Epilepsia

Zer da?

Garunak krisi epileptikoak sortzeko duen joerari deitzen zaio epilepsia. Berau pairatzen duten pertsonen kasuan, oso garrantzitsua da kontuan hartzea ere ondorio kognitibo, psikologiko eta sozialak.

Oso gaixotasun ohikoa da eta eragin sozial eta sanitario handia du. Asaldura neurologiko hau kronikoa izan ohi da, eta adin guztietako pertsonei eragiten die. Neurologia zerbitzuko kontsulta ohikoena izaten da epilepsia, eta pazientearen bizitza-kalitateari gehien eragiten dion gaixotasunetakoa da.

Haur bat epilepsiarekin

Espainian, epilepsiak 400.000 pertsona ingururi eragiten die, eta 12.400 eta 22.000 kasu artean agertzen dira urtero.

Munduko Osasun Erakundearen (OMEren) arabera:

  • Mundu osoan, 50 milioi pertsonek pairatzen dute epilepsia, eta asaldura neurologikoa ohikoena da.
  • Epilepsia duten pertsonek tratamenduari erantzuten diote, gutxi gorabehera, kasuen % 70etan.
  • Munduko leku askotan, pazienteak eta haien familiak estigmatizazio eta diskriminazioaren biktima izan daitezke.

Icono doctoras

Egileak

Eliana Rueda Mena. Neurologoa. Arabako ESIa.

Vanessa García Morales. Neurologoa. Arabako ESIa.

Diagnostikoa eta proba osagarriak

Laburtuta, pertsona batek epilepsia duela esan daiteke bi krisi epileptiko, gutxienez, 24 ordu baino gehiagoko aldean gertatzen zaizkionean. Aldi baterako faktoreak eragindako krisiak baztertzen dira, bestelakoan arrunt jokatzen duen garunean eragiten duelako (adibidez, drogen ondoriozko intoxikazioaren kasuan edo odolean azukrea gehiegi txikiagotzen denean); kasu horietan ez da epilepsiatzat jotzen.

Epilepsia duela ulertzen da, baita ere, eragin argirik gabeko krisi epileptikoa gertatu denean, hasiera batean, ondoren krisi gehiago pairatzeko aukera duen pertsona batengan (adibidez, garuneko lesio jakin batzuen kasuan).

Beraz, epilepsiaren diagnostikoa nagusiki klinikoa da. Pazienteen % 85ean, diagnostikoa historia klinikoaren bidez egiten da, eta ez da beste proba osagarririk egiten. Azterketa osagarri horiek, nagusiki garuneko irudiaren probek (TC -tomografia konputarizatua- eta RNM -erresonantzia nuklear magnetikoa) eta EEGk (elektroenzefalograma) epilepsiaren bilakaera sailkatzen, maneiatzen eta aurreikusten lagunduko dute. Hala ere, kasu askotan, proba osagarri horiek arruntak izan daitezke.

Hori dela eta, historia klinikoa da diagnostikoaren oinarriaren ardatz nagusia eta, beraz, garrantzitsua da medikuarentzat pazienteari galdetzea (zerbait gogoratzen badu) edota lekukoei galdetzea (halakorik balego) epilepsia gertaeraren inguruan: aurretiazko edo hasierako sintomak, gertaeraren iraupena, nahi gabeko mugimenduak egon diren ala ez, mingainari kosk egin zaion, harridurarik edo bestelako ondoriorik izan duen, toxikoak kontsumitu diren (epilepsia-atalasea jaisten duten droga edo farmakoak) edo sukarri egon den (bereziki haurrengan).

Esplorazio neurologikoari dagokionez, arrunta izan ohi da krisien arteko aldian.

Aipatu den moduan, proba osagarri ohikoenak garuneko RNM eta EEG dira (hainbat modalitatetan). Horiei esker, krisi epileptikoak eta epilepsiak sailkatzen saiatzen dira, tratamendu egokiena hautatu ahal izateko, eta paziente bakoitzaren ezaugarriak hartzen dira kontuan (adina, sexua, erikortasunak eta bestelako tratamenduak…).

Epilepsiarako medikamentuak
Epilepsiaren diagnostikoa klinikoa da bereziki. Pazienteen % 85en diagnostikoa historia klinikoa kontuan hartuta egiten da, beste proba osagarririk egin gabe.

Sintomak

Epilepsiaren adierazpen klinikoa krisi epileptikoak dira (edo komizialak).

Zer da krisi epileptikoa?

Zeinu edota sintomen aldi baterako gertaera da, neuronen ohiz kanpoko eta gehiegizko jarduerak eraginda. Krisi epileptikoek bat-bateko hasiera izan ohi dute, eta segundo edo minutuak irauten dituzte. Krisian zehar, konortea gal daiteke edo ez; hau da, arreta mailari eutsi daiteke eta pertsonak jakitea zer gertatzen ari den; aldiz, inguruan duenetik deskonektatu eta, beraz, gertatzen denaren jabe ez izan eta kontrolik ez izatea gerta daiteke. Era berean, krisian zehar nahi gabeko mugimenduak gerta daitezke; krisi epileptiko batzuetan hizkera / ikusmena / entzumena / zentzumenak / gustua edo usaimena nahas daitzeke, edo ohiz kapono sentsazio, pentsamendu edo emozioak gertatu. Beraz, adierazpenak anitzak izan daitezke eta, zorionez, ez da beti gertatzen “ahotik aparra botatzen duen konbultsioa”, pelikuletan ikusi ohi dugun moduan.

Bereziki azpimarratu nahi dugu “absentzia” terminoa, deskonexio kasuetan, oso hedatua egon baina okerra dela. Absentzia-krisiak ezaugarri zehatzak dituen krisi mota bat da, haurrengan gertatu ohi da eta ez helduengan; beraz, ez litzateke orokortu behar, eta hobe litzateke gertaeraren deskribapen zehatzagoa egitea.

Orain arte azaldutakoaren arabera, medikuek krisi epileptikoak fokalak edo orokortuak bezala sailkatzen dituzte, sailkapen ugari egon arren.

Garrantzitsua da krisi epileptikoak beste asaldurengandik ezberdintzea, bat-batean gertatu eta iraupen laburra badute ere epileptikoak ez direnean, adibidez, sinkopeak, garuneko gertaera iskemiko transitorioak edo krisi psikogenoak.

Krisi epilektikoez gain, ezinbestekoa da kontuan hartzea kasu askotan epilepsiarekin lotzen diren arazo asko, esaterako, memoriaren edo aldartearen nahasmenduak. Eragin emozional handia antsietate- eta depresio-indizeetan islatzen da, % 54 eta % 32era iristen dira, hurrenez hurren, krisia errepikatzeko beldurra, eguneroko jardueraren eta bizitza sozialaren mugatzea edota tratamenduaren ondorioak direla eta.

Epilepsia izateak hilkortasun-arriskua bi eta erdi aldiz areagotzen du. Kausa ohikoenak epilepsiaren beraren konplikazioak dira, arnasteagatiko pneumonia, traumatismo eta itotzeagatiko gertaerak, baita garuneko kalteak eragiten dituzten krisi luzatuak direla eta.

Farmakoak
Epilepsia-krisiak bat-batean hasi ohi dira, eta segundo edo minutu batzuetako iraupena izaten dute.

Prebentzioa eta arrisku-faktoreak

Krisi gehienak bat-batean gertatzen dira, une horretan gauza jakin batek eragin gabe. Hala ere, egoera batzuek epilepsia duten pertsonen krisiak eragin ditzakete eta, beraz, ekidin egin behar dira:

  1. Lehenengo arrazoi nagusia medikazioa uztea edo hartualdiak ahaztea da. Hori dela eta, ezinbestekoa da medikazio antiepileptikoa modu erregularrean hartzea, eta adierazitako orduetan, medikamentuak batez besteko eragina baitu odolean eta eguneko hogeita lau orduak iraun behar ditu.

  2. Lo falta. Loaldiaren ordu kopurua murrizteak edo ohikoa den baino beranduago oheratzeak krisi epileptikoak agertzea eragin dezake. Oheratzeko ordua atzeratzen bada, jaikitzekoa ere atzeratu behar da; hala ere, pertsona batzuen kasuan, loaldiaren erritmo-aldaketak krisia eragin dezake, ordu nahikoak lo egin badira ere.

    Hori dela eta, loaldiaren ordutegi erregularra eta atseden hartzeko nahikoa mantentzea gomendatzen da, 7 eta 10 ordu artean, adinaren arabera. Gauez lan egiten duten pertsonen kasuan, loaldia lan-ordutegira egokitu beharko da, egunero ordu kopuru bera lo egin eta ordu berean oheratzea.

  3. Alkoholdun edariak edatea. Alkoholaren kontsumoak paziente epilektikoetan krisien maiztasuna areagotzea eragin dezake, hiru modu ezberdinetan:

    • Neuronen kitzikakortasuna areagotzea eta, beraz, krisia gertatzeko beharrezko baldintzak ematea errazten da.
    • Loaldia nahastea.
    • Medikazio antiepileptikoarekin interaktuatzea.

    Epileptikoak ez diren pertsonengan ere, alkohol gehiegi kontsumitzen bada, krisi epileptikoa paira daiteke, orokorrean abstinentzia aldietan.

    Hori dela eta, epilepsia duten pertsonek alkohola kontsumitzea ekidin behar dute.

  4. Drogak. Legez kanpoko droga gehienek, bereziki estimulatzaileak direnek −kokaina, estasia, anfetamina, heroina, etab.− epilepsia duten edo ez duten pertsonengan krisi epileptikoak eragin ditzakete. Aipatu drogei gehitzen zaizkien sustantziek ere krisiak eragin ditzakete. Gainera, legez kanpoko drogak eta medikazio antiepileptikoa nahasteak aurreikusi ezin diren ondorio arriskutsuak izan ditzake.

    Bestalde, farmako batzuk krisi epileptikoak azaleratzea erraz dezakete.

  5. Sukarra. Sukar altuak konbultsio-krisiak eragin ditzake epilepsia duen pazientearengan, batez ere haur eta adineko pertsonengan. Sukarra ahalik eta lasterren jaitsiaraziko da, krisi horiek ekiditeko.

  6. Distira argitsuak. Aldizkako argiek krisi epileptikoak eragin ditzakete epilepsia mota batzuetan, eta horiei epilepsia fotosentikorrak deitzen zaie. Datuen arabera, epilepsia duten pertsonen % 2-3k dute epilepsia foto sentikorra.

    Segundoko 5 eta 30 arteko maiztasuna duten distirak dira ohikoenak. Fenomeno naturalek (eguzkia zuhaitzen artean) eragin ditzakete, baita artifizialek ere (diskoteketako argiak, hodi fluoreszenteak, telebista-pantailak, bideo-jokoak eta ordenagailuak).

    Kasu horietan, gomendagarria da telebista nahikoa distantzian ikustea eta nahikoa argia duen gela batean, katea urrutiko agintearen bidez aldatzea pantailara ez gerturatzeko (hori egin behar bada, begi bat estali), bideo-joko eta ordenagailuetan pantaila babesleak erabiltzea eta 15-30 minuturo atseden hartzea.

  7. Epilepsia erreflexua. Pertsona batzuen kasuan, berehalako krisia eragiten duten bestelako faktoreak identifikatzen dira (ikaraldia, abesti bat, eredu bisual geometrikoa…), eta horiek epilepsia erreflexuak dira, ohiz kanpokoak.

* Estresak, berez, ez ditu krisi epileptikoak eragiten. Krisiak eragin ditzakete, baina neke edo loaldiaren erritmoaren nahasmenduari lotzen direnean. Hori dela eta, estres aldietan oso garrantzitsua da lo falta edo medikazio-dosia ahaztea ekiditea.

Tratamendu eta zaintzak

Tratamenduaren helburua da epilepsia duen pertsona bakoitzaren ahalik eta bizi-kalitate onena lortzea. Horretarako, funtsezkoa da krisiak farmako antiepileptikoekin kontrolatu edo murriztea, ahalik eta ondorio kaltegarri gutxien lortuta, baita krisiak eragiten dituzten faktoreak ekiditeko bizimodu osasungarria izatea ere. Horri esker, epilepsia kasuen % 70 kontrolatu daitezke.

Farmako antiepileptiko ugari daude, eragin mekanismo eta argibide ezberdinak dituzte, krisi edo epilepsia kasuaren arabera. Horren arabera ezarriko du neurologiak tratamendu bat edo bestea, paziente bakoitzaren araberakoa, eta kontuan izango ditu beste faktore batzuk, esaterako, adina, sexua, erikortasunak eta beste tratamenduak.

Garunaren estimulazioko tratamendua

Bi farmako antiepileptiko, gutxienez, hartu ondoren krisirik gabeko bilakaera ez bada lortzen, epilepsia errefraktarioari buruz ari gara; farmakoak epilepsia mota horren araberakoak izan behar dira, behar bezala banatu behar dira eta intolerantziagatik ez dira kendu behar. Kasu horietan beste tratamendu batzuk proposatzen dira, farmakologikoak ez direnak, adibidez, epilepsiaren kirurgia, garunaren estimulazioa, nerbio bagoaren estimulazioa edo dieta zetogenikoa. Kontuan izan behar da tratamendu horiek berariazko argibideak, kontraindikazioak eta bigarren mailako ondorioak dituztela eta, beraz, ezin dira kasu guztietan eskaini.

Tratamendu horiez guztiez gain, pazienteen % 20k duen epilepsian ez da posible krisiak kontrolatzea eta, beraz, beharrezkoa da diziplina anitzeko eta gizarte medikuen laguntza, bizi-kalitate hobetzeko helburua lortu ahal izateko.

Bestalde, kontuan izan behar dugu epilepsiak pazienteengan eta horien senitartekoengan duen eragin ekonomikoa. Kasuen % 38an nabarmen eragiten du familiaren ekonomian, eta % 33k ere zaintzailea behar du; kasuen ia erdian senitartekoren batek bere lanaldia murrizten du.

Ohiko galderak

Zer egin krisi epileptikoetan?

Krisi epileptiko mota ezberdinak baldin badaude ere, kasu gehienetan antzeko sekuentzia jarrai daiteke. Hala ere, krisi konbultsibo orokorrei buruz ari gara, pertsonak konortea galdu, lurrera erori, bat-batean zurrun ipini eta nahi gabeko gorputzeko mugimenduekin hasi baitaiteke. Krisi fokalaren (edo partzialaren) kasuan, aldiz, pertsona nahastua egon daiteke, mugimendu automatikoak egin ditzake (zaratak ahoarekin, mugimenduak eskuekin, noraezean ibili…). Kasu horietan guztietan:

  • Lasai mantendu eta erlojua begiratu krisiak zenbat irauten duen neurtzeko. Bost minutu baino gehiago irauten baditu, 112 zenbakira deitu.
  • Ahal baldin bada, eutsi bat-batean ez erortzeko. Zeharka etzan eta kolperik ez hartzen saiatu: zerbait biguna jarri buruan, estututako arropa laxatu arnasten laguntzeko, betaurrekoak edo bestelako objektuak kendu, pertsonak dituenak edo inguruan daudenak, krisian zehar min ez hartzeko (altzariak kendu, ekidin zintarri edo eskailerak…).
  • Behatzen daudenak urrundu.
  • Krisia amaitutakoan, lagun pertsona berreskuratu arte eta lagundu atseden hartzen, hala nahi baldin badu.

Zer ez da inoiz egin behar?

Zer ez da egin behar:

  • Ez behartu pertsona ahoa irekitzera, ezta barnean ezer sartzera ere.
  • Ez eman urik, elikagairik edo medikaziorik ahotik krisiak iraun bitartean.
  • Ez lekualdatu.
  • Ez ekidin pertsona mugitu edo dardarka egitea, ez geldiarazi konbultsioak eta ez esnatu.

Noiz eskatu laguntza (112 zenbakira deitu)?

  • Krisiak bost minutu baino gehiago irauten baditu.
  • Krisia aldi laburrean errepikatzen bada, edo pertsona erabat berreskuratzen ez bada, krisia pasa eta atsedena hartu ostean.
  • Krisian zehar traumatismo garrantzitsua gertatu baldin bada.
  • Krisia izan duen pertsona haurdun baldin badago.
  • Krisia izan duen pertsonak epilepsia baldin badu.

Epilepsia duen emakumeak hormona-antisorgailuak erabil al ditzake?

Bai, hormona-antisorgailuak erabil ditzake (aho bidezko antisorgailuak, enplastu transdermikoa, baginako eraztuna, koito ondorengo pilula…), baina neurologo edota ginekologoari kontsultatuko dio lehendabizi, farmako antiepileptiko batzuk eraginkortasuna galtzen baitute. Aurkakoa ere gerta daiteke, hormona-antisorgailu batzuk farmako antiepileptiko batzuen ondoleko maila murriztea.

Emakume epileptiko bat haurdun gelditzen bada, zer egin behar du?

Ez dio medikazio antiepileptikoa hartzeari utzi behar, berau uzten badu krisiaren maiztasuna areagotu eta ama eta fetuarentzat arriskutsua izan baitaiteke. Tratamendu berari eutsi behar zaio, eta neurologoari kontsultatu, haurdunaldia jakinarazteko.

Amagandiko edoskitzea posible al da farmako antiepileptikoak hartzen direnean?

Orokorrean, posible da eta, izan ere, kasu gehienetan gomendatu egiten da. Hala ere, ama bakoitzak neurologo eta pediatrarekin kontsultatuko du.

Seme-alabak epilepsia izan al dezake?

Gene batzuetan nahasmenduak identifikatu dira, baina oso kasu gutxietan gertatu da eta, orokorrean, epilepsia ez da heredatzen. Krisia izateko joera transmiti daiteke, epilepsia ez duten senitartekoak dituzten pertsonekin alderatuta.

Kirola egin al daiteke?

Epilepsia duten pertsonek kirola egin dezakete eta, gainera, kirola egitea gomendatzen da. Gomendagarria da arrisku-kirolak ekiditea (urpean igeri egitea, parakaidismoa…) eta segurtasun-neurriak errespetatzea, adibidez, bizikletan ibiltzean kaskoa ipintzea edo igeri egitean laguntzailea batekin egitea, edo lurra ukitzen den lekuan.

Zein dira epilepsia duten pertsonen lan-eskubideak?

Epilepsia duten pertsonen % 70-80k lan-jarduera arrunta gara dezakete. Hala ere, langabezia-tasak nabarmen handiagoak dira kolektibo horretan, biztanleria orokorra baino 2-3 aldiz handiagoa, eta desgaitasuna duten pertsonena baino handiagoa; ez da krisi epilektikoen ondorio bakarrik, familia edo enpresaburu batzuen jarrera negatiboaren eta estigma sozialaren ondorio ere bada.

Pentsa daiteke laneko istripuak eta gaixotasunagatiko bajak altuagoak direla kolektibo horretan. Hala ere, gaur egun frogatuta dago laneko absentismoa beste gaixotasun kronikoak baino baxuagoa dela, baita, orokorrean, biztanleriarena baino baxuagoa, eta istripuak izateko aukerak beste edozein langile “osasuntsuren” antzekoak direla. Uste oker horiei aurre egiteko, beharrezkoa eta funtsezkoa da enpresaburuari informazioa helaraztea, kasu gehienetan krisien maiztasuna kontrola daitekeela, medikazioak ez dituela lanean eragina duten ondorioak eragiten, mugatutako lan-jarduerak gutxi direla, eta epilepsia baldintzak ez duela bestelako laneko asegururik behar.

Bestelako kontua da kontrolatzeko zailtasunak dituzten epilepsiak edo bestelako asaldura fisiko edo psikikoei lotutako gaixotasunak, horren ondorioz hezkuntza-maila baxuagoa edota defizit neuropsikologikoak gerta baitaitezke.

Epilepsia duten pertsonen laneko eskubideak hemen daude bilduta:

  1. 31/1995 Laneko Arriskuen Prebentziorako Legeak honako hau ezartzen du:
    • Langilea ezin da diskriminatu, lanbidea galarazten duen berariazko araudirik ez badago.
    • Enpresaburuek langileen babesa bermatu behar dute eta, beraz, ez zaizkie pazientea edo besteak arriskuan ipin ditzaketen lanpostuak emango.
    • Langileek beren eta besteen segurtasunerako arriskutsua izan daitezkeen gaixotasunak jakinaraziko dituzte.
  2. Pixkanakako erretiro malguaren sistema (53/2002 Legea)

Eta zeintzuk dira epielpsia duten pertsonek legez egin ezin dituzten lanbideak?

GALARAZITAKO LANBIDEAK:

  • Aireontzi eta helikopteroak gidatzea
  • Aire-kontrolatzaile
  • Trenbide-langile
  • Urpekari profesional
  • Itsasoko lanbideak
  • Polizia edo guardia zibila
  • Armada profesionala
  • Arma baimena behar duten lanbideak*
  • Bombero
  • Suhiltzailea
  • Espetxeetako funtzionario

GOMENDATZEN EZ DIREN LANBIDEAK:

  • Ibilgailu astunak edo garraio publikoko gidaria
  • Ibilgailuak gidatzea oinarri duten lanbideak
  • Makina kontrolatzailea
  • Substantzia arriskutsuak erabiltzea
  • Alturako lanak
  • Segurtasuneko zaintzailea
  • Gaueko zaintzailea
  • Egun/gau txanda aldaketa dituzten lanbideak
  • Meatzari edo hargina

* Espainian, epilepsia-diagnostikoak behin betikoz baztertu du arma baimena ematea, edozein motatan (lanbidea, ehiza) 2487/1998 Errege Dekretua.

Motor-ibilgailuak gida al daitezke?

Epilepsia duten pertsonek trafiko-istripua izateko arrisku handia dute (epilepsiarik gabeko pertsonek baino zazpi aldiz handiagoa, gutxi gorabehera).

Arrisku hori murriztu eta gidatzeko baimena arduratsuki erabiltzeko, garrantzitsua da pertsonak gidatzeari eta bere gaixotasunari buruzko legedia ezagutzea (PRE/2356/2010, irailaren 3koa, Gidarien Erregelamendu Orokorraren IV. Eranskina aldatzen duena, 818/2009 Errege Dekretuak onartua, maiatzaren 8an).

Espainian gidatzeko baimena luzatu edo lortzeko (motozikleta eta 3.500 kg baino gutxiagoko ibilgailuak, edo 9 lekuko ibilgailuak gidaria barne):

  • Ezin da gidatu, krisi epileptiko konbultsiboak edo konortea galdutakoak pairatu baldin badira azken urtean.
  • Krisiak loaldian zehar izan badira edo konorteari edo jarduteko gaitasunari eragin gabeko krisiak gertatu badira, egiaztatu egin behar da gutxienez urtebete pasa dela, krisi epileptiko mota horrekin.
  • Identifikatu ezin den faktoreen eraginezko krisiak gertatu edo arrazoirik gabeko krisi bakarra gertatu baldin bada, gidatu gabeko aldia krisi gehiagorik gabeko 6 hilekoa izango da.
  • Neurologia-irizpidearen arabera, gidatzea debeka daiteke tratamendua kentzen hasi eta 6 hileko epean.

Informazio gehiagorako, kontsultatu: https://www.boe.es/boe/dias/2010/09/10/pdfs/BOE-A-2010-13946.pdf

Azken aldaketako data: