakoa egin da. Azterketa horri esker, Osakidetzako bizitza errealeko osasun-emaitzen analisi eta kalkulu sistematikoa egiteko prozedura bat egin eta baliozkotu ahal izan da; hasiera batean, paziente onkologikoetan, baina beste patologia eta medikamentu batzuetara estrapola daiteke.

Bigarren fasean, proiektuaren bilakaera gisa, ikaskuntza automatikoko tekniken eta plataformen erabilera aztertzen ari dira, tratamendu desberdinei erantzun hobea emateko eredu iragarleak ezartzeko , eredura sartzeko aldagaien arabera. Patroi horiek erabilgarriak izan daitezke profesionalentzat, historia kliniko informatizatuko tresnen bidez asistentzia-praktikaren informazio osagarri gisa sartzen badira.

gidep app