Asma
- Zer da asma?
- Nola diagnostikatzen da asma?
- Zer da alergia eta nola diagnostikatzen da?
- Tratamendua
- Nola sailkatzen da asma?
- Ingurumen-kontrola
- Asma alergiaren ondorio
- Maiz egiten diren galderak
- Esteka interesgarriak
Zer da asma?
Asma arnasbideetako gaixotasun kronikoa da, bronkioak estutu (inflamazioa) eta narritatu egiten dira (gehiegizko erantzuna) hainbat arrazoirengatik, eta nahiko azkar ager eta desager daiteke. Bronkioak aireko oxigenoa gure biriketara eramaten duten hodiak dira. Asma duten pertsonen bronkioak oso narritakorrak dira, eta estutu edo buxatu egiten dira bat-batean hainbat egoeraren eraginpean daudenean edo partikula narritagarriak arnasten dituztenean. “Zergatik agertzen da?” atalean zehazten dira asma-abiarazleak, eta “Nola diagnostikatzen da?” atalean azaltzen dira asmaren sintomak.
Asma funtsean bronkioetako gaixotasun inflamatoriotzat hartzen da, eta inflamazio horrek luze irauten badu, gaixotasuna kroniko bihurtzen da. Nahiz eta bilakaera kronikoa duen, zaila baita erabat desagertzea edo sendatzea, asma duten pertsona gehienek, zorionez, asma arina dute.
Oraindik erabat argitu ez diren arrazoiengatik, asmaren maiztasunak gora egin du azken 20-30 urteotan. Espekulatzen da igoera horrek zerikusia izan dezakeela herrialde industrializatuetako haurren immunitate sistema heltzeko prozesuaren nahasmendu batekin (hipotesi higienista), hain zuzen ere, bakteriekiko eta infekzioekiko esposizioak urriak direlako herrialde horietako osasun-sistemen zainketa bikainen ondorioz. Haur horien immunitate-sistemak, beraz, badirudi ez direla behar bezala heltzen, eta horrek, dirudienez, alergiekin zerikusia duten gaixotasunak eta asma agertzen laguntzen du.
Gaixotasuna ohikoagoa da emakumeetan (gizonezko bakoitzeko bi emakumek izaten dute), nahiz eta haurtzaroan nesketan baino ohikoagoa den mutiletan.
Gaixotasuna ohikoagoa da emakumeetan. Proportzioa honako hau da: bi emakume gizon bakoitzeko. Baina, haurtzaroan, ohikoagoa da mutiletan nesketan baino.
Nola diagnostikatzen da asma?
Garrantzizkoa da asmaren sintomak antzematen jakitea eta, era horretara, medikuarekin kontsultatu ahal izatea, diagnostikoa erraztu ahal izateko.
Zein dira sintomarik ohikoenak?
Honakoak dira asmaren sintoma nagusiak:
- Itolarria edo arnasa hartzeko zailtasuna (disnea ere deitzen da).
- Etengabeko eztula, eta normalean lehorra.
- Txistu hotsak bularrean (sibilantziak), airea inflamazioak eraginda estututa dauden bronkioetatik ateratzean.
- Bularreko opresio edo min sentsazioa.
Sintoma horiek aldatu egin daitezke pertsona batzuetatik besteetara, eta denboran zehar ere aldatzen joan daitezke. Sintomak ohikoagoak dira esfortzua egiten denean, gauetan, katarroekin edo urte-sasoi jakin batzuetan. Sintoma horietako bakar bat ere ez da asmaren sintoma espezifikoa, eta biriken funtzioaren probak egin behar dira, beraz, diagnostiko zuzena izateko.
Sintoma horietako bat ere ez da asmaren sintoma berezia; beraz, biriken funtzioa neurtzeko probak sartu beharko dira, diagnostiko zuzena eskuratzeko.
Haurren asmak baditu helduen asmatik bereizten duten ezaugarri batzuk, nahiz eta sintomak baliokideak diren. Ezberdintasun horiek nabarmenagoak dira bularreko eta eskolaurreko haurretan, eta eragina dute diagnostikoan, bilakaeran eta tratamenduan. Esate baterako, haur batek etengabeko eztula badu, batez ere gauez, negar egiten duenean edo ariketa egiten duenean, asma duela susma dezakegu.
Funtsezkoa da gurasoek eta zaintzaileek zehaztasunez azaltzea medikuari bai sintomak bai abiarazleak izan daitezkeenak, eztul eta hots fase horiek asma direla diagnostikatu ahal izateko. Deskribapen hori bereziki haur txikien kasuan da beharrezkoa; izan ere, haur koxkorretan, nerabeetan edo helduetan baino zailagoa da biriken funtzioa ebaluatzea.
Nola neurtzen da biriken funtzioa?
Asmaren sintomak asko alda daitezkeenez pertsona batzuetatik besteetara, diagnostiko zuzena egin ahal izateko funtsezkoa da bronkioen buxadura itzulgarria egiaztatzea biriken funtzioa ebaluatzen duten probak eginez.
Espirometria
Proba horietako garrantzitsuena, zalantzarik gabe, espirometria da. Proba sinplea eta fidagarria da, eta biriken funtzioari buruzko berehalako informazioa ematen du. Proba honetan ahalik eta azkarren egin behar da putz gailu elektroniko bati (espirometroa) lotuta dagoen hodi batetik, harik eta birikak hustu arte aurretik ahalik eta aire gehien hartu ondoren. Proba honek birika-edukiera (edukiera bital behartua [FVC]) eta lehenengo segundoan botatako aire-bolumena (lehen segundoko arnasa botatzeko bolumen maximoa edo [FEV1]) neurtzen ditu, funtsezkoak direnak asmaren egoera ebaluatzeko. Pertsonek bronkioak inflamatuta dituztenean, espirometriak hautematen du bronkioak inflamatuta ez daudenean baino denbora gehiago behar duela aireak kanpora irteteko.
Bronkodilatazioa
Bronkioen buxadura itzulgarria aztertzeko bronkodilatazio-proba egiten da, hau da, bronkioak zabaltzeko erreskateko medikamentu bat (efektu azkarreko bronkodilatatzailea) erabili eta handik minutu batzuetara berriz egiten da espirometria eta, ondoren, bi esplorazioak alderatzen dira. Probak positibo eman duela esango da baldin eta bronkioak nabarmen zabaldu badira, eta horrek, aldi berean, asmaren diagnostikoa berresten du eta buxadura-maila neurtzea ahalbidetzen du.
Arnasa botatzeko fluxu gorenaren neurgailua
Bada pazienteak bere biriken funtzioaren jarraipena etxean bertan egin ahal izateko beste gailu bat ere, arnasa botatzeko fluxu gorenaren neurgailua deitzen da (FEM edo peak flow meter [PEF]), eta autokontroleko bere plana osatzen du. Gailu eramangarria, arina eta merkea da. Erabiltzen erraza da eta “asmaren monitore” moduko bat da. Gailuaren bidez egin daitekeen grafiko batean hiru eremu ezartzen dira semaforoaren koloreekin (berdea = normaltasuna; horia = alerta; eta gorria = arriskua), pertsona bakoitzaren adinari, garaierari eta sexuari dagokion birika-funtzioaren arabera. Era horretara, pazienteak berak jakin dezake objektiboki zein den bere biriken funtzioa edozein unetan. Neurketak autoerregistro-orrietan jasotzen dira, sintomekin eta hartutako medikazioarekin batera, eta informazio horrekin autokontrola ahalbidetzen da eta osasun-arloko profesionalek pazienteei jarraipena egitea errazten da. Duela gutxi mugikorretarako garatu diren aplikazio espezifikoek (App) automatikoki egiten dituzte autoerregistro horiek.
bronkioen gehiegizko erantzuna
Espirometria normala eginda asma dagoela susmatzen bada, bronkioen gehiegizko erantzunaren probak egin daitezke, bronkioak buxatzen dituzten gaiak (metakolina, adenosina, manitol, eta abar) modu kontrolatuan inhalatzearen bidez.
FENO
Jariatutako oxido nitrikoaren frakzioa (FENO) ere erabiltzen da, eta bronkioen inflamazioari eta hainbat tratamendurekiko erantzunari buruzko informazioa ematen du. Hala ere, FENO balio normal batek ez du esan nahi asmarik ez dagoenik.
Nola neurtzen da biriken funtzioa haurretan?
Biriken funtzioa neurtzeko helduentzat deskribatutako probek ñabardura ezberdinak izan ditzakete haurretan. Gehien erabiltzen dena bronkodilatazio-probadun espirometria da, eta 5 edo 6 urtetik gorako haurretan egin daiteke. Zenbaitetan bronkioen gehiegizko erantzunaren probak ere egiten dira metakolinarekin edo ariketa fisikoarekin, bai eta FENO neurketa ere, eta bost urtetik gorako haurretan egin daiteke. Bularreko eta eskolaurreko haurretan zaila da biriken funtzioa neurtzea, eta miaketa-teknika konplexuagoak behar izaten dira.
Zer da alergia eta nola diagnostikatzen da?
Asma eta alergia kontzeptu ezberdinak dira, eta nahasgarriak dira zenbait pertsonarentzat. Nahiz eta alergiak garrantzizko eginkizuna betetzen duen haur koxkorretan eta helduetan asma eragitean, badira alergiarik izan gabe asma duten pertsonak, batez ere 5 urtetik beherako haurrak eta adineko pertsonak.
Beste pertsona batzuei kalterik egiten ez dien alergeno izeneko gai baten aurrean organismoak agertzen duen gehiegizko erantzuna da alergia. Erreakzioa gertatzeko organismoak aurretik sentsibilizatuta egon behar du, hau da, alergenoaren aurrean erreakzionatzeko gai izan behar du E immunoglobulina (IgE) antigorputzak sortu dituelako. Asko dira asma eragin dezaketen alergenoak, ohikoenak hautsaren akaroak, polenak, onddo-esporak eta animalia-ileak dira.
Alergiaren diagnostikoa egiteko historia kliniko osoa egin behar da, eta sintomak jasotzeaz gainera hainbat galdera egin behar dira abiarazleak zein izan daitezkeen jakiteko, esate baterako, alergenoekiko esposizioa, urte-sasoiarekiko erlazioa, arnasbideetako infekzioak, kea bezalako narritagarriak, ariketa fisikoa, medikamentu batzuk, eta abar. Bestalde, garrantzizkoa da pazientearen eta bere familiartekoen gaixotasun alergikoen (atopikoen) aurrekariak jakitea ere.
Pazientean gaixotasunaren larritasun-maila eta kontrol-maila zein diren ere jakin behar da, ondoren miaketa eta proba diagnostikoak egin ahal izateko. Ohikoenak berehalako irakurketa ematen duten azaleko probak dira (pricktest). Proba horietan aztertu nahi diren alergenoen tanta txikiak jartzen dira besaurreko larruazalean eta, lantzeta txiki batekin “ziztatu” egiten da larruazala ia batere minik eman gabe. Minutu gutxi batzuetara erreakzioa hautematen da larruazalean. Pertsonak alergenoarekiko sentsibilitatea badu, ubelune txiki bat agertzen da ziztada egindako lekuan. Zenbaitetan, miaketa osatzeko, IgE antigorputzak (alergia eragiten duten immunoglobulinak) eskatu behar izaten dira odol-analisien bidez. Proba horien emaitza positiboek ez dute beti adierazten pertsona horrek probatutako alergenoei alergia dienik, baina diagnostikorako informazioa ematen dute.
Alergia organismoak substantzia baten aurrean ematen duen gehiegizko erantzuna da; substantzia horri alergeno esaten zaio, eta beste pertsona batzuentzat ez da kaltegarria.
Asmaren tratamendua
Zer jakin behar dute asma duten pertsonek?
Nola tratatzen da asma krisien artean?
Medikamentuak hartu behar al dira krisirik izan gabe?
Asma gaixotasun kronikoa da, eta asma duen paziente batek tratamendu farmakologikoa jarraitu behar du, beraz, hipertentsio arteriala duen paziente batek bezala, eta sintomarik izan gabe ere berebiziko garrantzia du asma-atake bat izateko arriskua gutxitzeko medikuak agindutako medikazioa hartzeak. Asmaren sintomak kontuan hartuta, medikamentu gehiago edo gutxiago beharko dira tratatzeko, eta une batzuetan gaixotasuna desagertu ere egin daiteke medikamentuak hartu beharrik ez izateraino, beti ere medikuarekin adostuta eta autokontrolerako planari jarraituz.
Asmaren sintomak antzematea eta medikazioa nola erabili jakitea funtsezkoa da asmak onera egin dezan, pazienteak egin nahi dituen jarduerak egin ahal izan ditzan eta bizi-kalitate ona izan dezan.
Asma gaixotasun kronikoa da, eta tratamendu farmakologiko lotua du.
Zertarako dira medikuak agindutako medikamentuak?
Tratamendu farmakologikoa garrantzitsua da asma kontrolatzeko eta okerrera egiteari aurrea hartzeko, pazienteak osasun-zentrora edo ospitaleko larrialdietako zerbitzura joan beharrik izan ez dezan. Bestalde, tratamendu farmakologiko hori garrantzitsua da arnasbideen buxadura kronikoari aurrea hartzeko eta heriotza-tasa jaisteko ere.
Mailak asmaren tratamenduan
Asmatikoek tratamendu berberak jarraitzen al dituzte?
Asmaren tratamendua mailakatua da. Paziente bakoitzarentzat egokiena dela uste den mailatik hasi behar da. Helburua da gaixotasuna azkar kontrolatzea eta bere horretan mantentzea, eta ez dela nahikoa ikusten bada, maila bat igotzea eta gutxieneko medikazioarekin kontrola egokia bada, maila bat jaistea. Garrantzizkoa da maila igo aurretik medikuarekin, erizainarekin edo farmazialariarekin aztertzea inhalagailua ondo erabiltzen den eta zenbat denboraz behin erabiltzen den; izan ere, gerta liteke inhalazio-teknika hobetuta edo medikuak gomendatutako dosia erabilita, gaixotasunak onera egitea beste medikaziorik gehitu beharrik izan gabe.
Behin sintomak desagertzea lortu ondoren, eta maila jaitsi ahal izateko, sintomak egonkortuta mantendu behar dira hiru hilabetean gutxienez. Tratamendua jaisten denean medikuak aldian behin baloratu behar du (esate baterako, hiru hilabetez behin) gaixotasunaren kontrola.
Asmaren tratamendua mailaz mailakoa da. Paziente bakoitzarentzako egokientzat jotzen den mailan hasi behar da.
Asmaren sintomatologiaren arabera, gaixotasuna behar bezala kontrolatu gabe badago, hau da, hainbat sintoma badaude, hala nola, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna egunez, gauez edo esfortzu bat egin ondoren, erreskateko medikazioa erabiltzen bada astean bitan baino gehiagotan, ezin bada bizimodu normala egin (lanera joan, eskolara joan, ariketa fisikoa egin, eta abar) edo gaixotasunaren tratamenduarekiko espektatibak ez direla betetzen pentsatzen bada, gaixotasuna kontrolatzeko beharrezkoak diren maila terapeutikoak igo egin behar dira.
Erreskateko medikazioa edo medikazio aringarria
Sintomen larritasuna eta erabili beharreko medikazioa erlazionatzen dituzte maila terapeutikoek. Tratamendua erreskateko medikazioarekin edo medikazio aringarriekin hasten da, hau da, iraupen laburreko agonista b2 (SABA) inhalatuekin (esate baterako, salbutamol). Medikamentu horiek arnasbideetako muskulatura leuna erlaxatzen dute arnasa hartu ahal izateko, eta bularreko presio-sentsazioa eta eztula gutxitzen dituzte. Efektu azkarreko medikamentuak dira, eta asma-atakea gelditzeko erabiltzen dira. Medikazio aringarria astean bitan baino gehiagotan erabiltzen bada, horrek esan nahi du asma ez dagoela behar bezala kontrolatuta eta medikuarengana jo behar dela tratamendua pazientearen egoera berrira egokitzeko. Ohikoa da pazientea bere medikuarekin, erizainarekin edo farmazialariarekin elkartzen denean eta gaixotasunaz hitz egiten denean pazienteak medikazio aringarria zer maiztasunekin erabiltzen duen galdetzea, benetan eraginkorra den jakiteko modua baita.
Kontroleko edo mantenimenduko medikamentuak
Medikazio aringarria nahikoa ez bada, denboraldi luzetan egunero hartu behar diren kontroleko edo mantenimenduko medikamentuak erabiltzen dira. Medikamentu horiek asma-atakeen prebentziorako dira, eta honakoak dira: glukokortikoide inhalatuak (esate baterako: budesonida, flutikasona, beklometasona, ziklesonida, mometasona eta abar), medikamentu hauek arnasbideen inflamazioa jaisten dute, asmaren sintomak gutxitzen dituzte eta bizi-kalitatea eta biriken funtzioa hobetzen dituzte; iraupen luzeko agonista b2 inhalatuak (LABA) (esate baterako, formoterol, salmeterol, bilanterol eta abar), medikamentu hauek arnasbideetako muskulatura leuna erlaxatzen dute eta dosi baten ondoren 12 orduko efektua izaten dute; leukotrieno-hartzaileen blokeatzaileak (ARLT), esate baterako, montelukast, medikamentu hauek leukotrienoen (arnasbideetako muskulatura uzkurtzen laguntzen duten eta inflamazioa areagotzen duten substantziak) efektua gutxitzen dute; tiotropio inhalatua, farmako bronkodilatadorea; teofilina, farmako bronkodilatadorea eta antiinflamatorioa; IgE aurkako antigorputz monoklonalak (omalizumab), bitartekari inflamatorioak eta bronkio-uzkurtzaileak liberatzea murrizten dute; eta ahotik hartzeko glukokortikoideak (esate baterako, prednisona edo prednisolona), medikamentu hauek asma larria denean eta ahalik eta denborarik laburrenean hartzen dira.
Inhalagailuak eta nebulizagailuak
Inhalagailuak
Asmaren tratamendua batez ere inhalagailuen bidez egiten da, gailu horien bidez behar den lekura, arnasbideetara, iristen baita medikamentua. Medikamentua inhalagailuekin aplikatzen denean, eragina lokalizatuagoa da, dosi txikiagoa behar izaten da eta eragina ahotik hartuta baino azkarragoa izaten da. Horrez gainera, kontrako eraginak ez dira ahoko tratamenduetan bezain ohikoak. Inhalagailuak beste edozein medikamentu bezalakoak dira, ez du zertan lotsarik eman horiek erabiltzeak. Inhalagailu-mota ezberdinak daude: hauts lehorrekoak, kartutxo presurizatuko inhalagailuak eta nebulizagailuak, eta horietako bakoitzaren barruan gailu ezberdinak daude. Pazienteak gehien gustatzen zaiona aukeratu behar du bere medikuaren laguntzaz, inhalagailua ahalik eta ongien erabiltzea lortzeko, jarri zaion tratamenduari jarraituz. Ahalik eta eraginik handiena lortzeko, garrantzizkoa da ongi eta jarraitutasunez egitea. Ez zaio inhalagailua erabiltzeari utzi behar medikuak esan gabe, nahiz eta sintomarik izan ez; izan ere, inhalagailuek prebentziozko eragina izan dezakete arnasbideen inflamazioa jaisten dutenez, eta aurrerago krisi bat izatea ere eragozten dute.
Erabiltzeko teknikak
Interesgarria da gailuak erabiltzeko teknika osasunaren arloko profesional batekin, medikuarekin, erizainarekin edo farmazialariarekin, hilabete eta erdiz behin errepasatzea, denbora horretan ahantzi ohi baita gailua erabiltzeko urratsetakoren bat. Osasunaren arloko profesionalek errepasatzen ez badute, egiteko eskatu behar zaie. Era horretara, inhalagailuen eragina behar bezalakoa izango da, sintomek onera egingo dute eta kontrako erreakzioak agertzeko aukera murriztuko da.
Nebulizagailuak
Nebulizagailuak aire konprimituarekin edo oxigenoarekin sortutako aerosol baten bidez medikamentu bronkodilatadore edo antiinflamatorio likidoak administratzeko dira; aurpegiko maskara edo bokilla erabil daitezke, eta 5-10 minutuan administratzen dira. Orokorrean erabiltzen dira larrialdi-zerbitzuetan eta ospitaleetan asma moderatu edo larri batean krisia dagoenean, haurretan krisi batean ganberadun inhalagailu bat erabiltzea nahikoa ez denean edo beste gailu batzuk erabiltzeko zailtasunak izan ditzaketen pertsonetan.
Inhalagailu batzuen ezaugarriak
- Accuhaler inhalagailua
- Aerolizer inhalagailua
- Gehieneko arnasbotatze-fluxu neurgailuaren erabilera
- Breezhaler inhalagailua
- Easyhaler inhalagailua
- Ellipta inhalagailua
- Genuair inhalagailua
- Handihaler inhalagailua
- Kartutxo presurizatua
- Kartutxo presurizatua inhalazio-ganberarekin
- Nexthaler inhalagailua
- Respimat inhalagailua
- Spiromax inhalagailua
- Turbuhaler inhalagailua
- Twisthaler inhalagailua
Nola sailkatzen da asma?
Asma asko aldatzen da pertsona batzuetatik besteetara, bai haurretan bai helduetan. Horregatik daude sailkapen ezberdinak, eta sailkapen nagusiak larritasun eta kontrol mailaren araberakoak dira.
Nola jakin zein den larritasun-maila?
Asmaren larritasuna zehazteko kontuan hartzen dira sintomen intentsitatea eta maiztasuna, eta txartze, exazerbazio edo krisi aldirik izaten den.
Sintomen iraupenaren eta intentsitatearen arabera, helduen asma intermitentea edo iraunkorra izaten da. Asma intermitentearen ezaugarria da pazienteak inolako sintomarik gabeko aldiak edukitzen dituela, asma iraunkorraren kasuan ez bezala, pazienteak ez baitu sintomarik gabeko aldirik izaten. Asma iraunkorra arina, moderatua edo larria izan daiteke.
Haurretan ez da erraza asmaren larritasuna zehaztea, batez ere haur txikien kasuan, zaila baita biriken funtzioa neurtzea. Maiztasunaren arabera asma episodikoa (noizbehinkakoa edo ohikoa) eta asma iraunkorra (moderatua edo larria) dauzkagu.
Larritasun-maila ez da iraunkorra izaten, denboran zehar aldatzen joan daiteke. Aldaketa horien ondorioz tratamendua aldian behin doitu behar da aldi eta paziente bakoitzaren ezaugarri berezietara. Asmak txarrera egitea edo asma-krisiak izatea asma moderatua eta larria duten pertsonetan, nahiz gaixotasun-maila arinagoa dutenetan gerta daiteke.
Nola jakin daiteke asma behar bezala kontrolatuta dagoen?
Erraza da asmaren kontrola ebaluatzea, eta ez da denbora askorik behar hori egiteko. Interpretatzen errazak diren galdetegiak erabiltzen dira. Helduetan gehien erabiltzen direnak Asma Kontrolatzeko Testa (ACT) eta Asma Kontrolatzeko Galdetegia (ACQ) dira. Haurretan, berriz, Haurren Asma Kontrolatzeko Galdetegia (CAN) erabiltzen da. Galdetegi horietako galderak sinpleak dira, esate baterako: “Izan al duzu asma-sintomarik egunean edo gauean zehar?”; “Gomendatutakoak baino inhalazio-dosi gehiago erabili behar izan al dituzu?”; izan al duzu krisiren bat, edo joan behar izan al duzu larrialdietako zerbitzura edo ospitaleratuta egon behar izan al duzu asmaren ondorioz?”; utzi behar izan al diozu jardueraren bat egiteari, esate baterako, kirola egiteari, asmaren ondorioz?”; eta abar.
Espirometriaren emaitzek ere ematen dituzte asma behar bezala kontrolatuta dagoen ala ez ebaluatzeko datuak. Orain dela gutxi hasi dira ikertzen FENO eta beste proba batzuk baliagarriak diren asma duten pazienteen jarraipena egiteko.
Ingurumen-kontrola
Medikamentuak erabiltzeaz gainera, zer izan behar da kontuan osasuna hobetzeko?
Erretzea
Erretzea oso kaltegarria da asma duten pertsonentzat; izan ere, kea arnastean birikak narritatzen dira eta arnasbideak estutzen dira.
Asma duten erretzaileek sintoma larriagoak dituzte, tratamenduari okerrago erantzuten diote eta biriken funtzioa oso azkar galtzen dute; horrez gainera, arrisku-faktorea dira haurdunaldian erre egiten duten amen seme-alabek asma garatzeko. Inguruneko tabakoarekiko esposizioaren ondorioz haurretan % 20 egiten du gora asmaren intzidentziak eta arnasa hartzeko zailtasunak. Tabakoa kontsumitzearen ondorioz glukokortikoide inhalatuekin eta sistemikoekin egiten den tratamenduaren eraginkortasuna txikiagoa da eta horrek jaitsi egiten du asma kontrolatzeko probabilitatea. Erretzeari uzteko asmoa izanez gero, medikuarekin, erizainarekin edo farmazialariarekin hitz egin behar da: erretzeari uzteko aukera gehiago izango ditu pazienteak, tabakoa uztea lortzeko metodo egokiak baitaude, eta laguntza izanez gero beti izaten da errazagoa.
Asma alergiaren ondorio
Asma alergiaren ondorio bada, garrantzizkoa da alergia eragiten duen kausarekin (polena, akaroak, animalia-ilea, eta abar) kontakturik ez izatea.
Une bakoitzean dagoen polen-kontzentrazioaren berri izateak garrantzi handia du arriskuarekiko esposizioa saihesteko. Espainiako Aerobiologia Sareak (http://www. uco.es/rea/) polen kopuruari eta motari buruzko informazio xehatua ematen duten estazio kolektore ugari ditu ia eremu guztietan.
Informazio hori eskura duzu teknologia berriei esker. Polen-kontzentrazioei buruzko informazioa istantean ematen duten hainbat aplikazio mugikor daude, eta sintomen jarraipena egitea eta sintomak kontrolatzeko medikazioa hartzen den jakitea ahalbidetzen dute (esate baterako: Polen Control, Alergoalarm edo Alerta Polen).
Asma izanez gero, hobe da azido azetilsalizilikoa, ibuprofenoa, nanoproxenoa eta halakoak hartu ordez parazetamola hartzea sukarra jaisteko eta mina arintzeko; izan ere, bizitzaren une batean gara daitekeen intolerantziak eragina izan dezake gaixotasunaren garapenean. Pazienteak har ditzakeen medikamentuei buruzko zalantzaren bat badu, farmazialariari galdetu behar dio.
Asma alergiaren ondorio
Polenek eragindako asma
Zure asma polenek eragiten badute kontuan hartu beharreko alderdiak
- Kanpoko polen-partikulak sar ez daitezen, itxi leihoak kontzentrazio handieneko orduetan. Ez ibili motorrean, ez bizikletan, ez deskapotablean. Erabili polen-iragazkiak autoan.
- Airea girotzeko iragazkidun gailuak instalatu.
- Ez atera kalera polen-kontzentrazio handieneko egunetan, batez ere egun lehor, eguzkitsu eta haizetsuetan, eta ezinbestez irten beharra izanez gero, erabili iragazkidun maskarak.
- Ez ibili landare asko dagoen lekuetan.
- Oporretarako aukeratu polenik gabeko lekuak (esate baterako: hondartzak).
- Saiatu aire zabalean ariketarik ez egiten, edo gutxi egiten, goizeko lehenengo orduetan eta arratsaldeko azken orduan.
- Ez moztu soropila, ez ibili moztu berria den soropiletik hurbil edo ez etzan belarretan.
- Dutxatu eta arropaz aldatu aire zabalean ariketa fisikoa egin ondoren.
- Arropa hobe duzu arropa-lehorgailuan lehortu aire zabalean lehortu ordez, polena arropan pilatu egiten baita.
- Eguzkitako betaurrekoak jantzi kanpora irtetean.
- Egunero egiaztatu polen-kontaketari buruzko aurreikuspenak.
Polenarekiko alergia kasuetarako gomendioak
Onddoek eragindako asma
Zure asma onddoek eragiten badute, kontuan hartu beharreko alderdiak
- Saiatu etxeko edo lantokiko tenperatura 24°C-tik behera eta hezetasuna % 40tik behera mantentzen.
- Instalatu iragazkidun aire girotua, eta sarri garbitu.
- Konpondu tantaka ari diren iturriak, hodiak edo bestelako ur-iturburuak.
- Ongi aireztatu, lehortu eta garbitu etxeko leku hezeak (bainugelak eta sukaldea) onddoak ugaldu ez daitezen.
- Erabili lizunaren kontrako produktuak gortina eta manparetan.
- Saihestu eguzkirik ikusten ez duten leku hezeak (sotoak, bodegak, eta abar).
- Ez ibili soroetan, ez lan egin konpostarekin edo ongarri lehorrarekin eta pilatutako hostoekin.
- Ez moztu soropil bustia.
- Kendu etxeko landare guztiak, edo saiatu hosto lehorrak eta lizuna dutenak kentzen.
- Konpondu filtrazioak, eta garbitu lejiarekin lizuna duten azalerak.
- Etxean hezetasunaren aurkako pintura erabili.
Onddoekiko alergia kasurako gomendioak
Akaroek eragindako asma
Zure asma akaroek eragiten badute, kontuan hartu beharreko alderdiak:
- Aireztatu eta hezetasunik gabe mantendu etxea, batez ere logela. Etxea denbora luzean hutsik egon bada, sartu aurretik aireztatu eta garbitu, eta ohea denbora luzean gordeta egon ez den arroparekin jantzi. Sarri garbitu eta xurgatu azalerak. Hautsa xurgagailuarekin edo trapu busti batekin kendu. Erabili iragazkidun maskara garbiketak egiteko. Ahal izanez gero, ez egin zeuk garbiketa, eta saiatu gelatik urruti egoten 3 edo 4 ordu igaro arte.
- Ez erabili erratzik, mustukarik eta hautsa harrotzen duen bestelako tresnarik.
- Ahalegindu etxeko tenperatura 24°C-tik behera eta hezetasuna % 40tik behera mantentzen.
- Fibra sintetikozko lastairak eta burkoak erabili, edo akaroen kontrako koltxoi, burko eta kanape azalak.
- Manta akrilikoak erabili (ez artilezkoak, ez lumazkoak), hiru hilabetez behin garbitu eta sarri aireztatu.
- Ez jarri gortinarik, tapizeriarik, alfonbrarik eta moketarik. Hautsaren aurkakoak diren eta sarri garbitu daitezkeen materialak jarri behar dituzu.
- Liburuetatik, posterretatik eta paper edo egunkari piloetatik urruti egon: hauts eta akaro ugari pilatzen dira horietan.
- Saihestu pelutxeak eta trapuzko panpinak; izatekotan ere, sarri garbitu daitezkeen materialez eginak izan behar dute. Zurezko, plastikozko edo alergikoa ez den materialez egindako jostailuak erabili.
- Etxe-animalietatik urruti ibili. Ezinezkoa bada, akarizidekin tratatu itzazu.
- Oheko arropa ur beroarekin garbitu astean bi aldiz 60°C-tik gora (tenperatura horretatik gora akabatzen dira akaroak).
- Saihestu espraiak, usain fuerteak, tabakoaren kea, insektizidak, eta abar.
Etxeko hautsaren akaroekiko alegia kasurako gomendioak
Animaliek eragindako asma
Zure asma animaliek eragiten badute kontuan hartu beharreko alderdiak:
- Animalia logelatik kanpora edo etxetik kanpora eduki, edo bere gelan.
- Etxe-animaliarentzat saski/ohe bat jarri.
- Ez utzi alfonbretan ibiltzen edo tapizatutako altzarietan gora igotzen.
- Animalia astero edo astean bi aldiz garbitu.
- Alergiarik ez duen norbaiten esku utzi zure maskota, bere arropa eta bere saskia astero garbitzeko ardura.
Labezomorroek eragindako asma
Zure asma labezomorroek eragiten badute kontuan hartu beharreko alderdiak:
- Janaria eta zaborra edukiontzi itxietan eduki.
- Zaborra sarri atera.
- Platerak berehala garbitu.
- Labezomorroen aurkako tranpak erabili.
Immunoterapia alergenoekin.
Alergiarako txertoak eraginkorrak al dira asmarako?
Asma polenek, akaroek eta animaliek eragiten dutenean, txertoak prebentziozko tratamendu gisa erabil daitezke, sintomatologia gutxitzeko, edo tratamendu sendatzaile moduan, asmaren bilakaera aldatzeko.
Gripearen eta pneumokokoaren aurkako txertoa
Zergatik jarri behar dut txertoa asma badut?
Asma duten pazienteei, helduei nahiz haurrei, gripearen aurkako txertoa eta 65 urtetik gorako paziente asmatikoei pneumokokoaren aurkako txertoa jartzea interesgarria izan daiteke birus-infekzioek eragindako asma-atakeei aurrea hartzeko.
Asmari buruz beste zer jakin behar zenuke?
Zer nolako eragina du haurdunaldiak asman? eta asmak haurdunaldian?
Asma ohikoa da haurdunaldian, haurdun dauden 100 emakumetatik 4-7k izan dezakete, eta hiru kasutatik batean txarrera egin dezake haurdunaldian, bereziki amaieran eta asma larriagoa denean. Horren arrazoiak haurdunaldiaren aldaketa naturalak eta fisiologikoak, birusek eragindako infekzioak (hotzeriak) eta bigarren mailako ondorioen beldurrez behar den tratamendua alde batera uztea dira.
Asma duten emakumeen haurdunaldiari dagokionez, prozesua normala izaten da eta konplikazio-arriskua, berriz, txikia. Asma behar bezala kontrolatuta badago, konplikazio-arriskua oso txikia da bai amarentzat bai fetuarentzat. Ostera, amak haurdunaldiko nahasmenduak izan ditzake eta haurrak goiztiarrak izan daitezke eta jaiotzean pisu gutxi izan dezakete.
Pazientea asmatikoa bada eta haurdun badago, zein da jarraitu beharreko tratamendua?
Haurdun dagoen emakumearen asmaren mantenimenduko tratamenduan asma duen edozein emakumerekin erabiltzen diren farmakoak erabiltzea gomendatzen da (bronkodilatadoreak, kortikoide inhalatuak, montelukast, eta abar), era horretara asmaren sintomak behar bezala kontrolatzeko eta krisiari aurrea hartzeko. Behar bezala hartzen badira, seguruak dira haurdunaldian eta ez dira kaltegarriak fetuarentzat. Fetuarentzat arriskutsua medikamentuak ez hartzea eta haurdunaldian asma behar bezala ez kontrolatzea da.
Aholkua: pazienteak asma badu eta haurdun badago, asma behar bezala kontrolatuta ez egoteak okerragotu egin dezake bere osasun-egoera eta arriskuan jar dezake bere bizitza edo bere haurrarena. Hori dela eta, medikuak asmaren behar bezalako jarraipena egin behar du eta emandako aholkuak eta aginduak betetzen direla zaindu behar du. Bereziki, egunero hartu behar dira farmako inhalatuak medikuak adierazitako dosietan eta moduan, ingurumen-kontroleko oinarrizko neurriak bete behar dira eta, batez ere, ez da erre behar.
Zer da lanarekin erlazionatutako asma?
Pertsona batzuek euren lan-ingurunean dauden elementuekiko esposizioaren ondorio den asma dute. Asma okupazionala deitzen zaio horri, eta arnasbideen laneko gaixotasunik ohikoena da. Era horretako asmaren arrazoia izan daiteke lan-inguruneko eragileekiko (partikula mikroskopikoekiko) sentsibilizazio alergikoa edo ez-alergikoa, edo lantokian halako eragile asko egotea eta arnasbideen narritagarriak izatea.
Asma okupazionala diagnostikatzeko proba bereziak egin behar dira kontsulta espezializatuetan. Diagnostikoa egiaztatzen denean, asmaren eragilea alergia bada, asma duen pertsonak utzi egin behar du gaixotasuna eragin dion lanpostua, eta asmaren eragilea lantokiko narritatzaile-maila altua bada, berriz, esposizioa txikiagoa den beste eremu batean jarrai dezake lanean eta industria-higienearen arloan ezarritako neurriak bete behar dira.
Ohikoa da, bestalde, asma duten pertsonetan gaixotasunak txarrera egitea lan-baldintza jakin batzuen ondorioz. Lanak larritutako asma izenez ezagutzen da, eta ez da asma okupazionalarekin nahastu behar. Asmaren kausa lan-ingurunean dauden asma-abiarazleak izaten dira, hala nola, narritagarri kimikoak, hautsa, kea, tabakismo pasiboa, alergeno arruntak eta beste hainbat, hala nola, estresa, tenperatura (hotza edo beroa) eta ariketa fisikoa. Asma-mota hauetan oso garrantzitsua da oinarrizko tratamendua betetzea eta lan-inguruneko asma-eragilearekiko esposizioa saihestea edo gutxitzea, gomendatutako laneko higiene-neurriak ezarrita.
Asma okupazionalaren eragileak
Clase
- Mota
- Animaliak
- Zerealak eta irinak
- Enzimak, latexa
- Disozianatoak
- Anhidrido azidoak
- Metalak
- Biozidak, zurak, antibiotikoak
- Lejia / salfuman, kea, gasak, beste batzuk
Eragilea
- Akaroak, arratoiak, krustazeoak, eta abar
- Zereal, gari, garagar, olo, arto hautsa; amilasa, alkalasa, latexa
- Tolueno disozianatoa (TDI), metileno disozianatoa (MDI) eta hexametileno disozianatoa (HDI); azido ftalikoa, azido trimelitikoa, anhidrido maleikoa, anhidrido trimelitikoa; nikel, platino, kobalto, kromo, altzairu herdoilgaitzaren gatzak; glutaraldehidoa eta klorhexidina; ipurua eta zur tropikalak; penizilina, espiramizina, tetraziklina .
- Kloroa eta amoniakoa; SO2, NO2 keak; ozonoa; erretxina; azido azetikoa; sosak
Esposizio-arriskua duten lanak
- Laborategiko langileak, nekazariak, albaitariak, itsaskien prozesatzaileak, okindegi eta gozogintzako langileak, garagardo-industriako langileak, laborategi farmazeutikoetako langileak, osasun-arloko langileak
- Poliuretano-aparrak, bernizak, plastikoak, isolatzaileak, pistolazko pintaketa, erretxinak eta plastikoak, industria kimikoak eta itsasgarrien industriak
- Platino-findegiak, leunketa-lanak, esmerilaketa, larrugintza, osasun-arloa, zurgintza, soldadura elektronikoa, industria farmazeutikoa
- Garbiketa, suhiltzaileak, metalurgia, nekazaritza, osasun-arloa, industria kimikoa
Zer da ariketa fisikoaren erlazionatutako asma?
Asmatikoek erregulartasunez egin dezakete eta egin behar dute ariketa, baldin eta asma behar bezala kontrolatuta badute, eta saihestu egin behar dute ariketa egitea okertze aldi batean badaude.
Asma duten pertsona batzuen kasuan bronkioak buxatu egiten dira ariketa bizia egin ondoren, horri deitzen zaio ariketarekin erlazionatutako asma, eta arnasa azkar hartzen denean (hiperbentilazioa) bronkioak hoztearen eta deshidratatzearen ondorioa da. Ez zaie asmatiko guztiei gertatzen, eta ohikoagoa da asma oker kontrolatuta duten gazteetan. Biriken funtzioa neurtzeko probak egin behar dira ariketa egin aurretik eta ondoren asma-mota hori diagnostikatzeko.
Sintomak (eztula, itolarria eta txistu-hotsa) ariketa egiten den bitartean edo ariketa amaitzean agertzen dira, eta ondorengo 2 edo 3 ordutan asmatikoa ongi sentitzen da ariketa eginda ere.
Asma-atake horiei aurrea hartzeko modua da, batetik, gaixotasunaren eguneroko tratamendua jarraitzea eta, bestetik, erreskateko medikazioa edo medikazio aringarria (efektu azkarreko bronkodilatadoreak) erabiltzea norberaren esperientziaren arabera krisia abiarazten duten ariketa biziak egin aurretik.
Horrez gainera, kirola egin aurretik beroketa-ariketa progresiboak egitea ere lagungarria izan daiteke atake horien intentsitatea gutxitzeko.
Zer gertatzen da azido azetilsazilikoarekin eta antinflamatorio ez-esteroideoekin?
Asma, sinusitisa eta sudurreko polipoak dituzten pertsonetan ohikoa da goiko eta beheko arnasbideetan erreakzioa izatea azido azetilsalizilikoa eta beste antiinflamatorio ez-esteroideo batzuk (AINE) hartzean. Azido azetilsalizilikoarekiko edo AINEkiko intolerantzia edo azido azetilsalizilikoak areagotutako arnasbideen gaixotasuna (EREA) deitzen zaio.
Erreakzioak AINE hartu ondoreneko ordu erditik 3 ordura bitartean izaten dira, asmak bat-batean okerrera egiten du eta, horrez gainera, eztarria inflamatu daiteke, sudurra itxi daiteke eta, zenbaitetan, tentsio arteriala jaitsi egiten da, eta premiazko tratamendua behar izaten da, beraz.
Aholkua: asmatikoa bazara eta halako intolerantzia bat baduzu, ez hartu AINE moduko analgesiko eta antiinflamatoriorik (inflamazioa eta mina kentzeko medikamenturik) aurretik medikuari kontsultatu gabe. Beharrezkoa izanez gero, parazetamola har dezakezu (gehienez 650 mg-ko dosia). Mina edo inflamazioa arintzeko tratamendua behar izanez gero, zure medikuak ordezko tratamenduak edo COX-2-ren inhibidore selektiboak deituriko beste antiinflamatorio batzuk aholka diezazkizuke, eta ongi toleratzen direla egiaztatu ondoren kontsumitu daitezke.
Esteka interesgarriak. Helduak
- Alergosur. Sociedad Andaluza de Alergología e Inmunología Clínica.
- American Academy of Asthma Allergy and Immunology
- American Thoracic Society (ATS)
- Asociación Aragonesa de Alergia (Alergo-Aragón)
- Asociación Argentina de Alergia e Inmunología
- Asociación Canaria de Neumología y Cirugía Torácica. NEUMOCAN.
- Asociación de Asmáticos de Granada "Aire Libre".
- Asociación de Neumólogos del Sur. NEUMOSUR
- Associació Asmatològica Catalana
- Asthma Society of Canada
- Canadian Lung Association
- European Academy of Allergology and Clinical Immunology
- European Federation of Astma and Allergy Associations
- European Respiratory Society
- Global Initiative for Asthma (GINA)
- Grupo de Respiratorio de la Sociedad Andaluza de Medicina Familiar y Comunitaria (SAMFYC)
- Guía Española para el Manejo del Asma (GEMA)
- Medscape Puomonary Medicine.
- Sección para pacientes.
- Ministerio de Sanidad y Consumo
- National Asthma Council.
- National Asthma Education and Prevention Program (NAEPP)
- National Institute of Allergy and Infectious Diseases
- Organización Mundial de la Salud
- Respirar:
- Sociedad Asturiana de Patología Respiratoria. ASTURPAR.
- Sociedad Castellano-Leonesa de Alergia e Inmunología Clínica
- Sociedad de Alergólogos del Norte de España
- Sociedad Española de Alergología e Inmunología Clínica (SEAIC)
- Sociedad Española de Neumología y Cirugía Torácica (SEPAR)
- Sociedad Gallega de Alergia e Inmunología Clínica.
- Sociedad Madrid-Castilla La Mancha de Alergología e Inmunología Clínica
- Sociedad Madrileña de Neumología y Cirugía Torácica. NEUMOMADRID
- Societat Catalana de Pneumologia (SOCAP).
- The Asthma Mom.
- World Allergy Organization. International Association of Allergology and Clinical Immunology
Esteka interesgarriak. Haurrak
- Alergiland.
- Allergy and Asthma Network/Mothers for Asthmatics, The.
- American Academy of Pediatrics.Current Clinical Practice Guidelines
- Asociación Española de Pediatría
- Guía Española para el Manejo del Asma (GEMA)
- Kids Health for Parents. (información en español)
- Portal Padres: Información sobre Asma para las Familias
- Sociedad de Neumología Pediátrica. NEUMOPED
- Sociedad Española de Inmunología y Alergología Pediátrica (SEICAP)
- Sociedad Española de Neumología Pediátrica
- Sociedad Española de Otorrinolaringología
- Sociedad Española de Pediatría Extrahospitalaria y Atención Primaria (SEPEAP)
- Unidad de Alergia Infantil
Azken aldaketako data: