Hainbat eremutako profesionalek gogoeta egin dute generoak osasunean duen eraginari buruz, ikuspegi kliniko eta zientifiko batetik.
Osakidetzak genero-ikuspegia sartu du ekainean argitaratuko den II. Berdintasun Planean.
Donostiako Kursaal Jauregian Osakidetzaren Generoa eta Osasuna Jardunaldia egin da gaur goizean. Topaketaren helburua da generoak osasunean duen eragina ikuspegi klinikotik eta zientifikotik jorratzea, hainbat eremutako profesionalen partaidetzarekin; hala, kalitatezko arreta lortzeko beharrezkotzat jo dute sexuan eta generoan oinarritutako osasun-politikak ezartzea. Ildo horretan, aipatzekoa da Osakidetzak genero-ikuspegia txertatu duela ekainean argitaratuko den II. Berdintasun Planean.
Jardunaldia Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzak bultzatu du, eta inaugurazio-ekitaldian Osakidetzako zuzendari nagusia izan da, Susana Lopez Altuna. Azpimarratu duenez, "aurrapausoak ematen jarraitu behar dugu faktore biologikoek eta generoak nola elkar eragiten duten ezagutzeko eta ulertzeko, osasuna eta gaixotasuna bideratzeko". Horren harira nabarmendu du gaurkoa bezalako foroak ezinbestekoak direla helburu horretan aurrera egiteko.
Jardunaldia hiru eztabaida-mahaitan antolatu da, eta moderatzaileak, Maite Martínez Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria, Enrique Bárez Arabako ESIko zuzendaria eta Roberto Ciordia, Osakidetzako Laguntza Prozesuetako Unitateetako zerbitzuburua izan dira.
Mahai bakoitzean hainbat komunikazio aurkeztu dituzte generoaren eta osasunaren inguruko gai askori buruz. Generoaren eta osasunaren arloko joera berriei eta etorkizunari buruzko hitzaldiak gailendu dira. Hala, hainbat gai jorratu dira, hala nola adimen artifizialari eta osasunari lotutako sexu- eta genero-joerak, eta AAn eta arreta medikoan sexu- eta genero-alborapenari lotuta dauden erronka sozial, etiko eta teknologikoak.
Praktika Klinikoaren eremuan, askotariko gaiak izan dituzte hizpide, besteak beste sexuak eta generoak osasunean eta arreta kardiobaskularrean duten eragina, arreta ekitatibo eta indibidualizatua sexu- eta genero-ikuspegitik, eta sexuak eta generoak minbizia duten pazienteen ikerketan eta kudeaketan duten garrantzia.
Ikerketaren alorreko mahaian, besteak beste, osasun mentalaren arretako genero-joerak aztertu dira, eta, zehazki, depresioari eta antsietateari buruz mintzatu dira. Sexuak eta generoak gaixotasun infekziosoei heltzean duten eragina aztertzeaz gain, iktusaren eta sexuaren arteko harremanaz ere hausnartu da, azken hamarkadako joerak eta egon diren desberdintasunak analizatuz.
Generoari eta osasunari buruzko jardunaldi hau Osakidetzako profesionalei zuzenduta egon da, alegia ingurune klinikoko profesionalei, fakultatiboei, erizainei, farmazialari biologoei, biokimikariei, fisikariei, kudeatzaileei eta ikerlariei, teknologia berrietako profesionalei edo esparru juridikokoei.
Hizlaria estatuko eta tokiko erreferente garrantzitsuenak dira generoari eta osasunari dagokienez, eta beren ikuspegia partekatu dute azterketa-eremu guztietatik, topaketaren azken zatian egin den mahai-inguruan.
Generoa eta osasuna ikuspegia Osakidetzaren II. Berdintasun Planean
Osakidetzak elementu estrategikotzat jotzen du berdintasunaren printzipioa eta genero-ikuspegia herritarrei zuzendutako jarduketetan uztartzea. Bada, Osakidetzako II. Berdintasun Plana amaitzen ari da, eta ekainean argitaratuko da.
Plan berriaren helburu nagusietako bat da genero-ikuspegia osasun-arretan txertatzea eta faktore sozial, kultural eta biologikoek asistentziaren praktikan duten eraginari heltzea; eta beharrezkotzat du baliabide eta programa sanitarioen efizientzia, estaldura eta ekitatea hobetzeko, emakumeen premia espezifikoak kontuan hartuta.