Diabetesa eta haurdunaldia

Bi egoera bereizi behar dira:

Haurdunaldiko diabetesa

haurdunaldian diagnostikatzen da eta, oro har, erditu eta gero desagertzen da. Emakume haurdunen % 6-9 inguruk dute. Ohikoagoa da gehiegizko pisua duten, helduagoak diren edota familian diabetes-aurrekariak dituzten emakumeen artean.

Haurdun dauden emakume guztiei, haurdunaldiaren 24. eta 28. asteen artean, ordubeteko glukosa-kurba egiten zaie, gaixotasuna diagnostikatzeko. Emaitza positiboa bada, beste kurba bat egin behar da hiru ordu igaro ondoren, haurdunaldiko diabetes mellitus (DM) duten ikusteko.

Arriskurik handiena duten pazienteei haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan egiten zaie froga.

Diabetes arina izan ohi da, baina, diagnostikatu eta tratatu ezean, arazo txikiak eragin ditzake erditzean, eta jaioberriarengan ere bai (zesarea gehiago, haur handiak, traumatismoak erditzean…).

Tratamendua da elikadura zaintzea, pisu gehiegi ez hartzea eta norberak odoleko glukosa monitorizatzea (hau da, haurdunaldiko diabetesa duten emakume haurdunek egunero zenbait aldiz ziztatu behar dute hatzean, odoleko glukosa-maila kontrolatzeko). Odoleko azukre-maila gomendatzen dena baino altuagoa bada, tratamendu intsulinikoa egingo da erditze-egunera arte.

Horrek ez du edoskitzea kaltetzen.

Haurdunaldiko DM izan ondoren, handiagoa da aurrerago, beste haurdunaldi batean, berriz izateko probabilitatea (hala ere, ez da beti gertatzen).

Emakumeen ehuneko txiki batek diabetesa du gerora ere. Horregatik, oso garrantzitsua da erditu ondoren (sei hilabetera, gutxi gorabehera, edoskitzaroaren amaiera aldera) beste azterketa bat egitea.

Emakumeok arrisku handiagoa dute etorkizunean II motako diabetesa izateko.

haurdun emakumea

Lehendik diabetesa zuen emakumearen haurdunaldia

Halakoetan, haurdunaldia arrisku handikoa da beti.

Diabetesak arazoak eragin ditzake haurdunaldian, hala nola: abortuak, sortzetiko malformazioak, eklanpsia, makrosomiak (jaioberri oso handiak), zailtasunak erditzean eta zesarea egiteko probabilitate handia.

Hori dena saihestu ahal da, edo probabilitatea txikitu, diabetesa behar bezala kontrolatuz.

Egokia da haurdun geratzen saiatzea hemoglobina glikosilatua % 6,5 baino gutxiago denean.

Hortaz, emakume diabetikoek beren haurduntza planifikatu behar dute. Haurduntza kontrol metabolikoa egokia denean izatea komeni da; horretarako, haurdunaldiaren aurreko kontsultara joan beharko litzateke (azaldu behar du diabetikoa dela eta haurdun geratu nahi duela). Endokrinologiako kontsultan egin daiteke.

Haurdunaldiaren aurreko kontsulta ezinbestekoa da I zein II motako diabetesa duten emakumeentzat (II motakoa duten emakumeek tratamendu intsulinikoa hasi behar dute haurdun geratu baino lehen).

Azken aldaketako data: