Haurdunaldia Borondatez Etetea - HBE

Haurdunaldia borondatez etetea

Haurdunaldia borondatez etetea (HBE) haurdunaldia amaitzeko prozedura kliniko bat da, emakumeak berak eskatuta, edota bikotekideak edo legezko tutoreak lagunduta. Berezko abortua ez den beste egoera bat da (berezko abortuan fetua nahi gabe galtzen da, haurdunaldian izandako konplikazioen ondorioz).

Kasu bakoitzean zein metodo erabili aukeratzeko, haurdunaldi-asteak eta emakumearen egoera klinikoa hartzen dira kontuan. Metodoak farmakologikoak (eraginkorragoak 1. hiruhilekoan) edo kirurgikoak (xurgapena/legratua) izan daitezke, edo biak ere erabil daitezke. Oro har, ez dute ospitalizaziorik eskatzen. Haurdunaldi aurreratuagoetan, erditzea induzitu behar da.


Araudia

Sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoak arautzen ditu praktika honen baldintzak eta betebeharrak. Bertan, sexu- eta ugalketa-osasunaren esparruan (I. titulua) eta haurdunaldia borondatez etetearen esparruan (II. titulua) prestazioak eta zerbitzuak eskuratzeko eskubideak jasotzen dira. Osasun-sistema publikoak finantzatzen ditu aipatutako legean jasotako baldintzak bete, eskatu eta osasun-laguntza publiko horretarako eskubidea duten emakume guztiak.

Hauek dira HBEa egiteko betebehar komunak:

  • Mediku espezialista batek egitea, edo bere zuzendaritzapean.
  • Egiaztatutako zentro sanitario publiko edo pribatu batean.
  • Emakume haurdunaren berariazko eta idatzizko baimenarekin.
Haurdunaldia borondatez etetea

Baldintzak

Martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoak bi egoera hauek jasotzen ditu haurdunaldia borondatez eten ahal izateko:

  1. Emakumeak eskatuta (14. artikulua).

    Haurdunaldiaren lehen 14 asteetan gauzatzen da, emakumeak hala eskatuta, honako baldintza hauetan:

    • Amatasunari laguntzeko eskubide, prestazio eta laguntza publikoei buruzko informazioa emango zaio emakumeari, gutun-azal itxi batean, legeak ezartzen duenaren arabera.
    • Gutxienez 3 egun igaro behar dira informazio hori ematen denetik HBEa egin arte.
  2. Arrazoi medikoengatik (15. artikulua).

    Haurdunaldiaren 22. astera arte edo haurdunaldiaren amaierara arte egin daiteke, egoera zehatzen arabera. Informazioa jaso ondoren, emakumeak HBEa egiteko nahia eta baimena adierazi behar ditu.

    • Haurdunaldiaren 22. astera arte, emakumearen bizitzarako edo osasunerako arrisku larria badago edo fetuak anomalia larriak baditu, eta HBEa egin aurretik emandako irizpenean hala jasota badago.
    • Haurdunaldiaren edozein unetan, bizitzarekin bateraezinak diren anomaliak baditu fetuak, edo gaixotasun oso larria eta sendaezina detektatzen bazaio, eta erreferentziazko Batzorde Klinikoak hala berresten badu.
Baldintzak

Izapideak

  • Lehenengo 14 asteen barruan HBEaren eskaera Euskal Osasun Sistema Publikoan izapidetzeko, honako izapide hauek egin beharko dira:

    • Emaginarekin zita eskatu, Osakidetzako osasun-zentroan.
    • Kontsultan, prozesuari buruzko zalantzak argituko dizkizute eta beharrezko informazioa jasoko duzu. Gainera, dokumentazioa gutun-azal itxian entregatuko dizute, kanpoaldean data adierazita. Emakume haurdunentzat eta seme-alaben zaintzarako eskuragarri dauden osasun-laguntza publikoak zein diren azalduko dizute, eta antisorgailuei eta sexu seguruari buruzko informazioa eta HBEaren aurretik eta ostean aholkularitza jasotzeko zein zentrotara joan zaitezkeen.
    • Egiaztatutako osasun-zentro batera joateko jarraibideak jasoko dituzu.

    Praktika honetarako egiaztatutako zentro sanitario pribatu batera ere joan zaitezke zuzenean, kostu ekonomikoa zure gain hartuta.

  • Arrazoi medikoengatiko HBEaren kasuan −bai amaren osasunaren gaineko arrisku larria dagoelako, bai fetuak anomaliak dituelako−, izapideak diagnostikoarekin lotuta daude. Jaio aurreko diagnostikorako arloetako profesionalek emango dizute informazioa, eta erabakiak hartzen ere lagunduko dizute. Azken hiruhilekoan gertatzen bada, Batzorde Klinikoaren funtzionamenduaren berri emango dizute.


Erregistroa

HBEari buruzko zaintza epidemiologikoko sisteman parte hartzen du Euskadik, Haurdunaldiaren Borondatezko Etenduren Erregistroaren bidez (Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila). Bertan profil soziodemografikoari buruzko informazioa bildu eta lantzen da.

Esteka honetan, urteko memoriak eskura ditzakezu.

Klikatu hemen urteko memoria ikusteko

Izapideak

Azken aldaketako data: