Eskizofrenia
- Eskizofreniari buruz
- Sintomak
- Beste lotutako arazoak
- Diagnostikoa
- Eboluzioa
- Prebentzioa eta arrisku-faktoreak
- Tratamenduak eta terapiak
- Gomendioak
- Ohiko galderak
- Estekak
Eskizofreniari buruz
Eskizofrenia gaixotasun mentala da, alegia, funtsean pentsamenduan, jokabidean edo portaeran, emozioetan eta gauzak ikusteko moduan du eragina. Beste gaixotasun mental batzuk ere badaude, besteak beste, depresioa, nahasmendu bipolarra edo antsietate-nahasmenduak. Oro har, eskizofrenia, gaixotasun mentalen artean, psikositzat hartzen da. Psikosi hitzak konnotazio negatiboak izaten ditu, baina hura jasaten dutenek errealitatearen eta pentsamenduen edo ideien eta gaixotasunak eragindako pertzepzioen artean bereizteko zailtasunak izan ditzaketela baino ez du esan nahi.
Eskizofrenia gaixotasun mental larria eta kronikoa da, arazo garrantzitsuak eta iraunkorrak ekar diezazkieke gaixotasuna jasaten duten pertsonei, baina pertsona bakoitzarengan eragina oso bestelakoa izan daiteke.
Gaixotasuna nahiko ohikoa da; helduen % 0,7 eta 1ek bitartean izaten du bizitzan zehar. Horrek esan nahi du Euskadin 15.000 eta 20.000 pertsonak bitartean diagnostiko hori izango dutela beren bizitzan zehar. Aldagai batzuk baditu ere, eskizofrenia antzeko maiztasunarekin izaten da munduko herrialde eta kultura guztietan. Gizon eta emakumeetan izaten da. Gaixotasuna gaztaroan hasten da, eta nerabezaroaren eta 35-40 urteen bitartean agertu ohi da.
Ez dakigu eskizofreniaren kausak zein diren. Kasu batzuetan egiaztatu da faktore genetiko batzuek eskizofrenia izateko eragina dutela.
Ez dakigu eskizofreniaren kausak zein diren. Kasu batzuetan egiaztatu da faktore genetiko batzuek eskizofrenia izateko eragina dutela. Horrek ez du esan nahi eskizofrenia heredatu egiten denik, baina hura jasateko arriskua handiagoa izan daiteke hura jasaten duten pertsonen lehen mailako familiartekoetan (seme-alabak, neba-arrebak). Baina gaixotasun hori duten askok ez dute gaixotasuna daukan familiartekorik, eta gaixotasuna duten familiartekoak dituzten pertsona askok ez dute gaixotasuna.
Halaber, zenbait faktore identifikatu dira, besteak beste, arazoak haurdunaldian eta erditzean, traumak eta haurtzaroko abusua edo droga batzuen mende egotea. Nolanahi ere, beste gaixotasun askotan bezala, aurrejoera genetikoaren eta ingurumeneko faktoreen arteko konbinazio aldakorrak eta indibidualak gaixotasuna dakar. Zenbait kausak eta horien arteko zenbait konbinaziok pertsonetan eragina izan dezakete, eta horrela uler daiteke gaixotasunaren inguruan eta pertsona bakoitzak gaixotasuna bera garatzean dagoen aldakuntza handia.
Faktore horiek guztiek, genetikoek eta ingurumenekoek, nahasmenduak eragin ditzakete garunaren garapenean eta neuronen eta garuneko arloen arteko komunikazioa ezartzen duten substantzia kimikoetan (neurotransmisoreak). Nahiz eta neurotransmisore horietakoren batek (dopamina, besteak beste) gaixotasunaren sintometan parte har dezakeelako frogak dauden, faktore horiek guztiek gaixotasuna sortzean eta gaixotasunaren beraren bilakaeran esku hartzean elkarri eragiteko duten modua ezezaguna da eta, ziurrenik, oso konplexua.
Zer sintoma ditu?
Eskizofreniaren sintomak oso aldakorrak izan daitezke pertsona batetik bestera, bai eta pertsona zehatz batean gaixotasunak duen bilakaeran ere. Gainera, gaixotasunaren zakartasun-maila hasieran handiagoa ala txikiagoa izan daiteke, aurretik inolako zantzurik egon gabe (batzuetan estresaren ondoren, drogen kontsumoaren ondoren etab.), edo, beharbada, geldoagoa izan daiteke bilakaera, ohi bezala, zenbait hilez edo urtez, harik eta sintomak agerikoak izan arte. Normalean, eskizofreniaren sintomek “positibo” eta “negatibo” sailkapenak izaten dituzte; hitz horiek errakuntza eta nahasketa eragin ditzakete.
Oro har, sintoma positibotzat jotzen dira sintoma psikotikoak, alegia, gaixotasunaren eraginpean dagoen pertsonaren errealitatearen balorazioarekin nahasten direnak eta jokabide nabarmenekin eta kezkagarrienekin ere lotzen direnak. Sintoma horiek oso aldakorrak izaten dira gaixotasuna jasaten duten pertsonen artean eta gaixotasunaren ibilbide osoan; oso nabarmenak izan daitezke krisi-uneetan eta birgaixotzeetan, eta ia batere nabarmenak ez izan egonkortasun-aldietan.
Sintoma positiboak edo psikotikoak honako hauek dira:
- Haluzinazioak: pertsonek existitzen ez diren sentsazioak antzematen dituzte (soinuak, usainak, irudiak). Eskizofreniaren kasuan, haluzinazio ohikoenak entzunezkoak dira, hau da: soinu hutsalak hautematen dituzte, oro har hitzak eta esaldiak esaten dituzten ahotsak izango balira bezala, eta zuzenean hitz egin diezaiekete, aginduak eman edo gaixotasunaren eraginpean dagoen pertsonari buruzko komentarioak egin. Batzuetan, ahots horiek buruan bertan kanpoko pentsamendu gisa jasotzen dira eta ez hainbeste soinu gisa.
- Deliriozko ideiak: ideia eta sinesmen horiek ez datoz bat errealitatearekin eta beste pertsona batzuek ez dituzte partekatzen. Askotan, ideia horiek paranoideak dira, alegia, pertsona horiek uste dute beste pertsona batzuk, beste pertsona-talde batzuk, beste erakunde batzuk eta abar ikuskatzen ari direla, jazarten, mehatxatzen edo kalte egiten. Pertsona batzuek deliriozko ideia arraroak eta irrazionalak izan ditzakete.
- Pentsamendu desantolatua: une batzuetan, bereziki birgaixotzeen unean, arrazonamenduaren eta pentsamendua eratzen duten ideien konexioaren prozesuak kaltetu daitezke eta, ondorioz, modu logikoan pentsatzeko eta ideiak argi adierazteko zailtasunak ekarri. Ondorioz, beste pertsona batzuek ulertzeko zailtasunak eragin ditzake; izan ere, eraginpean dagoen pertsonaren elkarrizketa nahasi, arraro eta ez oso argitzat uler dezake. Gaixotasunaren eraginpean dauden pertsonentzat, zaila izan daiteke kontzentratzea, arretari eustea eta beren ideiak antolatzea; horrek eragin nabarmena du beren gizarte-harremanetan eta laneko eta ikasketetako errendimenduan.
Deliriozko ideiek eta haluzinazioek larritasuna eta ikara handia eragin ditzakete, bai eta ustezko erasotzaileetatik ihes egitea eta/edo defendatzea helburu duten portaera asaldagarriak ere. Ez dira, krisi-uneetan behintzat, arrazonamenduaren bidez aurre egiteko moduko akatsak, hutsak edo irudimenak; horiek jasaten dituzten pertsonentzat erabat errealak dira. Batzuetan, gaixotasunaren mende dauden pertsonak, krisian bete-betean daudenean, kontrolaezinak izan daitezke, aztoratu egin daitezke eta beren buruarentzat edo beste pertsona batzuentzat arriskutsuak izan daitezke.
Haluzinazio ohikoenak entzunezkoak dira, hau da: soinu hutsalak hautematen dituzte, oro har hitzak eta esaldiak esaten dituzten ahotsak izango balira bezala
Sintoma negatiboek emozio, interes, motibazio, elkarreragin eta gizarte-harremanetan dute eragina. Horien presentzia oso aldakorra da eraginpean dauden pertsonen artean, eta agerikoagoak izan daitezke egonkortasun-aldietan eta gaixotasunaren fase aurreratuenetan. Nahiz eta ingurunean sintoma positiboek baino askoz ere alarma gutxiago eragiten duten, benetan dira eguneroko bizitzari eta gizarte-harremanei aurre egiteko arazo gehien dakartzatenak eta laneko edo ikasketetako errendimenduan eta pertsonen bizi-kalitatean gehien eragiten dutenak. Horiek dira gaixotasun horrek sarritan izaten duen desgaitasunarekin gehien lotzen diren sintomak.
Sintoma negatiboak dira, esaterako:
- Lautze afektiboa: adierazpen emozionala (poztasuna, tristezia) murriztu egiten da. Pertsonek badirudi ez dutela erreakzionatzen edo badirudi ez dutela nahikoa erreakzionatzen erreakzio horiek ohikoak izango liratekeen egoeretan, beren keinuak edo ahots-tonua barne. Badirudi horren eraginpean dagoen pertsonak ez dituela gauzak sentitzen edo gutxiago sentitzen dituela.
- Anhedonia edo sentsazio atsegingarriak esperimentatzeko zailtasuna: eraginpean dauden pertsonek eguneroko gauzez gozatzeko duten gaitasuna murriztu egin daiteke, dela elkarrizketa batez, irakurgai batez, film batez, paseo batez… gozatzeko duten gaitasuna.
- Apatia, ekimena gutxitzea: gauzak egiteko eta jarduerak hasteko eta horiei eusteko interesa eta motibazioa murriztu daitezke.
Sintoma horien ondorioz, eraginpean dauden pertsonek nabarmen gutxitu ditzakete gizarte-harremanak, eta horiek familia-ingurunera mugatu daitezke edota isolamendu-egoera penagarrietara ere iritsi daitezke. Halaber, loan, elikaduran, higiene pertsonalean eta janzkeran ere eragina izan dezakete.
Eraginpean dagoen pertsona bakoitzak sintoma horien guztien konbinazio desberdina izan dezake; pertsona batzuek funtsean sintoma positiboak dituzte, iraunkorrak edo ez hain iraunkorrak, eta beste batzuen kasuan gaixotasuna beharbada ez da horren agerikoa, baina bere eguneroko bizitzari, gizarte-harremanei, ikasketei edo lanari aurre egiteko gaitasuna narriatzen dira. Gehienek, hala ere, bi sintoma-moten konbinazioa izango dute, eta horien garrantzia eta presentzia aldakorra izango da bizitzan zehar eta gaixotasunaren bilakaeran.
Gaixotasunarekin lotura duten beste arazo batzuk
Arazo gehigarriak daude eta horiek, sarritan, gaixotasunean agertu ohi dira:
- Gaixotasunaren kontzientzia: sarritan, eskizofrenia duten pertsonak ez dira beren gaixotasunaren oso kontziente, ez behintzat larritasunaren eta ondorioen oso kontziente. Muturreko kasuetan, erabat ezeztatzen dute, eta, ondorioz, sarritan tratamenduari uko egiten diote. Bestalde, tratamendua ez betetzea da birgaixotzeen arrisku nagusia eta horrek, aldi berean, larriagotu egiten du gaixotasuna. Gaixotasunaren kontzientziaren bidez, pertsonek beren mugak onartzen dituzte, sintomak kontrolatzen ikasten dute, arriskuak saihesten eta beren gaixotasunaren gaineko kontrola eskuratzen ikasten dute.
- Indarkeriazko jokabidea: nahiz eta eskizofrenia jasaten duten pertsonak oro har ez diren biztanleria orokorra baino bortitzagoak, une batzuetan, batik bat birgaixotze eta krisietan, jokabidea asko kaltetu daiteke eta pertsonak beren buruarentzat eta ingurunearentzat arriskutsuak izan daitezke. Bereziki beste pertsona edo talde batzuen aldetik jazarpena, mehatxua edo kaltea jasaten ari direlako ustea dela eta, ihes egin dezakete edo batzuetan indarkeriaz adierazten diren defentsarako jokabideak izan ditzakete. Tratamendurik jarraitzen ez dutenek eta/edo droga adiktiboak kontsumitzen dituztenek indarkeriazko jokabide larriagoak izaten dituzte.
- Bizi-ohiturak: nahiko sarritan eskizofrenia bizi-ohitura ez oso osasungarriekin lotzen da, bereziki tabakoaren kontsumo handiarekin, elikadura desorganizatuarekin, jarduerarik ezarekin eta ariketa fisikoa ez egitearekin, arrisku-egoeren eraginpean egotearekin edo droga adiktiboak kontsumitzearekin. Ohitura horiek finkatzen direnean, zenbait gaixotasunen arrisku handiagoarekin lotzen dira, diabetesa eta eraginpean dauden pertsonen bizi-kalitatea eta -itxaropena murriztu dezaketen gaixotasun kardiobaskularrak barne.
- Suizidioa: jokabide autoerasotzaileak eta suzidioa askoz ere ohikoagoak dira eskizofrenia duten pertsonetan biztanleria orokorrean baino. Batzuetan, jokabide suizidaren motiboa sintoma psikotikoak izan daitezke, bai eta eragiten dituen larritasuna eta ikara ere; beste batzuetan, depresioa, bizitzako ikuspegirik eza eta etsipena faktore erabakigarrienak izan daitezke.
- Baztertzeko arriskua: gizarte-isolamendua, estigma, enplegurik eza eta baliabide ekonomikorik eza, batik bat familia-laguntzarik eza edo familia-laguntza galdu izana izan daitezke eraginpean dauden pertsonak gizarte-bazterketako, bizileku aldetiko ezegonkortasuneko, marjinalitateko eta beren bizi-baldintzetan pixkanako narriadurako egoeretan izateko motibo. Bazterketa-egoeran dauden eta eskizofrenia duten pertsonak bereziki ahulak dira eta abusu eta indarkeriaren biktima.
- Estigma: eskizofrenia estigma gehieneko gaixotasun mentala da, alegia, pertsonen artean aurreiritzi eta konnotazio negatibo gehien eragiten duena. Estigmaren eta aurreiritziaren oinarri garrantzitsuena ezjakintasuna eta dauden eta transmititzen diren sinesmen estereotipatuak dira, horiek direla diskriminazioaren oinarri. Indarkeriaren eta eskizofreniaren arteko lotura hedatua estigmaren eragile handia da, bai eta hobekuntzarako aukeretan eta eraginpean dauden pertsonen balio sozialean dagoen itxaropen ezkorra ere. Jarrera negatikoak eta itxaropen baxuak konbinatu egiten dira eta eraginpean dauden pertsonak erabat gizarteratzeko oztopo garrantzitsu bilakatzen dira.
Nola diagnostikatzen da?
Beste gaixotasun batzuetan ez bezala, ez dago eskizofrenia duen pertsona diagnostikatu ahal izateko analisirik, erradiografiarik edo bestelako proba-motarik. Beraz, diagnostikoa egiteko modu bakarra profesional batek eraginpean dagoen pertsonak dituen jokabideak, sintomak eta eboluzioa aztertzea da, elkarrizketa klinikoaren eta pertsonak eta bere familiak eta inguruneak emandako informazioaren bidez. Gazte batek sintoma psikotikoen pasartea izateak alarma eragiten du, baina pasarte psikotiko guztiek ez dute eskizofrenia ekarriko: estres-egoerak edo droga batzuen kontsumoak desagertu, ondoriorik gabe osatu eta etorkizunean errepikatzen ez diren pasarte deigarriak, jokabide oso aztoratuak, deliriozko ideiak eta haluzinazioak eragin ditzakete. Beste kasu batzuetan, hala ere, sintomek jarraitu egiten dute edo, arindu arren, birgaixotzeak izaten dira. Edo modu garrantzitsuagoan, arazo iraunkorrak izaten dira ikasketetan, lanean, gizarte-harremanetan, eta horiek pertsonaren bizitzarekin nabarmen eragozten hasten dira. Kasu horietan, eskizofreniaren diagnostiko baten susmoa gogoan hartzen hasi behar da.
Beraz, diagnostikoa egiteko modu bakarra profesional batek eraginpean dagoen pertsonak dituen jokabideak, sintomak eta eboluzioa aztertzea da
Lehen gertakari psikotikoan, tratatu edo saihestu daitezkeen kausak baztertu behar dira, bereziki drogen kontsumoa (kalamua, estimulatzaileak) edo gaixotasun neurologikoen edo bestelakoen presentzia, sintoma horiek ekar ditzaketenak. Oro har, miaketa eta elkarrizketa mediko bat, analitika bat eta, kasu batzuetan, egokitzat jotzen denean, garuneko OTA (erradiogragiaren mota berezi bat) nahikoa izaten dira egon daitezkeen beste gaixotasun batzuk baztertzeko.
Laburbilduz, eskizofrenia sintoma psikotikoen (deliriozko ideiak eta haluzinazioak) eta ohiko funtzionamenduaren narriaduraren (isolamendua, ikasketak eta lana uztea etab.) bidez diagnostikatzen da; narriadura horrek denboran irauten du eta/edo birgaixotzeak izaten ditu. Ebaluazio arduratsua egin behar da eta, batzuetan, denbora igaro behar da, eboluzioa ikusteko, behin betiko diagnostikoa egin aurretik.
Nola eboluzionatzen du eskizofreniak?
Eskizofreniaren diagnostikoa tradizioan kronikotasunarekin eta sendaezintasunarekin lotzen da. Hala ere, errepikatu diren azterlanek eta hamarkadetan zehar eraginpean dauden pertsonei segimendua egin dietenek erakusten dute eboluzioa oso aldakorra izaten dela, eta ehuneko handi bat errekuperatu egiten dela eta egonkor eta bizi-kalitate onarekin mantentzen dela. Pertsona batzuek oso eboluzio positiboa izango dute pasarte edo krisi bat edo batzuk izan ondoren, eta ez dute beste birgaixotzerik izango eta bizitza oso normala eta mugarik gabea izango dute.
Hala ere, ehuneko handi batek bizitzan zehar nolabaiteko erasan-maila izango du: birgaixotzeak, sintoma iraunkorrak, harremanetarako zailtasuna, lan-jarduerarako eta eguneroko bizitzako jarduerei aurre egiteko zailtasunak, laguntzarako beharrizan aldakorrekin. Edonola ere, egoera hori eta errekuperatzea ez dira bateraezinak; beste gaixotasun kroniko askotan bezala, sendatu ezin denean, posible da gaixotasunarekin bizitzea eta, aldi berean, bizitza gogobetegarria izatea. Errekuperatzeko, funtsezkoak dira tratamendu profesionala, familia- eta gizarte-ingurunearen laguntza, jarrera itxaropentsua, lan-integrazioa, jardueretan inplikatzea eta gizarte-ingurune integratzailean eta beharrezko laguntza eta aukerak eskaintzen dituen ingurunean inplikatzea.

Errepikatu diren azterlanek erakusten dute eboluzioa oso aldakorra izaten dela, eta ehuneko handi bat errekuperatu egiten dela eta egonkor eta bizi-kalitate onarekin mantentzen dela
Prebenitu daiteke eskizofrenia?
Ez dugu gaixotasuna agertzea prebenitzeko beharrezko ezagutzarik, ez eta segurtasunez jakiteko zer pertsonak duen arrisku-maila handiagoa eta gaixotasuna agertu aurretik esku hartu ahal izateko ere. Ez dago pertsona ahulenak identifikatu ahal izateko analisi genetikorik, erradiografiarik edo odol-analitikarik, eta, bestalde, ez dugu gaixotasuna ez garatzeko tratamendu eta esku-hartzerik.
Hala ere, esku-hartze batzuk badaude, gaixotasuna berez prebenitzen ez badute ere, gaixotasunaren eboluzioa oso modu esanguratsuan hobetu dezaketenak. Gaixotasunaren lehen adierazpenak ahalik eta lasterren diagnostikatzea eta tratatzea funtsezkoa da eboluzio hobea izateko.
Esku-hartze batzuk badaude, gaixotasuna berez prebenitzen ez badute ere, gaixotasunaren eboluzioa oso modu esanguratsuan hobetu dezaketenak
Kasu batzuetan, gaixotasuna zakarki eta zalaparta handiz hasten da; ondorioz, ospitaleratu behar izaten da eraginpean dagoena eta tratamendua behar izaten du berehala. Beste batzuetan, ez da hain argia eta gardena. Ez da aldaketa hain zakarra eta nabarmena gertatzen normaltasunaren eta gaixotasunaren artean, eta sintoma agerikoenen aurretik aste, hilabete eta, kasu batzuetan, urteetako aldaketak izaten dira portaeran. Errendimendua jaisten da ikasketetan, isolamendua izaten da eta lagunekin harremanak galtzen dira, suminkortasuna izaten da, bai eta aldaketak ere loaren erritmoan, interes falta egoten da eta aurretik atseginak ziren jarduerak uzten dira (kirola, zaletasunak etab.).
Portaera horietako batzuk iragankorrak izan daitezke edo ez hain iragankorrak, nerabezaroaren ohiko alde gisa; beraz, oharkabean gerta daitezke edo beste kausa batzuei leporatu. Portaera horiek iraunkorrak eta intentsoak direnean (lagunekin harremanak uztea, ikasketak eta jarduerak uztea, isolamendua etab.), profesional batek ebaluatu behar ditu eta buruan nahasmendu psikotiko baten aukera izan. Ondoren gaixotasuna bilakatzeko eragin gehien duen faktoreetako bat hura hasten denetik tratamendua hasi artean igaro den denbora da: zenbat eta denbora gehiago tratamendu barik, eboluzioa orduan eta txarragoa izango da.
Nahiz eta drogak berez eskizofreniaren kausa ez diren, oso eragin esanguratsua dute aurretik hura jasateko aukera duten pertsonetan hura jasateko. Bereziki, kalamuak eta estimulatzaileek (anfetaminak eta deribatuak, kokaina etab.) oso harreman zuzena dute pertsona ahuletan sintoma psikotikoak agertzearekin eta kontsumoak nabarmen larriagotzen du gaixotasunaren eboluzioa.
Zer tratamendu du?
Eskizofrenia duten pertsonetan gaixotasuna hainbat modutan ageri daiteke eta eboluzioa ere oso bestelakoa izan daiteke, bai eta horien ezaugarri pertsonalak eta familia- eta gizarte-ezaugarriak ere. Eskizofreniaren tratamenduak modu integralean aurreikusi behar ditu gaixotasunak pertsonaren bizitzan zehazki eragiten dituen alderdi esanguratsu guztiak. Errekuperatzeko aukeretarako ez da nahikoa sintomak kontrolatzea, pertsonek beren bizitzari alderdi guztietan eutsi eta/edo berriro heldu behar diote: gizarte-, familia- eta lan-bizitza, aisia-jarduerak etab. Pertsona bakoitzak zenbait laguntza beharko ditu, beharbada, helburu horiek betetzeko.
Medikazioa
Medikamentuak funtsezkoak dira gaixotasunaren sintomak tratatzeko eta birgaixotzeak prebenitzeko: farmako antipsikotiko esaten zaie. Medikamentu horiek neurotransmisore izeneko garuneko substantzien gainean dihardute, eta eraginkorrak dira sintoma psikotikoak kontrolatzeko, besteak beste deliriozko ideiak eta haluzinazioak. Nahiz eta azken urteotan garatutako antipsikotikoak asko hobetu diren, jarraitzen dute bigarren mailako ondorioak eragiten, esaterako, logura edo pisu-igoera. Medikamentu zehatz baten erantzuna oso aldakorra izan daiteke pertsonaren arabera eta, batzuetan, probak eta aldaketak egin behar dira medikamentu-motan eta dosian, harik eta egokiena aurkitu arte, eraginkorrena eta ondoen onartzen dena. Prozesu horretan, pazientearen eta bere medikuaren arteko elkarlana ezinbestekoa da; prozesua bera funtsezkoa da, izan ere, pertsona gehienek medikazioa hartu beharko dute denbora luzez edo, askotan, denbora mugagabean.
Autonomia eta bizitza independenterako gaitasunak berreskuratzea lehentasunezko helburua da, errekuperatzeko.
Medikamentu batzuk injekzio bidez ematen dira, zenbait astean edo hilabetean behin; pertsona batzuen kasuan, medikazioa jasotzeko modu horrek erosotasun handiagoa ekar diezaieke, egunean behin edo batzuetan ez dutelako pastillarik hartu behar, horrela.
Oso garrantzitsua da medikazioa ongi ezagutzea, egon daitezkeen bigarren mailako ondorioak identifikatzeko gai izatea eta une bakoitzean onura handienak ekarriko dituen tratamendua aurkitzeko artatzen zaituzten profesionalekin elkarrekin lan egiteko gai izatea. Onura horiek honako hauek dira: sintomak kontrolpean izatea, birgaixotzeak saihestea eta ahalik eta bigarren mailako ondorio gutxien eragitea.
Tratamenduak eta esku-hartze psikosozialak
Eraginpeko pertsonei gaixotasunari eta horrek beren bizitzetan ekar dezakeen inpaktuari aurre egiten laguntzera bideratzen dira. Psikohezkuntzako esku-hartzeak ere izaten dira, eraginpean dauden pertsonei eta beren familiarteko eta hurbilekoei gaixotasunaren sintomak ulertzen eta maneiatzen laguntzeko, birgaixotze zeinuak detektatzen edo tratamenduak izan ditzakeen bigarren mailako ondorioak detektatzen eta komunikatzen laguntzeko. Gaixotasunari aurre egiteko profesionalen laguntza, estrategiak batera garatzeko, arreta ematen duten profesionalekin etengabeko harremanaren eta konfiantzazkoaren bidez, funtsezkoa da egonkortasunari eutsi eta birgaixotzerik ez izateko, ezinbestekoa zure bizitzari eta helburu pertsonalei berriro heltzeko.
Gaixotasunaren sintoma negatiboen ondorioz, bereziki apatiaren, ekimenik ezaren, isolamenduaren, etsipenaren eta kontzentratzeko zailtasunen ondorioz, pertsona batzuek beren ohiturak eta eguneroko bizitzako jarduerei, etxeko trebetasunei, kudeaketei eta zaintza pertsonalari aurre egiteko gaitasunak galdu edo narriatuta izaten dituzte, batik bat laguntzarik ezean. Autonomia eta bizitza independenterako gaitasunak berreskuratzea lehentasunezko helburua da, errekuperatzeko.
Gaixotasuna gaztaroan hasten denean, sarritan zailtasunak ekartzen ditu ikasketetan eta lana bilatzean; prestakuntzarekin jarraitzeko edo, hala badagokio, berriro orientatzeko laguntza, enplegua bilatzea eta hari eustea eta okupazioa oso garrantzitsuak dira.
Laguntza emozionala eta gizarte-konexioei eustea (familia, lagunak) ezinbestekoa da gizarte-konexioari eutsi eta jarrera positiboa eta itxaropentsua izateko. Laguntza ematen duten familiek eta pertsonek gertukoaren gaixotasunari aurre egiten laguntzeko, euskarria emateko gaitasuna hobetzeko eta gaixotasunak, sarritan, familia-ingurunean dakarren karga emozionala eramaten laguntzeko programa bereziak aprobetxa ditzakete.
Osasun fisikoa
Eskizofrenia duten pertsonek, oro har, beren bizi-kalitatean eta -itxaropenean eragina duten osasun-arazo gehiago izaten dituzte. Arazo horietako batzuk ohitura txarrek eragiten dituzte. Medikazio batzuek obesitatea ekar dezaketen bigarren mailako ondorioak eragin ditzakete. Pisuaren gorakada, diabetesa, hipertentsioa, tabakismoa eta ariketa fisikorik eza gaixotasun kardiobaskularrak, alegia, bihotzean eta arterietan eragina duten gaixotasunak izateko arriskua nabarmen areagotzen duten faktoreak dira. Arrisku hori kontrolatzeko, elikadura zaindu behar da, tabakoa saihestu, pisu osasuntsua izan eta ariketa erregulartasunez egin behar da. Garrantzitsua da profesionalekin harremanetan jartzea, medikuarekin eta lehen mailako arretako erizainarekin, kontrol egokia eramateko.
Errekuperazioa
Errekuperatzea eta sendatzea ez da gauza bera. Bide eta helburu horrek bizitza gogobetegarria izateko gaitasunak eskuratzea dakar, helburu pertsonalekin, ingurunearekiko konexioarekin eta nork bere burua eta besteena balioetsiz, nahiz eta gaixotasun kronikoa izan. Tratamendu profesionala bide hori egiten laguntzeko zati bat baino ez da; jarrera pertsonal itxaropentsua, hobetzeko gaitasunetan konfiantza izatea, familiarteko, lagun eta gertukoen laguntza izatea, lan-integrazioari bide emateko baliabideak izatea eta bizitza independentea edo estigmarik gabeko gizarte-jarrera izatea funtsezkoak dira. Errekuperazioa ez da, nolanahi ere, bide zuzena eta laua, pertsona gehienentzat; sarritan, gorabeherak izango dira, aurrera egingo da batzuetan eta atzera besteetan; bertan, garrantzia handia dute pertsonaren jarrerak berak eta bere laguntzaileenak.
Gaixotasunari hobeto aurre egiteko zenbait gomendio
- Medikazioa hartzea: esan bezala hartu. Medikuarekin hitz egin beharko duzu zure lehentasunez, bigarren mailako ondorioez eta medikazioaren eraginkortasunaz, eroso egoteko tratamendua izateko, eraginkorra izateko ahalik eta dosi txikienarekin eta zure bizitza pertsonalean eraginik ez izateko. Baina ez utzi edo ez aldatu medikazioa arreta ematen dizuten profesionalekin kontsultatu gabe. Birgaixotzeko kausa nagusia medikazioa uztea da.
- Ez kontsumitu drogarik: drogak kontsumitzen dituztenek, alkohola eta kalamua barne, eboluzio askoz ere txarragoa izaten dute kontsumitzen ez dituztenek baino. Drogak kontsumitzean, birgaixotzeetarako aukera gehiago izaten da, sintomak areagotu egiten dira eta oso eragin garrantzitsua du errekuperazioaren prozesuan.
- Ikasi zure gaixotasunetik: : identifikatu arrisku-seinaleak, ezagutu sintomak eta ikasi horiek maneiatzen. Ikasi birgaixotze-zeinuak detektatzen. Jarri arreta ematen dizuten profesionalekin harremanetan zeinurik agertuz gero.
- Izan daitezela ingurukoak zure euskarri: familia, lagunak, hurbilekoak. Izan harremanak gauza positiboak dakarzkizutenekin. Ez isolatu.
- Egon aktibo: ikasi, lan egin, bete denbora.
- Zaindu osasun fisikoa: elikadura zaindu, ez erre edo murriztu tabakoa ahalik eta gehien, izan ariketa egiteko ohitura. Egon medikuarekin eta lehen mailako arretako erizainarekin harremanetan.
- Itxaropenari eutsi. Itxaropena gure asmoak betetzeko baikortasunezko aldartearen bide-erakuslea da. Itxaropena izaten laguntzen dizuten ekintza batzuk honako hauek dira: ametsak eta nahiak izatea, poza ematen dizuna bilatzea, oroitzapen positiboak sortzeko aukerak ematea zeure buruari, pentsamendu ezkorren alternatibak planteatzea, egunero gainditzen duzunari balioa ematea, baikortasuna transmititzen duten pertsonez inguratzea etab.

Itxaropena gure asmoak betetzeko baikortasunezko aldartearen bide-erakuslea da
Ohiko galderak
Osatzen da eskizofrenia?
Eskizofrenia gaixotasun kronikoa da, eta ez dago sendatzeko erabat eraginkorra den tratamendurik. Beste edozein gaixotasun bezala, pertsona guztiengan eragin-maila ez da bera: pertsona batzuek ez dute ia sintomarik eta bizitza erabat normala egin ahalko dute, eta beste batzuek sintoma iraunkorrak izango dituzte eta sarritan birgaixotuko dira eta horiek muga esanguratsuak eragingo dizkiete, bai eta laguntza-beharrak ere. Gehienek tarteko eboluzioa izango dute, eta horrek etengabeko tratamendua eta gaixotasunaren eboluzioan zehar laguntza aldakorrak eskatuko ditu. Tratamenduaren segimendua egokia bada eta behar diren laguntzak izaten badira, pertsona gehienek egonkortasun-egoeretara iritsi eta bizi-kalitate ona izaten dute.
Ezinbestekoa da medikazioa?
Bai, oro har, eta, kasu gehienetan medikazioa funtsezkoa da. Pertsona batzuk erabat errekuperatzen dira lehen pasarte psikotikoaren ondoren eta horiek medikazioa utzi ahalko dute, tratamenduarekin denbora bat eman ondoren, baina, betiere, profesionalek kontrolatuta. Eraginpeko pertsona gehienek, ondoren birgaixotzeak izan badituzte eta/edo sintoma iraunkorrak badituzte, medikazioa behin betiko beharko dute. Beraz, oso garrantzitsua da, zure psikiatrarekin lankidetzan, zure beharretara ondoen egokitzen den medikazioa aurkitzea, eraginkortasunari eta tolerantziari dagokienez, bai eta tratamendua ahalik eta dosi txikienera egokitzea ere.
Bortitzak dira eskizofrenia duten pertsonak?
Indarkeriazko jokabidearen eta gaixotasun mentalaren, eta, bereziki eskizofreniaren arteko lotura oso errotuta dago biztanleen artean, eta estigma elikatzen duten aurreiritzi garrantzitsuenetako bat da. Eskizofrenia duten pertsona gehienek ez dute indarkeriazko jokabiderik eta ez dira mehatxu beste pertsona batzuentzat. Kontrara da, eskizofrenia duten pertsonak ahulagoak dira eta abusua eta indarkeria jasateko arrisku handiagoa dute, bereziki bazterketa eta babesik gabeko egoeretan daudenean.
Hala ere, egia da eskizofrenia duten pertsonek, zenbait egoeratan, jokabide erasokorrak izan ditzaketela, bereziki deliriozko ideiak eta haluzinazioak dituzten birgaixotzeen testuinguruan; une horietan, baliteke arrazoizko kontrolik ez izatea beren portaeraren gainean eta mehatxatuta sentitzen direnean erreakzionatzea. Drogen kontsumoak areagotu egin dezake indarkeriaz jarduteko arriskua. Tratamendurik jarraitzen ez dutenek jokabide erasokorrak izateko arrisku handiagoa dute.
Baten batek du errua?
Urteetan zehar, herritarren artean zabaldu diren teoria batzuek gaixotasuna amen hezkuntzaren eta hazkuntzaren eraginari edo familien beren eraginari leporatu diote. Teoria horrek bakarrik balio izan du errua leporatzeko eta beraiek eta eraginpean daudenek gaixotasuna ulertzeko are zailtasun gehiago izateko eta estigma handitzeko. Errealitatea da aditu eta ikertzaile gehienak bat datozela honetan: eskizofrenia garuneko gaixotasuna da, eta horretarako aurretiko joera biologikoa da, behintzat zati genetiko batean. Ia gaixotasun gehienetan bezala, aurretiko joera biologikoak elkarreraginean dihardu ingurunearekin: estresa, trauma-egoerak haurtzaroan, drogen kontsumoa edo gaixotasuna eragiten laguntzen duten eta gaixotasunaren eboluzioa modulatzen laguntzen duten beste faktore psikosozial eta ingurumeneko batzuk.
Seme-alabak izan ditzaket?
Bikotekidea izatea eta familia osatzea oso garrantzitsua da pertsona gehienentzat. Eskizofrenia izateak ez du oztopo izan behar helburu hori betetzeko, baina, beste edozein pertsonak bezala, erantzukizunez bete behar da. Haur bat zaintzeko eta ume bat hezteko gutxienezko laguntzak eta baliabideak behar dira, eta, oso bereziki, nork bere burua egokiro zaintzeko gaitasuna behar da.
Nahiz eta eskizofrenia nolabaiteko arrisku genetikoa duen gaixotasuna den, horrek ez du esan nahi zuzenean heredatzen denik; gaixotasun hori duten lehen mailako familiartekoak dituzten pertsona askok ez dute gaixotasuna.
Eskizofrenia duten eta haurdun geratu nahi duten emakumeek haurdunaldia planifikatu behar dute, arreta ematen dieten profesionalak haurdunaldian, erditzean, erditze ondokoan eta edoskitzean arreta egokia emateko antola daitezen. Medikazio antipsikotiko gehienak seguruak dira haurdunaldian, baina baliteke aldaketak eta egokitzapenak aurreikusi behar izatea.
Esteka interesgarriak
Elkarteak
EAEn gaixotasun mentala duten pertsonen eta familiartekoen elkarteen orrialdeak. Askotariko informazioa dute eta elkartzea eta elkarrekiko laguntza sustatzen dituzte.
- AVIFES. Senideen eta Gaixotasun Mentalaren Bizkaiko Elkartea.
- AGIFES. Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea
- ASAFES. Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartea
- ASASAM. Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Aiarako Elkartea
- FEDEAFES. Buru Gaixotasuna duten Pertsona eta Senideen Elkarteen Euskadiko Federazioa.
-
Salud Mental España. Confederación Salud Mental España.
Otros enlaces
-
Cómo afrontar la esquizofrenia: Familiarteko, zaintzaile eta eraginpeko pertsonentzako gida
Sergio Rebolledo Moller-ek eta María José Lobato Rodríguezek idatzi dute, Sociedad Española de Psiquiatríaren eta Asociación Española de Neuropsiquiatríaren babesarekin. Eguneratu gabe dago 2005etik; hala ere, gaixotasunari buruzko informazio xehatua du. -
Convivir con la Esquizofrenia: Eskizofreniaren eraginpean dauden pertsonentzako gida
2009an sortu zuen Eskizofreniari eta nahasmendu psikotiko hasiberriari buruzko praktika klinikoko gidako lantaldeak. Osasun eta Kontsumo Ministerioak eta Generalitat-eko Departament de Salut-ek babestuta. Asociación de Usuarios de Salud Mental (ADEMM) elkarteak berrikusi du -
Manejando la esquizofrenia: Paziente, familiarteko eta zaintzaileentzako liburuxka
Dokumentua Eskozian prestatu zen, 2013an, eta gaztelaniara 2014an itzuli zuen Andaluziako Osasun Zerbitzuak. -
Hacer de la recuperación una realidad
Sainsbury Centre for Mental Healthek argitaratu zuen, eta 2008an gaztelaniara itzuli zuen Andaluziako Osasun Zerbitzuak. Erraz laburtzen ditu errekuperazioaren printzipioak. -
Eskizofrenia zer den ulertzeko. Osakidetzaren 8. eskuliburua.
Osakidetzak argitaratutako eskuliburua. Gipuzkoako Ospitalez Kanpoko Osasun Mentaleko Zerbitzuek eta Osakidetzako Programa Bereziek eginiko lanari esker. Xumea eta ulerterraza. -
Portal Clinic. Tratamiento de la esquizofrenia.
Kataluniako PortalClinic webguneko Eskizofreniaren atala. Eskizofreniaren tratamenduari buruzko kapitulua. -
Medicamentos antipsicóticos para tratar la esquizofrenia y el trastorno bipolar. Guías Sumarias de los Consumidores.
Ameriketako Agency for Healthcare Research and Qualityk argitaratutako gidaren gaztelaniazko bertsioa. Kontuan izan Ipar Amerikako testuinguruari bideratutako informazioa dela; beraz, bertan aipatzen diren farmakoak eta, bereziki, horien merkataritza-izenak eta gureak desberdinak izan daitezke.
Azken aldaketako data: