Bronkiolitis akutua
Bronkiolitis akutuaren inguruan
Zer da?
Bi urte baino gutxiagoko haurrei eragin ohi dien arnas infekzio bat da. Birus baten ondorioz, kaltetu egiten dira biriketako bronkio txikiak. Gehienetan, arnas birus sintzitialak eragiten du bronkiolitisa, eta epidemietan agertu ohi da, urritik martxora bitartean.
Zer sintoma eragiten ditu?
- Hasieran, katarro arruntaren sintomak agertzen dira: eztula eta mukiak. Sukarra ere ager daiteke.
- 2-4 egunen buruan, baliteke arnasa hartzeko zailtasuna agertzea; haurrak azkarrago arnasten duela eta jatea kostatzen zaiola nabarituko dugu halakoetan.
- Batzuetan, "txistu-hotsak" entzuten dira haurraren bularrean edo arnasa hartzeko zailtasuna antzematen zaio haurrari (arnasa hartzean, saihetsak hondoratzen ditu, edo sabela mugitzen).
Nola prebeni daiteke?
Arnas birus sintzitiala airearen bidez transmititzen da.
Eskuak sarritan garbitzea komeni da. Halaber, tabako-kea saihestu behar da, sintomak okertu baititzake.
Ahal dela, haurra ez da beste ume batzuekin kontaktuan egon behar (hau da, ez da haurtzaindegira joan behar prozesuak dirauen bitartean).

Tratamendua
Gaur egun ez dago bronkiolitisa sendatzeko medikamenturik. Zainketak sudurreko buxadura arintzera eta elikatzera bideratuko dira. Gomendioak:
-
Sudurra garbitzea, beharrezkoa denean. Batez ere hartualdien aurretik eta lotara joan aurretik.
Erraza da garbiketa egitea. Pediatrak edo erizainak azalduko dizu nola. Orokorrean, haurra saiheska jarri behar da, eta garbiketa-seruma edo -ura goian gelditzen den sudur-zulotik sartu behar zaio. Gero, beste aldetik egin behar da gauza bera.
Serumaren dosi bakarreko ontziaren erdia erabili behar da gutxi gorabehera sudur-zulo bakoitzean. “Presiopean” eman behar da, garbiketa eraginkorragoa izan dadin.
Mukien garbiketa eta xurgaketa nola egin eta horretarako beharrezko materialak zein diren azaltzen da bideo hauetan:
- Garbiketa gorabehera, uste baduzu haurrak arnasteko eta jateko arazoak dituela oraindik ere, baliteke mukiak xurgatzea ideia ona izatea. Ez tematu xurgaketarekin.
- Jarri haurra erdieserita, errazagoa izan dadin arnasa hartzea.
- Ohi baino gutxiago jaten badu, hartualdi txikiagoetan eskaini behar zaizkio elikagaiak eta edariak, aldi gehiagotan.
- Umeak sukarra badauka, parazetamola edo ibuprofenoa eman dakioke, pediatraren argibideei jarraikiz.
- Ez dira erabili behar antibiotikoak, eztulerako medikamentuak, ez eta sudurrerako tantak edo espraiak ere.
- Ez eman ez kolperik ez masajerik bularrean.
Noiz kontsultatu profesionalei?
Neurriak egokiak izan arren, bronkiolitisa okertu egiten da batzuetan, eta baliteke umea ospitalean ingresatu behar izatea arnasketa eta elikadura kontrolatzeko. Haurtxo txikienen artean edota arrisku-faktoreak dituztenen artean gertatzen da hori batez ere.
Sintoma hauetakoren bat agertzen bada, jarri pediatrarekin harremanetan:
- Gero eta txarrago hartzen du arnasa, edo gero eta bizkorrago.
- Arnasa hartzeari uzten dio segundo batzuez edo ezpainen kolorea aldatzen zaio (urdin-morea).
- Elikagaiak hartzeko zailtasunak ditu edo botaka egiten du.
- Ez du pardela bustitzen, eta ahoa eta mihia siku ditu.
- Ahul dago.
- Sukar oso altua du.
Azken aldaketako data: