Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK)

Zer da biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK)?

BGBK gaixotasunak batez ere birikei erasaten die eta arnasbidearen hantura kronikoa da bere ezaugarria. Hantura hori nabarmena izan daiteke, gutxi-asko, eta bronkioen hertsadura sorrarazten du; horrek eragotzi egiten du airea biriketatik pasatzea. Prebenitu daitekeen gaixotasun bat da, tabakoa baita bere eragile nagusia, eta sendatu ezin den gaixotasuna bada ere, tratatu daiteke, orain dauden tratamenduek bere aurrerabidea atzeratu dezaketelako.

Bronkio bat BGBK-rekin eta BGBK-rik gabe

BGBK ohiko gaixotasuna da; Espainian, populazio helduaren % 10i erasaten die gutxi gorabehera, nahiz eta zifrak aldatu egiten diren eremu geografikoen arabera. Hala ere, kontuan hartu beharra dago altua dela infradiagnostiko-tasa; kalkuluen arabera, gaixotasun hau duten pertsonen % 70 inguruk oraindik ez dakite erasan dienik. Horregatik, sintomak iraunkorrak direnean kontsultatu egin behar da, batez ere erretzaileak diren edo erretzeari utzi dioten pazienteen kasuan. Gainera, osasunaren arloan kostu handia sorrarazten duen gaixotasun bat da.

BGBK terminoak barnean hartzen ditu bronkitis kronikoa, enfisema edo bi egoera horien konbinazioa. Horietako bakoitzak modu desberdin batean hasi eta eboluzionatzen du:

  • Bronkitis kronikoa: bronkioen hantura eta muki ugari sorraraztea ditu ezaugarri. Horren ondorioz, itxi egiten da bronkioen barnealdea, eta horrek eragotzi egiten du mukiak kanporatzea eta arnastea.
  • Enfisema: birika-albeoloen paretetako gaitza da enfisema. Birikan 300 milioi albeolo baino gehiago daude, eta globo elastiko txikien itxura dute. Batez ere tabakoaren ondorioz, albeolo horiek kaltetu egiten dira, elastikotasuna galtzen doaz eta airea haietan harrapatuta geratzen da, eta horrek sorrarazten ditu sintomak.


Egileak ikonoa

Egileak

Amaia Aramburu. Arabako ESIa

Fco. Javier Moraza. Arabako ESIa

Leyre Chasco. Arabako ESIa

Cristóbal Esteban. Arabako ESIa

BGBKren eragileak

BGBKren eragile nagusia TABAKOA da, eta gaixotasuna larriagotzea eragiten du gainera. Pertsona askok dute BGBK urteetan erretzearen ondorioz, eta ez erretzea, edo lehenbailehen erretzeari uztea, funtsezkoa da gaixotasuna ez garatzeko.

Izan ere, BGBK duten pertsonen % 90en kasuan, erretzea edo erre izana da gaixotasunaren funtsezko eragilea. Hala ere, erretzaile ez diren pertsona batzuek BGBK garatzearen arrazoia, edo erretzaile batzuek inoiz ez garatzearena, ez da guztiz ezagutzen.

Badira beste eragile batzuk, neurri txikiagoan bada ere, gaixotasuna garatzea berekin ekar dezaketenak:

  • Laneko kutsadura: lanpostuetan gas edo emanazio jakin batzuen eraginpean egotea.
  • Ingurumenaren kutsadura nabarmenaren eraginpean egotea edo zigarroaren kea zeharka kantitate handian arnastea.
  • Gaixotasun hereditarioa, alfa-1 antitripsina izena duen proteinaren defizita sorrarazten duena. Proteina horren defizitak lotura du enfisemaren garapenarekin.
  • Sukaldatzean sua sarritan erabiltzea aireztapen egokirik gabe (biomasa).

BGBKren sintomak

Itolarria edo disnea, eztula eta espektorazioa dira gaixotasunaren sintoma edo adierazle nagusiak.

Disnea (itolarri edo aire falta) da gaixotasunaren sintoma nagusia. Ohi denez, eskailerak edo aldapak igotzeko egin beharreko ahaleginarekin hasten da, eta progresiboki garatzen doa eguneroko bizitzako zereginak mugatzeraino. Desberdin antzematen da gaixotasun bera duten pertsonen artean eta, sarritan, jabetu gabe, pazienteek egokitu egiten dute beren jarduera fisikoaren maila sintomak murriztearren; horrela, oharkabean hasten da gaixotasuna.

Eztul kronikoa bere hasiera amarrutsuagatik bereizten da; goizez izan ohi da, espektorazioarekin edo mukiekin batera (bronkitis kronikoaren kasuetan batez ere). Erretzeari uztean, askotan, sintoma horrek hobera egiten du hilabete batzuen ondoren, baina ez da desagertzen.

Espektorazioa (flemak edo mukiak) goizez izaten dira normalean, eta gero eta gehiago izatea edo kolorez aldatzea arnasbideetako infekzio baten alarma-seinale dira.

Gaixotasunean zehar okerragotze edo exazerbazio aldiak egon daitezke, prozesu infekziosoekiko, narritagarrien kontaktuekiko edo kutsadurarekiko sekundarioak, eta horrelakoetan ohikoa da sintomak gehitzea, normalean tratamendua egokitzea eta zenbaitetan ospitaleratzea berekin dakartzatenak.

Denborarekin BGBK gaixotasunak sintoma edo arazo orokorragoak ere eragin ditzake: pisua eta muskulu-masa galtzea, desnutrizioa, ariketa mantentzeko zailtasuna, antsietatea, hezurretako arazoa (osteoporosia…) eta horiek ere kontuan hartu behar dira.

Nola diagnostikatzen da BGBK?

Ezer baino lehen gaixotasunaren susmoa da BGBKren diagnostikoan lehen adierazlea. Susmoa hartu beharra dago itolarria, eztula edo espektorazioa/flemak botatzea ohikoa denean lehen aipatutako arrisku-faktoreen eraginpean dauden pertsonetan, kontuan izanik tabakoa dela faktore nagusia.

Susmatutakoan, proba erraz eta sinple batekin, espirometria bat (“putz egiteko proba”) eginda, diagnostikatzen den gaixotasuna da BGBK. Proba horrekin detektatzen da aire-fluxuen beherapena eta egiaztatzen da bronkioen buxadura. Gainera, espirometriaren bidez finkatzen da gaixotasunaren maila, eta tratamenduarekiko erantzuna baloratzeko balio izango digu.

Espirometria egiteko beharrezkoa da pertsonak ondo ulertzea zertan datzan proba eta hasi aurretik egin beharreko maniobrak, maniobra horiek fidagarriak izan daitezen eta behar bezala interpretatu ahal izan daitezen.

Espirometria egiteko lehendik ezin da erre, arropa erosoak eraman behar dira jantzita, eta eserita egingo da. Jarraibideak betez, ahoko batetik arnastu behar da; ahokoa espirometro batekin dago konektatuta, eta gailu horrek neurtzen ditu biriketan sartu eta irteten den airearen abiadura eta kantitatea.

Badira beste proba batzuk, pazientearen ezaugarrien arabera azterketa osatzeko egin daitezkeenak:

  • Bularraldearen erradiografia edo irudi bidezko beste proba batzuk.
  • Pultsioximetria odolean dagoen oxigeno-kantitatea neurtzeko.
  • Espektorazioa (flemak) analizatzea infekzioak baloratzeko.
espirometroa

Zein da BGBKren tratamendua?

Aurretik adierazi bezala, BGBK gaixotasun kroniko bat da, sendatu ezin badaiteke ere tratatu daitekeena. Hala, hauek dira tratamenduaren helburuak:

  1. Sintomak murriztea: gaixotasunaren sintomak gutxitzea, bizi-kalitatea hobetzeko eta ariketa egiteko gaitasun egokia mantendu ahal izateko.
  2. Exazerbazioen, gaixotasunaren aurrerabidearen eta hilkortasunaren arriskua murriztea.

Horretarako, tratamenduaren pausorik garrantzitsuena da tabakoa guztiz uztea, tabakoak sorrarazitako kaltea konponezina bada ere eragotzi egin behar baita gaixotasunak aurrera egitea, eta hobetu egin behar dira sintomak.

Tratamendu farmakologikoa

BGBKren tratamendu farmakologikoa beharrezkoa da sintomak hobetzeko, ariketarako gaitasuna handitzeko eta okerragotze- edo exazerbazio-agerraldien kopurua eta larritasuna gutxitzeko, pazienteen bizi-kalitatea hobetze aldera. Horretarako, garrantzizkoa da pazienteak ulertzea zertarako balio duten medikamentuek, eta erregulartasunez eta iraunkortasunez haiek hartzea.

BGBKren tratamendu nagusia inhalagailuak dira. Horrela, medikamentua zuzenean iristen da biriketara eta zuzenean jarduten du bronkioetan. Inhalagailuak bi motakoak izan daitezke eta pertsona bakoitzaren ezaugarrien arabera erabiliko dira. Bronkodilatadoreak funtsezkoak dira BGBKren tratamenduan. Bronkioaren tamaina handitzea da haien helburua, lehen esan bezala, BGBKren eraginez estutu egiten baitira. Bestalde, kortikoide inhalatuekin biriketan egon daitekeen inflazioa murriztea da helburua. Inhalagailuekin oso garrantzizkoa da iraunkor izatea eta ondo sentitu arren erabiltzea, sintomak arindu eta epe luzera okerrera egitea prebenitzen baitute.

Inhalagailuak pertsonaren eboluzioaren arabera egokitzen dira eta dispositibo desberdinetan eskura daitezke. Pazienteak jakin egin behar du nola funtzionatzen duten kontsulta utzi aurretik. Hori oso garrantzitsua da, inhalazio-teknika behar bezala burutzen ez bada medikamentua ez baita biriketara iritsiko, eta ez du efekturik izango.

Ohi denez, medikuek erreskate- edo arintze-inhalagailuak agindu ohi dituzte, propio erabiltzekoak agerraldi horietarako, sintoma gehiago agertzen direnean eta tratamendu estra bat behar denean.

Gaixotasunaren tratamenduan antibiotikoak edo antiinflamatorioak ere erabil daitezke, pazientearen eta bere eboluzioaren arabera.

Azken urteetan, teknika kirurgiko batzuek hobetu egin dituzte BGBK duten pazienteen itxaropenak: bolumena murrizteko kirurgia, birika-enfisema kasu batzuetan aplikatzekoa, eta ezaugarri espezifiko jakin batzuk dituena; eta birika-transplantea, gaixotasuna oso aurreratua duten paziente batzuentzat egokia.

Beste neurri EZ FARMAKOLOGIKOAK

BGBKren tratamenduan oso garrantzitsua da tratamendu farmakologikoa beste neurri EZ FARMAKOLOGIKO batzuekin batera hartzea, horien artean:

  • Dieta: BGBK duten pazienteak gainpisu- edo desnutrizio-arazoekin erlazionatu ohi dira. Hortaz, garrantzizkoa da dieta bat mantentzea, paziente bakoitzari egokitua. Garrantzizkoa da:
    • 5-6 otordu/egun egitea.
    • Kantitate txikiak jatea eta erraz murtxikatzeko modukoak, itolarria saihesteko.
    • Gasak sorrarazten dituzten janariak saihestea.
    • Gantz asegabeetan aberatsa den dieta.
  • Jarduera fisikoa: BGBK duten paziente gehienek gutxitu egiten dute jarduera fisikoa eta bizi-estilo sendentarioa eramaten hasten dira nekea eragozteko. Jarduera fisikoa gutxitzeak ondorio negatiboak ditu bizi-kalitatean eta gaixotasunaren eboluzioan; ahuldu egiten ditu muskuluak, handitu egiten da nekea eta exazerbazioen arriskua. Ariketa fisikoa erregulartasunez egitea gomendatzen da: ibiltzea edo bizikleta estatikoa erabiltzea 30 minutu/egun, eta gorputz-adarren luzatze eta sendotze ariketak egitea.

Pertsona bat bi segundu arnasa hartu eta lau segundo arnasa botatzen erakusten digun irudia

Gainera, arnasketa-ariketak egitea gomendatzen da: sudurretik airea hartzea eta ahotik botatzea, ezpainak erdi itxita edo izurtuta ditugula (kandela bat itzaltzen ariko bagina bezala), horrela lagundu egiten baitiogu birikari osorik hustea.

Sintomen eraginez ariketa fisikoa gutxitzen denean, eta goian adierazitako gomendioak nahikoa ez direnean sintoma horiek hobetzeko, arnasketarako errehabilitazio-programak daude, sintoma horiek, bizi-kalitatea eta ariketarako gaitasuna hobetzen laguntzen dutenak.

  • Gripearen eta pneumokokoaren aurkako txertoa: BGBK duten pertsonetan gripearen aurkako txertoa urtero hartzea gomendatzen da, gaixotasuna har ez dezaten, edo gutxienez, larritasun-maila txikiagoa izan dadin. Horrekin saihestu egiten ditugu konplikazioak, gripeak erasandakoan larriak izan daitezkeenak.

Gomendatzen den beste txerto bat pneumokokoaren aurkakoa da, pneumonietan eta arnasbideetako infekzioetan esku hartzen duen bakterioaren aurkakoa, alegia. Txerto horrekin immunitatea ematen zaie pazienteei, eta bakterio horrek sorrarazitako infekzioak saihestu daitezke horrela.

  • Oxigenoterapia: Gaixotasunak aurrera egiten duenean, gerta daiteke arnastutako airea nahikoa ez izatea odolean oxigeno-maila egokiak mantentzeko. Hori gertatuz gero, oxigeno-tratamendua hasi behar da sintomak eta epe luzerako biziraupena hobetzeko. Gutxienez 16 orduz erabili behar da egunean eta loaldian mantentzea gomendatzen da.
  • Aireztapen mekanikoa: Gaixotasuna aurreratuta duten pazienteetan edo gaixotasunaren ezaugarriengatik hautatu diren horietan, birikak ez dira gai oxigenoa erabili ondoren sortutako gas karbonikoa kanporatzeko. Horrek behartu egiten du etxean haizagailuekin tratamendua hastera, gas horiek kanporatzen laguntzeko. Haizagailu horiek sudur/aurpegi maskara baten bitartez airea sartzen dute biriketan, pazientearen arnasketarekin sinkronizatuta.

Maiz egiten diren galderak

Prebenitu daiteke BGBK?

BGBKren eragile nagusia tabakoa da; hortaz, ez erretzeak edo tabakoa lehenbailehen kontsumitzeari uzteak saihestu egin dezake gaixotasuna garatzea. Gaixotasuna ezarrita dagoen kasuetan, utzi egin behar zaio erretzeari gaixotasunaren aurrerabidea geldiarazteko.

Noiz hartu behar dira gaixotasunari buruzko susmoak?

Arrisku-faktoreak dituzten pazienteen kasuan hartu behar dira susmoak, batez ere erretzaileak direnean, disnea edo itolarria, eztula edo espektorazioa bezalako sintomak dituztenean. Gaixotasunaren detekzio goiztiarra garrantzizkoa da hasierako agerraldietan ?arinagoak direnetan? detektatu ahal izateko.

Erre al dezaket zigarro bat bakarrik?

Ez. Zigarro bakar batek ere kalte egiten dio zure osasunari. Gainera, beste hainbat gaixotasunekin erlazionatzen da: bihotz-infartua, biriketako minbizia, eztarrikoa, maskurikoa…

Zergatik ez didate oxigenorik jartzen itolarria sentitzen dudanean?

Itolarriaren sentsazioak ez du esan nahi oxigenoa behar duzunik. Odolean oxigeno-maila baxua duzunean bakarrik behar izango duzu.

5) Izan al ditzaket sexu-harremanak?

Bai. Gaixotasunaren larritasun-mailaren arabera, neurri batzuk hartu beharko dira, esaterako, jarrera erosoak hartzea sintoma gutxiago izateko, erreskate-medikazioa hartzea harremanak izan aurretik edo oxigenoa erabiltzea ere, behar izanez gero.

Gaixotasuna dagoeneko baldin badaukat, noiz kontsultatu behar diot osasuneko profesionalari?

BGBK gaixotasun kroniko eta progresibo bat da, baina bere eboluzioan okerragotze agerraldiak egon daitezke, exazerbazioak deitzen zaienak. Agerraldi horien ezaugarriak hauek dira: sintomek okerrera egitea, ohi denez tratamendua egokitu behar izango dela kontuan hartuta; eta ospitaleratzea, kasu akutu edo larrienetan.

Beharrezkoa da paziente bakoitzak bere ohiko sintomak ezagutzea egonkorrak direnean, horrela aldaketa horiek detektatu ahal izateko eta, behar izanez gero, osasun-arloko profesionalari kontsultatzeko.

Okerragotze sintomak baldin badaude, komeni da lasaitasuna ez galtzea eta erreskate-medikamentua hartzea. Jarduera fisikoa gutxitzea, likidoak edatea eta tenperatura hartzea. Hasierako neurriekin eta erreskate-medikazioarekin hobekuntzarik ez badago, kontsultatu egin behar da.

Ondoko sintoma edo seinale hauek izanez gero, kontsultatu egin behar da:

  • Sukarra 38ºC-tik gora.
  • Erreskate-medikazioarekin eteten ez den nekea eta handitzen doana.
  • Hanketako hantura.
  • Desorientazioa edo lo geratzeko joera.
  • Mina bularraldean.

Bidaian joan naiteke BGBK baldin badut?

Orokorrean BGBK duten pazienteak bidaian joan daitezke, baina aurretik kontsultatzea gomendatzen da, bereziki bidaia hegazkinez egiten bada edo garaiera handiko lekuetara egiten bada. Bidaia aurrerapenarekin antolatu behar da, eta oporraldietan eskueran eduki behar da ohiko medikazioa.

Oxigenoa erabiliz gero, enpresa hornitzailearekin jarri behar duzu harremanetan bidaia antolatzeko eta helmugara iristean oxigenoa eskuragarri izateko.

Azken aldaketako data: