C hepatitisa
- Gaixotasunari buruz
- Diagnostikoa
- Prebentzioa eta arrisku-faktoreak
- Tratamenduak eta zainketak
- Ohiko galderak
Zer da C hepatitisa?
Gibelari eragiten dion infekzio bat da, C hepatitisaren birusak sortua. Gibela mantenugaiak prozesatzen dituen eta bizitzeko beharrezkoa den organoa da; odola iragazi, eta infekzioen aurka borrokatzen du. Inflamazio edo kalteren bat sufrituz gero, haren funtzionamenduan ondorioak egon daitezke.
Lehenengo hilabeteetan, infekzioak ez du sintomarik eragiten, eta, eragiten baditu, ez-espezifikoak eta arinak izan ohi dira. Gainera, infektatuen % 15-50ek, gutxi gorabehera, berez ezabatzen du birusa organismotik; hau da, ez du tratamendurik behar izaten. Gainerako kasuetan, ez bada tratamendurik jartzen, birusak gibelaren inflamazio kronikoa eragiten du, eta, horrenbestez, C hepatitis kronikoa garatzen da.
C hepatitis kronikoak osasun-arazo larriak sor ditzake, hala nola zirrosia eta gibeleko minbizia.
Sintomak
Infekzioa hartzen duten pertsona gehienek ez dute sintomarik izaten, eta, agertzen direnean, ez-espezifikoak eta arinak izaten dira, hala nola nekea, ondoeza, goragalea edo gorakoa. Alegia, beste edozerk sor ditzakeen sintomak dira.
Diagnostikoa
C hepatitisa zure medikuak egingo dizun odol-analisi sinple baten bidez diagnostikatzen da.
Egoera hauetako batean bazaude, galdetu zure osasun-zentroko profesional sanitarioei C hepatitisaren probari buruz, garrantzitsua da eta:
- 1992. urtea baino lehen odol-transfusioren bat edo organo-transplanteren bat jaso bazenuen.
- 1980. urtea baino lehen ebakuntza kirurgikoren bat izan bazenuen.
- Drogak injektatu edo esnifatu badituzu inoiz, orratzak edo droga hartzeko beste materialen bat partekatuz.
- Tatuaje, piercing edo mikropigmentazioren bat egin baduzu, segurtasuneko arreta-neurriak betetzen ez dituen zentro batean.
- Gizona bazara eta beste gizon batzuekin sexu-harremanak izaten badituzu.
- Sexu-langilea bazara.
- Espetxeratuta egon bazara.
- GIBa (giza immunoeskasiaren birusa) edo B hepatitisaren birusa baduzu.
- C hepatitisa duen norbaiten bizikidea edo sexu-bikotekidea bazara.
Prebentzioa eta arrisku-faktoreak
Ez dago txertorik C hepatitisaren birusaren aurka
Hauek dira prebentzio-neurriak:
- Ez partekatu odolarekin (tanta gutxi batzuk badira ere) kontaktuan egon ahal izan den erabilera pertsonaleko artikulurik; adibidez, bizar-makinak, azazkal-moztekoak, hortzetako eskuilak, guraizeak, eta abar.
- Erabilera indibidualeko materiala erabili tatuajeak eta azal-zulaketak (piercingak) egiteko.
- Ez partekatu xiringarik edo drogak injektatzeko edo esnifatzeko bestelako tresnarik (erruloak).
- Erabili preserbatiboa, odola jariatzeko arriskua dagoen sexu-harremanetan
Tratamenduak eta zainketak
Gaur egun, badago C hepatitisa sendatzen duen tratamendu oso eraginkor bat.
Ahotik hartzen da, tolerantzia handia du, eta albo-ondorioak oso eskasak dira.
Tratamenduak, baina, ez ditu konpontzen birusak gibelari aurretik egindako kalteak; horregatik da hain garrantzitsua diagnostiko goiztiarra.
Gainera, posible da sendatuta zegoen pertsona bat berriro infektatzea C hepatitisaren birusarekin, arrisku-praktikak egiten jarraitu badu.
Ohiko galderak:
Zer da C hepatitisa?
Nagusiki gibelari eragiten dion infekzio bat da, gibelaren inflamazioa ekartzen du berekin, eta C hepatitisaren birusak sortzen du.
Nola transmititzen da C hepatitisaren birusa?
Odol infektatuarekin kontaktua izanda transmititzen da. Gaur egun, infekzio berriak hainbat arrazoirengatik gerta daitezke: drogak injektatzeko tresnak partekatzeagatik –batez ere xiringak–, gizonek gizonekin babesik gabe sexu-harremanak izateagatik, tatuajeak asepsia-baldintza egokirik gabe egiteagatik, eta langile sanitarioek beren burua ustekabean ziztatzeagatik.
Zer gertatzen da organismoan, pertsona bat C hepatitisaren birusak infektatzen duenean?
Infektatuen % 15-50ek berez ezabatzen du birusa organismotik; hau da, ez du tratamendurik behar izaten. Gainerako kasuetan, birusak gibelaren inflamazio kronikoa eragiten du, eta, horrenbestez, C hepatitis kronikoa garatzen da.
Paziente horietatik:
- Gehienek ez dute inoiz gibeleko lesiorik izango.
- Askok gibeleko gaixotasun arina edo moderatua soilik garatuko dute (sintomekin edo sintomarik gabe).
- Bostetik batek zirrosia garatuko du 20-30 urteko epean, eta horietatik gutxi batzuek gibeleko minbizia izango dute.
Ba al dago txertorik C hepatitisaren aurka?
Ez, ez dago txertorik C hepatitisetik babesteko; A hepatitisetik eta B hepatitisetik babesteko, aldiz, bai.
Nola EZ da transmititzen C hepatitisaren birusa?
Ez da arriskutsua C hepatitisaren birusaren eramaileekin bizitzea. Birusa ez da transmititzen eguneroko kontaktuaren bidez (doministiku egin, besarkatu edo musu eman), ez eta edalontziak, mahai-tresnak, eskuoihalak, maindireak, jantziak edo antzekoak partekatzeagatik ere.
Azken aldaketako data: