Herpes birusa

Zer da herpes genitala?

Herpes genitala sexu-transmisiozko infekzio bat da, herpes birus soilak eragindakoa. 1. motakoa edo 2. motakoa (ohikoagoa) izan daiteke.

Infekzioa duen pertsona batekin sexu baginala, anala edo orala izatean harrapa daiteke.

Prebentzioa

Preserbatiboak gutxitu egiten du infekzioa transmititzeko edo hartzeko arriskua, baina ez du erabat ezabatzen. Izan ere, herpesak eragindako eremuak preserbatiboak babestutako eremutik kanpo egon daitezke.

Sintomak

Besikula (likidoa duten babak) mingarriak agertzea da infekzioaren zeinu bereizgarriena. Eremu genitalean (zakila, bulba, bagina...) edo uzkian ager daitezke. Besikulak haustean likidoa askatzen da, eta orbaindu egin daitezke zarakarrak sortuz. Horrekin batera, lesio ultzeradun mingarriak eragin ditzakete, eta zenbait aste behar izaten dira sendatzeko.

Ohikoa da lesio horiek sendatu ondoren berriro ere azaltzea, agerraldi gisa. Agerraldiak lehenengo lesioa baino laburragoak dira, eta ez hain larriak. Herpes genitala bizi osorako infekzio bat bada ere, agerraldi-kopurua murriztu egin daiteke denborarekin.

Diagnostikoa eta tratamendua

Batzuetan, herpes genitala lesioen miaketaren bidez diagnostika daiteke. Besikularen edo ultzeraren lagin bat ere har daiteke, analizatzeko.

Ez dago behin betiko sendabiderik herpes genitalerako. Hala ere, medikamentu batzuek agerraldiak prebenitu eta beren iraupena eta intentsitatea murriztu ditzakete, bai eta beste sexu-bikote batzuei transmititzeko probabilitatea murriztu ere.


Azken aldaketako data: