Gomendio baliagarriak helduen sukarra tratatzeko

Zer da sukarra eta zerk eragiten du?

Sukarra sintoma bat da, gorputzaren tenperatura igotzea dakarrena. Orokorrean, sukarra izateak 38 ºC-tik gorako tenperatura izatea esan nahi du. Tenperatura igotzearekin batera, hotzikarak eta/edo buruko mina eta izerdia ager daitezke.

Normalean infekzioek eragiten dute. Gure gorputzaren defentsen erreakzioagatik agertzen da. Hona hemen sukarraren eragile ohikoenak:

  • Hotzeria, gripea
  • Arnasbideetako infekzioak
  • Urdail-hesteetako infekzioak

Infekzio gehienak ez dira larriak, eta beren kabuz hobetzen dira.

Sukarra da covid-19aren sintometako bat, eta, beraz, gomendagarria da indarreko protokoloari jarraitzea.

Nola hartu tenperatura?

Errazagoa da besapeko, belarriko edo kopetako tenperatura hartzea, baina ez da uzkikoa edo ahokoa bezain zehatza.

Tenperatura hartzeko:

  • Egiaztatu tenperatura hartuko duzun aldea lehor dagoela eta ez dela kontaktuan egon elementu edo likido bero edo hotzekin.
  • Bete termometroa erabiltzeko jarraibideak.
  • Kontaktua behar bada, ipin ezazu termometroaren punta besapean edo mihiaren azpian eta egon zaitez jarrera horretan.
  • Kontaturik behar ez bada, alboratu ilea eta hurbildu termometroa bekokira.
  • Tenperatura baino nabarmenagoa da ondoez-sentsazioa. Sukarra duzula uste baduzu eta gaixo sentitzen bazara, baliteke osasun-arloko profesionalak zure tenperatura egiaztatu nahi izatea.

Nola tratatzen da sukarra?

Jakin behar da zein den sukarraren eragilea.

Askotan ez da tratamendu farmakologikorik behar, baina honako zainketa hauek hobeto sentiarazten lagunduko dizute:

  • Hartu behar beste atseden.
  • Ez egin ariketa fisikorik.
  • Jantzi arropa arina, baina ez larregirik. Izerdia botatzen baduzu, aldatu arropa sarri.
  • Eduki giro freskoa gela maiz aireztatuz.
  • Dutxatu ur epelarekin. Beste pertsona bati laguntzen ari bazara, oihal hezeak jarri ahal dizkiozu kopetan eta besapetan.
  • Edan likido ugari, ahal dela hotzak.

Tratamendua behar baduzu:

  • Deserosotasuna edo ondoeza sentitzen baduzu, farmakoren bat har dezakezu sintomak arintzeko, hala nola parazetamola edo ibuprofenoa, betiere kontraindikaziorik edo alergiarik ez baduzu.
  • Antibiotikoak infekzioari aurre egiteko. Preskripzio medikoa behar dute. Jarraitu pautari (medikamentuaren izena, dosia, egunean zenbat aldiz, noiz arte, zer egin hartualdirik ahaztuz gero…) eta gogoratu tratamendua osatzea, hau da, ez ezazu utzi bertan behera, sukarrik eduki ez arren. Bakterioek eragindako infekzioen kasuan soilik dira eraginkorrak, eta ez birusek eragindakoen kasuan; adibidez, ez dira beharrezkoak hotzeria edukiz gero.

Icono pedir información

Noiz galdetu behar zaie
profesionalei?

Jarri osasun-arloko profesionalen batekin harremanetan sukarra baduzu egoera hauetakoren batean:

  • Haurdunaldia.
  • Duela 6 hilabetetik baino gutxiagotik hona Afrika, Asia, Latinoamerika, Ozeania edo Ekialde Ertainera bidaiatu baduzu.
  • Duela gutxi izandako kirurgia, prozedura medikoa edo ospitaleko ingresua.
  • Kimioterapia eta/edo erradioterapia tratamenduan bazaude.
  • Immunitate sistema inhibitzen duen tratamenduan bazaude, hala nola organoen transplanteen kasuan, edo defentsak murriztuta badituzu.
  • 38 ºC-tik gorako tenperaturak 3 egun baino gehiago irauten duenean.
  • Duela gutxi izandako kaparra-ziztada bat.

Sukarraz gain, honako sintoma hauetakoren bat baduzu:

  • Legena.
  • Arnasteko zailtasuna edo saihetsaldeko mina.
  • Buruko min handia edo lepoko mina.
  • Suminkortasuna, nahastea, konbultsio-krisia.
  • Gorako intentsuak edo beherakoa.
  • Min handia sabelaldean, bizkarrean edo saihetsaldean.
  • Besoa eta/edo hanka mugitzeko ezintasuna, ezpain-ertzaren desbiderapena.
  • Beste edozein sintoma arraro edo kezkatzen zaituena.


Azken aldaketako data: