Bihotz-gutxiegitasuna

Zer da bihotz-gutxiegitasuna?

Bihotz-gutxiegitasuna gertatzen da bihotzak ezin duenean gorputzak behar duen odola ponpatu eta konpentsatzen saiatzeko sintomak dakartzanean

Horrela, muskuluek indarra galtzen dute eta nekea agertzen da, arnasa hartzeko zailtasuna izaten da, likidoak atxikitzen dira eta pultsazioak igotzen dira, konpentsatzeko.

Bihotz-gutxiegitasuna

Kausak

Bihotz-gutxiegitasuna normalean honako bihotzeko gaixotasun hauek eragiten dute:

  • Miokardio-infartua eduki izana (bereziki handia izan bada).
  • Bihotz-balbulen gaixotasunak.
  • Bihotz handiak edo dilatatuak.
  • Arritmia ugariak dituzten bihotzak.
  • Jaiotzeko bihotzeko gaixotasunak (sortzetikoak).
  • Aurretiko kimioterapia edo erradioterapia

Ez da gaixotasun hereditarioa, baina horren kausa batzuk izan daitezke genetikoak, esaterako, balbulen gaixotasunak edo miokardiokoa.

Bihotz-gutxiegitasuna agertzeko bide ematen dute honako hauek:

  • Adin aurreratua.
  • Tentsio arterial altua.
  • Odol-hodietako gaixotasuna (gure gorputzeko arteriak hondatzea).
  • Alkohola, tabakoa eta kokaina kontsumitzea.
  • Azukre-kopuru altua izatea odolean edo diabetesa izatea.
  • Ariketa gutxi egitea eta bizitza oso sedentarioa izatea.
  • Obesitatea edo gehiegizko pisua.
  • Gatz askorekin jatea.

Lehenengoz agertzea edo deskonpentsatzea eragiten duten faktoreak identifikatzeko ahalegina egin behar da; izan ere, kausa saihestu edo zuzentzen bada, hobeto kontrola daiteke



Doktoreak ikonoa

Egileak

Nekane Murga Eizagaechevarria dkt. Kardiologoa.

iren Morrillas dkt. Kardiologoa.

Sintomak

Bihotz-gutxiegitasunak hainbat sintoma eragin ditzake

  • AIREA FALTA DELAKO SENTSAZIOA
  • LO EGITEKO BURKOAK behar izatea edo LO EGITEKO gorputza ALTXATU behar izatea.
  • NEKEA edo AHULTASUNA
  • HANTURA, LIKIDOEN ATXIKIPENAREKIN; atxikipena, normalean, orkatiletan izaten da, eta pisuak gora egin ohi du, justifikaziorik gabe

Bihotz-gutxiegitasunak. Sintomak

Bihotz-gutxiegitasun konpentsatua

Bihotz-gutxiegitasuna duen pertsona errekuperatu egin daiteke, jardueretan mugatuta egon ondoren, eta ondo sentitu

Bihotz-gutxiegitasuna deskonpentsa dezaketen kausak

Kasu posible asko dago eta, askotan, saihestu egin daitezke.

Medikazioa uztea; medikazio berriak sartzea, besteak beste antiinflamatorioak; neurriz kanpoko ahalegina egitea; gehiegi jatea; jateko gaziak hartzea; alkohola edatea; edo likido ugari edatea. Muturreko tenperaturetan egotea desegokia izan daiteke, bai eta bero denean ariketa fisikoa egitea ere.

Alarma-sintomak

Bihotz-gutxiegitasuna bat-batean ager daiteke (ordu batzuk), baina ohikoena pixkanaka agertzea da, apurka-apurka, egun edo asteetan. Pixkanaka agertzeko modu horretan, sintomak agertzen doaz, eta horrela identifikatzeko aukera izan dezakegu eta sasoiz hasi esku hartzen, larriagotu ez dadin.


Doktoreak ikonoa

Gogoratu

GOGORATU: Ez ahaztu bihotz-gutxiegitasuna txarrera egiten ari dela ohartarazten dizuten sintomak:

  • Pisua azkar irabaztea: 1 kilo egun batean edo 2-3 kilo baino gehiago astebetean.
  • Oinak, orkatilak edo hankak handitzea (azalean hatza markatuta geratzen da sakatzean eta nabarmenagoa da arratsaldez).
  • Txiza gutxiago egiten duzula edo ilunagoa dela nabari dezakezu.
  • Nekea, arnasestua eta itolarria sentitzea, esfortzu txikiak egitean (aldapa txiki bat igotzean). Ezin dituzu egin duela egun batzuk egiten zenituen paseoak.
  • Nekea, itolarria edo arnasestua, atsedenean zaudela.
  • Oheratzean edo gauean zehar bat-batean airea falta duzula sentitzea. Burkoak erabiltzean edo ohean gorputza jasotzean lasaitasuna nabaritzea.
  • Etengabe eztulka aritzea, eta gogorrago gauez.
  • Abdomena handituta dugula sentitzea eta digestio txarrak edo goserik ez izatea.

Galdetu bihotz-gutxiegitasuna dela eta arreta ematen dizun profesional-taldeari nola jokatu behar duzun gaixotasuna berriz agertuz gero.

Paziente batzuek badakite zer pisu duten likidoen erretentziorik ez dutenean («pisu lehorra» edo «likidoen erretentziorik gabeko pisua» esaten zaio horri). Egunero pisatuz gero, pisu lehorra ezagutuko duzu eta berehala konturatu zaitezke likidoak atxikitzen hasi zaren (likidoak atxikitzen direnean pisuak gora egiten du), baita itolarria bezalako sintomak eragiten hasi aurretik ere. Pisua igotzean, arrazoirik gabe kilo batetik gora igotzean, oro har, diuretiko-kantitatea (Furosemida) handitu egin ohi da, harik eta «pisu lehorra» berreskuratu arte. Diuretikoa hiru egunetik gora igotzeko beharra baduzu, komeni da zure osasun-zentrora joatea. “Autokontrol diuretikoa” esaten zaio pazienteek beraiek pisua eta txiza egiteko behar dituzten pastillen dosia kontrolatzeari. Kontsultatu zure medikuari zeuk diuretikoaren egokitze hori egiteko aukera ote duzun.


Ohiko jardueretan aldaketa txikiak eginda, gatza murriztuta eta diuretiko-kopurua handituta (osasun-zentroan hala egin dezakezula esan badizute), bihotz-gutxiegitasuna deskonpentsatzen hasten zaizunean, gaixotasunak okerrera egitea saihestu dezakezu.


Alarma-sintomak badituzu, baina ariketa fisiko gutxiago eginda, gatz gutxiago hartuta eta diuretiko-kopurua handituta ere hobera egiten ez baduzu, osasun-zentrora jo behar duzu, Lehen Mailako Arretako medikuari kontsulta egitera. Txarrago egon aurretik, larrialdietako zerbitzuetara joateko edo ospitaleratzeko beharrizana izateari aurre hartu behar diozu.

Alerta egoteko moduko sintomak eboluzionatzen uztea behar diren neurriak hartu gabe, arriskutsua izan daiteke zuretzat, gaixotasunak txarrera egin dezakeelako.


Geldi zaudela ere itolarria baduzu, bularreko mina, zorabioa edo sukar altua baduzu, joan larrialdi-zerbitzura.

Bihotz-gutxiegitasunaren prebentzioa

Bihotzaren funtzionamendu desegokia prebeni daiteke eta hobetu, gertatu ondoren; horrela, bihotz-gutxiegitasuna eragin dezaketen faktoreak saihestu daitezke.

Gomendioak

  • Tentsio arterialaren eta diabetesaren segimendu eta kontrol egokia
  • Loditzea saihestea
  • Estresa kontrolatzea 
  • Bizitza osoan ariketa edo jarduera fisiko osasungarriak egitea eta iraunkorra izatea.
  • Alkohola eta tabakoa kontsumitzeko ohiturarik ez izatea
  • Bestelako estimulatzailerik ez hartzea

Horiek guztiek bihotz-gutxiegitasunaren bilakaera prebenitu eta hobetu dezakete.

Likido-erretentzioak aurrera ez egiteko gomendioak.

  • Zorrotz bete gatzik gabeko dieta. Ez erabili gatzik ez janaria prestatzean, ez mahaian, eta ez hartu sodioa izan dezaketen jatekoak (“Na” agertzen da etiketetan).
  • Edan likido-kopuru finko bat (litro bat eta litro eta erdi bitartean). Egun osoan hartzen duzun likidoa zenbatzeko, gogoratu fruta, zopa eta esnea ere hartu behar dituzula gogoan.
  • Ez edan alkoholik eta edari gasdunik. 
  • Hartu agindu dizuten medikazio guztia eta adierazi dizuten ordutegia.
  • Saihestu gehiegizko jarduera edota betebeharrak. Saiatu lasaitzen zaituzten jarduerak egiten.
  • Hasi egunero pisatzen eta idatzi pisua orri edo libreta batean
  • Paziente batzuei txiza egiteko medikazioa (diuretikoak: furosemida) euren kabuz doitzeko gomendatzen zaie, eta, likido-erretentzioa sumatuz gero, hiru edo bost egunez medikazioa igotzeko (ohikoak baino pilula bat edo bi gehiago hartu beharko da, galtzen den likidoaren arabera; Furosemida izeneko botika izaten da erabiliena). Pisuan diren gorabeherek adierazten dute nola erantzun dion gorputzak  medikamentu-kopuruaren igoerari; pisua jaisteak atxikitako likidoak kentzen ari zarela adierazten du.
  • Behatu egunean zehar egiten duzun gernu-kopuruari
  • Diuretiko-dosia igo arren loditzen jarraitzen baduzu, beharbada likido-erretentzioa handitzen ariko zaizu; beraz, eskatu hitzordua lehen mailako arretarako medikuarenera joateko.
  • Ez hartu medikazio berririk (kontuz gripearen aurkako medikazioekin eta antiinflamatorikoekin), eta ez automedikatu. Kontuz bereziki eferbeszentea den guztiarekin, gripearen aurkako medikazioekin eta antiinflamatorikoekin (beharbada hezurren minerako erabiliko dituzu). Ez hartu mina arintzeko tratamendurik, ezinbestekoa ez bada; izan ere, parazetamola kenduta, medikamentu antiinflamatorio edo analgesiko gehienek likidoak atxikitzea eragin dezakete. Azken asteetan medikamentu horiek hartu badituzu, kendu eta egiaztatu okerrera egiteko kausa izan ote diren (bihotz-gutxiegitasunaren deskonpentsazioa).
  • Tentsio arterial altua baduzu, komeni da tentsioa hartu eta idatziz jasotzea, hurrengo bisitan zure medikuari datu horien berri emateko. Balio oso altuak edo ohi baino baxuagoak behin eta berriz badituzu, hitzordua eskatu medikuarekin.

Arretaz begiratu sentitzen duzunari. Bat-batean edo pixkanaka okerrera egin baduzu edo arnasa hartzeko zailtasunak dituzula sentitzen baduzu, jarri harremanetan Osakidetzako Emergentzia Zerbitzuarekin:

Arabako Emergentziak: 945244444

Bizkaiko Emergentziak: 944100000

Gipuzkoako Emergentziak: 943461111

Tratamendua eta zaintzak

Paziente batek gaixotasun itzulezina badu, ez badie medikamenduei eta tratamenduei erantzuten eta sintoma asko eragiten badizkio, eta, gainera, baldintza zehatz batzuk betetzen baditu, bihotz-transplantea egiteko izangaia izan daiteke.

Batzuetan, gutxiegitasuna duen bihotzean, taupada-markagailu mota bat (“birsinkronizatzailea” esaten zaio) jartzen zaie bihotz-taupadak “asinkronikoki” ari zaizkien pazienteei, eta, horren bidez, taupadak berrantolatzea lor daiteke eta, horrela, gaixo horietako batzuen nekea arindu edo arritmia larrien arriskua murriztu. Izan ere, arritmia horiek antzemateko eta gelditzeko deskarga elektrikoa emateko gai da; horiek desfibriladore ezarriak dira, eta DAE (Desfibriladore Automatiko Ezargarriak) izenez ezagutzen dira.

Bihotz-gutxiegitasuna.  Tratamenduak

Jarraitu beharreko aholkuak:

  • Ez erre: Tabakoa erabat utzi beharko zenuke.
  • Alkoholaren kontsumoa: Ez zenuke alkoholik hartu behar.
  • Tentsio arterialaren kontrola: Tentsio arterial sistoliko “altu”aren balioek 140 mmHg-tik beherakoak izan behar dute kontsultan edo 130-135 mmHg-koak etxean.
  • Pisua kontrolatzea: Egunero pisatu behar zara, arroparik gabe, goizetan, altxatzerakoan eta txiza egin ondoren.
  • Orientazio modura, bihotz-gutxiegitasuna duten emakumeei egunean 1 litro edatea gomendatzen zaie eta gizonei litro eta erdi inguru.
  • Ikasi gorputzean sartzen ari zaren likido-kopurua kalkulatzen; izan ere, fruta, zopa, esnea eta abar ere kontuan hartu behar dituzu.
  • Mugatu bizigarrien kopurua, esaterako kafeina (kafeak, kola edariak) edo teinak (teak).
  • Badira osagarrien artean kafeina daramaten gripearen kontrako botikak; ez dira, beraz, bihotz-gutxiegitasuna duten pertsonentzat normalean hartzekoak.
  • Ariketa fisikoa: Komeni da oxigenoaren kontsumoa eskatzen duen ariketa fisikoa egitea (aerobikoa) eta intentsitate moderatukoa izatea (igeri egitea, oinez egitea, bizikletan ibiltzea) gutxienez egunean 20-30 minutuz, astean 5-6 egunez. Ez da egin behar jan eta hurrengo bi orduetan edo muturreko tenperaturak daudenean.
  • Likido erretenzioa saihestea: Dietak gatz gutxi izan behar du. Prestatu jatekoa gatzik gabe eta erabili beste bizigarri batzuk, esaterako, berakatza, perrexila, ozpina, limoia eta belar aromatikoak. Ez hartu gatz asko duten elikagaiak, esaterako: hestekiak, saltsak, kontserbak, aurretiaz prestatutako elikagaiak, gaztak, janaurrekoak, botilatutako edariak, esne-hautsak eta esne kondentsatua.
  • Tratamendu farmakologikoa betetzea: Emandako tratamendua erregulartasunez bete behar duzu. Gogoratu zure egoerara eta beharretara egokitzen dela.
  • Ez hartu zure kabuz farmako antiinflamatorioak: Farmako antiinflamatorioek (besteak beste ibuprofeno, diclofenaco, dexketoprofeno, etab.) likido-erretentzioan lagundu dezakete; hori dela eta, hoba erabiltzen ez badituzu. Mina edo sukarra arintzeko medikamenturik hartu behar baduzu, paracetamola har dezakezu, piluletan. Ez hartu gatz-kopuru handia izan dezakeen prestakin eferbeszenterik.
  • Saihestu estresa eta lo egin edo atseden hartu gutxienez 8 ordu: beharbada beharko duzu eta komeni da burkoak erabiltzea, lo zauden bitartean buru aldea altxatuta izateko.
    • Ez hartu afari astunik.
    • Saiatu erlaxatuta egoteko eta gogoko duzun jarduera bat egiteko tartea izaten.
    • Gaixotasunak asko kezkatzen bazaitu, jarri harremanetan arazo bera duten pertsonekin (pazienteen elkarteak); bizipenak partekatzeak on egin diezazuke. Ez zaude bakarrik.
  • Sexu jarduera: Kontsultatu medikuari. Oro har, arazo gabe egin ahalko duzu, eskailera-tarte bi nekerik eragin gabe igotzeko gai bazara. Ez izan sexu-jarduerarik jan eta jarraian, muturreko tenperaturekin edo estres-, antsietate- edo neke-egoeretan.
  • Gidatzea: Debekatuta dago gidatzea, geldirik zaudela edo eguneroko jarduerekin (jan, jantzi, baino hartu, etxetik oinez ibili) itolarria nabaritzen baduzu.
  • Hegazkinean bidaiatzea: Hegazkinean bidaiatzeak ez du arazorik eragiten, bihotz-gutxiegitasun kontrolatua duten pertsonetan. Ez da komeni hegazkinean bidaiatzea geldirik zaudenean edo eguneroko jarduerekin (jan, jantzi, baino hartu, etxetik oinez ibili) itolarria nabaritzen baduzu edo lotutako biriketako hipertentsiodun bihotz-gutxiegitasuna baduzu.  Egoera horretan ere bidaiatu behar bazara, hegazkin-konpainiarekin jarri harremanetan, bidaia oxigeno-gehigarriarekin egiteko, minutuko 2 litroko fluxuan.
  • Txertoak: Urtero hartu beharko zenuke gripearen aurkako txertoa. Gomendagarria da, halaber, pneumokozikoaren aurkako txertoa hartzea.

Medikazioak eta horiek hartzeko gomendioak

Gogoratu, zure pilulak ondo ezagutzen badituzu, horiek egokiago hartu eta bigarren mailako ondorioak antzematen lagundu diezazuke. Baina, hala ere, beti kontsultatu behar duzu medikuarekin, horrelako ondoriorik igartzen baduzu, eta, beraz, ez automedikatu eta ez aldatu dosia kontsultatu gabe:

Medikazioari buruzko puntu garrantzitsuak: garrantzitsua da gogoratzea, medikamentu antikoagulatzaileak hartzen bazabiltza, badaudela hartu ezin dituzun medikamentuak. Horietako batzuk baliteke etxean izatea edo baliteke minerako edo katarrorako errezetatzea, izan ere, oso erabilera ohikoa daukate.

 Medikamentu antikoagulatzailea hartzen baduzu, gogoratu zein medikamenturekin ezin dezakezun lotu. Adibidez, esteroideak ez diren Antiinflamatorioak (AINES), kortikoideak eta minerako edo griperako botika eferbeszenteak.

Bihotz gutxiegitasuna.  Medikazioak

Medikazioa hartzeko gomendioak

Pilulak hartzea ezinbestekoa da, bihotz-gutxiegitasunaren tratamenduan.

Botikek sintomak hobetzeaz gain, gaixotasunak txarrera egitea prebeni dezakete. Beraz, nahiz eta arnasteko arazorik ez izan eta ohiko bizimodua egin, botikak medikuak esan bezala hartzen jarraitu behar duzu.

Medikamentuek sintomak arintzen dituzte, parametroak “deskonpentsatuta” dauden aldietan sintomatologia gertatzen denean, eta frogatu da farmako batzuek bihotzaren indarra hobetzea eta egonkortzea lortzen dutela eta, horrela, pazientearentzako onuragarriak direla.

Bihotz-gutxiegitasuna duten gehienek emaitza onenak lortzeko medikamentu batzuk behar izaten dituzte.

Badakigu medikazioaren bidez pazienteak hobeto arnastea, likido gutxiago atxikitzea eta hain puztuta ez egotea, gutxiagotan ospitaleratzea eta bizitza luzatzea lortu daitekeela.  

Pilulak hartzeaz gainera, egin paseoak maiz, argaldu obesitatea baduzu, jan gatz gutxirekin eta osasungarri eta zaindu tentsio arteriala.

Bihotz-gutxiegitasuna daukan bakoitzak momentuari dagokion medikazioa hartu behar du. Beharrizan horiek aldakorrak dira (une jakin batean, beharbada, txiza gehiago egiteko medikazioa behar izango duzu eta beste une batean, tentsio arteriala edo pultsazioak jaisteko medikazioa).  

Batzuetan, tratamendu aldakorra eta pixka bat konplexua agindu diezazukete. Gainera,  izena eta kutxaren eta pilularen kolorea aldatzea gertatu daiteke, farmazian ematen dizutenaren arabera.

Pentsatu tratamendua behar duzunera egokitu dela; beraz, medikazioan aldaketak egiten dizkizutenean, apuntatu argi eta, botikak jasotzerakoan, egiaztatu hartzeko modua eta esan zizutena bat datozela.

Ekiditzeko

Oso ohikoa da botika hartzean akatsak egitea eta hartzea ahaztea. Guztiok egon behar dugu adi, ez ahazteko:

  • Ezagutzen ez zaituzten mediku edo erizainei esan bihotz-gutxiegitasuna daukazula eta hartzen dituzun botikak zein diren, eta egin gauza bera osasun-zentro batera zoazen bakoitzean (larrialdi-zerbitzuak, dentista). Halaber, garrantzitsua da parafarmaziako produktuak (dietetika, belar-denda etab.)  erosi nahi izanez gero, jakinaraztea.
  • Osasun-zentroko medikuak zure historiala ezagutzen du, baina, hala ere, jaso duzun edozein asistentziaren edo atentzioren berri eman. Gogorarazi zure medikuari zure osasun-egoera, botikan aldaketaren bat egiten duzun bakoitzean. 
  • Zerrendatu hartzen dituzun botikak, dosia eta ordua. 
  • Jarri zerrenda ikusteko moduko leku batean (hozkailuan iman batekin) eta egin zerrenda txiki bat, beti aldean eramateko modukoa, diru-zorroan, bereziki joan-etorrietan eta bidaietan. 
  • Eguneratu zerrendak aldaketekin. 
  • Aldaketaren unean eta farmazian medikuak esandakoa beteko duzula egiaztatu. 
  • Alarmaren bat edo beste ohar-motaren bat erabiltzen saia zaitezke. Zurekin bizi diren pertsonek ere botika ez ahazten lagundu ahal dizute.

Eraman bidaietara behar duzun botika. Eraman botika aldean, ez dezala tenperaturak kaltetu edo galarazi. Hegazkinez bidaiatzekotan, ez utzi botikak fakturatutako ekipajean.

Laburbilduz, bihotz-gutxiegitasuneko botikak ondo egonda ere hartu behar dira.

Katarroa edo gripea, arriskutsuak bihotz-gutxiegitasuna duten pazienteentzat

Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonetan, bihotz-gutxiegitasuna dutenetan adibidez, gripea eta katarroak pertsona osasuntsu edo gazteentzat baino arriskutsuagoak izan daitezke, izan ere, beren gaixotasuna larriagotu edo deskonpentsatu dezakete.

Txertoak

  • Gripearen eta Pneumokokoaren aurkako txertoak gaixotasun kronikoak dituztenei gomendatu ohi zaizkie; izan ere, eraginkorrak eta seguruak izaten dira.

Nahiz eta txertoa jarri, katarro-prozesuak eragiten dituzten hainbat birus-mota daudenez, ez zaude guztiz immunizatuta katarroen aurka; horrenbestez, posible da katarroren bat hartzea eta, beraz, garrantzitsua da, txertoa jarrita izanik ere, prebentzio-neurriak hartzea, kutsatzeko arriskua murrizteko.

Eskuen higienea

  • Zenbait neurri erraz hartuta, gripea hartzea edo transmititzea prebenitu daiteke. Eskuak garbi izatea da arnasbideetan eragina duten infekzioen transmisioa prebenitzeko neurri eraginkorrena.

En caso de epidemia de gripe...

  • Gripe-epidemia dagoela entzuten baduzu, ez egon jendetza dagoen lekuetan, edo toki itxietan jende ugarirekin, edo pertsona ezezagunetatik oso hurbil (gripea ukipenaren edo hurbiltasunaren bidez transmititzen da, eta muki eta jariakinen bidez).
  • Zurekin bizi den senitartekoren batek gripea edo katarroa baldin badu, sarri garbitu behar dituzue eskuak, xaboiz, bai zuk, bai zure ingurukoek, transmisiorik ez egoteko.

Azken aldaketako data: