Bizkarreko mina

Zer da bizkarreko mina?

Bizkarreko mina oso ohikoa da. Herritarren % 80k du bizitzan zehar bizkarreko min bizia. Min gehienak onberak dira eta berez desagertzen dira.

Kontsultatu medikuarekin bizkarreko mina baldin baduzu, honako baldintza hauetan:

  • Lepo edo bizkarreko mina lehenengo aldiz edukitzean, lepoko edo bizkarreko gaitza dela egiaztatzeko.
  • Zeinu neurologikoak baldin baditu: hanketako indarra nabarmen murriztea, zona genital eta perineoan sentiberatasuna galtzea, txiza edo kaka egitean kontrola galtzea edo hatzetako mugikortasuna fina nahastea.
  • Arrazoirik gabeko sukarra baldin baduzu.
  • Aurrerantz zertxobait makurtzeko gai ez bazara.
  • Jarrera aldatuta ere aldatzen ez den mina baldin baduzu, bereziki gauetan, 14 egun baino gehiago irauten badu edo, osteoporosia duten gaixoetan, erorketa edo traumatismo baten ondoren agertzen den mina bada.
  • Gorputzeko pisua ehuneko 10 edo gehiago arrazoirik gabe galtzen bada.

Bizkarreko minaren irudia

Bizkarreko mina asko aldatzen da eta faktore ezberdinek eragiten dute; kasu gehienetan, hala ere, ez da min bakarra izaten eta hainbat lesiorekin lotuta kaltetzen da, esaterako, muskulu-kontraktura, nerbio-konpresio minduak, etab. Ez dira min puruak, hainbat faktoreren nahasketa baizik.

Gehien erabili ohi diren hitzak honako hauek dira:

  • Zerbikalgia: zerbikalen gunean kokatutako mina.
  • Dortsalgia: dortsalaren gunean kokatutako mina.
  • Lunbago edo lunbalgia: gerrialdean kokatutako mina.
  • Ziatika edo ziatalgia: hankatik zabaldutako mina, ziatika-nerbioaren ibilbidea dela eta.
  • Lunboziatika edo lunboziatalgia: aurreko biek eragindako mina.

Bizkarrezurraren anatomia

  1. Ornoak:
    • 7 lepaorno, C1etik C7ra.
    • 12 bizkar-orno, D1etik D12ra.
    • 5 gerri-orno, L1etik L5era.
    • Sakroa, fusionatutako 5 ornoz osatua, S1etik S5era.
    • Kokzixa.
  2. Ornoarteko diskoak:
    • Orno-atalen artean kokatuta daude eta arintzeko funtzioa egiten dute. Annulus deitutako gune periferiko bat du, eta beste bat erdigunean, nukleo mamitsu deitutakoa. Annulus hori hausten denean, nukleoa kanpora irten daiteke, eta hernia diskala sortu.
  3. Atzealdeko aldeak edo artikulazioak:
    • Orno bakoitza beheko eta goiko ornoarekin artikulatzen da, horien atzeko bi artikulazio txikiren bidez, aldeak deitutakoak.
  4. Bizkar-muina eta zaldi-buztana:
    • Bizkar-muina L1-L2 gerrialdean amaitzen da eta kanal neuraletik jarraitzen du, bizkarrezur-nerbio gisa. Nerbio horien taldeari “zaldi-buztana”· deitzen zaio.
  5. Nerbio-sustraiak:
    • Burezurraren espaziotik eta C1 lehenengo lepaornora arte, sakrora arte, nerbio-sustraiak ateratzen dira, banan-banan, eskuin eta ezkerretik, bi orno bakoitzen arteko zuloetatik. Orno bakoitza ateratakoan, bi adar ematen dituzte, bata, txikia, atzerantz, eta bestea, handia, aurrerantz. Azken horiek gune zerbikalean batzean beso eta gorputz-enborrera doazen nerbioak osatuko dituzte, eta gerrialdean hanka eta genitaletara doazenak (nerbio kruralak, ziatikoa, nerbio pudendoa…)

Nerbio-sustraien irudia

  1. Lotailuak: Ornoak elkarren artean eta artikulatzen diren hezurrekin lotzen dituzte: saihets-hezurrak, bularrezurra, sakroa, pelbisa…
    • Aurreko eta atzeko luzera-lotailuak.
    • Lotailu horiak.
    • Ornoarteko eta orno gaineko lotailuak.
    • Lotailu ileo-lunbarrak, sakro tuberkuludunak… Eremu horietan min-guneak agertzen dira.
  2. Muskuluak:
    Gorputzaren mugimenduak egiteaz gain, bizkarraren kasuan, muskuluek bizkarrezurra egonkor mantendu eta mugimenduarekin gertatzen diren oreka-aldaketak arintzen dituzte.
    Hori dela eta, garrantzitsua da muskulatura egoera onean mantentzea. Muskuluak indartsuak direnean, orno, artikulazio, disko eta abarretan gertatzen diren aldaketetara egokitu daitezke. Aldiz, muskulaturaren funtzionamendu desegokiak lepo eta bizkarreko minen % 90 eragiten du.
    Hainbat muskulu-taldek egiten dute lan koordinatuta: bizkarrezurrekoak, abdominalak, gluteoak, iskiotibialak, aduktoreak, psoas, bularrekoak, trapezioa…

Bizkarrezurraren funtzioak

Bizkarrezur lunbarrak hiru funtzio nagusi ditu:

  • Gorputza tente mantentzea: Buruaren, goiko gorputz-adarren eta enborraren pisuari eutsi eta hanketara helaraztea.
  • Mugimendua ahalbidetzea: Horregatik ditu 33 orno, bata bestearen gainean eta elkarri artikulatuak.
  • Orno-muina babestea, ornoek beren erdigunean duten zulotik doana, bertan dago kanal medularra.

Diagnostikoa eta proba osagarriak

Historia klinikoa

Diagnostikoaren oinarria da, eta haren atalik garrantzitsuena.

Zer da mina eragiten duena; nolakoa da mina eta zerk arintzen du, noiz eta noiztik, eta non dago mina; horiek dira diagnostiko zuzen baten funtsezko alderdiak. Familia-medikua edo gerriko minean espezialista den medikua gai izango dira sintomak eta zeinuak behar bezala bideratzeko eta diagnostiko probable bat egiteko.

Ondoren, proba osagarriek (hiperesteka DL-14ra) (irudi bidezkoak, laborategikoak, elektromiografikoak…) diagnostiko hori baieztatzen edo beste batzuk baztertzen lagunduko dute.

Garrantzitsua da prozesu hori ez alderantzikatzea, gaixorik ez dauden pertsonak gaixo bihur baititzakegu. Ez da gauza bera erresonantzia magnetikoan hernia diskalaren irudia izatea eta benetan hernia diskalak jota egotea.

Historia klinikoan —elkarrizketa eta miaketa—, hasieran baztertzen dira gaixotasunik garrantzitsuenak:

50 urte baino gehiago badituzu

  • Etengabeko mina, jarrera aldatuta ere mantentzen dena.
  • Pisua galdu baduzu (ehuneko 10 edo gehiago) eta analgesikoak hartu arren mina areagotzen ari bada.
  • Zeinu neurologikoak baldin badituzu: hanketako indarra nabarmen murriztea, zona genital eta perineoan sentiberatasuna galtzea, txiza edo kaka egitean kontrola galtzea edo hatzetako mugikortasuna fina nahastea.
  • Beste ezeri lotutako sukarra baldin baduzu.

Proba osagarriak

Proba osagarriek gorputzaren irudikapena eskaintzen digute. Ez dago % 100 fidagarria den probarik, hau da, akatsik gabeko diagnostikoa ematea. Batzuetan, berez existitzen ez diren nahasmenduak ikus ditzakegu, eta beste batzuetan, existitzen diren gaixotasunak ez ikusi.

Proba batzuk (sentiberenek) gaixotasunak baztertzeko aukera ematen digute. Beste batzuk, aldiz, espezifikoenek, gaixotasunak egiaztatzeko aukera ematen dute.

Irudi bidezko probak

  • Erradiografia (X izpiak)

    Erradiografia irudia

    Gaixotasunaren hasierako faseetan egin daitekeen proba erraz, merke eta ez inbaditzailea da. Erabilitako X erradiazioa du arazo. Balio du, bereziki, hezurren antolamendua ebaluatu eta hezurren hausturak, fisurak eta desplazamenduak hautemateko. Ehun bigunak zeharka behatzeko ere aukera ematen du. Lehen mailako Arretan erabili eta kudeatu beharreko irudi bidezko lehenengo proba da.

    Erradiografia ohikoenak atzeko eta alde bateko anteroa dira. Hala ere, beste proba batzuk gaixotasun jakin batzuen kasuan laguntzen digute: erradiografia zeiharrak, dinamikoak, bending-ak…

  • TAC (Eskanerra)

    TAC irudia

    Proba ez inbaditzailea da, baina garestiagoa eta erradiografiak egitea baino zailagoa. Jasotzen den erradiazio-dosia (X izpiak) altua da. Hezurretako arazoak behar bezala diagnostikatzen ditu, baina gutxiago alboetako ehunak. Gaur egun, 3 dimentsiotako irudiak lor daitezke eta, horiei esker, ornoen egoera hobeto uler daiteke. Biopsiak, kultiboak eta horrelakoa lortzeko gida izan daiteke. Ospitaleko medikuak erabili ohi du.

  • Erresonantzia Magnetiko Nuklearra

    Erresonantzia Magnetiko Nuklearra irudia

    Proba ez da inbaditzailea eta ez ditu erradiazio ionizatzaileak erabiltzen (eremu elektromagnetikoa baino ez du igortzen) eta, beraz, ez da kaltegarria. Ehun bigunetako lesioak diagnostikatzeko sentiberatasun eta berariazkotasun maila altua ditu, hauek diagnostikatzeko, esaterako: hernia diskalak, infekzioak, tumoreak, besteak beste.

    Ehun bigun horiek hoberen ikusteko proba da. Hala ere, arazoa da positibo iker asko ematen dituela. Hau da, lesioak hautemanda ere, ez dira gaixotasunak, eta diagnostiko okerra egin eta behar ez diren tratamendu bortitzak egin daitezke. Adierazi gabeko erresonantzia egiteak ehuneko 400 hazten du beharrik gabe ebakuntza egiteko arriskua.

    Berau ospitaleko medikuak baino ez luke erabili behar, eta dagokion unean baino ez da erabili behar.

  • Gammagrafia.

    Gammagrafia irudia

    Gerrialdeko mina diagnostikatzeko oso proba sentibera da, erresonantzia magnetikoa bezain espezifikoa ez bada ere. Hezurreko infekzioak, hausturak, zanpaketak hauteman eta minbizi edo hezurretako metastasia baztertzeko aukera ematen du. Erradiofarmako bat erabiltzen da, zain batetik injektatu eta gorputz osoan barna banatzen da. Gammakamera baten bidez lortzen dira horiek non eta nola kokatu diren erakusten diguten irudiak. Erradiazio-dosiak oso txikiak dira eta ia kalterik gabeko probatzat hartzen da.

  • Bestelako irudi bidezko probak:

    Bestelako probak irudia

    Une jakinetan egiten diren proba bereziak dira, baina oso eraginkorrak izan daitezke: ekografiak, diskografia, mielografiak, gammatac, etab.

Laborategiko probak

  • Analisi orokorrak:

    Gaixotasun orokorrak diagnostikatzen laguntzen digute, eta oso garrantzitsuak dira gaixotasun infekzioso, erremautiko eta tumoraletan.

    Oinarrizko analisi horien baitan, honako hauek ditugu: oinarrizko biokimika (gluzemia, kreatinina), hemograma eta formula eta koagulazio-proba (garrantzitsua da beste proba edo tratamendu inbaditzailea egin behar badugu). Gainera, PCR eta VSG proba ere egingo dugu (infekzioak baztertzeko garrantzitsuak).

  • Berariazko analisiak:

    Hainbat gaixotasunek analisi-nahasmendu bereziak dituzte, eta horiek eskatu behar dira, susmoa baldin badugu.

    Adibidez, bruzelosi kasuan "Rosa de Bengala”, gaixotasun neoplasiko zantzuak badaude markatzaile tumoralak, HLA B27 espondilitis anquilopoyetikoan, etab.

Proba neurofisiologikoak

  • Elektromiografia:

    Elektromiografia irudia

    Nerbio periferikoak aztertu eta horiek estimulatzean muskuluen erantzuna aztertzeko aukera ematen du. Bizkarreko minaren kasuan, nerbio jakin bat kaltetuta dagoen eta duen lesio-maila jakiten laguntzen digu.

    Adibidez, L4-L5 guneko hernia diskalaren kasuan, ziatikoaren adarrari eragin dakioke, L5ari. Elektromiografiari esker, nerbio hori konprimituta ez dagoela jakin dezakegu eta, beraz, ondo dagoela, edo, aldiz, nerbioan nahasmenduren bat dagoen ikus dezakegu.

    Kalterik gabeko proba da, nahiz eta egitean deserosoa izan daitekeen. Oso proba espezifikoa da. Nerbioa kaltetuta dagoela adierazten badu, hala delako da.

Bizkarreko minaren sintomak

Min motak

Hainbat min mota daude. Garrantzitsua da mina nolakoa den jakitea, osasun-profesionalari diagnostikoa eta tratamendua errazteko.

  • Lokalizatua: nagusiki min mekanikoa da, hau da, mugitzean sentitzen dena. Disko eta fazetetan arazoak edukitzeagatik da ohikoa.
  • Barreiatua: Nerbio bat estutzean, nerbioaren ibilbidean barreiatzen den mina nabaritzen dugu. Min ziatikoa izan ohi da, hankan barna.
  • Erreferitua: Ginekologia, abdomen, giltzurrun, aldaka edo giltzadura sakroiliakoko gaixotasunen estimulazioz eremu lunbarrean egon daiteke mina.
  • Erlazionatua: Pertsona guztiek ez dute berdin sentitzen mina. Izan ere, arazo psikologikoek eta depresioek, farmakoak hartzeko ohiturak eta familia-, lan- edo gizarte-arazoek areagotu egin dezakete mina.

Min-ereduak

Mina garunak jasotzen dituen estimuluen erantzun konplexua da. Estimulu horien jatorriaren arabera, min-mota ezberdina izango da:

  • Diskogenoa: Ornoarteko diskoarena. Min mekaniko edo hanturazkoa da eta makurtzean okertzen da.
  • Fazetarioa: Atzeko giltzadura edo fazetarioena. Min mekanikoa da eta luzatzean okertzen da.
  • Erradikularra: Nerbio-sustraiena. Min narritatzailea da, ziatikaren ezaugarria.
  • Estenotikoa: Nerbio-sustraiak medularen kanalean estutzen direnean. Min narritatzailea da, hutsegite neurogenoa eragiten du, ibiltzean gelditu eta eseri beharra daukazu.
  • Beste batzuk.

Prebentzioa eta arrisku-faktoreak

Gerriko mina prebenitzeak funtsezko 3 oinarri ditu:

  • Gorputzez eta buruz aktibo mantentzea.

    Sedentarismoa ekidin eta geldi egotea murriztu behar dugu min akutua sentitzen dugunean: kontsolidazio-fasean haustura, muskuluak berriki lesionatzea, lotailuak…

    Ariketa fisikoari denboran eusteak onura asko ditu: zirkulazioa aktibatzen du, organo eta muskuluek jasotzen duten odola areagotzen da, egoera kardiobaskularra hobetzen du, hezurretako kaltzioa finkatzen laguntzen du, metabolismoa areagotu eta gainkarga kontrolatzen laguntzen du, animikoki hobetzen laguntzen du, etab.

    Onena da pertsonak gogoko duen jardueraren bat egitea. Alde batetik, epe luzera begira garatzen lagunduko duelako, eta horrela lortuko dira aipatu ondorioak. Beste aldetik, animikoki ondorio onuragarriak dituelako: erlaxazio sentsazioa, ongizatea, energia gehiago izatea…

  • Jarrera-higienea eta ergonomia

    Mugitzean gure gorputza nola kokatzen dugun jakitea da, jarrera estatikoetan gaudenean, pisuak jasotzen ditugunean, etab.

    Behar bezalako jarrera da pertsonak ahalik eta muskulu ahalegin txikiena eginda hartzen dena eta, aldi berean, traumatismo posibleak eusten dituzten egiturak babesten dituena.

    Ergonomiaren onurak honako kasu hauetan frogatu dira: jarrera berean luze egondakoan (bereziki, zutik), mugimendu errepikakorrak egitean eta etengabe pisuak kargatzean. Bestelako egoeretan ez da frogatu jarrera bat ala bestea edukitzeak bizkarreko osasuna hobetu duenik.

    Jarrera-higienearen oinarrietako bat da jarrerak maiz aldatzea, bereziki denbora luzez jarrera berean egoten bagara: lanean, ordenagailuaren aurrean, sofan… Hala, kargak gorputzaren alde ezberdinetan banatzen ditugu.

    Modu errepikakorrean pisuak jasotzen baditugu, gomendagarria da gorputzeko muskulu ezberdinak erabiltzea, hanketakoak eta besoetakoak esaterako, eta ez soilik gerrialdekoak. Komeni da karga gure gorputzetik ahalik eta gertuen egotea, eta enborraren errotazioa saihestea. Pisu horrekin egingo ditugun mugimenduetan, hankak mugituta egiten saiatuko gara: gorputz osoa mugitzea eta ez soilik enborra, belaunak makurtzea, maila batera igotzea…

    Enborra aurrerantz makurtzean, ahal bada, esku bat finkatuko dugu, gerrialdeko muskuluek egiten duten ahalegina arintzeko.

    Zutik egoteak, oin bat mailan, oin-aulkian, aulki batean finkatuko dugu, eta jarrera aldatzen joango gara: lehenik oin bat finkatuko dugu, ondoren aldatu eta azkenik bi oinak lurrean finkatuko ditugu. Oinak non jarri ez badugu, pisua lehendabizi hanka batean kargatuko dugu, ondoren besteak, eta, azkenik, bien gainean.

    Eserita gaudela, gerrialdean babes txiki bat edukitzea oso lagungarria izan daiteke. Pelbisa mugituko dugu, jarrera aldatu ezin dugun kasuetan, edo zutik ipini eta ibili egingo gara.

  • Muskulatura egoera onean mantentzea.

    Orokorrean, muskuluak uzkurtu eta zabaldu egin behar dira, egoera onean mantentzeko. Bizkar eta lepoaren kasuan, asko dira lotura eta eragina dutenak eta, hori dela eta, gorputz osoaren mugimenduak eragiten dituztenak oso onuragarriak dira.

    Muskulatura modu analitikoagoan landu nahi badugu, alde batetik, ahultasuna izateko joera duten muskuluak indartuko ditugu (esaterako, abdominalak). Beste aldetik, laburtzeko joera dutenak luzatzen saiatuko gara (bizkarrezurreko muskuluak, psoas, iskiotibialak edo aduktoreak).

Tratamenduak eta zaintzak

Osasun-profesional batek emandako informazio on batek asko lagundu dezake gaixotasuna ulertzen, bere bilakaera ezagutzen eta zalantzak eta okerreko usteak argitzen. Internet norberak bakarrik erabiltzeak nahasmena sor dezake aditu baten laguntzarik gabe. Eta alderantziz, aditu batek gidatuta kontsultatuz gero, oso baliagarria izan daiteke.

Beroa edo hotza tokian aplikatzea

Mina dugun gunean beroa edo hotza aplikatzea da. Beroaren kasuan, nahikoa da 40ºko tenperatura, eta efektua aregoatu daiteke ariketa egiten bada.

Hotzaren kasuan, gehiegi jartzea ekidin behar da, erredurak izatea ekiditeko.

Ez dago frogarik hotza edo beroa bakoitza noiz aplikatu behar den.

Norberak probatu behar du, ea beroak ala hotzak arintzen duen mina.

Dolor de espaldas

Ariketarik ez egitea gomendatzen den une bakarra da min akutua baldin badugu, edo min kronikoaren fase gogorrenetan.

Ariketa fisikoa

Minak eragiten duen ezintasuna hobetzen duela frogatu da, mina errepikatzeko arriskua murrizten duela eta, agertzen bada, minaren iraupena laburtzen duela.

Orokorrean, onuragarria da mina eragin edo areagotzen ez duen edozein ariketa egitea, ez badu gaitasun fisikoa gainditzen (muskularra eta kardiobaskularra).

Ariketarik ez egitea gomendatzen den une bakarra da min akutua baldin badugu, edo min kronikoaren fase gogorrenetan.

Zenbat ariketa fisiko egitea gomendatzen da?

OMEren gomendioak:

  • Astea, gutxienez, 150 minutuko ariketa fisiko moderatua egitea, edo astean ariketa fisiko bizia 75 minutu, edo ariketa moderatu eta biziaren artekoa.
  • Osasunarentzat onura handiagoak izateko, ariketa fisiko moderatuko 300 minutu egin behar dira astean, edo horren baliokidea.
  • Mugikortasun-arazoak dituzten pertsonen kasuan, ariketa fisikoa praktikatu behar dute, beren oreka hobetu eta erortzeak prebenitzeko, astean 3 aldiz gutxienez.
  • Muskuluak indartzeko ariketak astean 2 edo egun gehiagotan egin behar dira; hala, muskulu-talde nagusiak indartzen dira.

Masajea

Muskuluak erlaxatzea, ondorio analgesiko eta odol-fluxua hobetzen ditu.

Prozesu azpiakutu eta kronikoetan eraginkorra dela frogatu da (6 astetik gorakoetan) eta mina aldi batez lasaitzen dute.

Ez da guztiz frogatu kasu akutuetan duen eragina, ezta epe luzera mina desagertzea lortzen duenik ere.

Osasun-heziketa

Pazienteak bere osasunaren beraren gaineko ardura duela jakitea da, eta minari aurre egiteko ezagutzak eta trebetasunak bereganatzea.

Hainbat ikuspegi daude: bizkarreko eskola, minaren pedagogia, etab.

Paxak eta lepokoak

Inguratzen duten guneko muskuluen mugimendua eta lana murrizten dituzte (lepokoa edo gerrialdekoa).

Salbuespenezko kasuetan eta unean erabili behar dira, honako kasu hauetan:

  • Ornoak haustea edo zanpatzea.
  • Min akutuko kasuetan, pertsonak ahalik eta bizitza arrunt eta aktiboena egin ahal izateko.
  • Mina nabarmen areagotzen duten jarduera edo jarrerak egin behar direnean (adibidez, laneko ahalegin biziak edo bidaia luzeak jarrera estatikoetan).

Muskuluen tonua, koordinazioa eta masa galtzea eragiten dute. Hori dela eta, ahalik eta denbora gutxien erabili behar dira. Ikerketek frogatu dute ez direla eraginkorrak mina epe ertain eta luzera hobetzeko.

Farmakoak

  • Analgesiko ez opiazeoak (paracetamol, metamizol):

    Tratamenduaren hasierako ohiko farmakoak dira. Bigarren mailako ondorioen inguruko datu gutxi daude, baina ez dira oso ohikoak.

  • Antiinflamatorio ez esteroideak (ibuprofeno, aspirina, diclofenaco):

    Analgesiko ez opiazeoek baino eragin handiagoa dute.
    Bigarren mailako ondorio ohikoenak digestiokoak eta kardiobaskularrak dira.

  • Lasaigarri muskularrak:

    Ondorio analgesikoa erlaxazio muskularra baino handiagoa da. Bigarren mailako ondorioen artean daude logura eta gibeleko toxizitatea.
    Antiinflamatorioek baino eraginkortasun txikiagoa dute, baina lo egiteko arazoak dituztenentzat baliagarriak izan daitezke.

  • Kortikoideak:

    Muskulu barnetik injektatzen dira min bizia dagoenean, eta hanka edo besora barreiatzen da.
    Bigarren mailako ondorio ugari dituzte: kardiobaskularrak, digestiboak, endokrinoak…

  • Bigarren lerroko farmakoak (opiazeoak eta antidepresiboak):

    Aurrekoak indartzeko erabiltzen dira, mina ezin bada kontrolatu.
    Bigarren mailako ondorioak oso ohikoa dira, eta opiazeoen kasuan menpekotasuna ere eragin dezakete.

Elektroterapia (TENS)

Frekuentzia baxuko korrontea aplikatzen da ondorio analgesikoak lortzeko. Plazeboak baino eragin handiagoa du, baina iraupen laburra. Ez du bigarren mailako ondorio azpimarragarririk.

Neuroreflejoterapia (NRT)

Azalean material kirurgiko txiki bat ezartzen da. Ebidentzia zientifikoa duela frogatu da.

Bigarren mailako ondorioen kasuan azalean materiala kentzen da.

Tratamendu psikologikoa

Eraginkorrak direla frogatu da arreta kontzientea (edo mindfulness), tratamendu kognitibo konduktuala eta erlaxazioa./p>

Bereziki gomendatzen da minak eragin psikologiko nabaria duenean, minak eragiten duen baino mugikortasunaren ezintasun handiagoa dagoenean, edo pazienteak antsietate handiko pertsonalitatea duenean.

Infiltrazioak

Farmako bat (ohikoena kortikoidea) minak jatorria duen lekuan sartzea da.

Tratamendu kontserbadoreek ondorio desiragarria lortu ez dutenean proposatzen da, eta kirurgiaren aurreko tratamendu gisa.

Orokorrean, ez da gomendatzen hiru infiltrazio baino gehiago egitea gune berean.

Rizolisia

Substantzia kimikoen edo beroaren bidez ornoarteko diskoaren eta bizkarrezurraren giltzadurak biltzen dituzten nerbio txikiak suntsitzea da.

Kirurgia

  • Diszektomia eta microdiszektomia:

    Hernia sortutako ornoarteko diskoaren zati bat kentzea da. Hernia diskalak kirurgia behar duen kasuetan eraginkorra dela frogatu da. Ez da baliagarria etorkizuneko minak prebenitzeko.

  • Artrodesia:

    Giltzadura bat finkatzea da. Mugimendurik ez dagoenez, fusionatutako segmentuak ez du minik transmititzen. Aldiz, inguruko giltzadurek, mugikortasuna dutenek, artrodesatutako giltzaduraren mugimendu eza orekatu beharko dute.

  • Laminektomia:

    Ornoaren zati bat kentzea da (lamina). Bizkarrezurreko estenosia gertatzen denean edo estututako zuloa hautematen denean egiten da.

¿Qué otros aspectos del dolor de espalda deberías saber?

Bizkarraren aldizkako azterketak egin behar al ditut?

Ez da beharrezkoa, berau justifikatzen duten ondoez edo sintomarik ez baduzu.

Ikerketa zientifikoek frogatu dute hautemate goiztiarrak ez duela nabarmen areagotzen lepo edo bizkarreko mina izateko arriskua.

Eta osasun-langileek erabilitako tratamenduak ez dira eraginkorrak etorkizunean mina izateko arriskua murrizteko.

Hori dela eta, gomendagarriena da ariketa fisikoa egitea, muskulatura entrenatzea, eta mugitzen garen moduari erreparatzea, baita jarrera estatikoei ere.

Bizkarreko mina dudan bakoitzean atseden hartu behar al dut?

Atseden hartzea gomendagarria da min bizia izan eta mugimenduarekin areagotzen denean, eta ahalik eta gutxien egin behar dugu.

Mina eragin edo areagotzen ez dituzten ariketak egin behar ditugu. Adibidez, ibiltzean mina mantendu baino ez bada areagotzen, gomendagarria da ibiltzeari ez uztea.

Ariketa fisikoari esker, muskuluaren irrigazioa areagotzen da, eta muskuluek indarra eta tonua galtzea ekiditen da. Hala, minak gutxiago irauten du, baita horrek eragiten duen ezintasuna eta hori etorkizunean errepikatzeko arriskua ere.

Noiz jo behar dut medikuarengana bizkarreko mina dudanean?

Lepoak edo bizkarrak min egiten dizun lehenengo aldian, jatorria diagnostikatu eta gaixotasun orokorra dela baztertzeko.

Minak zeinu orokor edo sintoma neurologikoak dituenean:

  • Hanketako indarra nabarmen murriztea, zona genital eta perineoan sentiberatasuna galtzea, txiza edo kaka egitean kontrola galtzea edo hatzetako mugikortasuna fina nahastea.
  • Arrazoirik gabeko sukarra baldin baduzu.
  • Aurrerantz zertxobait makurtzeko gai ez bazara.
  • Jarrera aldatuta ere aldatzen ez den mina baldin baduzu, bereziki gauetan, 14 egun baino gehiago irauten badu edo, osteoporosia duten gaixoetan, erorketa edo traumatismo baten ondoren agertzen den mina bada.
  • Gorputzeko pisua ehuneko 10 edo gehiago arrazoirik gabe galtzen bada.

Hala ez bada, ez da beharrezkoa medikuarengana joatea honako kasu hauetan:

  • Aurrez eduki duzun minaren antzekoa bada, eta 14 egun baino gutxiago irauten baditu.
  • Ez ditu zeinu orokor ez neurologikoak.

Azken aldaketako data: