Diabetesaren konplikazioak

Hipogluzemia

Hipogluzemia gertatzen da odoleko glukosa-mailak 70 mg/dl-tik beherakoak direnean. Bat- batean agertzen da, baina zuzendu daiteke.

Diabetesaren konplikazio ohikoenetako bat da, izan ere, organismoaren premien eta intsulinarekin edo diabetesaren aurkako beste medikamentu batekin egindako tratamenduaren arteko koordinazio txarraren ondorioz gertatu ohi da.

Zergatik gertatzen dira hipogluzemiak?

Hipogluzemia hainbat arrazoirengatik gerta daiteke:

  • Behar beste karbohidrato ez jatea edo edatea.
  • Baraurik egotea.
  • Bazkaltzeko ohiko ordutegiak aldatzea.
  • Alkohol gehiegi edatea.
  • Errutinaz egiten den jarduera fisikoa areagotzea.
  • Gaixotasuna, hala nola beherakoa eta/edo gorakoak.
  • Behar baino intsulina gehiago hartzea.

Zeintzuk dira sintomak?

Lehen sintomak azkar agertzen dira, askotarikoak dira eta modu desberdinean ager daitezke pertsona bakoitzarengan.

Hipogluzemia zuzentzen ez bada, odoleko glukosa gutxiagotuz joango da, oso maila baxuetara iristeraino. Pertsonak sintoma larriak izango ditu, garunera nahikoa glukosa iristen ez zaion adierazgarri. Kasu horietan, beste norbaiten laguntza beharko du tratamendua emateko.

Lehen sintomak

Izerdi hotz
Dardara
Urduritasun
Antsietatea
Suminkortasun
Taupadak
Ahultasuna
Buruko mina
Gose handia
Goragalea
Zurbiltasun

Hipogluzemiak jarraitzen badu

Sintoma larriak

Konbultsioak
Logura
Konortea galtzea
Koma

Nola tratatzen dira?

Hipogluzemiaren tratamendua pertsona konortea duen ala ez arabera egiten da. Ahal den guztietan, hipogluzemia berretsi behar da odoleko glukosa-maila glukometro batekin neurtuz. Ezin bada eta pertsonak sintoma bateragarriak baditu, hala ere jardun beharko du 70 mg/dl-tik beherako gluzemia zuzentzeko.



Nola saihets daitezke?

Honako gomendio hauek lagungarriak izan daitezke hipogluzemiak prebenitzeko:

  • Tratamendua behar bezala hartzea, eta ezarritako dosia eta ordutegia betetzea.
  • Karbono-hidratoak hartzen diren kantitatea eta unea errespetatzea.
  • Ezohiko ariketa egin aurretik, gluzemia kapilarra zehaztu behar da, eta karbohidrato-osagarriren bat hartu edo medikazioa doitu.
  • Pautatutako gluzemia-kontrolak egitea, gidatu edo arrisku-jarduerak egin aurretik.
  • 15 gramo azukre edo 15 gramo glukosa-prestakin komertzial eramatea beti, hipogluzemia edozein lekutan tratatzeko.
  • Intsulina bidezko tratamendua izanez gero, gutxienez glukagoi-ontzi bat eduki behar da etxean, lanean, eskolan, etab.

Azkenik, konplikazio honen garrantzia dela-eta, hipogluzemiak ohiko kontrol-erregistroan idatzi behar dira. Errepikatzen badira edo kausa identifikatzen ez bada, jarri harremanetan erreferentziazko osasun-profesionalekin.

Hipergluzemia

Diabetesa duen pertsona batek hipergluzemia duela esaten da, baldin eta jan aurretik odoleko glukosa-mailak 130 mg/dl-tik edo 180 mg/dl-tik gorakoak badira otorduen ondorengo bi orduetan.

Zergatik gertatzen dira hipergluzemiak?

Elikaduraren, medikazioaren eta ohiko ariketa fisikoaren arteko desorekaren ondorioz gertatzen dira. Hainbat arrazoi daude:

  • Pilula antidiabetikoen dosia murriztea edo ahaztea.
  • Akatsak intsulina ematean:Dosia hartzea ahaztea, behar baino kantitate txikiagoa hartzea, txertaketa-teknika desegokia izatea, intsulina gaizki kontserbatzea, induratutako edo lipodistrofia duen eremu batean ziztatzea.
  • Karbohidrato ugari duten elikagaiak edo edariak jan/edatea (freskagarriak, opilak, pastelak...), edo fruta, irin-taldeko elikagai (pasta, patata, ilarrak, lekaleak, arroza, ogia) edo esne gehiegi hartzea, intsulina bizkorraren dosia behar bezala egokitu gabe.
  • Ohi baino jarduera fisiko gutxiago egitea.
  • Estres emozionala edo fisikoa izatea.
  • Infekzioa, sukarra edo hormona-prozesuak izatea.
  • Medikamentu jakin batzuk hartzeak, hala nola kortikoideak, hipergluzemia eragin dezake.

Zeintzuk dira sintomak?

Sintomak pixkanaka azaltzen dira, inoiz ez bat-batean. Diabetesa duten pertsona batzuek ez dute sintomarik, eta ez dira ohartzen hipergluzemia izaten ari direlaz. Beste batzuek, aldiz, honako hauek nabari ditzakete:

  • Gehiegizko egarria.
  • Aho lehorra, asko edan arren.
  • Gosea.
  • Pisua galtzea, gehiago jan arren.
  • Sarriago pixa egiteko beharra.
  • Ohikoa baino logura handiagoa.
  • Buruko mina.
  • Nekea.
  • Ikusmen lausoa.

Pertsona batek hipergluzemia duen egiaztatzeko, gluzemia kapilarreko kontrolak egin behar dira glukometro batekin.

Nola tratatzen dira?

Ez da egoera larria izaten, gorakoak agertzen direnean izan ezik. Nolanahi ere, garrantzitsua da kausa identifikatzen saiatzea, zuzendu ahal izateko.

Honako gauza hauek egitea gomendatzen da:

  1. Ohi baino ur gehiago edatea, baita egarririk gabe ere, ez deshidratatzeko.
  2. Odoleko azukrea maizago analizatzea.
  3. Intsulina edo ahotik hartzeko antidiabetiko bidezko tratamendua jarraitzea, ordua aldatu gabe.
  4. Gernuko edo odoleko azetona egiaztatzea, intsulina bidezko tratamendua eginez gero eta gluzemia 300 mg/dl-tik gorakoa bada otorduen aurretik:
    • Azetona negatiboa bada, deskonpentsatzeko arriskua ez da berehalakoa.
    • Azetona positiboa bada, lehen mailako arretako edo endokrinologiako taldearekin jarri behar da harremanetan.
  5. Ariketa fisikoa egitea, gluzemia-mailak murrizten laguntzen baitu. Gernuan edo odolean azetona izanez gero, ez da jarduera fisikoa egin behar, odoleko azukre-maila are gehiago igo baitaiteke.

Hipergluzemiak 2-3 egun baino gehiago irauten badu, harremanetan jarri beharko zara zure lehen mailako arretako taldearekin, tratamenduan aldaketarik egin behar bada ere.

Nola saihets daitezke?

  • Jarraitu elikadura-gomendioei, kantitateak errespetatuz.
  • Egin ariketa fisikoa erregulartasunez.
  • Hartu medikazioa behar bezala, edukiz gero.
  • Ez hartu glukosa areagotzen duen medikamenturik. Aldez aurretik, kontsultatu zure erreferentziazko osasun-profesionalarekin.
  • Kontrolatu erregulartasunez odoleko glukosa-maila.
  • Egin azterketak maiz zure lehen mailako arretako taldearekin.

Epe luzeko konplikazioak

Diabetesaren konplikazio kronikoak agertzen dira odoleko glukosa-mailak altuak izan direnean urteetan zehar. Hipergluzemia konstante horien ondorioz, odol-hodiek eta nerbio-sistemak funtzioa galtzen dute, eta odola edo nerbio-seinaleak zailago iristen dira organo jakin batzuetara.

Hauek dira konplikaziorik ohikoenak:

  • Erretinopatia diabetikoa: Begiko erretinako odol-hodiei erasaten die, eta ikusmena gutxitzea edo itsutasuna eragin dezake.
  • Nefropatia diabetikoa: Giltzurruneko odol-hodiei kalte egiten die, zeinek odol- hondakinak iragazten baitituzte. Giltzurrun-gutxiegitasuna eragin dezake.
  • Neuropatia diabetikoa: Nerbioak kaltetzen ditu, eta horrek mina eta/edo sentikortasun-galera hotzarekiko eta ukipenarekiko, batez ere hanketan.
  • Arazo kardiobaskularrak: Miokardio-infartua, iktusa, tronbosia, gorputz-adarretako odol-fluxu falta...
  • Oin diabetikoko lesioak: Sendatzeko zailak diren lesioak eta ultzerak agertzen dira.

Nola saihets daitezke?

Konplikazio horiek, agertzen badira, oharkabean gertatzen dira, diabetesa diagnostikatu eta urteak pasa ondoren. Horiek saihesteko, garrantzitsua da hasiera-hasieratik bizi-ohitura osasuntsuak izatea eta preskribatutako medikazioa hartzea. Horrez gain, osasun-taldearekin dituzun jarraipen-kontsultetara joan behar da, haiek egingo baitituzte beharrezko probak egon daitezkeen arazoak goiz detektatzeko.

Azken aldaketako data: