Hotzeria arrunterako gomendio erabilgarriak
Hotzeria arrunta eztularekin, sudurreko kongestioarekin, malko-jarioarekin eta mukiekin agertzen da. Normalean birus batek eragiten du eta bere kabuz konpondu ohi da, 3-10 egun igaro ondoren, tratamendurik gabe.
Katarroak tratatzeko, antibiotikoak hartzea saihestu behar da; izan ere, ez dira erabilgarriak eta, gainera, gaizki erabiltzen badira, gero eta erresistentzia handiagoa duten germenak garatzen dira.
Eztula, sintoma gogaikarriena izan daitekeen arren, organismoa defendatzeko mekanismo garrantzitsuenetako bat da, jariakinak kanporatzea ahalbidetzen baitu.
Sarritan, eztula da luzeen dirauen sintoma, eta espektorazioa (flemak) ere ekar dezake, baina horrek ez du esan nahi gaixotasunak okerrera egin duenik.
Ekidin kutsatzeak
Garrantzitsua da eskuak maiz garbitzea ura eta xaboia erabiliz birusen hedapena saihesteko eta beti eztul edo doministiku egin, edota mukiak zintzatu ondoren.
Kutsatzeak saihesteko, higiene-neurriak zorroztu behar dira; izan ere, berebiziko garrantzia dute sintomak agertzen diren epean:
- Birusa transmititzea ekiditeko, sarritan garbitu eskuak urarekin eta xaboiarekin, eta beti garbitu eztul edo doministiku egin eta mukiak kendu ondoren.
- Ahalik eta distantziarik handiena mantendu sintomak dituzten pertsonekiko (gutxienez 1 metro).
- Eztul edo doministiku egitean, estali ahoa eta sudurra mukizapi batez edo ukondoaz, arnasbideetako jariakinak zabaltzea ekiditeko.
- Ahal bada, kendu mukiak erabili eta botatzeko mukizapiekin, eta bota itzazu erabili bezain laster.
- Oneratu arte, planteatu maskara erabiltzea beste pertsona batzuekin kontaktuan bazaude.
Nola arindu sintomak?
- Komeni da likido gehiago edatea ondo hidratatuta egoteko.
- Ez erre eta ez egon kea dagoen tokietan
- Hezetu berogailuek geletan eragiten duten giro lehorra. Horretarako, erabili ur-ontziak edo hezegailu elektronikoak.
- Normalean, sudurra ur gaziz edo gatz-serumez garbitzeak kongestioa arintzen laguntzen du.
- Kilimak eragiten dituen eztul lehorrerako, eztulerako pilulak edo gozoki gogorrak erabilgarriak dira.
- Alergiaren bat baduzu, saiatu alergenoekiko kontaktua saihesten (polena, animaliak, hautsa...).

Egin kontsulta baldin eta…
- Sukarra baduzu 3 egunez baino luzaroago, hots, 38 ºC-tik gorako tenperatura.
- Arnasteko zailtasuna, mina saihetsaldean edo belarriko mina baduzu.
- Botatzen dituzun flemetan odola edo muki berde horixkak badaude.
- Eztul oso iraunkorra baduzu, horregatik ezin baduzu normaltasunez jan eta pisua galdu baduzu.
- Buruko min handia baduzu.
- Sintomak hasi zirenetik 10 egun igaro badira eta eztula okertu bada.
Azken aldaketako data: