Edoskitzea

Amagandiko edoskitzea


Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) "amagandiko edoskitze esklusiboa gomendatzen du sei hilabetez, eta, ordutik aurrera, adinerako elikagai egokiak eta seguruak gehitzen joatea, baita amagandiko edoskitzeari eustea ere haurrak 2 urte edo gehiago bete arte", amak eta seme-alabak hala nahi badute.


Oinarrizko gomendioak

Haurtxoaren gorputz-jarrera eta bularrari heltzeko modua.

Lehenbiziko orduak

Lehenengo 2 orduetan, gutxi gorabehera, haurtxoa "alerta lasaiko" egoeran dago. Hau da unerik egokiena bularra ematen hasteko. Baliteke senez titia bilatu eta bertara hurbiltzea. Jarri haurtxoaren sudurra titiburuaren parean, eta hurbildu iezaiozu ahoa irekitzen duenean, zurrupatzen has dadin.

Lotura naturala deritzona ikus dezakezu bideo honetan.

Lotura naturala

Haurtxoaren bizitzako lehen orduak ezin hobeak dira lotura naturala ezartzeko.

Titiburuari ondo heldu diola nabarituko duzu zurrupatzen hasten denean (bentosa baten antzera), ahoa ondo zigilatuta duela. Titiburuaren inguruan hatzak C forman jartzen badituzu (apur bat sakatzen duzun bitartean), bularrari haurraren ahoaren forma obalatua emateko, harentzat errazagoa izango da titiburuari sakon eustea.

Gero, ohikoena da ordu batzuk iraun dezakeen loaldia egitea. Haurtxoa bero mantentzea komeni da, eta, horretarako, azala azalaren kontra egotea da egokiena.

Baliteke lehenengo egunean titi gutxi hartzea. Lehen 48-72 orduetan, oritza hartzen du kantitate txikietan (likido lodia, horixka edo laranjaxka). Zure esneak babesa ematen dio infekzioen aurrean, baita beharrezko mantenugaiak ere.

Seme-alabari bularra ematea erabaki baduzu, garrantzitsua da ulertzea nola funtzionatzen duen zure gorputzak. Zurrupatzea da bularrek esnea ekoizteko behar duten estimulua haurtxoaren beharrari erantzuteko. Besteak beste, horregatik eman behar da eskariaren arabera, hau da, gose-zantzuak agertzen direnean: haurtxoak ahoa irekitzen duenean, burua batetik bestera mugitzen, xurgatzeko keinuak egiten edo eskua ahora eramaten. Azken hartualditik igarotako denbora gorabehera, zeinu horiek ikusten dituzunean, eskain iezaiozu bularra.

Seinaleak oharkabean pasatzen bazaizkizu, lehen ordu hauetarako gomendioa da gutxienez 8-12 hartualdi egitea 24 ordurik behin.

Lehen hamabost egunak

Litekeena da bigarren gauean, eguna nola igaro den alde batera utzita, haurrak etengabe eskatzea bularra, ilunabarretik egunsentira arte. Agian horrek nahastu egingo zaitu eta pentsatuko duzu ez duzula nahikoa esnerik. Benetan gertatzen dena da haurrak behar duzun estimulua ematen ari dizula; zerbait naturala eta normala da. Ez da gauero horrela izango, baina egia da gaueko hartualdiak funtsezkoak direla ekoizpenerako.

Haurra jaio eta 48-72 ordura igotzen da esnea, eta hortik aurrera "trantsizioko esnea" deritzo. Esnearen ekoizpenak zerikusi zuzena du zurrupatze-estimuluarekin. Konfiantza izan zure gorputzarengan, horri erantzuteko gai da eta.

Lehenengo egunetan gomendagarria da bular bakarretik ematea, haurtxoak bertatik askatzen ikasten duen arte. Utz iezaiozu nahi adina denbora. Normalean lo hartzeko joera izaten dute hartualdia amaitutakoan. Esnatzen bada eta gehiago nahi badu, beste bularra eskaini ahal diozu. Bular batetik hartzen ari den bitartean, ez kendu bular horretatik bestetik har dezan. Garrantzitsua da hori errespetatzea, haurtxoak ahalik eta ondoen erregulatu dezan hartualdia. Argi ez badaukazu zein bular eskaini, hasi kargatuenetik. Bularren artean alderik ez badago, bietako edozein izan daiteke egokia. Bularra ez da inoiz husten. Batzuetan bigunago igarriko baduzu ere, ez du esan nahi esnerik ez duenik. Ez da biltegi bat, baizik eta eskaeraren arabera funtzionatzen duen fabrika bat.

Hasieran normala da haurtxoak bularrean denbora asko ematea. Hartualdiaren hasieran, zurrupada labur eta azkarrak egingo ditu. Gero, esne-emaria hasten denean, sakonagoak eta erritmikoagoak izango dira, eta irensten ari dela ohartuko zara. Esnea behar bezala transferitzea lagungarria da beharrezko ekoizpena mantentzeko.

Bularra emateko zenbait gorputz-jarrera daude. Aukeratu biontzat erosoena dena, minik ematen ez dizuna. Hartu denbora teknika ikasten joateko.

Ama askok ez dakite haurtxoa behar bezala elikatzen ari ote diren. Hala bada zure kasua, honako hauei erreparatu:

  • Haurraren egoera orokorra, besteak beste, lasai dagoen, negarrik egin gabe eta gehiegizko eskerik egin gabe.
  • Pisua hartzen ari bada.
  • Haurrak gernu gutxi jariatzen badu edo gernua gorrixka edo kolore hori bizikoa bada hirugarren egunaren ondoren, baliteke horrek adieraztea behar baino esne gutxiago hartzen ari dela.
  • Kakarik egiten ez badu, baliteke horrek adieraztea esne nahikoa hartzen ari ez dela.

Lotan badago eta denbora pasatzen ari dela ikusten baduzu, zugandik alden dezakezu, edo arropa askatu diezaiokezu edo pixoihala aldatu esna dadin. Haurraren ezpainak esne apur batekin bustitzea ere baliagarria izan dakizuke. Hartualdiek ez dute zertan hiru ordurik behin izan. Garrantzitsuena da egunean gutxienez zortzi hartualdi egitea eta bost edo sei ordutik gorako etenaldirik ez egitea. Izan ere, jaioberri askok hartualdiak pilatu egiten dituzte ordu batzuetan, eta gero denbora gehiago uzten dute batetik bestera. Aldiz, titian egun osoa badago, kontsultatu amagandiko edoskitzean aditua den bati.

Haurtxoari bularra ematea

Haurra heldu eta hazi ahala, hartualdiak erregulatuko ditu eta azkarrago hartuko. Zure esnea ere heldu egingo da. Denborarekin, koipe gehiago izango du.

Lehen 4 hilabeteetan, haurtxoek ez dituzte bereizten gaua eta eguna, eta baliteke 1 eta 5 hartualdi behar izatea gauez. Gaueko hartualdi horiek oso garrantzitsuak dira ekoizpenari eusteko. Gauez esnatzea ohikoa da bizitzako lehen urtean.

Seigarren hilabetetik aurrera elikadura osagarria hasten da. Aldi horretan, etxetik kanpo betetzen zenuen lan-jarduerara bueltatuko zara beharbada. Hala erabakitzen baduzu, horrek ez du esan nahi bularra emateari utzi behar diozunik, esnea ateratzea irtenbide bat izan baitaiteke etapa horretan.

Ama-esnea eskuz ateratzea

Ama-esnea eskuz ateratzeko jarraibideak.

Bularra ematen ari bazara, egin dieta askotarikoa eta orekatua, eta, ahal dela, aukeratu sasoiko produktuak; ez dago debekatutako elikagairik. Eta gogoratu nahikoa likido edatea, biontzat ona izango da.

Bularra emateari uztea edo amagandiko edoskitzea amaitzea

Elikadura osagarria sartzearekin batera edota zure edo haurtxoaren erabakiz utzi ahal zaio bularra emateari.

Borondatez utzi badiozu, haurrarekin hurbiltasun handiagoa sentitzeko, mimo gehiago eman diezazkiokezu eta soinean denbora gehiagoz eraman. Haurrak hala nahi duelako gertatzen bada, baliteke zuk abandonua edo tristura sentitzea. Egoera hau hazkunde eta bilakaera arruntaren parte dela onartzeak sentimendu horiekin lagunduko dizu.

Edoskitzea poliki eta pixkanaka amaitzen baduzu, errazagoa izango zaizue onartzea, bioi. Bestela, litekeena da bularrak puztea, mina ematea eta esnea atera behar izatea min hori arintzeko. Atera eroso sentitzeko behar den esne kantitatea soilik, ez hustu bularrak erabat, eta saiatu aldi batetik bestera denbora uzten. Haurren kasuan, baliteke hatza zurrupatzen hastea edo txupetea erabiltzea titiaren ordezko gisa.

Gure gomendioa da gutxien gustatzen zaizuen hartualdia kentzea, eta egun batzuk igarotzen uztea beste hartualdi bat kendu arte. Egunaren lehen eta azken hartualdiak dira kentzen azkenak, gauean haurraren ondoeza areagotu baitaiteke. Bere protestak ulertu eta onartzearekin batera, laguntza eta kontsolamendua emango zaizkio, eta azkenean egoera onartu egingo du.

Ez da gomendagarria bularra emateari uztea haurra gaixorik badago, ezta saiatzen ari bazara eta une egokia ez dela ulertarazten badizu ere.

Formula-esnea edo edoskitze artifiziala

Baliteke edoskitze mota horren alde egitea zeuk aukeratu duzulako edota mugaren bat dagoelako. Arrazoia edozein dela ere, gomendagarria da bularra emateko unearen ahalik eta antzekoena izatea, atxikimendu-lotura afektiboa babesteari dagokionez. Hau da, biberoia hartzen duen bitartean gozatuz, bukatzeko presarik gabe, sarritan begietara begiratuz eta mimatuz, hartualdi bakoitza elikagai-transmisio hutsa baino zerbait gehiago egiten saiatuz.

Haurrak bizkarra tente duela, biberoia horizontalean jartzea gomendatzen dizugu; utz iezaiozu erritmoa aukeratzen eta tetina bilatzen. Hasieran, hobe da fluxu moteleko tetina erabiltzea; gero, haurrak kantitate handiagoa eskatuko du. Fluxua kontrolatzen badu, errazago kudeatu ahalko du zurrupaketa-irensketa-arnasketa. 15-20 zurrupaketarik behin, atera biberoia eta lateraliza ezazu (hutsa galdu dezan) eta hartu haurra beste besoarekin (titiz aldatuko bazenu bezala). Horrela, ikuseremua garatzen ere lagunduko diozu.

Gosea erregulatzen ikasten lagun diezaiokezu: ez behartu prestatutako kopurua amaitzera, zaindu bilaketaren eta gosearen zantzu goiztiarrak eta egin hartualdiak haurrak eskatu ahala.

Biberoiaren bidez

Biberoi bidezko edoskitzeari buruzko gomendioak.

Formula-esne motak adinaren araberakoak dira. Osakidetzako pediatria-zerbitzuan adieraziko dizuete zein den haurraren beharretara gehien egokitzen dena.


Ohiko galderak

Azken aldaketako data: