Hipogluzemia
Hipogluzemia dago odoleko glukosa balio normalen azpitik dagoenean. Intsulina injektatzen duten pazienteek izaten dute batik bat (irensten diren zenbait medikamentuk ere eragin dezakete).
Pertsonak hipogluzemia duela esaten da odoleko glukosa-maila 70 mg/dl azpitik dagoenean eta azukrea hartutakoan desagertzen diren sintomak daudenean.
Hipogluzemia motak
Hipogluzemia larritasun-mailaren arabera sailka daiteke, maila baxuenetik konortea galtzeko moduko egoerara arte.
- Arina-moderatua: pazienteak sintomak nabaritzen ditu, eta gai da bere burua tratatzeko.
- Larria: pazienteak beste pertsona baten laguntza behar du egoera konpontzeko.
- Koma hipogluzemikoa: pazientea inkontziente dago.
Zergatik dut hipogluzemia?
Hainbat arrazoi egon daitezke:
- Intsulina gehiegi injektatzea.
- Elikagaiak (CH) behar baino beranduago hartzea, edo elikagai gutxiago.
- Ariketa fisiko gehiago egitea.
- Alkohol gehiegi edatea.
Zer sentitzen du hipogluzemia duen pertsonak?
Hipogluzemiaren sintomak askotarikoak dira, eta aldea egon daiteke pertsona edo fase batetik bestera. Pertsona diabetikoek jakin behar du identifikatzen noiz hasten den hipogluzemia, eta nola egin behar dioten aurre; hala, azkar konponduko dute arazoa.
Sintoma posibleak
Hipogluzemia arina/moderatua
- Zorabioa
- Zurbiltasuna
- Izerdi hotza
- Kilimak
- Dardara
- Urduritasuna
- Antsietatea
- Palpitazioak
- Gose bizia
- Ikusmen lausoa
- Buruko mina
Hipogluzemia larria
- Ikusmen bikoitza
- Nahasmendua
- Jokabidearen asaldura
- Asaldura mintzairan (mozkor diabetikoa)
- Logura
- Konbultsioak
- Koma
Hipogluzemia dagoela susmatzen badugu baina ezin badugu egiaztatu –adibidez, neurgailua edo zerrenda erreaktiboak ez ditugulako– hobe da hipogluzemia izango balitz bezala tratatzea.
Zer egin behar da hipogluzemia dagoenean?
15 zenbakiaren araua
- Aukerarik badago, gluzemia kapilarra egin behar da, bizkor, eta horren arabera jardun. Zalantzarik izanez gero, hipogluzemia baieztatuta balego bezala jokatu behar da.
- KHak hartu behar dira berehala, glukosa bizkor igotzeko: 15 g azukre:
- 100 ml zuku natural edo azukrea (bi koxkor edo poltsatxo bat).
- 75 ml kola-edari edo 10 g glukosa puru.
- 15-30 minutu igaro ondoren sintomek jarraitzen badute edo oraindik ere 70 mg/dl azpitik badago, hartualdia errepikatu behar da.
- Ondoren glukosa astiroago igotzeko KHak hartu behar dira, hipogluzemia berria ez gertatzeko.
- 1 edo 2 fruta ale, edo 2-4 gaileta bitartean (Maria estilokoak).
- 20-40 g ogi, edo 2-4 ogi-xerra txigortu.
- 2 edalontzi esne, edo edalontzi bat esne eta + bi gaileta (Maria estilokoak).
- Pazienteak konortea galdu badu, ez zaio inoiz elikagairik eman behar ahotik. Glukagoia injektatu behar zaio, eta sanitarioekin harremanetan jarri (telefonoa: 112). Glukagoia injektatu ondoren 5-10 minutu igarota pazienteak konortea berreskuratzen ez badu, injektatu berriz glukagoia.
Glukagoirik izan ezean, azukrea edo eztia aplikatu ahal zaio, hatzekin, ahoaren barrualdean edo mihiaren azpian, eta, segituan, sanitarioekin harremanetan jarri behar da.
Azken aldaketako data: