Gripe-jardueraren tasak gora egin du Euskadin

100.000 biztanleko 116,7 gripe-kasu izan dira Euskadin; beraz, gora egiten jarraitzen du. Aurten, ospitalizatutako 207 kasu jakinarazi dira gripea dela-eta, eta horietatik 57k larritasun-irizpideak betetzen zituzten. Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute garrantzitsua dela baliabideak arduraz erabiltzea gripearen sintomak antzemanez gero, eta kasu bakoitzaren arabera eskura dauden osasun-zerbitzuak balioestea.

Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenaren arabera -abenduaren 30etik urtarrilaren 5era bitarteko aldia aztertu du-, gripe-sindromeagatik 1.297 kontsulta artatu dira Lehen Mailako Arreta Sarean. Gainera, gripearen denboraldia hasi zenetik zazpi heriotza izan dira.

Gripearen berezko sintomak nabaritzen dituztenen kasuan, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aholkua honako hau da: osasun-baliabideak arduraz erabiltzea eta, horrela, sintomatologiaren arabera, beren arazoari arreta eta konponbidea emateko osasun-zerbitzu egokiena zein den baloratzea (familia-medikua, etengabeko arreta-guneak edo EAGak eta, azken aukera gisa, konplikazio larrien kasuan, ospitaleetako larrialdiak). Horrela, berriz ere esan dute ez dela egon behar izango alferrik itxaroten arreta jasotzeko eta, aldi berean, ez dugula osasun-sistema bera saturatuko.

Gomendioak

Gripea gaixotasun birikoa da; beraz, ez da egokia antibiotikoekin tratatzea. Antibiotikoek ez dute eraginkortasunik birusaren aurrean. Oso kasu zehatzetan baino ez, eta, betiere, medikuak hala aginduta hartuko ditugu.

Gaixotasun deseroso horrek, herritar osasuntsuentzat onbera denak, ez du tratamendu berezirik. Gripeari aurre egiteko, komeni da atseden hartzea, likido ugari eta antitermikoak hartzea, sukarra eteteko. Sukarrak jarraitzen badu, medikuarekin kontsultatu beharko dugu.

Gripeak transmisio- eta kutsadura-indize handia duenez, garrantzitsua da higiene-neurriak hartzea, besteak beste: eztula edo doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea edo erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.

Zer egin sintomen aurrean (leiho berri batean irekitzen da)

Azken aldaketako data: