Haurdunaldia
- Haurdunaldia
- Jarduera fisikoa haurdunaldian
- Tabakoa eta alkohola haurdunaldian
- Emozioak haurdunaldian
- Erditzerako prestatzea
- Ohiko galderak
- Aho-hortzen osasuna haurdunaldian
Haurdunaldia
Zorionak, haurdun zaude!
Ba al zenekien haurdunaldi-testa osasun-zentroan ere egin dezakezula?
Askotan zalantzak eta beldurrak sortuko zaizkizu, sentitzen duzuna normala den edo guztia ondo doan jakin nahiko duzu. Hori egiaztatzeko, haurdunaldiaren jarraipen-kontsultetara joan zaitezke, non zuen ongizatea aztertuko duten. Testa berretsi ondoren, emaginarekin lehen kontsulta osasun-zentroan izango da, gutxi gorabehera azken hilekotik 8 astera. Eskatu zita aldez aurretik. Hainbat jarraipen-kontsulta izango dituzu, eta, kezkak argitzeko, erreferentziazko sanitarioen taldearengana jo ahalko duzu, batez ere ginekologo eta emaginengana.
Lehen hiruhilekoko sintoma arruntetako bat goragaleak dira. Sarritan, goizean elikagai solidoren bat hartuta arintzen dira, adibidez altxatu aurretik ogia jaten baduzu.
Haurdun batzuek bikotekidearekin bizi dute prozesu natural hau, eta beste batzuek ez. Zure egoera edo hautua edozein dela ere, laguntza eta norbait ondoan baduzu, etapa hau errazagoa egingo zaizu.
Gida honetan haurdunaldiari, erditzeari eta erditze ondokoari buruzko informazioa izango duzu eskura.
Jarduera fisikoa haurdunaldian
Hasi aurretik
Haurdun batzuek diote egun askotan nekatuago edo lo gehiago egiteko gogoarekin daudela. Gorputzari prozesu osoan laguntzeko, gomendagarria da haurdunaldi osoan aktibo egotea, baldin eta horretarako kontraindikaziorik ez badago. Jarduerak aukeratzeko, kontuan hartu zure zaletasunak eta aldez aurretik egiten zenuena. Ariketa fisikoa egitera ohituta ez bazaude, hasi pixkanaka. Eta aldez aurretik jardueraren bat egiten bazenuen, galdetu jarraipena egiten dizutenei ea jarduera hori egiten jarrai dezakezun. Izan ere, baliteke intentsitate edo ariketa batzuk kontraindikatuta egotea.
Zenbait ikerketak bermatzen dute badagoela lotura ariketa fisikoaren eta erditze arrunta izatearen artean.
Hona hemen ariketa fisikoa egiteari buruzko gomendio orokorrak:
- Egin ariketa fisikoa egunean 20 minutuz gutxienez. OMEk gomendatzen du astean 150 minutuz egitea.
- Egin luzaketak, gorputz-jarrerak ahalik eta gehien behartu gabe.
- Zaindu ariketa fisikoaren intentsitatea (elkarrizketa bat izateko moduko intentsitatea).
- Hidratatu behar beste, ahal dela urarekin.
- Ariketa egiteko, giro-tenperaturak ez du oso altua izan behar, eta hezetasun handiko lekuak ere ez dira gomendagarriak.
Baliteke beti ez lortzea gomendioak betetzea, baina horrek ez zaitu kezkatu behar. Pentsatu ariketa fisikoak dakarzkizun onuretan, eta sinetsi zeure buruan. Ez utzi saiatzeari.
Jarduera mota seguruak
Entzun zure gorputzari. Zorabiatzen bazara edo ondo ez bazaude, gelditu eta hartu atseden.
Saiatu indarra eta erresistentzia lantzen.
Hona hemen jarduera egokienak:
- Igeri egitea, oinez ibiltzea, bizikleta estatikoan edo eliptikoan ibiltzea.
- Haurdunentzako entrenamendu espezifikoak, uretan zein gela barruan.
- Dantza, sabel dantza.
- Inpaktu txikiko eskola aerobikoak.
- Yoga.
- Haurdunentzako pilatesa.
- Pelbis-zorua lantzeko ariketak.
Bideo hauetan, Osakidetzako profesionalok haurdunaldirako prestatu ditugun ariketak ikusiko dituzu.
Haurdunaldiaren edozein hiruhilekorako egokiak diren ariketa eta luzaketen errutina
Ariketen errutina honek haurdunaldian aktibo egoten lagunduko dizu.
Nola saihestu eta arindu ohiko eragozpenak, hala nola ziatika, sorbaldako minak eta zirkulazio arazoak
Ziatika edo gerrialdeko mina haurdunaldian… Ariketa hauek lagungarriak egingo zaizkizu minok arintzeko.
Ekidin beharreko jarduerak
Haurdunaldian, hainbat minutuz ahoz gora etzanda egotea eskatzen duten ariketetan, agian zorabiatu egingo zara. Saiatu ariketa horiek alde batera uzten.
Saiatu inpaktu handiko ariketak ekiditen, hala nola korrika edo salto egitea −pelbis-zorua kaltetu dezakete (maskuria, umetokia, bagina eta ondestea beren lekuan mantentzen dituzten muskulu eta lotailuen multzoa)−, baita kontaktu-kirolak edota erortzeko edo sabelean kolperen bat hartzeko arriskua dakarten jarduerak ere.
Ariketa horien artean daude:
- Pilota-kirolak (futbola, saskibaloia).
- Korrika egitea.
- Txirrindularitza.
- Jauziak.
- Inpaktu handiko erraketa-kirolak.
- Eskia.
- Pisuak altxatzea (pisu handikoak).
- Hot yoga eta hot pilates-a.
- Urpean igeri egitea, urpekaritza.
- Ariketa fisikoa, itsas mailatik 2.000 metrora baino gehiagora.
Ariketa fisikoa noiz eten
Eten ariketa eta hartu atseden, egoera hauetakoren baten aurrean bazaude:
- Arnas falta gehiegizkoa.
- Bularreko mina edo palpitazioak.
- Umetokiaren uzkurdura erregularrak edo mingarriak.
- Zorro amniotikoaren haustura edo hausturaren susmoa.
- Baginako odoljarioa.
- Fetuaren mugimenduak gutxitzea edo mugimendurik eza.
- Bernetako mina edo inflamazioa.
- Zorabioa eta muskuluetako ahulezia.
- Buruko mina.
Kontraindikazioak
Atseden hartzea gomendatu dizuten egoerak kontraindikaziotzat hartzen dira.
Gaixotasun kronikoren bat edo haurdunaldiaren berezko konplikazioren bat baduzu, galdetu erreferentziazko profesional sanitarioari zein diren ariketa fisikorako kontraindikazio posibleak.
Ariketa fisikoaren beste onura batzuk
- Odol-zirkulazioa hobetzen eta barize edo edemek eragindako arazoak murrizten ditu.
- Pisua ondo kontrolatuta edukitzen laguntzen dizu.
- Heste-igarotzearen erregulazioan eragiten du.
- Muskulu-tonua, artikulazioen eta lotailuen egoera hobetzen du.
- Haurdunaldian ohikoak diren molestia batzuk murrizten ditu, hala nola bizkarreko mina.
- Haurdunaldiko diabetesa eta tentsio arterialarekin lotutako arazoak edukitzeko arriskua gutxitzen du.
- Pelbis-zoruaren aldaketak prebenitzen ditu.
- Estresa eta antsietatea murrizten ditu.
- Loaren kalitatea hobetzen du.
Baliabide interesgarriak
Tabakoa eta alkohola haurdunaldian
Tabakoa
Haurdunaldian, emakume askok beren burua zaintzeko motibazio gehigarria sentitzen dute. Horrek bere eta haurraren osasuna hobetzen duten ohiturak aldtzea dakar, hala nola tabakoa, alkohola eta kaltegarriak izan daitezkeen beste substantzia batzuen kontsumoa uztea.
Aldi horretan tabakoa uzteko erabakia hartzen laguntzen duten arrazoi asko daude, hala nola abortatzeko edo haurdunaldian konplikazioak izateko probabilitatea handitzea, erditze goiztiarra eta jaiotzean zure umetxoak pisu gutxi izatea... edota zuzenean emakumeari eragiten dioten beste asko.
Alkohola
Antzeko zerbait gertatzen da alkoholarekin, haurdunaldian ez baitago kontsumo kopuru segururik, kontsumo seguru bakarra zero gramo baita. Haurdunaldian alkohola edateak berezko abortua eragin dezake, fetuaren heriotza eta desgaitasun fisikoak, intelektualak eta zure seme edo alabaren portaera-desgaitasunak bizitza osoan... edaleari eragiten dizkionekin batera. Esteka honetan, informazio gehiago duzu.
Zaindu liburuxka: Zaindu zure gorputza. Zaindu zure txikia
Uztean pentsatzen ari bazara, hau da une egokia. Gida hauek erabilgarriak izan daitezke.
"Haurdunaldia hobe tabakorik gabe". Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.
Emozioak haurdunaldian
Prozesu osoan zehar, normala da alaitasun- eta plazer-sentsazioekin batera zalantzak, beldurra edo segurtasun-eza agertzea egoera berriaren aurrean.
Aldaketa emozionalek zugan eragina izan dezakete, edota zure hurbilekoengan. Pertsona bakoitzaren bizipena bakarra da, desberdina. Zure edota zuen sentimendu eta emozioak askatasunez adierazteko moduko komunikazio ireki eta arina izatea lagungarria da etapa berri honetara hobeto egokitzeko. Entzute aktiboa oso baliagarria izan daiteke, baita zure ingurukoak prozesuan parte hartzea ere, batez ere haurren kasuan.
Lagungarria izan daiteke:
- Zeure burua ez epaitzea. Zure emozioak eta sentimenduak onartzea, edozein direla ere.
- Nola sentitzen zaren partekatu eta adieraztea. Uneren batean ez badaukazu sentimenduak norekin partekatu, idatz ditzakezu.
- Laguntza bilatzea.
- Arnasketa kontrolatuak egitea.
- Erlaxazioak egitea.
- Haurtxoarekin komunikatzea.
- Behar bezala atseden hartzea.
- Elikadura zaintzea eta aktibo egotea.
- Aisialdi-tarteak bakarka eta partekatuak izatea.
- Pentsamendu positiboa lantzea.
Emozioak ulertzen
Haurdunaldian emozio asko sentituko dituzu.
Erditzerako prestatzea
Asteak aurrera doaz, eta gero eta gertuago duzu erditzearen eguna. Ziurrenik, haurra nolakoa izango den galdetuko diozu zeure buruari, besoetan hartzeko gogoa sentituko duzu edo baliteke uzkurdura isolatuak nabaritzea. Normala da. Beharbada lagungarria egingo zaizu ospitalera eraman nahi dituzun gauza pertsonalak prest edukitzea. Ez duzu zertan etxetik ezer ekarri, baina erosoago sentiarazten zaituzten gauzak har ditzakezu: kamisoia, zapatilak edo nezeserra.
Normalean, lehenengo erditzeari ziurgabetasun handiagoz egiten zaio aurre, esperientzia berria delako. Haurdunaldian ariketa fisikoko errutinari eta elikadura osasungarriari eusteak, baita erditzeak nolakoak diren jakiteak ere, prestatuago eta seguruago sentiaraziko zaitu.
Gogoratu prozesu naturala dela, eta, gehienetan, normaltasunez gauzatzen dela. Zure bizipena garrantzitsua da: zeu zara protagonista. Zure nahiak, igurikimenak, beharrak eta hautuak zein diren helaraz diezaiekezu artatuko zaituzten pertsonei, ahoz zein idatziz, Erditze-planaren bidez .
Jarraipen-kontsultetan horri buruz hitz egin ahalko duzue. Erditze-plana zuk zeuk egin dezakezun dokumentua da, lehendik dauden beste plan batzuetan oinarrituta.
Bete ondoren, hiru aukera dituzu:
- Erditu baino hilabete lehenago erregistratzea, dagokizun ospitaleko Pazientearen eta Erabiltzailearen Arreta Zerbitzuan.
- Historia Klinikoan gehitzea, Osasun-karpetaren bidez.
- Ospitalean entregatzea, erditzearen unean bertan.
Gorputzak badaki zer egin behar duen, prest dago.
Ohiko galderak
Haurdunaldi-probak GKK hormonaren presentzia detektatzen du (giza gonadotropina korionikoa). Baliteke haurdun egon arren testaren emaitza negatiboa izatea proba goizegi egin baduzu, adierazitako denbora baino lehenago irakurri baduzu emaitza, edo gernu diluitua erabili baduzu.
Komeni da hilekoa iristen ez zaizun arte itxarotea, testaren jarraibideak betetzea eta goizeko lehen gernua erabiltzea probarako.
Haurdunaldia (adin gestazionala) azken hilekoaren lehenengo egunetik hasten da kontatzen. Kasu batzuetan, lehen hiruhilekoko ekografia ikusi ostean, agian azken hilekoaren data birkalkulatuko dizute, baldin eta data hori oso bestelakoa bada haurtxoaren tamaina kontuan hartuta. Izan ere, ekografian egiten diren neurketek modu fidagarriagoan zehazten dute erditzea zein egunetarako aurreikusten den.
Haurdunaldiaren ohiko iraupena 40 aste ingurukoa da (37 eta 42 aste artekoa).
Erditzea noiz aurreikusten den kalkulatzeko, erabili gure kalkulagailua.
Haurdunen % 50-70 inguruk bizkarreko mina du uneren batean, sabela handitzearen ondorioz pisua hartu dutelako. Progesterona eta relaxina hormonen produkzioa areagotzeak ere eragina dauka, artikulazioak erlaxatu eta sentikorrago bihurtzen baitira.
Mina kentzeko, honako hauek egin ditzakezu, besteak beste: gorputz-jarrerak zaindu, bero lokala aplikatu, ariketa fisikoa egiten jarraitu, eta gerrialdea arintzeko eta pelbiseko mugikortasuna lantzeko ariketak egin.
Ipurmasailean lokalizatutako min mota da ziatika, hankatik behera jaitsi edota hankan inurridura-sentsazioa eragin dezakeena.
Nerbio ziatikoaren narritadurak eragiten du −hortik datorkio izena−, inguruko gehiegizko tentsio muskularraren eta haurdunaldiarekin lotutako pisu-igoeraren ondorioz.
Aktibo egotea, gorputz-jarrerak zaintzea (adibidez, makurtzean edo esertzean), hartutako pisua kontrolatzea eta bizkarreko eta pelbiseko luzaketak zein ariketak egitea onuragarriak dira molestia horiek arintzeko.
Haurdunaldiaren etaparen arabera, sintoma berberek garrantzi eta tratamendu desberdinak dituzte. Haurdunaldi-astea gorabehera, sintoma hauetakoren bat baduzu, kontsultatu ahalik eta lasterren:
- Fetuaren mugimendurik eza. Zalantzarik izanez gero, honela estimula dezakezu haren mugimendua:
- - Jan zerbait.
- - Etzan alde batera, ezkerreko alboaren gainean.
- - Mugitu tripa.
- Baginako odoljarioa hilekoa baino handiagoa izatea.
- Likido-galera (zorro amniotikoaren haustura). Zalantzaren aurrean, maskuria hustu dezakezu, konpresa lehor bat jarri, abdomenaren presioa areagotzen duten mugimenduak egin (oinez ibili, eskailerak igo) eta bustitzen jarraitzen duzun egiaztatu.
- Abdomeneko min bat-batekoa eta ezgaitzailea.
- Buruko min handia.
- Ziztadak urdailaren ahoan.
- Ikusmen lausoa, distira eta guzti.
- Edema orokortuak (likidoen erretentzioa eta horrek eragindako hantura).
- Prurito (azkura) orokortua, batez ere esku eta oinetan.
- Atsedenean egonda ere baretzen ez diren uzkurdura erregularrak, haurdunaldiaren 37. astea baino lehen.
Diabetesa eta haurdunaldia
"Haurdunaldiko diabetesa" deritzona haurdunen % 6-9 ingururi diagnostikatzen zaie, eta normalean erditu ondoren desagertzen da.
"Azukrearen proba" edo O’Sullivan-en testa haurdunaldiko diabetesa garatzeko arriskua detektatzeko egiten da. Bigarren hiruhilekoan emakume guztiei eskaintzen zaie eta lehenengo hiruhilekoan, arrisku-faktoreak dituztenei, hala nola adina (35 urtetik aurrera), obesitatea, lehen mailako senideren batek diabetesa edukitzea edo aurreko haurdunaldietan diabetesa izatea.
Edan beharreko likido gozo bat emango dizu profesional sanitarioak. Ordubete geroago odola aterako dizute. Tarte horretan, eserita egon beharko duzu, edo, zorabiatuz gero, etzanda. Likidoa botako bazenu, probak ez luke balioko eta errepikatu beharko litzateke aldaketa batzuekin.
Emaitza alteratua egonez gero, bigarren proba diagnostiko bat eskatuko litzateke. Oraingoan luzeagoa, baina antzeko prozedurari jarraituta, salbuespen batekin: 100 gramo glukosa hartu eta 3 aldiz aterako lizukete odola, hurrengo 3 orduetan. Bigarren proba hori positiboa bada, haurdunaldiko diabetesa baieztatuko da. Kasu gehienetan, haurdunaldiaren berezko mekanismo hormonal batek eragiten du, eta, beraz, erditu ondoren konpondu liteke.
Haurdunaldiaren lehen hiruhilekoan egiten den analitikan, odol-taldea eta amaren Rh faktorea egiaztatzen dira (positiboa edo negatiboa izan daiteke).
Amak Rh negatiboa badu, zenbait analitika egingo zaizkio haurdunaldiko ohiko kontroletan. Jaioko den haurtxoak Rh positiboa badu, baliteke fetuaren odolari eragiten dioten antigorputzak sortzea amaren odolean. Kasu horretan, haurdunaldi bakoitzean arrisku hori murrizteko, gomendatzen da Gammaglobulina anti-D ematea haurdunaldiaren 28. astearen inguruan. Bi gurasoek/emaileek Rh negatiboa badute, ez dago arazo hori.
Jaio eta zilbor-hestea moztu ondoren, bertatik odol-lagin bat aterako da, haurraren odol-taldea eta Rh faktorea jakiteko. Rh positiboa badu, indikazioei jarraikiz, Gammaglobulina anti-D emango dizute berriro, hurrengo haurdunaldietan arazo hori prebenitzeko.
Kukutxeztularen aurkako txertoa, haurdunaldiaren 27. astetik aurrera. Txerto horrek amarengan sortzen dituen defentsak fetura pasatzen dira karena edo plazentaren bidez, eta haurra babesten dute 2 hilabete dituen arte, hau da, txertatzen hasten den arte.
Esteka honetan aurkituko duzu informazio gehiago:
Kukutxeztulako txertoa haurdunentzat
Gripearen aurkako txertoa haurdunaldiko edozein hiruhilekotan eta erditze ondokoan ematen da, emakume haurdunak arrisku-taldetzat hartzen baitira. Gripearen aurka urtero egiten den txertaketa-kanpaina ere kontuan izaten da. Txerto horrek onura bikoitza du, amari eta haurtxoari babesa ematen baitie.
Perineoaren eremuan egiten da, bertako ehunei elastikotasun handiagoa emateko. Oro har, haurdunaldiaren 33-35. asteen inguruan has zaitezke masaje hau hartzen.
Ariketa ona da honetarako:
- Norberaren gorputza hobeto ezagutzeko, batzuetan eremu hori gutxi miatzen baitugu.
- Luzatze-sentsazioekin ohitzeko.
- Bulbako eta perineoko oxigenazioa areagotzeko eta bertara mantenugai gehiago heltzeko. Horrenbestez, ehun horiek elastikoagoak bihurtzen direnez −nahiz eta eragina duen faktore bakarra ez izan− urradura-tasa murriztu daiteke.
- Zeure buruari eman diezaiokezu masajea, edo zure bikotekidea horren partaide egin.
Era berean, masaje mota hori erabilgarria izan daiteke beste une batzuetan, adibidez erditze ondokoan orbainak edukiz gero. Edo menopausian, baginako lehortasuna edo atrofia kasuetan.
Masaje Perineal
Normala da abdomeneko molestiak sentitzea haurdunaldian. Kontuan izan haurtxoa hazten ari dela, eta umetokia ere bai. Emakume batzuek beste batzuek baino gehiago nabaritzen dituzte molestia horiek −uzkurdura txiki gisa deskribatzen dituzte−, eta, erditze-prozesuan sortzen direnetatik bereizteko, "Braxton Hicks-en uzkurdurak" deritze. Haurdunaldi osoan gertatzen dira, baina baliteke zuk ez nabaritzea 20 aste igaro arte, umetokia handiagoa denean.
Erditzean ematen diren uzkurduretatik bereizten dira, intentsitate txikiagokoak eta noizbehinkakoak direlako.
Uzkurdura erregular eta bizien kasuan, onena ospitalera joatea da.
Haurdunaldiaren 32. astearen inguruan, haurtxo gehienak buruz behera kokatzen dira, hau da, "posizio zefalikoan". Hala ere, ehuneko txiki bat ipurdiz aurrerako aurkezpenean egongo da erditzearen egunean.
Aktibo egotea eta ariketa fisikoa egiten jarraitzea lagungarriak dira haurra hobeto kokatuta egon dadin erditzearen unerako. Baikorra izateak eta lasai egoteak giharren tentsioa ere murrizten du.
Erreferentziazko profesionalari kontsulta diezaiokezu, kontraindikaziorik ez dagoela egiaztatzeko. Halere, oro har, honako ariketa hauek baliagarriak izan daitezke haurraren posizioa hobetzeko:
- Igerilekuan ahuspez igeri egitea.
- Egunero 10-15 minutuz yogako jarrerak egitea, hala nola "mahomatarra" eta "katuarena".
- "Lau hankatan" egotea, adibidez etxetik katuka ibiltzea.
- Pelbisaren inklinazioak: ahoz gora etzanda, adibidez, hurbildu bi hankak hormara eta altxa itzazu 90°-ko angelua osatu arte. Ahal bada, saiatu oinak pixka bat gehiago igotzen, aldaka lurretik aldendu arte. Aldaka buruaren gainetik egotea da helburua.
37. astera iritsi eta haurtxoak ipurdiz aurrera jarraitzen duela baieztatuz gero, baliteke erreferentziazko profesionalak proposatzea ospitalean maniobra bat egin diezazuten haurtxoa biratzen saiatzeko; "kanpoko bertsio zefalikoa" deritzo.
Eta, azkenean, erditzeko unean haurtxoa ipurdiz aurrera badago, erreferentziazko taldearekin batera baloratuko da erditze baginala ala zesarea bidezkoa izango den.
Infekzioa prebenitzeko neurriak herritar guztientzat ezarritako berberak dira.
Koronabirusaren transmisioa saihesteko gomendioak Euskadin:
Oso garrantzitsua da planteatzen diren ohitura osasungarriei jarraitzea.
Gainera, haurdunaldia egoera berezia da, eta zenbait proba aste jakin batzuetan egin behar izaten dira, ezin baitira atzeratu. Horregatik, garrantzitsua da jarraipen-kontsultetara joaten jarraitzea, zure ongizatea eta haurtxoarena aztertzeko.
Covid-arekin bateragarria den sintomaren bat izanez gero (sukarra, eztula, eztarriko mina, arnas faltaren sentsazioa edo usaimena galtzea, besteak beste), osasun-zentrora deitu beharko duzu.
Une horretatik aurrera, eta testa egin arte itxaron gabe, jarrera arduratsuena berehalako autoisolamendua da. Gainera, komeni da sintomak sentitzen hasi aurreko bi egunetan izan ditugun kontaktu estuen zerrenda egiten joatea.
Sintomak ditut. Zer egin behar dut?
Interesa dakizuke
Haurdunek Osakidetzako kontsultetan maiz egiten dizkiguzuen galderen adibideak dira. Bestelako zalantzarik baduzu, jarri harremanetan erreferentziazko sanitarioen taldearekin.
Azken aldaketako data: