Gaixotasun kardiobaskularra

Zer da gaixotasun kardiobaskularra?

Gaixotasun kardiobaskularra gorputzeko atal batean odol-fluxuaren murrizketak eta, kasu batzuetan, odoljario lokalizatuek eragindako gaixotasunen talde zabala eta askotarikoa da.

Gaur egun, gaixotasun-, desgaitasun- eta heriotza-kausa nagusia da mendebaldeko herrialdeetan, bai eta Euskadin ere.

Motibo ohikoena, baina ez bakarra, aterosklerosiaren lesioen ondorioz arteriak buxatzea da, tronbosiarekin edo tronbosirik gabe.

Gaixotasun kardiobaskularra

Aterosklerosia arterien pareta narriatzean gertatzen da; pareta horien narriadura gantz-metakinek (lipidoak) eta beste material batzuen metakinek eragiten dute, izan ere, horien ondorioz elastikotasuna galtzen da, pixkanaka hertsadura gertatzen doa eta erabat buxa daitezke arteriak barrualdean koaguluak sortzen direlako (tronboak).

Nahiz eta aterosklerosiak organismoko edozein arteriatan izan dezakeen eragina, eragin berezia du honako hauetan:

  • Bihotzera odol-fluxua daramaten arteriak (arteria koronarioa); ondorioa bularreko angina edo miokardioko infartu akutua (kardiopatia iskemikoa) izan daiteke.
  • Lepoko arteriak (karotidak) eta garunekoak; ondorioa iktusa izan daiteke (istripu edo eraso zerebrobaskular akutua).
  • Beheko gorpuz-adarretako arteriak; ondorioa buxadura akutua edo kronikoa izan daiteke.

Doktoreak ikonoa

Egileak

Nekane Murga Eizagaechevarria. Kardiologoa. Bilbao-Basurtoko ESIa

Miren Morrillas. Kardiologoa. Bilbao-Basurtoko ESIa

Sintomak

Gorputzeko odol-hodiak kaltetzen dituena da paretean loditzeak sortzen direla, ateroma-plaka izenekoak eta horrek zaildu egiten du odola igarotzea: horri aterosklerosia edo ateromatosia esaten zaio.

Ateroma-plakak gantz-metakin txikiak dira; arterien barruan garatzen dira eta mehetu egiten dituzte, eta, ondorioz, odol-jarioa zaildu edo buxa dezakete.

Arterien paretean ateromatosia egoteak baliteke sintomarik ez ematea, harik eta odolaren igarotzea buxatu arte; orduan, gure gorputzeko alderdiren batean lesioa eragiten dute (garuneko iktusa, bihotzeko infartua, hanken klaudikazioa).

Hodien paretean ateroma-plakak eratzen doazen bitartean ez da sintomarik izaten; pertsona ez da gai plaka horiek sortzen ari direla antzemateko. Batzuetan, plaka horiek apurtu egiten dira eta barrualdeko gantza agerian uzten dute eta, horrela, odoleko tronboak era daitezke, odol-hodiaren paretera itsasten diren odol-tapoiak. Tapoi horiek hodia bat-batean itxi dezakete, eta odolari igarotzen utzi ez.

Odol-emaria bat-batean eteten bada, oxigenorik gabe geratzen da odol-hodi horri dagokion eremua. “Arteria koronarioak” itxi eta odol eta oxigeno gabezia jasaten duen toki hori bihotza bada, infartua eragiten da. Odol-hodia ixten den eremua garuna bada, garuneko iktusa da ondorioa.

Anginoplastia

Diagnostikoa eta proba osagarriak

Elektrokardiograma

Gure bihotzak kable antzeko batzuk ditu; horien bidez, bulkada eletrikoa transmititzen da eta, horrela, bihotzeko paretak aldi berean uzkurtzen dira (bihotzeko alde guztiak batera ixtea eta irekitzea). Bihotzaren goiko aldean sortzen den eta bihotzeko pareta guztietatik dauden kableetatik transmititzen den jarduera elektrikoaren bidez, bihotzaren ponpaketa egokiro gertatzen da.

Elektrokardiogramaren edo elektroaren bitartez, gorputzean jartzen diren elektrodo (pegatina edo bentosak) batzuen bidez, bihotzaren jarduera elektrikoa igartzen da:

  • Jarduera elektrikoa bihotzean nola sortzen den eta nola doan ikusiko dugu.
  • Jarduera elektrikoa lerro edo kurba batzuekin erregistratzen du.
  • Bihotzaren jarduera elektrikoa pantaila batean ikusten da edo paperean inprimatzen da.

Bihotzaren jarduera elektrikoa erritmikoa izan ohi da, erregularra. Geldirik, elektrizitatea eta, beraz, taupada minutuko 60 eta 100 bulkada bitartean gertatzen da.

Bulkada elektrikoa erregularra ez denean, arritmia sortzen da.

Taupada motela denean, «bradikardia» deitzen zaio, eta elektrizitatea azkar sortzen denean,«takikardia».

Elektrizitatea bihotzean nola doan ikusita, bihotzak asaldurarik duen jakin dezakegu, esaterako, tamaina normala duen, orbanik edo oxigeno-faltarik duen.

Paziente bati elektrokardiograma egiten ari zaio.Beraz, elektrokardiogramak askotariko informazio garrantzitsua ematen digu.

Elektrokardiograma baten bidez, bihotzaren taupada nolakoa den jakin dezakegu (erregularra, irregularra, motela, azkarra), baita bihotzaren paretak nola dauden ere, elektrizitatea transmititzeko duen moduaren bidez.

Proba horren bidez, arritmiak, bularreko anginak eta infartuak hauteman daitezke, baina hutsak ere izan ditzake. Elektrokardiograman ez dira bihotzeko gune batzuk ikusten (txikiak direlako edo elektrodoetatik oso urrun daudelako). Badaude, halaber, elektrokardiograman ikusten ez diren bihotzeko gaixotasunak ere; izan ere, baliteke gaixotasun horiek batzuetan ez asaldatzea bihotzetik doan elektrizitatea eta beste batzuetan bai (horregatik elektrokardiograma bat baino gehiago egiten da, horiek erkatu egiten dira eta aldaketarik dagoen ikusten da).

  • Nola egiten da elektrokardiograma bat?

Proba erraza da. Ez du arriskurik.

Elektrodo batzuk (bentosak edo pegatinak dituzten kableak) jartzen dira bularrean eta hanketan, pazientea etzanda dagoela.

Azala prestatu eta garbitu behar da. Batzuetan, baliteke gizonetan bularraldeko gune txiki batzuetako ilea kendu behar izatea.

  • Ba al du kontraindikaziorik edo arriskurik?

Ez du kontraindikaziorik, ez eta arriskurik ere.

  • Baimen informatua behar da?

Ez, ez da beharrezkoa.

Ekokardiograma

Ultrasoinuen bidez (sonar baten antzeko uhinak erabiltzen dira, erradiaziorik gabe), ekokardiograma (ekoa) egiten da.

Bihotzeko eko baten bidez, bihotzeko pareten tamaina, mugimendua eta indarra baloratu daitezke; izan ere, horri esker bihotzaren mugimendua ikus dezakegu. Ekokardiogramak, halaber, bihotzaren barnean ireki eta ixten diren balbulen funtzionamendua ezagutzen laguntzen du, bai eta aortaren (bihotzetik ateratzen den odol-hodi nagusia) eta periokardioaren tamaina (bihotza inguratzen duen poltsa) ezagutzen ere.

  • Ekokardiograma.
  • Esfortzuzko ekokardiograma.
  • Estresezko ekokardiograma.
  • Ekokardiograma transesofagikoa.

Normalean, Ekokardiograma pazientea alboz etzanda eta bularra bistan duela egiten da. Medikuak edo, kasu batzuetan, teknikoak transmisorea hurbiltzen du bularrera (transduktore esaten zaio), eta bularreko zenbait lekutatik mugitzen du eta, horrela, irudiak hartu eta pantaila batean ikusi eta grabatu edo argazkiak ateratzen ditu. Aparatuaren posizioen bidez, bihotza zenbait lekutatik ikusten du.

Bihotzeko eko baten bidez, bihotzeko pareten tamaina, mugimendua eta indarra baloratu daitezke; izan ere, horri esker bihotzaren mugimendua ikus dezakegu

Batzuetan, irudi hobea lortzeko, beharrezkoa da transduktorea bularraren kontra estutzea, baina ez da proba mingarria eta ez dauka arriskurik. Probak 20 eta 30 minutu irauten du, gehienez.

Normalean, ekokardiograma bihotza handituta edo dilatatuta dagoen balioesteko eta ponpaketaren indarra ere balioesteko erabiltzen da. Bihotzeko balbulek behar bezala funtzionatzen ez badute, larriagotzen doan ikus daiteke.

Pazientea mugitzen ari denean monitorizatzen

Bihotzeko paretak nola mugitzen diren balioetsita, bihotzak mugitzen ez den gunerik duen jakin dezakegu, besteak beste infartu batek eragindako orbainik duen (eta, horrela, infartu handia edo txikia den jakingo dugu).

Zer prestatu behar da Ekokardiogramarako?

  • Ez dago zertan baraurik joan eta medikazioa hartu daiteke. Batzuetan, beharrezkoa izan daiteke elektrokardiogramaren elektrodoak jartzea, jarduera elektrikoaren eta bihotzeko mugimenduen arteko harremana balioesteko.

Baimen informatua behar du ekokardiogramak?

  • Ez.

Zer kontraindikazio edo arrisku du Ekokardiogramak?

  • Ez du kontraindikaziorik, ez arriskurik, ez erradiaziorik.

Batzuetan, ekokardiograma eska daiteke, gure bihotzak esfortzu baten aurrean nola erantzuten duen balioesteko. Horretarako, lehenengo bihotzaren balioespena egiten da atseden hartuta, eta, ondoren, esfortzu bat egin ondoren beste balioespen bat egiten da. Esfortzuzko Ekokardiograma deitzen diogu horri. Esfortzua eginez bihotzak ematen duen erantzunaren arabera edo balbuletan odolak duen jokabidearen arabera, bihotzak esfortzuaren aurrean nola erantzuten duen balioetsi dezakegu. Esfortzuzko probaren arriskuak dauzka eta baimen informatua sinatu behar da.

Pertsonak esfortzua egin ezin badu, taupadak azkar igotzea eragiten duen medikamentu bat eman dakioke, eta, horrela, pertsonak esfortzu bat egingo balu bezala balioetsiko litzateke erantzuna. Estres farmakologikoaren bidezko ekokardiografia esaten zaio horri.

Doktorea monitorearen aurreanNormalean taupadak igoarazten dituen medikamentua ondo onartzen da, eta bihotza behartzeagatiko arriskuak dakartza.

Baimen informatua sinatu behar da.

Paziente batzuetan, interesgarria izan daiteke bihotzaren atzeko aldea nolakoa den ezagutzea (balbula mitralaren eta aurikularen eremua). Horiek toraxaren atzeko aldean daude, bular-paretetik urrunen dagoen gunean, baina hestegorritik hurbil. Hori dela eta, pazientearen ahotik hestegorriraino doan transduktore fin bat sartzen da, eta eremu horietako irudi hobeak lortzen dira. Ekokardiograma transesofagiko izenez ezagutzen da proba.

Gastroskopiaren (urdailera sartzen diren hodiak) antzeko proba da, baina hodiak finagoak dira. Apur bat gogaikarria izan daiteke, baina lasaigarri arin bat ematen zaio pazienteari.

Baraurik eta norbaitek lagunduta joan behar du pazienteak.

Ahotik zunda bat sartzeak dakarren arriskua dauka, eta beharrezkoa da baimena sinatzea.

Elektrokardiogramaren Holterra

Proba honetan, bihotzaren jarduera elektrikoa grabatzen da (elektrokardiograma), denbora-tarte luze batean, pazienteak eguneroko bizimoduko jarduerak egiten dituen bitartean.

Normalean, 24 ordu irauten du probak (batzuetan 48 ordu).

Pazientea kablekin bularreanBeraz, pertsonari elektrodoak edo kableak jartzen zaizkio bularrean, horiek grabatzeko gailu edo sistema batekin batera. Grabagailua poltsan, poltsikoan edo gerrira lotuta eramaten da, baina aukera asko daude.

Gailua jarrita duenean, pazientea etxera joan ohi da. Elektrokardiograma egun eta gau osoan egiten da, gailuan grabatzen da, eta, gero, pantaila batean ikusi edo inprimatu daiteke.

Normalean, pazienteak nabaritzen duena (zorabioak, palpitazioak, mina) bihotzaren erritmoaren edo taupaden aldaketen ondorioz gertatzen den jakiteko egiten da. Halaber, pazienteak iraupen aldakorreko arritmiak (agertu eta desagertu egiten dira) dituen jakiteko ere balio du.

Holterra jartzen denean, pazienteari orri bat ematen zaio, egunean zehar egiten dituen jarduerak deskribatzeko eta sintomaren bat duen idazteko. «Jardueren edo sintomen egunkaria» esaten zaio. Horren bidez, jakin ahal izango dugu zeri lotuta dauden sintomak edo trazadura elektrokardiografikoan ikusi diren gorabeherak.

Bihotza egunez eta gauez nola ibili den berrikusiko denez, garrantzitsua da Holterra daramanean bizitza normala edota aktiboa egitea (interesatzen gaitu bihotza estimulatzea) eta egiten dituen jarduerak idaztea (korrika egin edo eskailerak igo), batik bat palpitaziorik edo minik duen jakinaraztea, bihotzarekin lotuta ote dagoen ikusteko.

  • Zer prestakuntza behar du Holter probak?

Luzaroan itsatsita egoteko moduan finkatu behar dira elektrodoak; horregatik, batzuetan, azaleko ilea kendu behar izaten da eta azala prestatu (elektrodoak jarri aurreko orduetan ez da azalean krema hidratatzailerik eman behar, bestela errazago askatuko baitira elektrodoak).

  • Baimen informatua behar da?

Ez.

  • Zer kontraindikazio edo arrisku du Holter probak?

Ez du kontraindikaziorik, ez eta arriskurik ere.

Desorientatuta dauden edo dementzia duten pertsonek baliteke zertarako balio duten ulertu ez eta elektrodoak kentzea edo egoerak urduri jartzea.

MAPA (24 orduz tentsioa hartzea)

Proba horren bidez, pazientearen tentsio arteriala aurretik zehaztutako denbora-tarte batez hartzen da. Tentsio Holter izenez ezagutzen den aparatua erabiltzen da; aparatuak esfingomanometro eramangarri bat du (aparatu horren bidez, tentsio arterialaren zifrak neurtzen dira), grabagailu bati konektatuta, eta, horrela, eskuratutako datuak erregistratzen dira, gero aztertzeko. Programazioaren arabera, gailuak mahuka puztu eta hustu egiten du, eta eskuratutako balioak erregistratzen ditu. Pazienteak besoa geldi izan behar du, eragiketa egin bitartean; hori baino ez du egin behar.

Tentsio Holterra oso proba baliagarria da zalantzazko diagnostikoa edo segimendu konplikatua duten hipertentsiboak detektatu eta horien segimendua egiteko. Proba hori, halaber, asko erabiltzen da kargiologian, eta, horren bidez, errepikazko sinkopeak eragin ditzaketen bat-bateko tentsio-jaitsierak aztertu daitezke.

Mahuka bat jartzen da besoan, arroparen azpian, eta grabagailu bat gerriko batean, gorputzaren inguruan edo poltsiko batean. Bizitza normala egin dezake, baina jatekoak zer ordutan egiten dituen idatzi beharko du, hartzen dituen botikak, egiten dituen esfortzu fisikoak, lotara joateko ordua etab. Aparatua jarri dion zentrora joan beharko du esan dioten denbora-tartea igaro ondoren eta bertan kenduko diote. Azterlan horrek ez du eragozpenik eragiten, aparatua eramateak dakarren deserosotasuna eta egunean zenbait aldiz besoa sakatzen diotelako sentsazioa baino ez.

Ez da baimen informaturik behar.

ArteriakBihotzera odola daraman arteria batek edo arteria koronario batek ateromatosia duenean (edo odol-hodiaren pareteko gantz-metakina), odola igarotzen den tokia estutu egiten da eta, beraz, odol-fluxua gutxitu egiten da, bihotzaren eremu batean.

  • Nola kendu arteria koronarioetako buxadura?
  • Neurriak kateterismoaren kasuan

Bihotzeko odol-hodiak —“koronarioak” esaten zaie— estutzean, bihotzeko muskuluaren zati bat odol-emaririk gabe gera daiteke eta, orduan, bihotz-paretaren zati hori ahuldu egiten da, eta ezin izaten du ponpatu.

Arteria koronarioa.  BihotzaArteria koronarioaren estutzea erabatekoa ez bada, odola falta izaten da arteria horrek odola ematen duen eremuan, eta bularreko angina eragiten du (bihotzeko eremu ahula; minaren bidez ohartaraz dezake, baina bihotz-ehuna bizirik egoten da).

Arteria erabat estutzen bada, buxadura erabatekoa izango da eta odolik ez da pasatuko. Arteria horrek odola ematen dion atala buxatu eta odolik gabe geratzen denean, infartua sortzen da (bihotzaren eremu oso ahula; hasieran minaren bidez ohartarazten du, baina baliteke bihotz-ehuna erabat hiltzea, orbain iraunkor batekin, arteria buxatua berehala irekitzen ez bada).

Horregatik da hain garrantzitsua norbaitek bularreko mina duenean eta infartua izan dezakeela uste duenean ospitalera azkar joatea. Baliteke bihotzak konplikazioren bat egitea, besteak beste arritmia bat, eta erraz tratatu ahal izatea ospitalean edo larrialdi-zerbitzuetan. Bestalde, odol-hodia ireki daiteke eta, horrela, bihotz-zatiak odola jasoko du eta ez da erabat hilko. Geratzen den infartua edo nekrosia txikiagoa izango da, baldin eta buxatu den arteria azkar irekitzen bada.

Bihotzeko hodietako buxadura kentzeko teknika

Pazientea bularreko minarekin Kateterismoa eginez gero, gehienetan, bihotzeko odol-hodietako buxadura kendu daiteke. Kateterismoaren edo koronariografiaren bidez, bihotzeraino iristea lortzen da, femurraren inguruan (iztaia) edo erradioaren inguruan (besoa) puntzioa eginda. Lehenengo, kontraste baten bidez, koronarioetan lesiorik edo buxadurarik dagoen begiratzen da.

Kateterismoaren bidez, iztaitik edo eskumuturretik sartu eta, kateter edo “kable mehe” batzuekin, bihotzera iristen da.

Pazientea etzandaBihotzera kanpotik eta kirurgiarik gabe iristen diren teknikei “larruazalean zeharrekoa” esaten zaie. Hodi bat ireki eta odol-fluxurik ez zegoen tokian fluxua berriro hobetzea lortzen duen teknikari, “birbaskularizazioa” esaten zaio.

Kateter horietatik, zulatu den eta sartzailea utzi den tokitik puxika hustu batzuk sar daitezke eta bihotzeko arterietaraino eraman; puxika horiek, ondoren, puztu egiten dira presioarekin. Angioplastia esaten zaio.

Arteriak. KateteaKateterren bidez, malguki tolestu batzuk sar daitezke eta koronarioetaraino eraman, eta arteria horien barruan daudenean, zabaldu egiten dira (aterkiak bezala irekitzen dira). Stent delakoa hodiaren barruan zabaltzean, arteria ireki egiten da eta irekita mantentzen da (aldamio bat jartzea bezalakoa da). Prozedura horri stenta jartzea esaten zaio (larruazalean zeharreko birbaskularizazioa stent bidez).

Stenta material sintetiko batez egina dago, ez du alergiarik eragiten, eta ez du ematen arazorik gerora (ez du arriskurik aireportuetan edo erresonantzietan: arterian jarrita geratzen da, eta ezin da kendu (etorkizunean, ziurrenik, birxurgatu eta desagertzera iritsiko den materialen batez egingo dira).

Stent koronarioaInfartu edo bularreko angina baten kasuan, angioplastia (arteriaren pareta irekitzen duen baloia) erabiltzen da edo stent koronarioa jartzen da (malguki bat da, eta zabaldu egiten da eta odol-fluxuari bide ematen dio). Prozedura horien bidez, odol-hodia irekitzea eta bihotzeko paretetako odol-fluxua hobetzea lortzen da.

Buxatutako hodia anglioplastia edo stent bidez ireki eta bihotzeko odol-fluxua hobetzea lortzean hobetu egin daitezke gaixotasun koronarioak eragiten dituen sintomak. Bihotzera odol nahikorik ez iristeak bularreko angina edo miokardio-infartu akutua eragiten du. Bihotzeko arterien estutasuna murriztean, pazientearen egoera hobetzeaz gain, bihotzaren funtzionamendua edo ponpaketa ere hobetu daiteke.

Pertsona batek, miokardio-infartu akutu bategatik doanean ospitalera, ziurrenik bihotzeko arterietako bat itxita edo ia guztiz buxatua izango du. Hori dela eta, premiazko kateterismoa egiteko gomendatuko diote (bertara heldu eta ordu gutxira).

Kateterismoa zenbat eta lehenago egin eta infartua eragiten ari den arteria zenbat eta lehenago ireki, orduan eta aukera gehiago egongo da bihotzeko muskulua salbatzeko eta infartua txikiagoa izateko.

Gogoratu. Infartua gertatzen denean, denbora bihotz-muskulua da. Zenbat eta denbora gehiago eman arteria zabaltzen, orduan eta bihotz-muskuluaren zati handiagoa kaltetuko da, atzera bueltarik gabe. Bihotzeko infartuan edo bihotzeko atakean kateterismo bat egin eta arteria stent baten bidez irekiz gero, txikitu egiten da infartua.

Kateterismo baten kasuan hartu beharreko neurriak

Paziente goteroarekinKateterismo bat egiteko (angioplastia bat egin edo stent bat jarri behar bada ere), ez da anestesiarik behar; lasaigarri bat baino ez da ematen, baina pazientea itzarrik egongo da, prozedura osoan.

Kateterismoa oso prozedura arrunta izaten da ospitale askotan; segurua da, oro har, baina konplikazio larriren bat izateko arrisku txikia ere badago. Konplikazio ohikoenak honako hauek izaten dira: odoljarioa izatea, hematoma, kontrastearen ondorioz giltzurrunei kalte egitea, bihotzekoak jotzea edo enbolia. Hiltzeko arriskua % 2 baino txikiagoa da.

Kateterrak sartzeko puntzioa egin den lekua ubelduta gera daiteke, kateterismoa egin eta hurrengo egunetan, baina, pixkanaka, desagertu egingo da ubeldura.

Kateterismoaren aurretik komeni da odol-analitika egitea. Garrantzitsua da jakitea giltzurrunek ondo funtzionatzen dutela (jakinarazi giltzurruneko gutxiegitasuna baduzu), eta jakinarazi, halaber, kontrastea erabiltzen duten probetan (urografia, eskanerra) inoiz alergiarik izan baduzu, kontraste iododuna erabiltzen baita kateterismoan.

Antikoagulatzaileak hartzen badituzu, Sintrom kendu eta haren ordez heparina hartu behar da. Antikoagulatzaile berriak ez dira hartu behar kateterismoa egin behar dizuten egunean, eta galdetu medikuari eta jakinarazi ospitalean antikoagulatzaileak hartzen ari zarela eta azkenekoz zer dosi hartu duzun. Kateterismoa egin aurreko bi egunetan komeni da, halaber, beste medikazio bat uztea, Dianbem; Dianbem diabetes edo glukosa alturako erabiltzen da. Ez dago arazorik gainerako medikazioak hartzeko, baina galdetu, hala ere, medikuari.

Gehienak kateterismoa egin eta handik ordu batzuetara joaten dira etxera, eta, kateterismoan angioplastia bat egin edo stentak jartzen direnean, egun 1 edo 2 egoten dira ospitaleratuta.

Ez erretzeko seinaleaAngioplastia egin edo stenta jarri ondoren, garrantzitsua da zenbait aldaketa egitea bizi-estiloan, beste arteria batzuk buxa ez daitezen. Oso garrantzitsua da erretzeari uztea.

Baliteke, oso gutxitan baina—kasuen % 5etik behera—, angioplastia edo stent bidez dilatatutako arteria berriro buxatzea, eta hori ebakuntza egin eta hurrengo 6 hilabeteetan gertatu ohi da. Birrestenosia esaten zaio horri. Arteria dilatatu edo stenta jarri osteko hurrengo hilabeteetan, tronboa sor daiteke odol-hodi horretan eta, halakorik ez gertatzeko, antiagregatzaileak hartu behar dira hilabete batzuez.

Pertsona ibiltzenAngioplastiari eta stenta jartzeari esker, buxatuta edo itxita dauden hodiak ireki daitezke eta bihotzeko paretek berriro odola jasotzea lortu. Ohikoa da teknika horiek ospitaleetan egitea; arrisku txikia dute eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen dute.

Egun gutxira, hainbat jarduera egiten has zaitezke (paseoak, sexu-jarduera), eta pixkanaka gehitzen joan. Galdetu medikuari eta jarraitu ariketa-gomendioei.

Arrisku-faktoreak. Zein dira garrantzitsuenak?

Aterosklerosiaren lesioak ohikoagoak eta garrantzitsuagoak dira zenbait ezaugarri dituzten pertsonetan; ezaugarri horiek odol-hodien arrisku-faktore izenez (OAF) ezagutzen dira. Ezaugarri biologiko edo jokabide horrek areagotu egiten du odol-hodietako gaixotasuna izateko aukera edo horren ondorioz hiltzeko aukera.

OAF bat edo batzuk eduki daitezke; kasu horretan, probabilitatea ez da gehitzen, biderkatu egiten da.

Gogoratu: Ateromatosia eratzeko eta pertsona gazteagoetan agertzeko arriskua areagotzen duten arrisku-faktoreak honako hauek dira:

  • Bizi-estilo desegokia:
    • Erretzea.
    • Jarduera fisikorik ez egitea (bizitza sedentarioa).
    • Obesitatea.
    • Dieta ez osasungarria (gantz eta proteina asko).
    • Gatz gehiegi kontsumitzea.
    • Alkohol gehiegi kontsumitzea.
  • Farmakoekin tratatu daitezkeen edo alda daitezkeen arrisku-faktoreak:
    • Tentsio arterial altua.
    • Kolesterol altua.
    • Triglizerido altuak.
    • Glukosa altua/Diabetesa.
    • Giltzurrun-gutxiegitasuna.
  • Arrisku-faktore ez-aldagarriak – ezin dira aldatu:
    • Familia-aurrekariak.
    • Gizonezkoa izatea.
    • Menopausia goiztiarra.
    • Adina. Zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta aukera handiagoa ateroma-plakak eratzeko.

Arrisku-faktoreetako bat adina da, eta, horrela, ateroma-plakak eratzen doaz eta ohikoagoak dira pertsonak zenbat eta nagusiagoak izan; baina beste arrisku-faktoreen eraginez, gazteagoetan goizago sortzen dira.

Bestalde, arrisku-faktoreen eraginez ateroma-plakak apurtu egin daitezke eta, horrela, bat-batean itxi eta tronboak eratzen dira. Ateroma-plakak apurtzea da odol-hodietan jatorria duten osasun-arazo larri gehienen kausa.

Odol-hodien arrisku-faktore batzuk ezin dira aldatu, besteak beste adina, sexua eta familia-aurrekariak.

Beste batzuk aldagarriak dira eta bizi-estiloekin eta ingurunearekin dute lotura handiagoa, esaterako, pisu gehiegi izatea, jarduera fisikorik ez egitea eta tabakoa erretzea.

Arrisku-faktore garrantzitsuenetako batzuk honako hauek dira: hipertentsio arteriala, tabakismoa, dislipemia (kolesterol gehiegi eta odolean dauden beste gantz batzuk), diabetesa eta pisu gehiegi izatea.

Horiek dira, funtsean, odol-hodien gaixotasunarekin lotura handiena dutenak, eta, gainera, ohikoagoak dira biztanlerian, baina nahiko ohikoa da jendeak ez jakitea arrisku-faktore bat edo gehiago duela.

Hipertentsio arteriala (HTA)

Arterietan odolaren presioaren igoera iraunkorrari esaten zaio, eta diagnostikoa profesional sanitario batek egin behar du; horretarako, tentsio arteriala (TA) zenbait aldiz hartu eta TA neurtzeko baldintza egoki batzuei jarraitu behar die.

Kasu gehienetan (% 90 edo gehiago), hipertentsioak ez du kausa ezagunik, eta HTA esentzial esaten zaio. Gainerakoetan, zuzendu daitekeen kausaren bat egon daiteke. HTA agertzeko bide ematen duten faktoreak, besteak beste, honako hauek izan daitezke: adina, herentzia, obesitatea, estresa, alkohol gehiegi kontsumitzea eta gatz gehiegi hartzea.

Tabakoa

Tabakoa erretzea lehen mailako AFa da, eta odol-hodien gaixotasunean arrisku-faktore aldagarri nagusienetakotzat jotzen da. Tabakoaren substantzia batzuek zuzenean dute arterien paretean eragina eta, ondorioz, aterosklerosia eragiten dute, baina barrualdean tronboak sortzea ere eragiten dute. Garrantzitsua da nabarmentzea tabakoak ez dizkiela bakarrik erretzen dutenei ondorio kaltegarriak eragiten, baita tabakoaren keak kutsatutako airea arnasten duenei ere.

Dislipemiak

Kolesterola eta beste gantz-mota batzuk lipido izeneko organismoko molekula-taldekoak dira; horregatik gantzen nahasmenduei esaten zaie dislipemia.

Gantz guztietatik, kolesterolak du eginkizun protagonista aterosklerosiaren eta, beraz, odol-hodietako gaixotasunaren garapenean. Zenbait kolesterol-mota daude, baina, funtsean, bi ezagutu behar dira: HDL kolesterola (dentsitate handiko lipoproteinak) eta LDL kolesterola (dentsitate txikiko lipoproteinak).

HDL kolesterolak ehunetan dagoen gehiegizko kolesterola batu, zirkulatu eta gibelera eramaten du, bertatik gero behazunaren bidez kanporatzeko. Hori dela eta, HDL kolesterola babeslea da (onuragarria), odol-hodietako gaixotasunaren garapenean, eta C-HDLren maila baxua izateak odol-hodietako gaixotasunaren arriskua ere areagotzen du.

Zenbait kolesterol-mota daude, baina, funtsean, bi ezagutu behar dira: HDL kolesterola (dentsitate handiko lipoproteinak) eta LDL kolesterola (dentsitate txikiko lipoproteinak)

LDL kolesterolak odol-zirkulazioaren bidez kolesterola gibeletik gorputzeko ehunetara darama, zelulak elikatzeko. LDL kolesterol-maila odolean zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da hori arterietan geratzeko aukera (aterosklerosia) eta, beraz, handiagoa odol-hodietako gaixotasuna izateko arriskua.

Lehen mailako dislipemiak daude; horiek familiarrak izaten dira. Bigarren mailakoak ere badaude, eta horiek honako hauen ondoriozkoak izaten dira, besteak beste: elikadura, medikamentu batzuk hartzea edo pisu gehiegi izatea, edo diabetesa, beste gaixotasun batzuen artean.

Diabetesa

Diabetesa gaixotasun kronikoa da, eta honako bereizgarri hau du: glukosaren kontzentrazioa (azukre-mota bat) areagotu egiten da odolean, intsulinaren ekoizpenean edo funtzionamenduan dauden arazoen ondorioz.

Egoera horri urteetan zehar eusten zaionean, arteriak kalteak jasaten hasten dira, eta zenbait arazo ekar ditzake, esaterako, ikusmena galtzea, giltzurruneko funtzioa galtzea, miokardio-infartua, garuneko iktusak eta hankak moztea. Hau da, diabetesa arrisku-faktorea dakarren gaixotasuna da.

Diabetesa izateko arriskua dakarren faktore nagusi ez-aldagarria adina da.

Beste batzuen kasuan, gehienetan aldagarriak dira, esaterako, gehiegizko pisua eta obesitatea, elikadura-mota eta jarduera fisikorik eza.

Obesitatea

Gizarte garatuetan epidemia bat ematen du, areagotzen ari baita, bai eta 2. motako diabetesa ere. Bi prozesuak daude oso lotuta egungo bizi-estiloarekin. Obesitateak eragin biderkatzailea du odol-hodietako gaixotasunean eta, beraz, 2 aldiz biderkatzen du iktusa izateko aukera, 2,8 aldiz bat-bateko heriotza eta 1,5 kardiopatia iskemikoa, Framingham azterlanaren arabera. Obesitate-maiztasun handiena faktore genetikoei, bizi-estilo sedentarioei eta gantz-kopuru handia duten elikagai ugariri egotzi zaie. Onuragarria da dieta mediterraneoan gomendatzen diren elikagaiak kontsumitzea. Adierazle unibertsal bat dago gehiegizko pisua eta obesitatea zehazteko, eta hori gorputz-masaren indizea (GMI) da. Balio hori eskuratzeko, pertsona baten pisua (kilogramotan) zati bere garaiera metro koadroetan egiten da. GMIa kontuan hartuta, honela sailkatzen da: normopisua (25etik beherako GMIa), gehiegizko pisua (25 eta 30 bitarteko GMIa) eta obesitatea (30etik gorako GMIa). Badago obesitatearekin lotura duen beste arrisku-markatzaile bat, eta hori gerriko diametroa da (abdomeneko perimetroa). Hori garrantzitsua da; izan ere, adierazle egokia da jakiteko barneko organoetan zenbat gantz metatzen den (erraietako gantza). Gehiegizko pisua murriztu eta kontrolatzeko kantoi-harria hartzen den kaloria-kopurua murriztea eta jarduera fisikoa erregulartasunez egitea da.

Arrisku kardiobaskularraren kalkulua

Nola neurtzen da odol-hodietako gaixotasuna jasateko probabilitatea?

Odol-hodietako gaixotasuna jasateko probabilitatea metodo estatistikoetan oinarritzen diren kalkuluetan oinarritzen da; kalkulu horiek pertsona batek dituen OAFen kopuruarekin eta intentsitatearekin daude lotuta.

Tresna batzuen bidez (arrisku kardiobaskularreko taulak), pertsona batek odol-hodietako gaixotasuna jasateko edo denbora jakin batean hiltzeko duen probabilitatea kalkula daiteke.

Tresna horiek oraindik odol-hodietako gaixotasunik izan ez duten pertsonetan erabiltzen dira.

Dagoeneko odol-hodietako gaixotasuna dutenei, beti ezartzen zaie arrisku altua edo oso altua, OAFa izan ala ez eta, beraz, ez dute kalkulu hori behar.

Beste egoera batzuetan, arrisku altua edo oso altua ezartzen zaie; beraz, ez da beharrezkoa ere kalkulua egitea. Esaterako, 15 urte baino gehiagoko eboluzioa duen diabetesa daukaten pertsonak, edo familia-jatorriko dislipemiak dituztenak edo bereziki tentsio arterialeko maila altuak dituztenak.

Komeni da odol-hodietako gaixotasuna izateko duten arriskuaren berri izatea.

Taula hauetan, zenbait datu sartu dira: adina, sexua, erretzailea den, tentsio arterialaren zifra eta kolesterola.

20 urtetik aurrerako datuak sar daitezke. 40 urtetik aurrera, 5 urtean behin baloratu beharko litzateke.

Gaixotasun kardiobaskular goiztiarra izan duen familiartekorik baduzu (55 urtetik beherako aita eta 65 urtetik beherako ama), arrisku-faktoreak berehala aldatzen hasteko kontuan hartu behar den aparteko faktoretzat hartu beharko zenuke.

Diabetesa izateak, bereziki 10 urte baino gehiagoko eboluzioa badu, edo dagoeneko gaixotasun kardiobaskularra eduki izanak pertsona arrisku-maila altuko gisa sailkatzen du; beraz, ez du zentzurik arrisku-kalkulagailuak erabiltzea.

Taula horiek egiteko, milaka pertsona aztertu dira, arriskua ezagutu ahal izateko, faktore horiek aintzat hartuta.

Datuak taula horietako batean sartzean, egiazta dezakezu nola murrizten den eta arrisku-faktoreetan aldaketarik egiten duzun. Tabakoa utzi edo tentsio arteriala kontrolatzen baduzu, beharbada arriskua erdira jaitsiko da.

Komeni da gaixotasun kardiobaskularra izateko arriskua ezagutzea eta, horretarako, tentsio arterialaren, gluzemiaren eta odoletako lipidoen balorazioa egitea:

  • 40 urtetik gorako pertsona guztiak.
  • Edozein adinetako helduak.
  • Gaixotasun kardiobaskularra izan duten familia-aurrekariak edukiz gero.
  • Odoleko gantzak (kolesterola edo triglizerido asaldatuak) edo tentsio arterialaren gorakada esanguratsua duten lehen mailako familiartekoak.

Dagoeneko gaixotasun kardiobaskularra jasan duten edo diabetesa duten pertsonek gaixotasun kardiobaskularrerako duten arriskua ezarri behar dute; izan ere, arrisku-maila altuko taldean daude.

Nola neurtzen da arrisku kardiobaskularra?

  • Odol-analisi soil baten bidez, odoleko glukosa- eta kolesterol-maila ezagutzea.
  • Tentsio arteriala hartzea.
  • Pisua eta garaiera jakitea, gorputz-masaren indizea kalkulatzeko.
  • Tabakoaren kontsumoa baloratzea.
  • Zuzeneko familiartekoetan gaixotasun kardiobaskular goiztiarraren inguruko familia-historiaren aurrekaria berrikustea.
  • Frutarik eta barazkirik gabeko dieta eta ariketarik eza ere baloratu egin behar dira.
  • Sexua eta adina ere tartean dira.
  • Aldagai horietako batzuk jasotzen dituzten arrisku-taula desberdinak daude. Online aurkituko duzu hemen: www.qrisk.org.

Taula horiek % 30 markatzen dutenean horrek esan nahi du datozen 10 urteotan gaixotasun kardiobaskularra garatzeko % 30eko aukera dagoela. Horrek esan nahi du taulen arabera arrisku-maila hori duten 10 pertsonatik 3k gaixotasun kardiobaskularra garatuko dutela datozen 10 urteotan.

Arrisku handiko pertsonatzat jotzen da, 10 urtean gaixotasun kardiobaskularra garatzeko arriskua % 20tik gorakoa badu. Arrisku moderatutzat jotzen da % 10 eta % 20 bitartekoa badu. Arrisku baxukoa jotzen da probabilitatea % 10etik beherakoa badu.

Zer prebentzio-mota dago odol-hodietako gaixotasunean?

Odol-hodietako gaixotasuna prebenitzeko esku-hartzeak bi talde handitan sailkatzen dira:

  • Lehen mailako prebentzioa: oraindik odol-hodietako gaixotasunik garatu ez duten pertsonetan egiten diren esku-hartze guztiak.
  • Bigarren mailako prebentzioa: dagoeneko odol-hodietako gaixotasunen bat izan duten pertsonetan egiten diren esku-hartze guztiak.

Honako pertsona hauek jotzen dira odol-hodietako gaixotasuna garatzeko arrisku handikotzat:

  • Arriskua kalkulatzeko tauletan datuak sartu eta 10 urtean % 20tik gorako arrisku-maila duten pertsonak.
  • Dagoeneko gaixotasun kardiobaskularra duten pertsonak, beren eboluzioa hobetzen saiatzeko.
  • Diabetesa eta kontrolik gabeko bestelako arrisku-faktoreak dituzten pertsonak; izan ere, gaixotasun kardiobaskularra goizetik izaten dute eta eboluzioa txarragoa izaten da.
  • Giltzurrun-gutxiegitasuna duten pertsonak.

Arrisku kardiobaskular altua izatean, murrizten hasteko lan bizia egin behar da.

Erretzailea izanez gero, tabakoa utzi eta elikaduran eta ariketan aldaketak egiteaz gainera, beharbada tratamendua beharko da eta, ondorioz, farmakoak sartu. Kontuan izan beharrekoa da arriskua gehien murrizten duena tabakoa uztea dela, erretzailea izanez gero. Arriskua murrizteko, halaber, medikamentuak izan daitezke, tentsio arteriala edo kolesterola jaisteko.

Beraz, gaixotasun kardiobaskularra garatzeko arriskua murrizteko pilulak normalean arrisku-maila altua duten pertsonei gomendatzen zaizkie.

Gomendioak

Erretzeari uztea da neurririk eraginkorrena pertsona batek arrisku kardiobaskularra murriztu eta, ondorioz, osasuna hobetzeko.

Pertsonak tabakoa zakarrontzira botatzenGaixotasun kardiobaskularrerako arriskua berehala txikiagotzen da, tabakoa uzten denetik. Tabakoak mendekotasuna sortzen du. Beharbada saiatu zara aurretik ere uzten eta ez duzu lortu. Tabakoa profesional batek lagunduta eta, batzuetan, farmakoek lagunduta uzten saiatzen bazara, beharbada areagotu egingo da behin betiko uzten lortzeko probabilitatea. Beti da berriro uzten saiatzeko une egokia.

Bizitza sedentarioa izateak eta ariketa gutxi egiteak areagotu egiten du gaixotasun kardiobaskularra jasateko arriskua. Egiten den edozein ariketa ezer ez egitea baino hobea da. Uste da nabarmen onuragarria izaten hasten dela jarduera fisikoa, besteak beste paseoa, 30 minutuz egiten denean, eta bereziki egun gehienetan egiten bada (gutxienez hiru egun astean).

Ahal dela, komeni da ariketa ez oso bizia egitea (arnasketarik eza ez eragitea), 20 minutu eta ordubete bitartekoa, gutxienez 3 eta 5 egun bitartean astean. Ariketa moderatutzat jotzen da nekea sentiarazten dizuna baina arnasketa eteten ez dizuna, eta hitz egiteko aukera uzten dizuna, esaterako, paseo azkarrak, igeriketa edo bizikleta. Ariketa oso indartsuak, batik bat entrenamendurik ez baduzu eta normalean egiten ez badituzu, kaltegarriak izan daitezke osasunerako.

Gehiegizko pisua edo obesitatea baduzu, dietari eta egiten diozun ariketari erreparatu. Pisua % 10 jaistea lortzen baduzu, gaixotasun kardiobaskular larria izateko probabilitatea % 20 murrizten da hurrengo urteetarako. Horren motibo nagusia da gorputzeko gantza murriztean ateroma-plaken garapena ere murrizten dela eta, horrela, tentsio arteriala hobetu eta odoleko gantza ere gutxitzen dela (kolesterola eta triglizeridoak). Diabetesa duten pertsonetan azukrea hobetzea ere lortzen du. Kontuan izan gehiegizko pisua murrizteak diabeteserako joera duten pertsona batzuetan geroago agertzea edo desagertzea ekar dezakeela.

Pisu gehiegizko pertsonaObesitateak arterietan eragina izateko arrisku handiagoa du, baldin eta gantza gerrian metatzen bada (obesitate abdominala edo zentrala esaten diogu). Oso erraza da baloratzea, eta zinta metrikoarekin neurtzea baino ez dugu. Gehiegizko pisuak eta obesitateak gure arteriak eta gure bihotza hondatzen dituzte. Zalantzarik badugu, zure gorputz-masaren indizea (GMI) kalkula dezakezu, horrela jakingo dugu eta zenbat kilo ditugun soberan. Kontsumitzen dugun kaloria-kopurua baino handiagoa hartzen badugu irabazten dugu pisua. Pisua murrizteko, kaloria gutxiago hartu behar ditugu (edo kaloria gutxiago duten elikagaiak edo kopuru txikiagoa) edo gure gorputzak gehiago kontsumitu behar du (horretarako ariketa gehiago egin behar da).

Ikasi elikagaien etiketek dakartena ulertzen eta kaloria- eta gantz-kopuru gutxien dituztenak aukeratzen (gantz txarrak trans gantzak eta gantz aseak dira).

Pertsona eta digestio onaGarrantzitsua da zure osasun kardiobaskularrerako elikadura osasungarria izatea, elikadura kardioosasungarria, dieta mediterraneoaren bidez (frutak, lekaleak, entsaladak, arrainak eta oliba-olioa). Dieta-mota horrek obesitatea kontrolatzen eta kolesterola, azukrea eta tentsio arteriala murrizten laguntzen du. Horrek guztiak zure arteriak gazteago izaten eta hobeto funtzionatzen laguntzen du.

Pertsona erosketetanAukeratu mantenugai ugariko elikagaiak (bitaminak, mineralak eta zuntza), baina kaloria gutxikoak. Erosi landare-jatorriko produktuak, irin integralak eta zuntz-kopuru handikoak, arraina, landare-jatorriko proteinak eta gantz gutxiko elikagaiak. Gutxienez jan bost fruta eta barazki egunean, eta askotarikoak izan daitezela.

Jateko gehienak elikagai naturaletan oinarritu behar dira (esaterako, zerealak, ogi integrala, patatak, arroza, pasta), fruta eta barazkiekin batera.

Hartu 2-3 arrain-anoa astean, ahal dela arrain koipetsuak (urdinak).

Mugatu gatz-kopurua; ez hartu egunean 6 gramo baino gehiago (hori ona da familia osoarentzat eta, bereziki, gazteenentzat). Gatz-kopuru txikiagoa hartzeko ohiturak murriztu egiten du arrisku kardiobaskularra. Gatz-kopurua mugatzen ez duen pertsona baten ohiko dieta 9 gramo ingurukoak izaten dira. Gutxi gorabehera, 6 gramo gatz kafe koilarakadatxo bat da, baina kontuan izan elikagai askok badaramatela gatza (ontziratutako produktuak edo izoztuak, esnea, ogia, antxoak, azeitunak etab.); beraz, sukaldatzean, mahaian eta entsaladetan gehitzen dugun gatza murriztu egin behar da.

Haragi zuriak haragi gorriak baino hobeak dira, eta untxia, oilaskoa eta indioilarra gomendatzen dira. Txerri-haragitik aukeratu alde gihartsua (gantzik gabea edo kendu sukaldatu aurretik).

Jatekoa frijitzen baduzu, aukeratu landare-olioa (ahal dela oliba-olioa), saiatu tenperatura handia ez hartzea (kerik ez botatzea), ez berrerabili askotan, ahal dela (propietate onuragarriak galtzen ditu).

Oneraura edateko ohitura izatea da. Ez hartu zukurik, azukre-kopuru handia baitute eta obesitatean eragiten baitute. Aholku hori bereziki garrantzitsua da umeentzat.

Pertsona bati odol presioa neurtzenKomeni da tentsio arteriala 3 edo 5 urte bitartean berrikustea, gutxienez, 40 urtetik aurrera. Nahiz eta tentsio arterial altuak sintomarik eman ez, gorputzeko arteriak hondatzen izan dezakegu eta baliteke garuneko iktusa edo beste edozein gaixotasun kardiobaskularren bat izateko arriskuari bide ematea.

Zenbat eta altuagoa izan kolesterol-maila, orduan eta handiagoa izango da gaixotasun kardiobaskularra garatzeko arriskua. Daukagun kolesterolaren zati bat elikaduraren ondoriozkoa da; beste bat gure gorputzak sortutakoa da. Gehiegizko pisurik edo obesitaterik ez izateak eta ariketa egiteak gure kolesterol-mailak jaisten dituzte.

Kolesterol altua izateagatik gure arteriak hondatzeko arrisku handiagoa da, baldin eta beste arrisku-faktore batzuk ere badaude, esaterako, diabetesa edo tentsio arterial altua. Kolesterol-mailak murrizten badira, txikitu egiten da gaixotasun kardiobaskularra izateko arriskua.

Azken aldaketako data: