Giza papilomaren birusa

Zer da giza papilomaren birus (GPB) bidezko infekzio genitala?

Giza Papilomaren Birusak (GPB) eragindako sexu-transmisioko infekzioa da. 100 GPB mota baino gehiago daude, horietatik 15-20k gizonen edo emakumeen zona genitalean izan dezakete eragina.

Maizen ematen den sexu-infekzioa da. Bide baginaletik, analetik, ahotik edo kontaktu genital estu bidez, infekzioa duen pertsona batekin babesik gabeko sexu-harremanak edukiz kutsa daiteke.

Giza papilomaren biruseko infekzioa

Diagnostikoa eta azterketa osagarriak

Analisi kliniko baten bitartez ezin da jakin pertsona batek GPBaren infekzioa duen.

Diagnostikoa biologia molekularreko tekniken biez egin daiteke, garatxo genitalak edo beste lesio anogenitalak agertu ondoren, pertsonek kontsulta egiten dutenean. Emakumeen kasuan, umetoki-lepoko minbiziaren baheketa egitean, GPBaren infekziorik ote duten jakiteko azterketak egiten dira.

Sintomak

GPB bidezko infekzioak, askotan, ez du sintomarik azaleratzen, eta kasuen % 80 baino gehiagotan iragankorra da eta birusa berez ezabatzen da.

Zenbaitetan GPBak infekzio iraunkor bat eragiten du eta, horren ondorioz, garatxo genitalak, umetoki-lepoko minbizia edo minbizi anogenitala ager daitezke.

Prebentzioa eta arrisku-faktoreak

Sexu-harremanak hasi aurretik hartuz gero, GPBak eragindako gaixotasunetatik (garatxoak, minbizia) babesten duen txerto seguru eta eraginkor bat badago. Txerto hori txerto-egutegian sartuta dago.

Sexu-harremanak izaten diren bakoitzean preserbatiboa behar bezala erabili behar da. Jokabide horrek GPBa edukitzeko probabilitatea murrizten du. Hala ere, GPBak preserbatiboak babesten ez dituen zonak infekta ditzakeenez, preserbatiboak GPBatik babesteko nahikoak ez izatea gerta daiteke.

Tratamenduak eta zaintzak

GPBarako tratamendurik ez dagoen arren, kasu gehienetan berez sendatzen da.

GPB mota guztietatik bi (GPB 16 eta 18) baino ez dira oso arriskutsuak umetoki-lepoko minbizirako. Gaur egun badago Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa bat. Oso eraginkorra da gaixotasuna hautemateko, bere garapena kontrolatzeko eta lesio aitzindariak tratatzeko. Era horretan, halako minbizia garatzeko probabilitatea murriztu egiten da.

Badira arrisku txikia duten eta garatxo genitalak edo kondilomak bezalako lesio onberak eragiten dituzten eta kaltetutako zonan tratatzen diren beste GPB mota batzuk (GPB 6 eta 11).


Eskatu informazio ikonoa

Esteka interesgarriak

Azken aldaketako data: