Miokardioko infartu akutua eta bularreko angina

Zer da?

Bihotzak odola gorputzeko leku guztietara ponpatzeko ardura dauka. Gorputzak, honela, oxigenoa eta beharrezko nutriente guztiak jasoko ditu.

Eskuin eta ezker arteria koronarioek, bestalde, bihotza oxigenoz hornitzen dute, behar bezala funtziona dezan.

Bihotz-giharrari miokardio deitzen zaio: ez dago miokardioa bezain erresistentea eta indartsua den beste giharrik gorputzean.

Arteria koronario osasuntsuak elastikoak eta lauak dira barnealdean.

Norbanakoak urteak bete ahala, ondokoak bezalako substantziak metatzen dira beren barruan: gantzak (kolesterola barne), kaltzioa, etab. Hauek, arteriak pixkanaka estutzen dituzte, aterosklerosi delakoaren garapena ahalbidetuz.

Azken hori gaixotasun kroniko bat da. Bere agerpen eta garapena faktore genetikoen mende dago gehienbat baina baita, noski, norbanakoaren bizi ohituren mende ere: dieta, jarduera fisikoa eta tabakismoa, bereziki.

Bere garapenaren ondorioz, arteriak estutu eta tronboak sortuko dira.

Arteriak erabat buxatuko balira, ez litzateke odolik iritsiko miokardiora eta, horrenbestez, gutxiegitasun koronario deritzon prozesua emango litzateke. Azken honen emaitzak ondokoak izango dira: bularreko angina (buxadura erabatekoa ez bada) edo miokardioko infartua (buxadura erabatekoa denean).

Angina bihotza Angina arteria

Bularreko angina

Bihotzean izandako oxigeno-gabezia iragankor baten ondorioz sorturiko mina da. Min laburra izaten ohi da eta atseden hartuz gero edo mihipeko nitroglizerina-pilula bat hartuz gero desagertu egingo da.

Angina bera, mina alegia, adierazpen-era arruntena bada ere paziente batzuen kasuan, emakumeen artean bereziki, beste sintoma atipiko batzuk agertzen dira: goragaleak, airea falta den sentsazioa, izerditzea, sinkopeak edo masailezur, lepo, beso, sorbalda edo epigastrioko mina.

Bihotzean izandako oxigeno-gabezia iragankor baten ondorioz sorturiko mina da

Jarduera fisikoa egitean edo urduritasun edo antsietate handiko unetan, otordu oparo baten ostean ematen da; batzuetan, aldiz, atseden hartzen den bitartean ere.

Infartua

Angina nekrosiaInfartuaren kasuan, arteria koronarioa erabat buxatua geratzen da denbora-epe dezente luze batez, arteriaren estutzean harrapatutako koagulu baten ondorioz normalean.

Bihotz-giharrak ez du behar adina odol-fluxurik eta oxigenorik jasotzen eta, ondorioz, ezin du behar bezala funtzionatu eta gehien kaltetutako eremua hilik edo egoera nekrotikoan geratzen da.

Miokardioko infartuaren aurretik bularreko anginako jazoerak egon daitezke; halere, ezustean eta bat-batean gerta daiteke ere.

Sendagai fibrinolitikoek arteria koronarioen barruan dagoen koagulua hausteko -eta desagerrarazteko ere- gaitasuna daukate, bihotzaren ehuna salbatzen lagunduz.

Arteriaren buxadurarekin bukatzeko beste era bat da kateter bat sartzea arteria koronarioan (angioplastia).

Horrexegatik, infartu batekin lotu genitzakeen intentsitate, kokapen eta iraupeneko min bat agertuko balitz bularrean, pertsona hori ahal bezain pronto artatu beharko da, osasun-zentro batean, bere sendatzea ahalbidetzeko.

ALERTA-SEINALEAK:

Bularraldeko mina, zorabioak, aire falta… Anginaren edo infartuaren mina bularreko barnealdean eta erdialdean kokatzen ohi da eta barruko min edo sumindura bati loturiko opresio gisa agertzen da askotan. Bizkar, lepo, masailezur, sorbalda eta/edo bi besoetara zabal daiteke ere.

Bularreko minaBeste alerta-seinale batzuk: izerditze hotza, ondoez orokorra, goragaleak eta gorakoak, airea falta den sentsazioa, zorabioak eta konortea galtzea ere. Zenbaitetan, min hori beste gaitz batzuekin nahasteko aukera dago ere: haginetako min (masailezurrean sumatzen da), artrosi (besoan eta ezker sorbaldan agertzen bada hasieran) zein digestio-arazoekin (beherago kokatzen bada, sabel inguruan, zilborretik gora).

Diabetesa duten pazienteen kasuan, eta emakumeen artean, mina ez da bularrean agertuko. Baina beste sintoma guztiak agertuko dira, ordea, bihotzak funtzionatzeko arazo larriak dituela ohartaraziz. Garrantzitsuena da norbere burua ez diagnostikatzea eta Lehen Mailako Arreta Zentrora bertaratzea beti. Berez desagertzen ez den bularraldeko min baten aurrean bageunde, zenbait neurri hartu beharko genituzke.


Doktoreak ikonoa

Egileak

Nekane Murga Eizagaechevarria. Kardiologoa. Bilbao-Basurtoko ESIa

Miren Morrillas. Kardiologoa. Bilbao-Basurtoko ESIa

Gomendioak

Bularreko anginari buruzko kontsultaOspitaleratua zauden bitartean edo infartua pairatu ondoren zure mediku edo erizainarekin duzun lehen kontsultan, behar adina galdera egin iezaiezu profesionalei. Dauzkazun zalantzen zerrenda egin ezazu; ondokoen antzeko zalantzak, adibidez:

  • Komeni zaizkizun aldaketak zure bizi-ohituretan.
  • Beharrezko sendagaiak eta aipatuak nola hartu.
  • Zer egin bihotzeko krisi berrien aurrean.
  • Zure gaixotasunaren errebisioak; eta hurrengo kontsulta noiz egin beharko duzun.
  • Noiz itzul zaitezkeen lanera.

Bihotzeko arterien gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonentzako gomendio orokorrak ondokoak dira:

Gomendioak

  • Etxean, dieta anitza jan ezazu, gatz gutxi botaz (presio arteriala altua baduzu bereziki), arrain urdin, fruta, barazki eta egoskari asko hartuz.
  • Kolesterol eta gantz asko dituzten produktuak saihets itzazu (gantz “aseak” eta “trans” motakoak bereziki txarrak dira osasunerako; palma- eta koko-olioak ere nahiko kaskarrak dira). Erosiko dituzun produktuen etiketak ikus itzazu.
  • Zigarroak erretzeari erabat uzteak duen berebiziko garrantzia gogoan izan ezazu. Infartu bat pairatu dutenen erdiak zigarroak erretzen ditu berriz ere urtebete igaro baino lehen. Erretzeari utziz gero bihotzeko arteriak ez dira berriz buxatuko. Laguntza eska ezazu zure osasun-zentroan.
  • Ibiltzeari eta jarduera fisikoa egiteari ekin iezaiozu pixkanaka, ospitaleko alta jaso eta gero, ospitalean zauden bitartean zure egoerara egokitutako arau bereziak jaso ezean. Ez geldirik egon, ez ohean ezta sofan ere. Bete beharreko distantzia pixkanaka handi ezazu, astero-astero.

Bizitza osasungarria

Ariketa fisikoak

  • Luzatzen eta arin mantentzen laguntzen duten ariketak etxean egin ditzakezu; eguraldi hotzegia izanagatik etxetik atera ezinik zauden egun horietan bereziki. Ez altxatu pisu astunik (hasieran, 3 Kg altxatuko dira gehienez). Hitz egiten galarazten edo arnasestua sortarazten dizuten ariketak saihets itzazu. Jarduera fisikoaren ondorioz mina sentituz gero bularrean, geldi zaitez eta min hori sortarazten dizuten ariketak saihets itzazu. Egoera aipa ezazu osasun-zentrora egindako hurrengo bisitan.

Atsedena

  • Infartua pairatu eta hamabost egunen buruan, ospitaleratuak izan aurretik zeukaten sexu jarduerari berrekiteko aukera dute paziente gehienek. Eskailerak erabiliz eta bularreko minik edo nekerik sentitu gabe bi solairu igotzeko kapaz izanez gero, sexu-harremanak arazorik gabe izateko gai izango zara ere. Zutitzearen disfuntziorako medikazioa behar izanez gero, gogoan izan ezingo duzula kafinitrina edo solinitrina daramaten produktuak (partxeak) erabili farmako horiek (Viagra, Levitra edo Cialis) hartu baino bi egun lehenago eta bi egun igarotzen diren arte. Medikazio horiek erabili eta ospitalera bertaratuz gero, aipatuak hartu dituzula adierazi beharko duzu.

Sendagaia hartzea

  • Lanera bueltatu ahal izateko, 4-6 aste bitartean itxaron beharko da: infartuaren larritasunaren eta zure lanpostuaren arabera hartuko da erabakia. Zure medikuarekin aztertu beharko duzun alderdi bat da hau.
  • Zure odola odoletan hasteko erraztasun handiagoarekin utziko duten sendagaiak hartuko dituzu ziurrenik. Koagulazioaren aurkako edo odola ez gatzatzeko sendagaiak dira. Berebiziko garrantzia dauka medikazio hori infartua edo anginaren osteko hilabeteotan ez eteteak, eta gehienbat angioplastia bat egin edo arteria koronarioetan Stent bat jarri bazaizu.
  • Dentistarenera edo osasun-arloko beste edozein profesional baten kontsultara bertaratuz gero infartua pairatu eta ondorengo hiletan, hartzen dituzun sendagai guztiak adierazi beharko dizkiozu.
  • Dentistaren kontsultan egiten diren prozedurak (enpasteak, garbiketak) odola ez gatzatzeko sendagaiekin bateragarriak dira normalean, odoljarioa izateko arriskua oso txikia baita. Haginak ateratzeko prozeduren kasuan, komenigarria litzateke medikazioa aldatzeko aukera edo prozedura medikazioa eteteko gai zaren arte atzeratzeko aukera dentistarekin aztertzea.

Odola ez gatzatzeko tratamenduek (koaguluak sortzeko aukera gutxiagorekin uzten dutenez odola) odoljario larriak eragin ditzakete ebakuntzak, kirurgia edo biopsia-hartzeak egingo badira aipatu tratamendua aintzat hartu gabe. Horrenbestez, zure medikuarekin batera zehaztuko da odola ez gatzatzeko edo koaguluen aurkako sendagaiak eteteko data egokia, bai eta jarraitu beharreko prozedura ere kirurgia-ebakuntzaren bat behar izanez gero.

  • Odola ez gatzatzeko sendagaiak hartzen dituzten pertsona guztiek ez dute zertan urdaila babesteko sendagairik hartu beharrik; iraganean ultzera izan baduzu edo bihotzerrearekin hasiz gero, ordea, medikuarekin kontsultatu beharko duzu.
  • Premiazko kirurgia behar izanez gero (eroriko bat izan eta aldakako ebakuntza beharrezkoa duzu), hartzen dituzun sendagai guztiak adieraz iezazkiozu kirurgia-taldeari, beharrezko neurriak har ditzan. Ez larritu, aipatu taldea zure egoeraren jakitun badago beharrezko neurriak hartuko ditu odoljarioa saihesteko, anestesia eman eta ebakuntza ondoren beharko dituzun arreta guztiak emango dizkizu.
  • Infartua edo bularreko angina gogorarazten dizun sintomaren bat sentituz gero, atseden hartzen duzun bitartean, har ezazu mihipeko pilula edo espraia (solinitrina edo kafinitrina edo vernies). Atseden hartzen duzun bitartean mina sentituz gero bularrean, eta mihipeko pilularekin desagertzen ez bada gehienbat, dei ezazu 112ra.
  • Infartua gogorarazi dizun hori esfortzu bat egin bitartean (aldapan gora zoazela) sentituz gero, mina sortarazi dizun faktorea saihets ezazu eta zure medikuarekin kontsulta ezazu.
  • Bularreko opresio edo ezinegon hori esfortzu txikiak egiterakoan agertuz gero edo esfortzu horiek geroz eta txikiagoak badira, ez itxaron eta Larrialdi zerbitzuetara joan zaitez.
  • Nahiz eta infartuarekin lotu ez, ondoezik bazaude esfortzuak egiterakoan, ezezagun zaizun sintomaren bat sentituz -giharreko mina edo nekea, esaterako-, sendagaien albo-ondorioak izan daitezke. Ez areagotu jarduera fisiko horren intentsitatea eta osasun-zentrora joan zaitez kontsulta egitera.

Mihipeko kafinitrina / nitroglizerina erabiltzea

Arteria koronarioak jatorri dituen bihotzeko gaixotasunaren bat (infartu, bularreko angina, Stent bat jartzea, angioplastia, etab.) duten edo izan duten pazienteei, beren gainean Nitroglizerina pilulak edo espraia eramatea gomendatzen zaie (Kafinitrina edo Vernier deitzen zaio ere).

Bular, bizkar edo besoetan mina sentituz gero edo iraganean izandako infartu edo angina gogorarazten dion sintomaren bat sentituz gero, erabili ahal izango du.

Mihipeko nitroglizerina ez da aproposa bihotzeko gaixotasun guztiak tratatzeko. Ondorioz, osasun arloko profesional bati galdetu beharko diozu zure kasuan baliagarria den ala ez.

Mihipeko kafinitrina erabiltzeko gomendioa jaso eta bularreko mina sentituz gero:

  • Atseden hartzen duzu bitartean (jarduera fisikorik egin gabe, ohean, sofan edo mugimendu txikiak eginaz) agertu bada mina, pilula bat edo bi esprai-ukitu jar itzazu mihiaren azpian. Atseden hartzen duzun bitartean bularreko mina edo sintomak sentitzen duzun lehen aldia bada bihotzeko gaixotasuna pairatu ondoren, dei ezazu 112 telefonora zure egoera azter dezaten. Atseden hartzen den bitartean ageri eta 10 minututik gora luzatu den edo mihipeko pilula edo espraia hartu ostean mantendu den bularreko min batean kasuan, ez hartu autorik, ez joan ohera edo ez zaitez bakarrik gelditu, angina edo infartu baten itxura guztia baitauka. Arriskutsua izan daiteke okerrera egin eta abisurik emateko gai ez bazara.
  • Hamar minutu igarota edo pilula edo espraia hartu ostean mantentzen bada, beste dosi bat har dezakezu (mihipeko pilula edo espraia), hiru dosi hartu arte, baina larrialdi zerbitzuetara (112) deitu beharko litzateke.
  • Gogoan izan nitroglizerina/kafinitrina etzan edo eserita zaudela hartu beharra dagoela eta ezingo zarela altxatu edo zutik jarri 20 minutu igaro arte. Mihipeko sendagaia hartu eta gero altxatu edo zutik jartzerakoan, arreta handiz egin beharko da (zorabia zaitezke; erori ere egin diren pertsonak badaude).

Sendagaiak jaso

Nitroglizerina/kafinitrinak tentsio arteriala behera dezake. Ondorioz, tentu handiz ibili aipatua hartu ondoren eginiko jardueretan. Ez gehiegi fidatu kafinitrina hartzen duzun lehen aldia ez bada; zenbaitetan zorabioa sortaraz dezake eta beste batzuetan, ordea, ez. Gogoan izan arriskurik ez dakarrela, denbora laburra iraungo duen zorabio bat dela, baina erorikoa izanez gero kolpe bat hartzeko aukera dagoela (ez erabili, inola ere, gidatzen duzun bitartean, eskaileretan gora zoazela edo arriskua dakarten jarduerak egiten dituzun bitartean).

Kafinitrina hartu ostean zorabioa izan eta konortea ere galdu duten pertsonen kasuan, gertaera hori oso laburra da, minutu gutxi batzuk, eta normaltasunez arnasa hartuko duzu. Bularrean min duen pertsona horrek arnasa hartzeari uzten badio, litekeena da bihotzeko gelditze bat izatea.

Gogoan izan nitroglizerina/kafinitrina etzan edo eserita zaudela hartu beharra dagoela eta ezingo zarela altxatu edo zutik jarri 20 minutu igaro arte

Ondoezik egon eta nitroglizerina/kafinitrina hartu behar baduzu, ingurukoak jakinaren gainean jartzea da aproposena (ez sartu gelaren batean senitartekoei abisatu gabe).

Nitroglizerina/kafinitrinak buruko mina eragin dezake, hartu ondoren, paziente batzuen kasuan. Kafinitrina erabiltzearen ondoriozko buruko mina iragankorra da (ordubete inguru irauten du) eta ez dakar inolako arriskurik.

Sendagaiak kontrolatu

Bihotzeko arterietan betiereko gaixotasun bat izango duten pertsonak daude, ezin izan delako bihotzean pairatutako lesioak erabat konpondu. Arteria koronarioen estutze horiek bularreko min edo anginako sintomak sor ditzakete noizean behin. Bularreko angina kronikoa duten pazienteek erregularki (astean behin, esaterako) eta egoera zehatz batzuetan (ibiltzen hasterakoan, hotz dagoenean, estresarekin, etab.) sentituko dute bularreko mina. Sintomak sortzen dituzten bihotzeko lesio horiek badituzu, zure mediku edo kardiologoa egoera horren jakitun badago eta kafinitrina erabiltzea, jarduera uztea eta/edo ondoren lasai egotea gomendatu badizu, lasaitasun osoz egon zaitezke mina desagertzen bada. Pairatzen duzun mina beste batzuetan sentitu duzun horren antzekoa bada, lasai asko gera zaitez etxean edo arretaz ibili zaitez zure jarduerak gauzatzerakoan, beti ere zure medikuaren gomendioa hori izan bada. Gertaturikoa azal iezaiozu hurrengo kontsultan.

Gogoan izan: bularreko mina sentituz gero, mihipeko nitroglizerina erabil dezakezu baina:

  • Ondoezik zaudela jakinarazi iezaiezu zure ingurukoei.
  • 20 minutu itxaron, gutxienez, altxatu aurretik.

Nitroglizerina/kafinitrina erabiltzerakoan egon daitekeen interakzio edo arrisku bakarra zutitzearen disfuntziorako gizonek hartzen dituzten sendagaiak dira (Viagra, Cialis edo Levitra bezalako sexu-harremanak mantentzeko pilulak).

Nitroglizerina/kafinitrina hartu baduzu, ezingo duzu zutitzearen disfuntziorako sendagairik hartu hurrengo bi egunetan. Halaber, aurreko bi egunetan zutitzearen disfuntziorako sendagairen bat hartu baduzu, ezingo duzu mihipeko nitroglizerina/kafinitrinarik hartu. Zure medikuak, bai eta bularreko min baten edo beste sintomatologiaren baten harira premiaz artatu dizuten medikuek ere, egoera hori jakin beharko dute.

Larrialdi zerbitzuetara bertaratuz gero, hartutako kafinitrinak adieraz iezaiezu artatua izaten zarenean. Medikuarenera joanez gero errebisio baterako, oso garrantzitsua da azken bisitaren ondoren kafinitrina hartu duzula onartzea. Zure gaixotasunaren inguruko errebisio edo kontroletara bertaratzerakoan, kafinitrina zenbaitetan hartu duzun esan beharko diezu. Aipatu datua oso garrantzitsua da zure egoeraren jarraipenerako.

Azken aldaketako data: