Diabetes mellitus motak
1 motako Diabetesa
I motako diabetesa garatzen da immunitate-sistemak intsulina sortzen duten pankreako zelulak suntsitzen dituenean. Eta, hormona hori gabe, glukosa ez da gorputzeko zeluletan sartzen eta odolean metatzen da.
Diabetesa duten pertsonen % 10ek I motako diabetesa dute, eta ohikoagoa da 30 urtetik beherakoen artean. Kasu gehienetan kausa nagusia ez da ezagutzen, baina badakigu osagai genetiko bat duela.
Sintomak
Sintomak ezustean eta intentsitate handiz agertu ohi dira, aste batzuen zehar. Hauek dira ohikoenak:
- Jateko gogoa handitzea (polifagia).
- Ohi baino egarri handiagoa (polidipsia).
- Gernu-egite sarria eta ugaria (poliuria). Gauekoa ere izan daiteke (nikturia). Haurtzaroan, pixa egiteko gogoa kontrolatzen badute ere, ohea busti dezakete.
- Pisua nahi gabe galtzea.
- Ahultasun-, neke- edo ahulezia-sentsazioa.
- Goragaleak eta gorakoak.
- Sabelaldeko mina.
- Ikusmen lausoa.
- Suminkortasuna edo bestelako aldaketak gogo-aldartean.
- Zetonek eragindako aldaketak hatsaren edo gernuaren usainean. Hori gertatzen da gorputzak intsulina nahikoa ez duenean eta, ezin duenez glukosa erabili energia lortzeko, gantzak kontsumituz egiten duenean.
Tratamendua
Tratamenduaren helburua da odoleko glukosa-maila normaltasunetik ahalik eta hurbilen egotea, eta, horrela, azukre-maila altuak (hipergluzemiak) modu jarraituan izateagatik sor daitezkeen konplikazioak saihestea edo atzeratzea.
Elikadura osasungarria izateaz gain, I motako diabetesa dutenek intsulina hartu behar dute egunero, hainbat injekzioren bidez. Behar den kantitatea odolean duen glukosa-mailaren (gluzemia), pisuaren, elikaduraren eta egiten duen jardueraren araberakoa izango da.

II motako Diabetesa
II motako diabetesean, pankreak intsulina sortzen du, baina gorputzak intsulina erabiltzeko erresistentzia du. Horren ondorioz, zelulek ez dute behar duten glukosa-kopurua jasotzen, eta, ondorioz, odolean metatzen da, hipergluzemia eraginez.
Motarik ohikoena da, diabetesa duten pertsonen % 90ek baitu. Tabakoaren kontsumoarekin, jarduera fisiko ezarekin eta gehiegizko pisuarekin lotuta dago. Gainera, hainbat arrisku-faktore dago, hala nola diabetesaren familia-aurrekariak eta haurdunaldiko diabetesa.
45 urtetik gorako pertsonek garatu ohi dute, baina gero eta ohikoagoa da lehenago agertzea. Aspaldi, gaixotasun hau batez ere zahartzearekin lotuta zegoen, baina obesitate-epidemia gero eta handiagoa denez, II motako diabetesa pertsona gazteengan agertzen ari da, baita haurtzaroan ere.
Euskadin, hamar pertsonatik batek du II motako diabetesa, gutxi gorabehera.
Sintomak
II motako diabetesaren sintomak, normalean, ez dira antzematen hasieran, eta baliteke ez agertzea ere. Beraz, gaixotasuna diagnostikatu arte, oharkabean glukosa metatzen da odolean. Horrek begiei, giltzurrunei, hankei edo bihotzari eragin diezaieke.
Sintomak odoleko glukosa-mailaren araberakoak dira, eta, agertzen direnean, hauek dira ohikoenak:
- Jateko gogoa handitzea (polifagia).
- Ohi baino egarri handiagoa (polidipsia).
- Maiz gernu egitea (polakiuria) eta/edo gernu-kantitate handiagoa (poliuria).
- Ahultasun-, neke- edo ahulezi-sentsazioa.
- Suminkortasuna edo bestelako aldaketak gogo-aldartean.
- Sorgortze- edo inurridura-sentsazioa eskuetan edo oinetan.
- Ikusmen lausoa.
- Gernuko, hortzoietako eta genitaletako infekzio sarriak.

II motako diabetesaren tratamendua
Tratamenduaren helburu nagusia da odoleko glukosa-mailak normaltasunetik ahalik eta hurbilen mantentzea, konplikazioak agertzea saihesteko. Horretarako, elikadura osasungarria izatea eta jarduera fisikoa erregulartasunez egitea gomendatzen da.
Gainera, pisua kontrolatzea funtsezkoa da. Gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonen kasuan, beren pisuaren % 5 eta % 10 bitartean galduz gero, gluzemiak behera egiten du. Horrekin batera, kolesterol- eta triglizerido-mailak, bai eta arteria-tentsioaren zifrak ere hobetzen dira.
Bestalde, funtsezkoa da erretzeari uztea eta hipertentsio arteriala eta kolesterol eta triglizeridoen maila altuak kontrolatzea.
Medikazioaren erabilera
Bizimodu osasungarriaren bidez ez bada lortzen gluzemia egokia mantentzea, baliteke medikazioa erabili behar izatea. Medikazioak gorputzak sortzen duen intsulinaren efektua hobetu dezake, edo pankrea estimulatu, intsulina gehiago sor dezan. Noizean behin, farmako horiek nahikoak ez balira, intsulina preskribatu beharko litzateke.
Haurdunaldiko diabetesa

Haurdunaldiko diabetesa, izenak dioen bezala, haurdunaldian agertzen da , gaixotasun hori inoiz izan ez duten emakumeetan. Hori gertatzen da amaren organismoak ez duelako behar adina intsulina sortzen haurdunaldian. Ondorioz, odoleko glukosa-maila ohi baino handiagoa da. Haurdunaldiaren bigarren eta hirugarren hiruhilekoen artean agertu ohi da, eta normalean erditu ondoren desagertzen da.
Badira haurdunaldiko diabetesa garatzeko joera sustatu dezaketen faktore batzuk, hala nola haurdunaldian pisua gehiegi handitzea, gehiegizko pisua eta obesitatea, hipertentsio arteriala, 35 urte baino gehiago izatea eta diabetesaren familia-aurrekariak izatea.
Izan ditzakeen ondorioak
Haurdunaldiko hipergluzemiek amari zein fetuari eragin diezaiekete. Faktore horiek honako aurrejoera hauek eragiten dituzte: amak zein haurrak bizitzan obesitatea eta II motako diabetesa garatzea, amak haurdunaldian hipertentsioa izatea eta, jaiotzean, haurrak arnas- arazoak izatea edota 4 kilogramo edo gehiago pisatzea (makrosomia), erditzea zailduko lukeena.
Sintomak
Haurdunaldiko diabetesak ez du sintomarik eragiten, edo sintoma horiek haurdunaldiari lotutako egoera normalarekin nahasi ohi dira. Sintomak agertzekotan, ohikoenak pixa egiteko beharraren, gosearen edo nekearen maiztasuna handitzea dira.
O 'Sullivan testa eta diagnostikoa
Gaixotasuna baztertzeko, proba bat egiten da haurdunaldiaren 24. eta 28. asteen artean, edo lehen hiruhilekoan, arrisku-faktoreak egonez gero (hala nola 35 urte baino gehiago, obesitatea edo aurretiko haurdunaldiko diabetesa izatea, besteak beste).
Baheketa-proba horri O'Sullivan testa deritzo, eta 50 gramo glukosa duen jarabe bat50 gramo glukosa duen jarabe bat edatean eta ordubete geroago odola ateratzean datza. Emaitza alteratuta ateratzen bada, bigarren proba bat egin beharko da gaixotasuna duzula baztertzeko edo berresteko. Kasu horretan, emakumeak 100 gramo glukosa duen likido bat edan eta hiru aldiz odola aterako diote 3 orduren zehar.

Haurdun dauden emakumeen % 7,6 eta % 12 artean haurdunaldiko diabetesa garatzen dute. Datu hori areagotu egin da azken urteetan, obesitateak gora egin baitu.
Tratamendua
Tratamenduaren oinarria da odoleko gluzemia-mailak normaltasunetik ahalik eta hurbilen mantentzea. Hori elikadura osasungarriaren eta ariketa fisikoa erregulartasunez egitearen bidez lortzen da. Kasu batzuetan, baliteke emakumeak intsulina bidezko tratamendua behar izatea, erditzera arte iraungo duena.
Intsulina erabiliz gero, emakumeak odoleko azukre-mailak monitorizatu beharko ditu, hatza egunean hainbat aldiz ziztatuz.
Nola diagnostikatzen da diabetesa?
Oro har, odoleko glukosa-maila 126mg/dl-tik beherakoa izaten da. Diabetesaren susmoa dagoenean, gluzemia neurtzen da odol-analitika baten bidez. Gaixotasuna diagnostikatzen da, baldin eta:
- Odoleko glukosa-maila 126 mg/dl edo handiagoa bada. Odol-analitika baten bidez egiten da, eta baraurik egon da aurreko 8 orduetan. Horixe da lehenik egin behar den metodoa.
- A1c hemoglobina glikosilatua % 6,5 edo handiagoa bada bi proba bereizitan. Parametro honek azken bi edo hiru hilabeteetako gluzemia-mailaren batez bestekoa adierazten du.
- Diabetesaren sintoma argiak agertzen badira eta, gainera, odoleko azukre-maila 200 mg/dl-tik gorakoa bada eguneko edozein unetan egindako glukosa-azterketa batean, baraurik egon beharrik gabe.
- Glukosarekiko ahotiko tolerantziaren probaren bidez, gluzemia 200 mg/dl-tik gorakoa bada, azukredun likido bat hartu eta bi ordura (75 g glukosa). 10 eta 12 ordu bitartez baraurik egon behar da.

Azken aldaketako data: