Mundu digital batean heztea

0-6 urte

6 urtera arte, gomendatzen da helduek adingabeen aurrean pantailen erabilera mugatzea.

0-3 urte

Adin honetan ez da segurua pantailen eraginpean egotea, ezta denbora txikiz ere, eta, beraz, ez da gomendatzen pantailak erabiltzea. Etapa horretan zentzumenak heldu gabe daude, eta oraindik jasateko prest ez dauden kanpo-eragileen eraginpean jarriz gero, baliteke haien zentzumenak modu egokian ez garatzea:

  • Zuzeneko argi urdinak eragina izan dezake oroimen bisualean, arretan eta ezagutzan.
  • Pantaila lauek garapen motor xehearen garapena oztopatu dezakete, garapen motor horri bolumen eta testura desberdinak ukitzeak mesede egiten baitio.
  • Pantaila baten aurrean egoteak ez du mugimendua edo jarduera sustatzen, eta inguruko munduarekiko jakin-mina eta esplorazioa murriztu dezake.
  • Pantailen bakarkako erabileraren ondorioz, ez dute sentitzen beren buruak aditzera emateko beharrik, eta hitzezko komunikazioa atzeratu egin daiteke.

Adin-tarte horretan, zure haurtxoak giza kontaktua behar du bere garapenerako; hortaz, garrantzitsua da atxikimendu-harreman egokia ezartzea. Erabili begirada, ahotsa eta ukimena bai jolasteko uneetan, bai zaintzeko uneetan.

3-6 urte

Ez da komeni gailu digitalak erabiltzea. Salbuespen gisa (noizean behin baina 30 minutu gainditu gabe eta helduek gainbegiratuta), erabil daiteke harreman sozialen bat izateko edo senideekin kontaktatzeko.

Erabiltzen badira, honako jarraibide hauek kontuan hartzea gomendatzen da:

  • Leku komunetan kokatu pantailak, interakzioa errazteko.
  • Ez erabili lo egiteko.
  • Horiek gabe jan, familia-harremana hobetzeko.
  • Hitz egin begietara begira.
  • Sare sozialetan informazioa eta/edo irudiak partekatzean, helduak adingabearen intimitatea babestu behar du.

Aukera ez-digitalak

  • Kalean: eraman jolasak beste batzuekin jolasteko, sokasaltoa, pilota, jostailu-zorrotxo bat poltsan eramateko, papera eta koloretako arkatzak…
  • Etxean: jolasak, eskulanak.
  • Autoan: ikusi-makusi, abestiak, hitz kateatuak.
  • Familiarekin txangoak eta jarduerak egitea sustatu: janaria prestatzea, margotzea, eskulanak egitea, mozorrotzea.

Kasketa baten aurrean, negarrez edo haserre dauden egoera batean: haurrari erantzutean, berarekin zaudela erakutsi, eta gertatutakoari buruz pentsatzen lagundu iezaiozu. Konpondu ondoren, komentatu gertatutakoa bere adinera egokitutako esaldi laburrak erabiliz. Badaude sormena eta motrizitate xehea (mugimendu xehe eta zehatzak) garatzen laguntzen duten beste aukera batzuk, hala nola pieza txikirik gabeko jostailuak, musika edo papera eta margoak. Pantaila erabiltzeak ez du emozioak kudeatzen ikasten laguntzen.

6-12 urte

Adin horretarako, gomendatutako erabilera-denbora ordubete da egunean gehienez, esposizioa helduekin partekatua izaten saiatuz.

Jarduera digitalak lagunartean

  • Film bat ikusi.
  • Janaria prestatu Interneteko errezetei jarraituz.
  • Eskulanen tutorialak erabili.
  • Karaokeak.
  • Koreografiak.

Etapa horretan arrazoiaren erabilera garatzen da; beraz, garrantzitsua da familia-eremuan jarraibide orokor batzuk integratzea nahi den ongizate digitala lortzeko. Jarraibide horiek etxean dagoeneko ezarrita dauden balioen, arauen eta konfiantzaren luzapen bat izango dira.


Garrantzitsua da teknologia bakegile emozional gisa ez erabiltzea. Haurrei beren emozioak identifikatzen, onartzen eta kudeatzen irakatsi behar zaie.

Hona hemen iradokizun batzuk:

  • Zehaztu zero teknologiako guneak.
  • Itzali routerra oheratu aurretik.
  • Ezarri pantailak erabiltzeko ordutegi bat: horiek erabiltzeko denbora eta lekua.
  • Sustatu offline jarduerak edo jarduera ez-birtualak:
    • Bultzatu irakurketa-uneak.
    • Sustatu mahai-jokoak, kontsolen ordez.
    • Bilatu astialdi jarduerak.
    • Animatu haien lagunekin harremanak izatera.
    • Egin familia-jarduerak aire zabalean, hala nola paseoak, parkean jolastea…

Aipatutako pauten bidez teknologiaren erabilera ordenatua dago, eta horrek nortasunaren zein gailuekiko harreman orekatu baten garapena sustatzen du, gailuak distrakzio gisa erabili gabe. Internetera lehen aldiz sartzeko unea da. Eduki esanguratsuak deskubritzen laguntzeak, aukera positiboak azaltzeak eta arriskuei aurre egiterako orduan gainditzeko ikuspegi bat izateak denboran zehar erabilera osasuntsu bat izaten lagun dezakete. Gogoan izan:

  • Erabili gurasoentzako kontrol-plataforma bat, eduki aukera egokia duena. Internetera sartzen den lehen aldietan, inguru kontrolatuetan egin dezala.
  • Ezarri pantailak erabiltzeko baimendutako denbora eta ordu-tarteak. Denonak dira, saiatu zaitez horiek guztien eskura eta begi bistan egon daitezen.
  • Erabili adinera moldatutako plataforma digitalak (adib. Netflix, YouTube…), mugatu edukia eta egon haurraren ondoan, batez ere ez badakigu zer ikusten ari den. Gurasoentzako kontrol-sistemak erabiltzen baditugu, azaldu zergatik egingo dugun, zer kezka ditugun eta aurrerantzean nola kudeatuko dugun.
  • Normalean, aisialdiko lehen kontaktua kontsola edo bideojoko digitalekin egiten da. Bere jolasean parte hartzen badugu, haurraren gustuak ikus ditzakegu, erabilera arduratsu bat modulatzeaz gain. Adostu konpromisoak honako hauei dagokionez:
    • Denbora: eguna eta ordua, errutinak ez oztopatzeko.
    • Adin bakoitzera moldatuta.
    • Pantaila etxeko ageriko leku batean egotea.
    • Jolasa behatzea. Saihestea online jolastea ezezagunekin.
    • Jolasak online edo Interneten bidezkoak eta beste pertsona batzuekin badira, azpimarratu pertsona ezezagunak ez onartzearen edo horiekin ez jolastearen garrantzia. Azaldu lekuz kanpoko gertaerak edo iruzkinak badaude, heldu bati jakinarazi behar diotela.
    • Aire librean egiten diren beste aisialdiko jarduerak sustatzea, digitalaren eta analogikoaren arteko oreka aurkitzeko.

12 urtetik aurrera

Adin honetan, gomendatzen da pantailekiko esposizioa 2 ordukoa izatea gehienez, eta kontsumitzen diren edukiak kontrolatzea.

Lehen mugikorra, zein adinetan?

Lehen mugikorra izateak kanpoko mundura erabat irekitzea dakar berarekin. Gomendatutako adina hamalau urte ingurukoa bada ere, erabakia faktore askoren araberakoa da, eta aitei eta amei soilik dagokie. Komeni da kontuan hartzea pertsona nolakoa den, bere heldutasun- eta garapen-maila, ikasteko, zereginak egiteko, materiala zaintzeko eta ordena mantentzeko duen autonomia-maila, eta beste gailu elektroniko batzuei eman dien erabilera.

Batzuetan, adina pixka bat aurreratu behar da hainbat arrazoirengatik (lineako autobusak edo metroa hartzen hasten direlako, eskolaz kanpoko jardueretatik etxera itzultzen direlako beren kabuz...). Halako kasuetan, ez da gomendatzen Interneterako sarbidea duten mugikorrak erabiltzea 16 urte izan baino lehen; nahikoa da deiak jaso ditzakeen erloju bat edo Interneteko konexiorik gabeko mugikor bat izatea. Mugikorren mundura sartzeko ez da zertan hasi behar smartphone batekin.

Nondik hasi:

  • Aukeratu adinerako eta erabilerarako egokia den gailu bat.
  • Adostu kontratu-mota.
  • Ezarri ordutegi-mugak eta zertarako erabiliko den.
  • Hobe beti beste norbaitekin erabiltzea, eta erabilera pribaturik gabe.
  • Segurua izan dadin, konfiguratu behar erabiliko duenarekin berarekin. Hori egin aurretik, hitz egin hainbat gairi buruz, kasurako, pribatutasuna, intimitatea, errespetua, hura zaintzeko konpromisoa eta erabilera arduratsua.

Etapa honetan, sare sozialak erabiltzen hasten dira, hala, gomendatzen da zu bertan egotea profil berriak sortzen dituztenean. Komeni da, halaber, familia-plan digital bat egitea. Horrek kontua kudeatzeko arauak jasoko ditu (modu pribatuan erabiltzea, erabilera arduratsua egiteko konpromisoa hartzea...); eta familia-unitatea osatzen duten pertsona guztiek adostu eta sinatuko dute. Garrantzitsua da hatz-marka digitalaren oihartzunari buruzko informazioa ematea, eta jakinaraztea zer nolako garrantzia duen Interneten partekatzen edo argitaratzen dena zaintzeak.

Aplikazioak (app) deskargatzea:

  • Konfiguratu pribatutasuna, arrazoia azalduz.
  • Bilatu mundu analogikoan dituen zaletasunekin zerikusia dutenak eta familiarekin aisialdia sustatzen dutenak.
  • Garrantzitsua da gogoratzea sare sozialetan kontuak ireki ahal izateko legezko adina 16 urte inguruan dagoela. Erregistratu nahi den plataformaren arabera alda daitekeenez, komeni da kasu zehatz bakoitzerako begiratzea.

Nerabezaroa eta autonomia

Nerabezaroan berebiziko garrantzia dute parekoen taldearekin kontaktuan egoteak, horren onarpena lortzeak, taldearekin interakzio sozialak izateak eta taldearen parte izateak. Horri lotuta, gailu mugikorrek, ordenagailuek edo tabletek etengabeko sarbidea eskaintzen dute. Ez da harritzekoa pantailetan arreta gehiegi jartzea. Gainera, ohikoa da pribatutasun eta independentzia handiagoa eskatzea. Erabilera kontrolatutik autonomiarako trantsizioan, gurasoen edo arduradunen zeregina laguntzea eta haiekin egotea da. Moderatu erabilera familia-harremanak eta errutinak errespetatu ditzaten, baina eman arauak zehazteko, aldatzeko eta/edo negoziatzeko aukera emanez.

Bizitzako beste alderdi batzuetan bezala, ez duzu zertan teknologia berriekiko harremana ulertzeko modu bera izan. Horregatik, komeni da bereiztea bere osasunerako benetan garrantzitsua dena (gauez mugikorra itzaltzeko gai ez denez, ez du lo egiten) eta pertzepzio pertsonalarekin zerikusia duena (nahiago zenuke seme-alabak musika jotzea edo mendian ibiltzea, sare sozialetan aritu beharrean). Gogoan izan beti helduek esperientzia badutela, baina nerabeak direla teknologia kontuetan aitzinean doazenak (jakin hura aitortzen eta baloratzen).

Horren harina:

  • Atsedenaldiari eta loari dagokionez, izan arau argiak. Errazago barneratuko dituzte gurasoen eredua badute.
  • Sustatu online jardueren eta teknologiarik gabekoen arteko oreka.
  • Errespetatu intimitatea eta sustatu komunikazioa, partekatzeko uneak bilatuz.
  • Adieraz iezaiezu haiek egiten dutenaren erantzule direla, eta ez gainerako pertsonek egiten dutenarena.
  • Adostu mugikorraren edo beste gailu batzuen erabilerari buruzko arau batzuk, eta hitzartu horiek bete ezean agian gailua kenduko zaiela, erabilera txarragatik, tratu desegokiagatik, programa edo plataforma desegokiak instalatzeagatik...

Aukera ezin hobea da haiek beren irizpidea landu dezaten eta gurasoek hura garatzen lagun diezaieten. Lagungarria izan daiteke aurreko adin-tarteetan haiekin landu den ulertzeko gaitasunari eustea, bai eta entzuteko gaitasuna hobetzea ere.

Azken aldaketako data: