Biriketako minbizia
Zer da
biriketako minbizia?
Biriketako minbizia sortzen da biriketako ohiko zelulak anormal bilakatu eta kontrolik gabe hazten direnean (behar baino gehiago ugaritzen direnean). Tumore horiek hazten direnean, biriketatik hurbil eta urrun dauden organoak inbaditzeko gaitasuna izaten dute (urruneko organoak inbaditzen dituztenean, metastasi esaten zaio). Biriketako zenbait minbizi-mota daude. Batzuk beste batzuk baino askoz ere azkarrago hazten dira. Europan eta Estatu Batuetan, biriketako minbizia heriotza-kausa nagusia da gizon eta emakumeetan.
Biriketako zenbait minbizi-mota daude, eta bakoitza modu batera hazi eta barreiatzen da eta modu batera tratatzen da. Tratamendua jartzeko, halaber, estadioa edo minbizia zein aurreratuta dagoen aintzat hartzen da. Tratamenduak kimioterapia, erradioterapia eta kirurgia izan ditzake.
Informazio gehiago:
Ezagutzen du nola funtzionatzen duten birikek eta birika-minbiziko tipo desberdinek.
Sintomak
Baliteke biriketako minbizi hasiberriak sintomarik ez eragitea, eta, hori dela eta, askotan, biriketako minbiziaren diagnostikoa beste motiboren batengatik bularraldearen erradiografia egin ondoren ematen da. Jarraian, biriketako minbiziaren sintoma ohikoenetako batzuk jaso dira:
- Eztul iraunkorra
- Arnasa hartzeko zailtasuna
- Txistuan edo eztulean odola botatzea
- Errepikazko pneumoniak
- Pisua eta/edo jateko gogoa galtzea
- Nekea
- Ahots zakarra
- Betazal eroria
- Buruko mina eta aurpegia, besoak edo sama handituta
Sintoma horiek biriketako minbiziaz bestelako pairamenek ere ekar ditzakete. Nolanahi ere, sintoma horiek badituzu, medikuari edo erizainari eman horien berri.
Diagnostikoa
eta proba osagarriak
Ba al dago biriketako minbizia detektatzeko probarik?
Bai. Medikuak biriketako minbizia izan dezakezula susmatzen badu, lehenengo toraxaren erradiografia egingo dizute. Toraxaren erradiografian asaldurik ikusten bada edo lesio susmagarririk antzematen bada, beharbada beste proba batzuk egingo dizkizute hura egiaztatzeko (detekzio azkarreko protokoloa jarriko da martxan: MINBIZI), esaterako:
- Odol-probak (tumore-markatzaileetarako odol-analitika)
- Eskanerra (OTA bezalakoa da) edo positroi-igorpenezko tomografia bat (PET, ingelesez): horiek irudi-ikerketak dira eta gorputzaren barneko irudiak erakusten dituzte. Tumoreak edo formazio anormalak erakuts ditzakete.
- Biopsia: birikeko ehunaren lagin txikia hartzea. Gero, lagina mikroskopioarekin aztertzen da, minbiziaren zantzuak bilatzeko. Zenbait modutara egin daiteke: Bronkoskopia biopsiarekin konbinatuta, Biriketako biopsia OTA bidez gidatutako ziztadarekin, Hestegorriaren ultrasoinu endoskopikoa (EUS, ingelesez) biopsiarekin, Mediastinosopia biopsiarekin, Biriketako biopsia kirurgikoa (kirofanoan) eta pleurako biopsia.
- Bronkoskopia: proba honetan optika bat sartzen da sudur-barrunbeetatik edo ahotik, airearen bidearen barnealdea aztertzeko. Batzuetan, lesio susmagarriak ikusten badira, biopsia egiteko aprobetxa daiteke.
Egin beharreko probez gainera, medikuak azterketa fisikoa egingo du eta historia klinikoari buruzko galdera batzuk egingo dizkizu. Erretzen duzun galdetuko dizu. Hala bada, zenbat erretzen duzun eta zenbat denboraz erre duzun galdetuko dizu. Halaber, biriketako minbizia izateko arriskuan jarri zaituzten beste egoera batzuei buruz ere galdetuko dizu, besteak beste, kimikoren baten eraginpean egon ote zaren.
Zer da biriketako minbiziaren estadifikazioa?
Minbiziaren estadifikazioa metodo bat da, medikuek minbizia zer neurritan sakabanatu den zehazteko. Estadifikazioak tratamendua eta segimendua gidatzen laguntzen du, eta pronostikoaren ikuspuntutik medikuari espero dezakeenaren zantzua ematen dio.
Minbiziaren estadifikazioa metodo bat da, medikuek minbizia zer neurritan sakabanatu den zehazteko
Prebentzioa
Biriketako minbizia saihesteko modurik onena ez erretzea da. Erretzen dutenek erretzen ez dutenek baino askoz ere aukera gehiago dituzte minbizia izateko. Erretzen baduzu, biriketako minbizia izateko arriskuak murriztu ditzakezu, erretzeari uzten badiozu.
Zigarretak erretzea da minbizi-mota horren kausa nagusia. Egunean zenbat eta zigarreta gehiago erre eta zenbat eta lehenago hasi erretzen, biriketako minbizia izateko arriskua orduan eta handiagoa izango da. Kutsadura-, erradiazio- eta asbesto-maila handien eraginpean egoteak ere areagotu egin dezake arriskua. Ez dago mundrun gutxiko zigarretak erretzeak arriskua gutxitxen duelako ebidentziarik. Biriketako minbiziak, halaber, sekula erre ez duten pertsonetan izan dezake eragina. Tabakismo pasiboak ere (beste batzuen kea arnastea) biriketako minbizia izateko arriskua areagotzen du.
Honako faktore hauek biriketako minbiziaren arriskua areagotzea ekar dezakete:
- Asbestoaren eraginpean egotea
- Kimiko kantzerigenoen eraginpean egotea, besteak beste, uranioa, berilioa, binil kloruroa, nikel kromatoak, ikatz produktuak, ziape-gasa, eter klorometilikoak, gasolina eta diesel-erregaiaren produktuak
- Radon gasaren eraginpean egotea
- Biriketako minbiziaren familia-aurrekariak izatea
- Airearen kutsadura-maila altuak
- Artseniko-maila altuak edateko uran
- Erradioterapia biriketan
Prebentzioa
Erretzen baduzu, orain da uzteko unea. Erretzeari uzteko arazoak badituzu, hitz egin zure medikuarekin. Metodo ugari daude zigarreta uzten laguntzeko: laguntza-taldeak, errezetatzeko medikamentuak etab. Gainera, saiatu beste inoren kea ez arnasten (tabakismo pasiboa).
Tratamenduak eta zaintzak
Zuretzako tratamendu egokia, zati batean, biriketako minbiziaren estadioaren araberakoa izango da. Halaber, daukazun minbizi-motak ere eragingo du, bai eta adinak eta bestelako osasun-arazoek ere. Biriketako minbizia duten pertsona gehienek tratamendu hauetako bat edo gehiago hartu behar dituzte:
- Kirurgia: Kasu batzuetan, biriketako minbizia kirurgiaren bidez trata daiteke, minbizia kentzeko. Kirurgia horiek, oro har, azterketa gehiago behar dituzte, tumorea kokatzen den birikaren zatia kentzea posible dela eta, horrela, nahikoa birika-edukiera uzten dela ziurtatzeko.
- Erradioterapia: Erradioterapiak zelula minbizidunak hiltzen ditu.
- Kimioterapia: Kimioterapia da medikuek zelula minbizidunak hondatzen dituzten sendagaiak izendatzeko erabiltzen duten terminoa.
- Terapia gidatua: Sendagai batzuek ezaugarri berezi batzuetako minbizi-motetan baino ez dute funtzionatzen. Baliteke zure medikuak tumorearen proba egitea, sendagai horiei erantzuten dien biriketako minbizi-mota duzun egiaztatzeko.
- Immunoterapia: Medikuek termino hau minbizia gehiago haz ez dadin infekzioen aurka borrokatzeko organismoaren sistemarekin lan egiten duten sendagaien kasuan erabiltzen dute.
Biriketako minbizia duten pertsonek daukaten edozein sintomatarako ere tratamendua jasotzen dute. Esaterako, biriken inguruan likidoa metatu eta arnasteko arazoak badituzu, medikuak likidoa draina dezake, errazago arnasten laguntzeko.
Zer gertatzen da tratamenduaren ondoren?
Minbizi-mota batzuetarako, tratamenduak iraupen mugatua du. Beste batzuen kasuan, tratamendua etengabea da. Kontrolak egingo dizkizute, tarte erregularretan, biriketako minbiziaren tratamendua amaitu ondoren berriro agertzen den detektatzeko edo tratamendua hartuta ere hazten den ikusteko. Oro har, segimendu-probak azterketak, toraxaren erradiografiak edo OTAk izaten dira, beste prozedura batzuen artean. Halaber, erne egon behar duzu, sintoma horietakoren bat ote duzun; izan ere, berriz ere edukiz gero, horrek esan lezake minbizia bueltatu dela edo hazi egin dela. Sintomarik baduzu, eman zure medikuari edo erizainari horren berri.
Zer gertatzen da biriketako minbizia berriro agertzen bada edo hazten bada?
Biriketako minbizia berriro agertu edo hazten bada, beharbada tratamendu osagarria jaso beharko duzu, aurreko aukeretako bati edo gehiagori jarraikiz.
Zer gehiago egin behar dut?
Garrantzitsua da medikuen jarraibide guztiak betetzea, kontsulta eta probei dagokienez. Halaber, garrantzitsua da zure medikuari tratamendua jaso bitartean duzun bigarren mailako edozein ondorioren edo arazoren berri ematea.
Biriketako minbiziaren tratamenduan, erabaki ugari hartu behar dira, besteak beste, zer tratamendu-mota egingo den eta noiz egin. Hitz egin beti zure mediku eta erizainekin, tratamenduarekin nola sentitzen zaren erakusteko.
Gaixotasunak eragindako estresa arintzeko, minbizirako laguntza-talde batean sartzeko aukera dago. Esperientziak eta arazo komunak dituzten beste pertsona batzuekin partekatzeak bakarrik ez egoten lagun zaitzake. Toki-mailan, Paziente Bizia programan sar zaitezke edo AECCn eta, nazio-mailan, AEACAPen (Biriketako Minbizidunen Espainiako Elkartea).
Egileak
- Jon Zabaleta. Toraxeko kirurgialaria.
Donostialdeako ESIko Toraxeko Kirurgia Zerbitzuko ondokoa - José Miguel Izquierdo.
Toraxeko kirurgialaria. Donostialdeako ESIko Toraxeko Kirurgia Zerbitzuko burua - Borja Aguinagalde Toraxeko kirurgialaria.
Donostialdeako ESIko Toraxeko Kirurgia Zerbitzuko ondokoa - Iker López.
Toraxeko kirurgialaria. Donostialdeako ESIko Toraxeko Kirurgia Zerbitzuko ondokoa - Arantza Fernandez-Monge.
Toraxeko kirurgiako egoiliarra. Donostialdea ESI
Azken aldaketako data: