HTA
- Hipertentsio arterialari buruz
- Sintomak
- Diagnostikoa eta proba osagarriak
- Prebentzioa eta arrisku-faktoreak
- Tratamenduak eta zainketak
- Maiz egiten diren galderak
Gaixotasunari
buruz
Tentsio arteriala odolak arterietatik zirkulatzeko egiten duen indarra da.Tentsio arterial hori akordioz normaltzat jotako balioetatik gora modu jarraituan egotea da hipertentsio arteriala.
Lehenengo zifrakbihotza uzkurtzen denean (taupadak egiten dituenean) odolak arterietan egiten duen indarra neurtzen du. Presio sistolikoa deitzen zaio horri, eta 140 mmHg-tik behera egon behar du.Bigarren zifrak bihotza erlaxatuta dagoenean odolak arterietan egiten duen indarra neurtzen du.Presio diastolikoa deitzen zaio horri, eta 90 mmHg-tik behera egon behar du.
Presio arterialaren balioak helduetan
Kategoria | Presio arterial sistolikoa (mmHg) | Presio arterial diastolikoa (mmHg) |
---|---|---|
Optimoa | 120tik behera | 80tik behera |
Normala | 130tik behera | 85tik behera |
Normal - altua | 130 - 139 | 85 - 89 |
Altua | 139tik gora | 89tik gora |
Presio arterial altua duen pertsonaren arterietan presioa areagotu egiten da (auto baten pneumatikoetan gertatzen den moduan) eta bihotzak ahalegin handiagoa egin behar du.
Kausak
Kasurik gehienetan –kasuen % 90-95etan– ez da izaten tentsio arterial altua justifikatzen duen kausa espezifikorik.Pertsona horiek hipertentsio primarioa edo esentziala deitzen dena dute.Dena den, badira hipertentsioa izateko joera eragiten duten hainbat egoera:
- Familiartekoren batek presio altua izatea.
- Obesitatea.
- Gatz asko kontsumitzea.
- Alkohola kontsumitzea, emakumeen kasuan egunean edalontzi bat ardo edo edalontzi bat garagardo baino gehiago eta gizonen kasuan bi edalontzi ardo edo bi edalontzi garagardo baino gehiago.
- Tabakoa erretzea.
- Diabetesa edo giltzurrunetako gaixotasunak.
- Bizitza sedentarioa edo estresa.
Zenbat eta egoera horietako gehiago eduki pertsona batek, orduan eta aukera handiagoa du orain edo etorkizunean hipertentsioa garatzeko.
Presio arterial altua duten pertsonen % 5-10ek baino ez dute hipertentsio sekundarioa.Horrek esan nahi du badirela presio arterial altua eragiten duten beste arrazoi edo gaixotasun batzuk, hala nola, giltzurrunetako edo giltzurrun gaineko guruinetako nahasmenduak edo sendagai jakin batzuk hartzea (pilula antisorgailuak, hotzeriaren aurkako hainbat sendagai eta migrainarako sendagaiak). Garrantzizkoa da paziente horiek identifikatzea; izan ere, hipertentsio arteriala eragiten duen arazoa tratatzen bada, tentsioa normaldu egiten da.

Esteka interesgarriak
- Dieta sosa (hiposódica)Atención primaria en la red
- El club del hipertensoEspainiako Hipertentsio Elkartea
- Espainiako Hipertentsio Elkartea

Egileak
Alfonso Casi Casanellas. Lehen mailako arretako medikua. Arabako ESIa
Sintomak
Orokorrean, eta oso larria ez bada behintzat, hipertentsioak ez du sintomarik, eta arrisku-faktore isiltzat jotzen da, beraz.Oso ohikoa da mundu osoan; 40 eta 65 urte arteko helduen % 20ri eragiten die, eta 65 urtetik gorakoen % 60ri.
Gauza jakina da tentsio arterialaren zifrak behar bezala kontrolatzea onuragarria dela pertsonen osasunarentzat, eta presio arterial sistolikoa 10 mmHg jaistearekin eta diastolikoa 5 mmHg jaistearekin urtean % 20 murrizten da gaixotasun koronario bat izateko arriskua eta % 32 iktusa (istripu zerebrobaskularra) izateko arriskua. Hipertentsioa diagnostikatuta eta tratatuta, beraz, nabarmen hobetzen da pertsonen bizi-kalitatea.
Kontrolatu ezean
hipertentsioak eragin ditzakeen ondorioak
Odolean presio gehiegi izateak hondatu egin ditzake, urteek aurrera egin ahala, arteriak (buruko isuria – iktusa eta, luzarora, dementzia), bihotza (bihotzekoa, angina edo bihotz-gutxiegitasuna) eta beste organo batzuk (giltzurrunetako gutxiegitasuna), batez ere arterioesklerosiaren garapena dela eta.
Iktusa gertatzen da odol-hodi batek odola isurtzen badu edo odolbildu baten ondorioz odol-hodia itxita geratzen bada. Ondorioz, garuneko zati batera ez da behar adina oxigeno iristen. Horrek garunean eragin dezakeen kaltea iraunkorra izan daiteke, eta jasan duenaren bizitza goitik behera alda dezake.Presio arteriala jaisteak iktusari aurrea hartzen lagundu dezake.
Hori dela eta, ongi egonda ere tentsio arteriala kontrolatzeko neurriak hartu behar dira.Tratamendu zuzen eta jarraitu batek gutxitu egiten du adierazitako kalteak jasateko arriskua.

Diagnostikoa
Presio arteriala etxean neurtzea
Presio arteriala etxean edo osasun-zentroan har daiteke. Etxean hartzea erabakiz gero, tentsiometro bat erosi behar da farmazian edo ortopedian.Garrantzizkoa da erosi aurretik medikuari galdetzea zein diren gailurik egokienak.Kontsultatu presio arteriala neurtzeko gailu homologatuei buruzko esteka interesgarriak.
Ahalegindu presio arteriala ordu berean hartzen beti, eta jarraitu behar bezala neurtu ahal izateko ondorengo aholkuak.
Presio arteriala hartu aurretik
- Ez erre, ez kafeinarik hartu edo ez egin ariketarik aurreko 30 minutuetan.
- Gosaldu aurretik (6:00etatik 9:00etara bitartean) eta afaldu aurretik (18:00etatik 21:00etara bitartean) hartu, zure medikuak edo erizainak esandako maiztasunez.
- Eseri eta erlaxatu gutxienez 5 minutuan zure etxeko leku lasai batean eta tenperatura atseginean.Horrela egiten ez baduzu, presio arterialaren balioak ez dira benetakoak izango.
- Tentsiometroko mahuka-zorroak (besorakoak) tamaina egokia izan behar du, eta behar bezala egokitu behar zaio zeure besoari.


Nola hartu presio arteriala?
- Eser zaitez bi oinak lurrean dituzula (hankak gurutzatu gabe) eta bizkarra aulkiaren kontra jarrita.
- Erantzi besoa estutu diezazukeen arropa.
- Jarri besoa mahai gainean.Besoaren goiko aldeak bihotzaren parean egon behar du.
- Jarri tentsiometroaren mahuka besoan bilduta, ukondotik 1 edo 2 zentimetrora.
- Ez mugitu eta ez hitz egin presio arteriala hartzen ari zaren bitartean.
- Jarraitu tentsiometroak dakartzan jarraibideak.
- Tentsioa 3 aldiz hartu, neurketa batetik bestera 2 edo 3 minutu utzita, eta idatzi emaitzak.
- Jaso datuak neurketaren eguna eta ordua zehaztuta, zure medikuak edo erizainak esandakoari jarraituz.
- Eman neurketa horien berri zure medikuari edo erizainari haiekin hitzartutako hitzorduetan.
Bizitza osasungarria presio arteriala jaisteko
Zure medikuak eta erizainak proposatutako hainbat neurrik presio arterialaren zifrak kontrolatzen eta hipertentsioak eragin ditzakeen ondorio larriak saihesten lagunduko dizute.
Tentsio arteriala altu samarra denean, sendagaiekin tratatzen hasi aurretik agian nahikoa izan daiteke ohitura osasungarri batzuk hartzea kontrolpean eduki ahal izateko.Hemen dituzu presio arteriala jaisten lagundu diezazuketen eta elikadurarekin eta bizitzeko erarekin lotuta dauden zenbait ohitura:
- Jarraitu elikadura-plan osasuntsua.Kontsultatu elikadura eta bizimodu osasuntsuari buruzko esteka interesgarriak.
- Lortu pisu egokia, eta mantendu.Galdetu zure medikuari edo erizainari nola lor dezakezun zuretzat egokia den pisua izatea.
- Gatz gutxiago kontsumitu.Irakurri elikagaien etiketak, egunean zenbat sodio (gatza) hartzen duzun jakiteko.Saiatu egunean 1,5 gatz-gramo baino gehiago ez hartzen (titare batean sartzen den gatza).Kontsultatu gatz gutxiko dietari (hiposodikoa) buruzko esteka interesgarriak.
- Ariketa egin.Saiatu egunero 30 minutuz ariketa fisikoa egiten. Ahalik eta gehien ibili.
- Erretzen baduzu, utzi.Erretzeari uzteko laguntza eska dezakezu
Saia zaitez neurri horiek guztiak betetzen.Zenbat eta ohitura osasungarri gehiago hartu, orduan eta hobea izango da zure presio arterialerako eta zure osasunerako.Eskatu laguntza zure medikuari eta erizainari aldaketa horiek guztiak egin ahal izateko.

Hipertentsioa duten pertsona guztiek hartu behar al dituzte medikamentuak?
Lehen aipatutako ohitura-aldaketa horiek nahikoa ez badira zure presio arteriala ondo kontrolatzeko, neurri horiek osatzeko medikamentu ugari dago. Zure medikuak presio arteriala kontrolatzeko sendagai bat edo gehiago errezetatu diezazkizuke. Tentsioa jaisteko medikamentu-mota asko daude.Batzuek gorputzean sobera dauden likidoak eta gatza botatzen laguntzen dute, hain zuzen ere, presio arteriala jaisteko.Beste batzuek bihotzaren taupaden abiadura murrizten dute eta odol-hodiak dilatatzen dituzte.
Zure medikuak erabakiko du zein medikamentu-mota den egokiena zuretzat, eta zer dosi hartu behar duzun.Hitz egin ezazu zure medikuarekin gomendatutako medikamentu-motak behar bezala ezagutzeko.
Dena den, gogoan izan zure hipertentsiorako “pastillak” hartzeak ez duela esan nahi bizi-ohitura osasungarriak alde batera utzi behar dituzunik.


Presio arteriala kontrolatzeko medikamentuak
Medikamentuekin tratamendua duela gutxi hasi baduzu, gerta liteke oraindik ere denbora batez presio arteriala altua izatea.Izan ere, medikamentu hipotentsoreek pixkanaka egiten dute eragina; kasu batzuetan, egun batzuk behar izaten dituztelako eraginkorrak izateko eta beste batzuetan, agian, dosia pixkanaka handitu behar duzulako.
Prozesu horretan, bada, zuretzat egokienak diren medikamentuak eta dosia aurkitu beharko dira.Presio arteriala kontrolatu ahal izateko, zure medikuak eta zuk zeuk denbora eta konstantzia beharko dituzue, medikamentuen konbinazio egokia aurkitu ahal izateko.Presio arterial altua duten pertsonen erdiek, gutxi gorabehera, bi medikamentu edo gehiago hartzen dituzte hura kontrolatzeko.
Garrantzizkoa da presio arterialari aurre egiteko medikamentuak egunero hartzea.Medikamentuak hartzeari uzten badiozu, presio arterialak berriro egingo du gora.Gogoan izan presio arterial altua izanez gero, aukera gehiago dituzula bihotzean eta odol-hodietan kalteak jasateko.Medikamentuei buruzko honako aholkuek presio arteriala kontrolatzen lagunduko dizute, baina ez ahaztu bizimodu osasungarria egitea komeni dela.Onurak handiagoak izan daitezen, aholku guztiak betetzen saia zaitez.Zure medikuak eta erizainak lagunduko dizute aldaketa horiek guztiak egiten.
- Egin medikuak eta erizainak esandakoa, baina ez ahaztu bizi-ohitura osasungarriak, besteak beste: pisua kontrolatzea, gatz gutxiago kontsumitzea eta ariketa fisikoa egitea.Hipertentsiorako medikamentuak hartzeak ez du esan nahi pisua har dezakezunik edo ariketa fisikoa egiteari utzi behar diozunik.Zenbat eta gutxiago mugitu eta zenbat eta gehiago gizendu, orduan eta pastilla gehiago beharko dituzu tentsioa kontrolatzeko.
- Betiko hartu beharko duzu medikazioa, 140mmHg-tik (sistolikoa) eta 90 mmHG-tik (diastolikoa) beherako presio arteriala eduki ahal izateko.
- Medikamentu batzuk garestiak dira.Galdetu zure medikuari zein diren zure aurrekontura doitzen diren medikamentuak.
- Ez aldatu hartzen ari zaren medikamentuaren dosia.Medikamentuak kalte egiten badizu edo zalantzaren bat sortzen badizu, galdetu zure medikuari.Hark emango dizkizu beharrezko azalpenak edo aldatuko dizu tratamendua, harik eta ongi sentitzen zaren arte eta zure hipertentsioa behar bezala kontrolatuta egon arte.
- Zehaztu errutina bat medikazioa hartzeko, eta irmo jarraitu.
- Saiatu alkohol gehiegi ez edaten (ez zenuke edalontzi bat ardo edo garagardo baino gehiago edan behar emakumea bazara, eta 2 edalontzi baino gehiago gizonezkoa bazara).
- Izan jarrera positiboa bizitzaren aurrean.Egin gauzak, horietaz kezkatu ordez.
- Zaindu presio arteriala aldizka.Ongi egonda ere, joan zaitez medikuarengana edo erizainarengana hitzordua jarrita duzun guztietan.
Hipertentsio arteriala hereditarioa al da?
Hipertentsio arterialaren herentzia faktore askoren mende dago, eta herentzian jasotzen dena, beraz, tentsio arterial altua garatzeko joera baino ez da. Oro har, lehen adierazitako beste faktore horietako batzuk ere behar dira azkenean hipertentsio arteriala garatzeko.
Mekanismoa zein den zehatz-mehatz ez dakigun arren, jakin badakigu gurasoetako bat edo biak hipertentsoak badira, gehiago direla hipertensioa garatzeko aukerak.Horrela, gurasoetako batek 50 urte bete aurretik hipertentsioa badu edo bihotzekoa izan badu (miokardioko infartua), gutxienez urtean behin hartu beharko duzu tentsioa.
Azken aldaketako data: