Erditzea
- Erditzearen etapak
- Unea heldu da
- Ospitalera noiz joan
- Erditzen ari naiz!
- Minaren tratamendua
- Ohiko galderak
Erditzearen etapak
"Erditze arrunta" prozesu naturala da, zeinetan aurreikusitakoaren arabera amaitzen den haurdunaldia, hau da, 37. eta 42. asteen artean. Modu espontaneoan hasi eta konplikaziorik gabe gauzatu eta amaitzen da, haurraren jaiotzarekin.
Emakume osasuntsu gehienak euren eta haurtxoaren segurtasuna arriskuan jarri gabe erditu daitezke, gutxieneko prozedurei jarraituz, esku-hartze bakarra laguntza integrala eta errespetuzkoa izanik.
Erditzeak zenbait etapa ditu, besteak beste, dilatazioa (fase latentea edo erditze-prodromoen fasea eta fase aktiboa), egozpena eta erditzea.
Erditzearen etapak
Dilatazioa , egozpen-fasea eta haurlaguna botatzea.
Unea heldu da
Normalean, lehenengo erditzeari ziurgabetasun handiagoz egiten zaio aurre, esperientzia berria delako. Kontuan izan behar da haurdunaldi bakoitza, pertsona bakoitza eta seme-alaba bakoitza bereziak direla, eta, beraz, jaiotza bakoitza bakarra eta desberdina izango dela.
Erditzearen hasieran uzkurdurak izaten dira (tripa gogorraren sentsazioa eta hilekoak ematen duen minaren antzekoa, bizkarrerantz irradiatu daitekeena). Baliteke presioa eta komunera joateko gogoa ere nabaritzea. Erditzeak aurrera egin ahala, intentsitatea, iraupena eta maiztasuna aldatuko dira.
Haurdunaldian, umetoki-lepoa itxi eta zigilatu egiten da muki-tapoiarekin, barrualdea isolatze aldera. Emakume batzuek muki-tapoia noiz kanporatzen ari den igartzen dute (gelatinazko testura dauka, arrautza-zuringoaren antzekoa). Horrek ez du esan nahi erditzea berehalakoa izango denik. Ez larritu gertatzen bazaizu, nahiz eta odol pixka bat kanporatu. Umetoki-lepoan aldaketak gertatzen ari direla baino ez du adierazten.
Lehenengo fasean (fase latentea edo erditze-prodromoak) uzkurdurak irregularrak izango dira, eta etxean egon ahalko zara. Etapa honek orduak ala egunak iraun dezake. Oso luzea denean, nekagarria ere bada; beraz, uzkurdurak eten edo arinagoak direnean, aprobetxatu atseden hartzeko.
Hasieran, minutu bateko baino gutxiagoko uzkurdurak izango dituzu, eta atsedenean zaudenean eten egingo dira. Gero eta biziagoak, luzeagoak eta sarriagoak izango dira. Lasai egoten lagunduko dizute, gorputzarekin konfiantza hartzen. Horretarako, baliagarria izan daiteke ingurune egokia bilatzea, patxadaz arnastea, distrakzio-metodoak erabiltzea, gorputz-jarrera desberdinak hartzea, oinez ibiltzea edo aldakarekin mugimenduak egitea. Fase honetan aurrerapen handiak lortzen dira dilatazioan, eta, beraz, uzkurdura bakoitzak haurtxoaren jaiotzara hurbiltzeko balio du.
Erditzea ezarrita egon aurretik ospitalean ingresatzea kaltegarria izan liteke. Ez harritu ospitaletik bertatik etxera itzultzea gomendatzen badizute dilatazioa aurreratuago egon eta uzkurdurak sarriagoak izan arte. Horregatik, ez kezkatu ospitalera behin baino gehiagotan joan behar baduzu. Joaten zaren bakoitzean, Osakidetzako profesionalek azalduko dizute noiz itzuli beharko duzun eta zer egin egoera hobeto eramateko.
Ospitalera noiz joan
Beharbada larrialdietara joateko une egokia aukeratzen jakiteak kezkatzen zaitu; normala da hori. Izan konfiantza zure gorputzarekin eta entzun iezaiozu. Haurtxoak gidatuko zaitu, unea iritsi dela adierazten duten seinaleak erakutsiz.
Haurdunaldiaren 37. astetik aurrera, erditzea argi eta garbi ezarrita dagoenean joan beharko duzu larrialdietara; hau da, umetoki-lepoaren dilatazioa 5 cm ingurukoa denean eta uzkurdurak erregularrak eta biziak. Zaila da jakitea dilatazio hori noiz duzun; hortaz, gomendio hauek proposatzen dizkizugu orientazio gisa:
- Lehenengo erditzea. Haurtxoa sentitzen baduzu, odolik botatzen ez baduzu eta zorro amniotikoak osorik jarraitzen badu, 2 ordu itxaron dezakezu 5 minuturik behin uzkurdurekin zaudela.
- Bigarren erditzea eta ondorengoak. Zure gorputzak esperientzia du dilatatzen, eta, beraz, normalean azkarrago egingo du. Askotan nahikoa izango da uzkurdurak biziak eta erregularrak izatea. Hala bada, eta 10 minuturik behin badituzu ordubetez, ospitaleko larrialdi-zerbitzura joateko unea da.
- Zorro amniotikoa hausten bada, joan egin beharko duzu. Urak zikin badaude, joan zaitez berehala. Kontrara, urak argiak badira, dutxatzeko denbora edukiko duzu.
- Haurtxoa nabaritzen ez baduzu edo hilekoan baino odol gehiago botatzen baduzu, joan ahalik eta lasterren.
Nolanahi ere, kalkulatu ospitalera heltzeko beharko duzun denbora.
Erditzen ari naiz!
Ospitalera zoazenean, eraman honako agiri hauek: Amaren kartilla, NANa edo identifikazio-agiria eta, nahi baduzu, Erditze-plana. Lehenbiziko urratsa larrialdietako harrera-zerbitzura joatea da, identifikatu eta erregistra zaitzaten. Hala ere, zurekin dagoen pertsonak egin dezake erregistroa.
Ondoren, lehenengo balorazioa egingo dizute: tenperatura eta tentsio arteriala hartu, miaketa fisikoa egin (baginako ukipena barne), fetuaren monitorizazioa, eta elkarrizketa, zure historia klinikoa osatzeko. Baliteke ekografia bat ere egitea.
Erditzeko gelan, zuk aukeratutako pertsonarekin partekatu ahalko duzu esperientzia. Garrantzitsua da hark konfiantza helaraztea, prozesuan zehar zu zaintzea, lasaitzea eta laguntzea.
Gainera, aukeratu duzun zentroaren arabera, emagin bat eta erizaintzako laguntzaile bat izango dituzu ondoan. Haurtxoa jaiotakoan, profesional batek egiaztatuko du umetokitik kanpoko bizitzara egokitzen dela. Bilakaerak hala eskatzen badu, obstetra edota pediatren asistentzia jasoko duzu.
Ezin da erditzearen iraupena aurreikusi. Oso bestelakoa da emakume batetik bestera, baita pertsona beraren erditze batetik bestera ere. Hainbat faktorek dute eragina, hala nola ingresuaren uneak, aurretik izandako erditze kopuruak, haurtxoaren buruaren tamainak eta jaitsieran duen posizioak edo analgesia motak.
Uzkurdurek dilatazioa eragiten dute.
Dilatazioak dirauen bitartean, uzkurdurei esker, umetoki-lepoa bigundu, laburtu eta ireki egiten da. Aurrerapen hori zentimetrotan neurtzen da, eta 10 cm-ra heltzen denean dilatazioa osatutzat ematen. 4-5 cm dilatatu arte fase latentean egongo zara eta 5-10 cm dilatatzean, erditzearen fase aktiboan.
Egozpen-fasean uzkurdurak aldatu egiten dira: bultzatzeko gogoa edukiko duzu.
Behin 10 cm-ko dilatazioa lortuta, uzkurdurek haurtxoa jaisten lagunduko dute. Lehenik burua ateratzen da, eta, gero, gorputza. Fase honek ere iraupen aldakorra du, hots, neurri handi batean uzkurduren intentsitatearen eta haurtxoak zure pelbisarekiko duen posizioaren eta egokitzapenaren araberakoa izango da.
Haurra kanpoan dago, orain karena edo plazenta botatzeko unea da
Jaiotzetik plazenta irteten den arte doan etapa da. Uzkurdura arinagoak izango dituzu, plazenta umetokitik askatzea lortzeko balioko dutenak. Normalean, 5-30 minutu behar izaten da plazenta kanporatzeko, baina, batzuetan, fase hau ordubetera arte luzatzen da.
Erditze baginala edo zesarea
Nahiz eta emakumearen gorputza erditze baginalerako gai izan, baliteke egoera batzuetan zesarea behar izatea. Zesarea ebakuntza bat da, haurtxoa amaren sabeletik ateratzeko.
Zure lehen erditzea zesarea bidezkoa izan arren, bigarren erditzea baginala izan daiteke. Unea iristen denean, erreferentziazko sanitarioen taldearekin batera, faktore hori eta beste batzuk baloratuko dituzue, erabaki egokiena hartzeko.
Informazio gehiago lortzeko, deskargatu gida hau:
Minaren tratamendua
Minari aurre egitea zerbait pertsonala eta bakarra da, eta baliteke erditzeko mina izatea kezkatzen zaituen gaietako bat. Izan konfiantza zure gorputzean, prest dago.
Zenbait aukera daude mina arintzeko. Horietako baten alde egiteak ez du esan nahi amaierara arte eutsi behar diozunik, zure beharren arabera bat ala beste hautatu edo txandakatu egin ahalko dituzu eta. Dauden aukerak ezagututa, modu egokiagoan hautatu ahalko dituzu. Jarraian labur-labur azalduko dizkizugu metodoak.
Naturalak
Arreta desbideratzea: jarduera atsegin eta entretenigarriak egitea, unerako egokiak.
Erditzean laguntzea: segurtasuna ematen die emakumeei, eramangarriago egin dezake uzkurdurek eragindako mina eta erraztu egiten du prozesua.
Beroa: gerrialdean ipintzeko gailuak (adib.: hazi-zakua).
Ura: ur epeletan sartzea edo dutxa epela hartzea. Kontsultatu zure erreferentziazko ospitalean bainuontzirik dagoen. Hidroterapiak erditzean dituen abantailak, oro har, hauek dira: mugikortasuna handitzea flotagarritasunari esker, amaren gogobetetze-maila handitzea, erlaxatzea eta uraren beroari esker sentsazio mingarria gutxitzea. Garrantzitsua da uraren tenperatura 36 °C-tik gorakoa ez izatea.
Masajeak: sorbaldetan eta bizkarraren beheko aldean masajeak jasotzea uzkurdurek dirauten bitartean.
Mugimendua: entzun gorputzak eskatzen dizunari. Oinez ibiltzea edo gorputz-jarrera desberdinak hartzea lagungarria izan daiteke zuretzat. Pilateseko pilota aliatu handia izan daiteke, gorputz-jarrera jakin batean egon eta jarreraz aldatzeko balioko dizulako. Gorputza pilotaren gainean kulunkatzeak mina arintzen du. Bizkarraren beheko aldeak mina ematen badizu, "lau hankatan" egoten saia zaitezke, adibidez. Jarrera horren beste aldaera bat izan daiteke besoak pilotaren gainean jartzea. Mina arintzen duen beste mugimendu bat da pilotaren gainean eseri eta 8 zenbakia irudikatzeko mugimenduak egitea, ezkerretik eskuinera eta alderantziz. Ariketa hori oso gomendagarria da haurtxoaren burua ondo kokatzen laguntzeko. Halaber, pilotaren gainean jauziak egin ditzakezu eta kulunkatu zaitezke, perineo-eremu osoa erlaxatzeko.
Arnasketa fokalizatua: uzkurdurak dirauen bitartean, arnasa erritmo konstantean hartzen ahalegintzea. Poliki, hartu airea sudurretik, zenbatu 1etik 4ra, eta bota ahotik 1etik 8ra zenbatzen duzun bitartean, ezpainekin kandela bat itzaliko bazenu bezala. Uzkurdura eteten denean, hartu arnasa astiro. Aldez aurretik arnasketa mota hau praktikatzea lagungarria izango zaizu erditzeko unean.
Ur esterila injektatzea: gerrialdeko mina arintzeko erabiltzen da, baina egia da ura injektatzen den unean erresumina eta min handia eragiten dituela. Profesional sanitarioek aplikatu behar dute.
Farmakologikoak
Profesional sanitarioek preskribatu, aplikatu eta gainbegiratu behar dute.
Oxido nitrosoa: oxido nitrosoa eta oxigenoa % 50ean nahastuta arnasten dira, maskara edo ahoko baten bidez. Normalean ongizate-sentsazioa eragiten du, nahiz eta batzuetan zorabioa eragin dezakeen edo desatsegina izan daitekeen. Emaginak gidatuko zaitu nahasketaren efektuak eta uzkurduraren minak aldi berean goia jo dezaten. Teknika honek ez du balio uzkurdurarik ez baduzu, ezta aldi luzeetarako ere. Kontsultatu ospitalean teknika hau erabil daitekeen.
Analgesia epidurala: mina kentzeko metodorik eraginkorrena da, eta bizkarrezurrean jartzen den zunda edo kateter baten bidez medikamentuak ematean datza.
- Metodo honen onurak eta arriskuak ulertu behar dituzu; beraz, zure erreferentziazko profesionalaren azalpena jaso ondoren, informazio espezifikoa emango dizute, irakurri eta sinatu ahal izan dezazun. Osasun-sistemetan, dokumentu horri "baimen informatua" deritzogu.
- Uzkurduren pertzepzio mingarria murriztea du helburu. Presio-sentsazioari eta ahalik eta mugikortasun handienari eusten saiatzen gara, baina beti ez da posible izaten. Gogoratu erditzeak eta mugimenduak batera joan behar dutela; hortaz, ahal den neurrian, garrantzitsua da mugimenduari eusten saiatzea.
- Zunda jartzean, anestesistak informazioa emango dizu, gidatu egingo zaitu eta anestesia lokala jarriko dizu une hori arintzeko. Prozedura horretarako ohikoa da ohearen ertzean eserita egotea, eskuak belaunen gainean erlaxatuta, eta burua aurrerantz makurtuta (bularra kokotsarekin ukitzen saiatuz) bizkarra kakotu dadin, hau da, "kateme haserretu baten bizkarra bezala". Garrantzitsua da gorputz-jarrera horretan mugitu gabe egotea.
- Eragina progresiboa da eta 20-30 minutura jotzen du goia, une horretan mina asko arinduko baitzaizu. Posible da beroa, inurridura eta hanketako sentikortasuna galtzen dela ere sentitzea.
- Analgesia horrek monitorizatuta, zain-bide batekin eta kateterra jarrita egotea dakar.
- Zunda hori kentzeak ez du minik ematen.
Ohiko galderak
Dokumentazioari dagokionez, osasun-txartela, NANa edo nortasun-agiria, Amaren kartilla eta, nahi baduzu eta oraindik aurkeztu ez baduzu, Erditze-plana.
Bestalde, arropa edo objektu pertsonalei dagokienez, zuk zeuk erabaki, baina baliteke erosoagoa izatea garbitasunerako behar duzuna eramatea.
Egia esan, azken horiek gerorako utzi edo ordeztu egin daitezke. Ez ahaztu benetan garrantzitsua dena: konfiantza izatea zeure buruarengan, haurtxoarengan, ondoan dituzunengan eta artatzen zaituztenengan; baita komunikazioa, pazientzia eta haurdunaldi osoan ezagutu dituzun tresnak eta baliabideak ere. Nolanahi ere, zeu zara protagonista. Osakidetza eta bertoko profesionalok zurekin gaude.
B taldeko estreptokokoa emakume batzuen baginan modu naturalean dagoen bakterio bat da, eta ez die inolako eragozpenik sortzen. Haatik, erditzean jaioberriari transmititzen bazaio, infekzioak sor ditzake. Hori saihesteko, azken azterketetakoren batean bagina-ondesteko lagin bat hartuko dizute. Erditzea aurreratzen bada, proba hau ospitalean egingo dizute.
Probaren emaitzak hala adierazten badu, litekeena da antibiotikoa hartu behar izatea, gerora ager daitekeen edozein arazo saihesteko.
Ez zaitez larritu. Ez da beti gertatzen, eta ezin da ezer egin hau saihesteko. Zuretzat deserosoa izan daitekeen arren, artatzen zaituztenek normaltzat dute; izan ere, batzuetan gertatzen da, haurtxoaren buruak erditze-kanaletik aurrera egiten duela.
Haurdun ez dauden gainerako kutsatuek jarraitu beharreko isolamendu-neurri berberak hartuko dira; hau da, dilatazio- eta erditze-prozesua eta erditze ondoko errekuperazioa isolamendu- eta segurtasun-baldintza egokietan egingo dira, haurtxoa eta biok babesteko. Dudarik gabe, esperientzia ezberdina izango da, baina berdin-berdin segurua eta pozgarria.
Haurtxoak covid-19az kutsa daitezke populazio orokorraren modu berean, eta kutsatutako senide batekin kontaktuan egoteagatik izango da normalean. Haurra zaintzen duen norbait gaixorik badago, pediatria-zerbitzuari kontsultatu beharko zaizkio jarraibide zehatzak.
Hala ere, ez dago frogatuta erditzean edo plazentaren edo ama-esnearen bidez kutsa daitekeenik.
Horregatik, Osasunaren Mundu Erakundeak edoskitze esklusiboa gomendatzen du jaioberriaren lehen 6 hilabeteetan, amak covid-19a duenean ere bai. Amagandiko edoskitzea da nutrizio-modurik osatuena, haurtxoari oraindik garatu ez dituen antigorputzak ematen baitizkio; izan ere, bizitzako lehen hilabeteetan, antigorputz horiek oso beharrezkoak dira arnas infekzioetatik babesteko.
Azken aldaketako data: