Elikadura-jokabidearen nahasmenduak
Zer da elikadura-jokabidearen nahasmendua?
“Elikadura-jokabidearen nahasmenduak” izenburupean, Osasunaren Munduko Erakundearen Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenak, bestelako nahasmenduen artean, bi sindrome garrantzitsu biltzen ditu: anorexia nerbiosoa eta bulimia nerbiosoa.
Anorexia nerbiosoa da gorputzaren itxuragatik eta argal egon nahi izateagatik oso kezkatuta egotea. Nahasmendu hori orain dela hamarkada asko identifikatu zen eta uniformetasun handiz deskribatu da.
Bulimia nerbiosoaren kasuan −anorexia baino ohikoagoa da−, elikagai kopuru handiak behin eta berriz jatea da (betekadak), eta kontrola galdu izanaren sentsazioa ematen du.
Elikadura-jokabidearen nahasmenduen jatorrian faktore biologikoak, sozialak eta psikosozialak daude; horien artean, leku aipagarria dute emakume izatearen inguruan nerabeek dituzten gatazkak, eta horiekin batera autonomia pertsonala ezartzeko dituzten eragozpenak (Testuan, sinplifikatzearren, emakumezkoa aipatzen da bakarrik, nahasmendu horien prebalentzia biztanleria horretan handiagoa delako; baina horrek ez du esan nahi nahasmenduak emakumezkoetan bakarrik gertatzen direnik. Beraz, adierazitako kontzeptuek bi sexuetarako balio dute).
Zeintzuk dira jokabide horien ondoriozko arazoak?
Elikadura-jokabidearen nahasmenduen ondorioz arazo medikoak zein emozio-asaldurak gerta daitezke. Osasun-arazo horien kausa dira: pisua gehiegi galdu edo gehitzea, gutxiegizko nutrizioa eta portaera purgatiboak (gorakoak, laxanteak hartzea, gehiegizko ariketa fisikoa, etab.); muturreko kasuetan, arazo larriak izan daitezke. Larritasuna sintomen maiztasunaren eta iraupenaren araberakoa izango da, eta pertsonaren oinarrizko osasun-egoeraren araberakoa. Zorionez, kasu larriak oso gutxitan gertatzen dira ohiko praktika klinikoan.
Honako hauek dira arazo garrantzitsu batzuk:
- Portaera murriztaileetan (jatea ekiditea):
- Arterietako tentsio baxua, pultsu motela, gorputz-tenperatura baxua, zorabioak.
- Gorputzean ile zuri fina (lanugoa) agertzea.
- Odol-analisietan aldakuntzak egotea.
- Hilerokoaren nahasmenduak edota galera.
- Hezurren ahultasuna kaltzioa galdu delako (osteoporosia) edo haztea atzeratzea gazteen kasuan.
- Portaera purgatiboetan (gehiegi jan ondoren, jatekoa botatzen denean)
- Hesteetako patologia, laxanteei lotutakoa.
- Potasio gehiegi galtzea, bihotz-kondukzioaren nahasmenduekin eta erritmoaren aldakuntzekin batera.
Zorionez, kasu larriak oso gutxitan gertatzen dira ohiko praktika klinikoan
Tratamendua
Zein da elikadura-jokabidearen nahasmendurako tratamendua?
Oro har, Elikadura-jokabidearen nahasmenduarentzako tratamendu mistoak onuragarriak izan daitezke. Tratamendu horien parte dira: zainketa eta zaintza medikoak, nutrizioari buruzko aholkuak, balorazio psikiatrikoa, medikazioa edota psikoterapia. Kasuaren terapeuta arduradunak esku-hartzearen beharrizan zehatzak erabakiko ditu, sintomen diagnostikoaren eta intentsitatearen arabera.
Zaintza medikoa lagungarria da elikadura-jokabidearen nahasmendutik eratorritako zenbait arrisku zuzendu eta prebenitzeko. Arriskuok, besteak beste, hauek dira: hezur-dentsitatea galtzea edo bihotz-erritmoan nahasmenduak izatea.
Nutrizioari buruzko aholkularitza lagungarria da gaixoarentzako behar bezalako elikadura-plan toleragarria garatzeko, eta pertsonari luzaroago jarraipena egitea errazten du.
Balorazio psikiatrikoak eta psikoterapiak portaera desadaptagarriak ezagutu eta aldatzeko estrategiak eskaintzen dituzte; gainera, pertsonaren eta etxekoen inguruan estresa sor dezaketen eragileak identifikatzen dituzte, baita nahasmenduaren garapenean zerikusia izan duten gertakizun traumatikoak identifikatu ere.
Azkenik, medikazio-mota batzuk ere lagun dezakete buruko biokimika berregokitzen; izan ere, biokimika horri lepora dakioke, hein batean, elikadura-nahasmendua. Ildo horretatik, antidepresibo berriei esker, hartualdietan tolerantzia eta erosotasun handiagoa lor daitezke.
Elikadura-jokabidearen nahasmenduan, medikazioak lagun al dezake?
Oro har, medikazio asko, bulimia nerbiosoa edo betekada-nahasmenduak tratatzeko erabilgarriagoak direla uste da, anorexia tratatzeko baino. Hala ere, laguntza baliagarria dira elikadura-jokabidearen nahasmenduarekin lotutako sintomak ezabatzeko, eta psikoterapiarekin batera preskriba daitezke.
Antidepresiboak patologia-mota horretan gehien erabiltzen diren farmakoak dira; izan ere, elikadura-jokabidearen nahasmenduarekin lotutako umorearen nahasmenduetan oso baliagarriak dira. Gainera, berariaz jokatzen dute bulimiari dagokionez (jateko “grinan”, jatekoaren inguruko obsesioetan eta osagai purgatiboetan) eta anorexiari dagokionez, pisua berreskuratzeko egonkortzaileak baitira.
Antidepresiboen eraginkortasuna aste batzuk pasa ondoren azaleratzen da; horregatik, emaitzak ez dira berehala ikusten. Beraz, funtsezkoa da kasua bere kargu duen profesional sanitarioarekin harremanetan egotea. Profesional hori izango da medikamentu onenak bere unean adierazteko, horrela, sintomatologiaren kontrola ziurtatu eta bigarren mailako ondorioak nahiz beste medikamentuekiko interakzioak murriztuko dira.
Beharrezkoa al da tratamendu psikoziala edota psikoterapia?
Elikadura-jokabidearen nahasmendu batzuen kasuan, larriak izan daitezke eta tratamendua beharko dute; sintomak ez baitira berez desagertzen. Kontuan izan behar da elikadura-jokabidearen nahasmenduaren jatorriak emozioen inguruko nahasmendu motaren bat dagoela normalean; beraz, beharrezkoa izango da tratamendu psikoterapeutikoa. Balorazio psikiatrikoa eginda, hobeto ikusiko da arazo gehigarririk dagoen, hau da, nahasmenduaren bilakaeran esku har dezaketen antsietaterik edo depresiorik dagoen. Psikoterapiari esker, pertsonaren jateko ohituren kontrola galtzea sortu duten arrazoiak berbideratuko dira, eta portaera horiek geldiaraziko. Bestalde, pertsonak berak bere buruarekiko eta bere gorputzarekiko kontzeptu negatiboak ulertuko eta aldatuko ditu.
Funtsezkoa da kasua bere kargu duen profesional sanitarioarekin harremanetan egotea
Ohiko galderak
Nola lagundu alabari, elikadura-jokabidearen nahasmenduak baldin baditu?
Nahasmendu mota hori duen alabarengana hurbiltzea, harremantzea eta konfiantza irabaztea zaila izan daiteke. Horretarako, garrantzitsua da honako aholku hauek jarraitzea.
Lehenik eta behin, garrantzitsua da lasaitasuna mantentzea eta laguntza bilatzea etxekoengan eta osasun-ingurune hurbilenean. Ez izan zalantzarik zure kezkak eta beldurrak bertan azaltzeko.
Alabarekin hitz egin baino lehen:
- Zure inguruan, bizi zaren lekuan, eskura dituzun baliabideen informazioa lortu.
- Ez ahaztu elikadura-jokabidearen nahasmendua zure alabaren joakera etsitua dela, sufrimendua ematen dioten arazoei aurre egiteko jokaera; gainera, ez dizu esango zeintzuk diren arazo horiek, are gehiago, ez daki zeintzuk diren ere.
- Gogoratu: mekanismo horiek geldiarazteko egingo dituzun alabarenganako hurbilpen saiakerak, berarentzat erasokorrak direla, eta haserretuz edo arazorik ez duela esanez erantzungo dizula.
- Berarekin hitz egiteko leku eta une egokiak hautatu.
Alabarengana jo eta hurbildu ondoren, eman iezaiozu hausnarketarako denbora eta espazioa. Adierazi ez zaudela berarekin haserre, kezkatuta baizik, bere osasuna edo ongizatea dela eta. Saia zaitez esandakoarekin kontsekuente izaten. Ez aipatu berarekin kezkatuta egon daitekeen beste inor, larrituta gera ez dadin.
Alabak arazorik ez duela, edo haserre erantzuten badizu, lasai mantendu Saio bat baino gehiago beharko dituzu alaba benetan arazora hurbil dadin. Esan ez zarela elikadura-jokabideen inguruko aditua, eta horregatik laguntza eman diezaizueketen pertsona adituekin lan egin nahi duzula, etxeko guztien osasuna berreskuratzeko.
Utzi albiste larriak eta dietarekin lotutako alderdiak osasun-sistemako profesionalen esku. Saia zaitez aita-amaren laguntza-lanak betetzen.
Alabak laguntzari uko egiten badio, adierazi, leun baina irmo, ulertzen duzula bere narriadura eta bakarrik egoteko nahia, baina ez zarela inola ere “azaroari atzera emanez” jarriko. Jar zaitez zure inguruko Osasun Zentroarekin edo Osasun Mentaleko Zerbitzuekin harremanetan, eta galdetu zein den alabari laguntza emateko estrategiarik onena. Gogoratu, pertsona helduen kasuan, arazoa konpontzeko laguntza eskatzeko azken erabakia norberaren eskuetan dagoela.
Kontuan izan elikadura-jokabidearen nahasmenduak direla eta arazo fisiko eta psikofisiologiko larriak egon daitezkeela; hala ere, oro har, arazo horiek ez direla larrialdietakoak izango. Edonola ere, alaba bat-batean argaltzen bada, jaten ez badu, lur jota baldin badago, bere buruaz beste egiteko asmoak edo saiakerak baditu, edo bestelako arrisku-jarrerak agertzen baditu, jo ezazu berehala osasun-zerbitzu batera, zure kasurako estrategiarik egokiena zein den jakiteko.
Osasun-profesional batengana jo behar al da?
Bai. Elikadura-jokabidearen nahasmenduak dituen pertsona medikuak diagnostikatu, ebaluatu eta kontrolatu behar du.
Gure Erkidegoan, Lehen Mailako Arretako profesionalak dira Osakidetzako osasun-zentroetan kasuaren lehenengo ebaluazioa egiten dutenak, baita, ebaluazioa egin ondoren, kasuari tratamendu egokia emateko estrategiarik egokiena erabakitzen dutenak ere. Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Sarea da osasun-sistema osora sartzeko atea (Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Sarea da osasun-sistema osora sartzeko atea).
Medikuak ebaluatu eta kontrolatzen ditu pisuan, pultsuan eta arteria-tentsioan, potasio-mailetan eta laborategi-datuetako anomalietan egon daitezkeen aldakuntzak.
Noizean behin bihotzeko funtzioa ere elektrokardiogramaren bidez ebaluatzen du, baita hezur-egoera ere.
Osasun-profesionalak balorazio hori egin ondoren, eta hauteman diren arazoak direla eta, kasua bideratu behar bada, Osasun Mentaleko Zentrora bideratuko du, berau baita, nahitaezko erreferentzia, laguntza espezializatua kontuan harturik balorazio zuzena egiteko.
Osasun Mentaleko Zentroko profesionalak bakarrik du ahalmena pazienteak Osakidetzako elikadura-jokabidearen nahasmendurako Tratamendurako Berariazko Programara bideratzeko. Programa hori Osakidetzak 1998an jarri zuen abian, laguntza-protokoloan ondo definitutako iritziei jarraitu. Aipatu iritziak prozesuaren larritasunari eta lehen tratamendu-aldiaren osteko prozesuari dagozkie.
Elikadura-jokabidearen nahasmenduak dituzten pertsona asko beldur dira, beren medikua larritu egingo delako edo beren sintomak ez dituelako ulertuko. Hori dela eta, ez dute beren nahasmenduari buruz inolako informaziorik ematen. Oso garrantzitsua da osasun-profesionalarekin harremanetan konfiantza izatea eta gustura egotea, prozesuan edozein motatako kezka berririk edo zalantzarik agertuz gero, azaldu ahal izateko; izan ere, horrela eginda, batera saiatuko dira arazoa konpontzen.
Hobera egingo al du?
Elikadura-jokabidearen nahasmendua dutenen % 80tik % 90era bitartekoei tratamenduak on egiten die, bai berehala, baita bi urteko epean ere. % 50 erabat suspertzen da, eta funtzionamendu orokorrak pertsona guztietan onera egiten du.
Zeintzuk dira eskura ditudan baliabideak?
Aurrez adierazi den moduan, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako sarea osasun-sistema osora sartzeko atea da. Beraz, zure Osasun Zentroko medikua da lehenengo jo beharreko erreferentzia-puntua, laguntza mediko eraginkorra jasotzeko.
Bertan egindako diagnostikoa abiapuntu hartuta, dagokizun Osasun Mentaleko Zentroko profesional batengana bideratu zaituzte. Bertan, zure kasua behar bezala ebaluatuko da eta, behar izanez gero, elikadura-jokabidearen nahasmenduen Tratamendurako Berariazko Programara bideratuko zaituzte.
Edonola ere, zalantzarik izanez gero, kontsultatu zuren Osasun Zentroan edo Osasun Mentaleko Zentroan.
Azken aldaketako data: