Proiektu nabarmenduak
Aniztasuna eta garapenerako leku duten euskal osasun-sistema publikoaren sare zabala erakusten duten ikerketa-proiektuen adibide batzuk:
Flexpol:
Antimicrobial flexible polymers for its use in hospital environments
Webgunea: https://www.flexpol.eu/

Helburua: Proiektuaren helburua planta pilotu bat garatzea da, ospitale-ingurunean erabiliko diren mikrobioen aurkako geruza itsasgarriak ekoizteko. Eskuratutako film itsasgarri horrek hainbat mikrobio haztea inhibituko du, eta egokia izango da kontaktu-maila handiko gainazaletarako, erresistentzia oneko babes iraunkorra emango baitu. Pazientearen higiene- eta segurtasun-mailarik handiena bermatuko du eta, honenbestez, desinfektatzaileak gutxiago erabili behar izatea eragingo du. Helburu horiek lortzeko, funtzio anitzeko ikuspegi bat baliatuko da, atxikipenaren prebentzioa eta mikroorganismoen suntsiketa uztartze aldera, olio esentzialen emultsioak mikroegiturak eta nanoegiturak izango dituen polipropileno-matrize batean txertatuta. Bakterio-infekzioen arazoa, gero eta handiagoa, mundu osoko arazoa da.
FLEXPOL teknologiak arazo horri heltzen dio, gainazalak esterilizatzeko modu bat – erabat berria– ematen baitigu. Gainazalak esterilizatzeko nonahi aplika daitekeen soluzio bat garatuz, FLEXPOL teknologiak aurre egiten dio infekzio-ahalmen globalaren erronkari eta jendeak osasunaren gainean duen kontzientzia gero eta handiagoa errespetatzen du.
Ikertzaile nagusia: Carlos Gustavo Cilla Eguiluz. Biodonostia OII
Proiektuko liderra: Fraunhofer Institute for Production Technology IPT
Euskadiko bazkideak:
- Biodonostia OII – Donostialdeko ESI (Osakidetza)
- IK4 Tekniker Xede-populazioa: Herritarrak
Helinet:
Premialdiko, larrialdiko, erreskateko eta hondamendi naturaletako egoeretan, arriskuak eta misioak batera kudeatzean koordinatuta jarduteko mugaz gaindiko lankidetza-sarea, helikopteroen erabilera sustatuz.
Webgunea: http://poctefa-helinet.eu/

Helburua: POCTEFA lurraldearen mendebaldeko eskualdean mugaz haraindiko lankidetzasare bat garatzea, logistikoa eta operatiboa, larrialdietan, premia-egoeretan, erreskateetan eta hondamendi naturaletan elkarri laguntzeko eta, hala, Arrisku eta Egitekoen Baterako Kudeaketa sortzeko; hartarako, helikopteroen erabilera sustatuko da beharrezkoa denean, batez ere Pirinioetan isolaturik edo aldendurik bizi diren populazioei erraztasunak emateko, bi herrialdeetako eskualdeen artean diren administrazio-mugei erreparatu gabe.
Mugaz gaindiko arriskuei, lurraldeko eragileek horiei aurrea hartzeko eta nola erantzun planifikatzeko duten gaitasuna ez ezik, arrisku espezifikoei eta natur hondamendiei emandako erantzunaren beraren kudeaketaren hobekuntzari heldu beharra ere nabarmentzen du proiektu hau jasotzen duen lan-ildoak.
Honako esparru hauek ari dira lantzen:
- Sorospen, erreskate edo laguntzarako helikopteroek lur hartzeko azalerasarea hobetzea.
- Partzuergoa osatzen duten lurraldeen artean erantzun koordinatua eta integratua planifikatu, antolatu eta testatzea.
Ikertzaile nagusiak: Jose Maria Unanue Munduate. Osakidetza Emergentziak
Proiektuko liderra: Nafarroako Babes Zibila
Euskadiko bazkideak:
- Osakidetza Emergentziak
Xede den biztanleria: Herritarrak

Helburua: SHiELDek osasun-datuen balioa desblokeatuko die herritarrei eta Europako enpresei, gaur egun datu horiek trukatzea galarazten duten segurtasun- eta araudierronkak gaindituko baititu. Horri esker, Europako mugak zeharkatzen dituzten herritarren osasuna hobeto zaintzea ahalbidetuko da, eta osasun-datuekin bidezko merkataritza-erabilerak egingo dira.
Mugaz gaindiko egoerak jorratuko ditu: Europako herritar batek beste estatu kide batean arreta medikoa eskuratu ahal izateko, osasun-langileek eskura izango dituzte herritar horren osasun-datuak. Osasun-datuak baliatzeko aukerak sortuko ditu, produktuak egiteko, hala nola sentsore eramangarriak eta osasun-zerbitzu pertsonalizatuak eta bizitzaestiloa kudeatzera bideratuak, Europako merkatu erkiderako.
Ikertzaile nagusia: Eunate Arana Arri. Biocruces Bizkaia OII
Proiektuko liderra: Tecnalia Fundazioa
Euskal bazkideak:
- Biogurutzea Bizkaia OII // EzkerraldeEnkarterri-Gurutzetako ESI (Osakidetza)
- Ibermática S.A.
Xede den biztanleria: Beste estatu kide batera doazen eta osasunarreta behar duten europarrak
Upright:
Universal preventive resilience intervention globally implemented in schools to improve and promote mental health for teenagers.
Webgunea: www.uprightproject.eu

Helburua: Nerabezaro goiztiarrean (12-14 urte), aldaketa fisiko, mental, emozional eta sozial handiak gertatzen dira. Etapa horrek arriskufaktore jakin batzuk izan ditzake, eta horrek arazoak sor ditzakete osasun mentalean, baita arrisku-jokabide izan ere adin horretako gazteen osasunerako.
Testuinguru horretan, gazteen erresilientzia lantzea oso erreminta baliagarria izan liteke egoera zailei aurre egiteko gaitasuna hobetzeko eta, hala, osasun mental positiboa izateko. UPRIGHT bidez, gazteen erresilientziagaitasuna areagotu nahi da. Proiektuaren barruan, nerabe, familia, hezkuntzako profesional eta ikastetxeentzako erresilientzia-programa bat diseinatzea dago aurreikusita. Programa hori bost herrialde pilotutan ezarriko da: Islandian, Italian, Polonian, Danimarkan eta Euskadin. Ikastetxeetan ongizate mentala sustatzea eta gaixotasun mentalak prebenitzea izango da helburua.
Ikertzaile nagusia: Esteban de Manuel Keenoy. Kronikgune.
Proiektuko liderra: Kronikgune
Euskal bazkideak:
- Arabako ESI. Osakidetza
Xede den biztanleria: 12 eta 14 urte bitarteko gazteak
C3-Cloud:
A Federated Collaborative Care Cure Cloud Architecture for Addressing the Needs of Multi-morbidity and Managing Poly-pharmacy

Helburua: C3-Cloud programak jomuga hau du: arretaplan pertsonalizatuak garatzea patologia ugariko pazienteentzat, ebidentzian oinarrituta eta IKT erremintak babes hartuta.
Hainbat diziplinatako talde koordinatu batek kudeatuko ditu, betiere arreta integratua eta pazientearen eta/edo zaintzailearen inplikazioa sustatuz. Hauek dira C3-Cloud proiektuan ezarritako helburu nagusiak:
- Arreta-plan pertsonalizatuak garatzea patologia ugariko pazienteentzat.
- Arreta-plan pertsonalizatuen koordinazioa hobetzea.
- Sorospen-arloen eta -mailen arteko komunikazioa eta koordinazioa hobetzea.
- Pazienteen eta zaintzaile informalen arteko partaidetza aktiboa sustatzea.
- Komunikazio-sistema ezberdinen arteko integrazioa erraztea.
- Jardunbide onenak identifikatzea patologia ugariko pazienteen arretan eta zainketetan.
- Sorospen-eredu eta -ibilbide berriak garatzea hainbat patologia dituzten pazienteentzat.
Ikertzaile nagusia: Antonio de Blas de Blas. Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia
Proiektuko liderra: The University of Warwick
Euskal bazkideak:
- Kronikgune
- Osakidetza
- Arabako ESI
- Barrualde-Galdakaoko ESI
- Donostialdeko ESI
- Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESI
- Tolosaldeko ESI
- Informatika eta Informazio Sistemetako zuzendariordetza
- Asistentzia Sanitarioko zuzendaritza
Xede den biztanleria: Hainbat patologiatako pazienteak.
RIS3 arloa: Gailu medikoak.
Erretinosi pigmentarioa:
Distrofia hereditarioak dituzten pazienteen ezaugarri genetikoak Euskadin.

Helburua: Proiektu honen helburu nagusia da EAEn erretinosi pigmentarioa duten pazienteen populazioaren ahalik eta ezaugarri genetiko-molekular zehatzenak finkatzea, sekuentziatze genetikorako azken belaunaldiko tekniken eta ADN zundahibridazioaren bidez, mutazioak eta material genetikoaren galera-irabaziak detektatzeko; horretarako, hiru ekite esperimental osagarri baliatuko dira. Diagnostiko molekularraren esparruan gertatzen ari diren aurrerapenek ahalbidetuko lukete Euskadin erretinosi pigmentarioa duten paziente gehienetan gaixotasuna eragiten duten alterazioak identifikatzea, baita erretinosi pigmentarioa eragiten duten gene eta mutazio berriak identifikatzea ere.
Azken xedea sekuentziazioteknika berrien abantailak diagnostiko klinikora eramatea da, prozesua sinplifikatuz eta kostuak nabarmen murriztuz. Begi-gaixotasun honetan etiologia molekularra ezagutzeak garrantzi handiko ondorioak izango ditu, baita inpaktu kliniko sozial handia ere. Besteak beste: 1) Gaixotasunaren transmisioa prebenitzea kontseilu genetikoaren bidez (eramaileen diagnostikoa eta diagnostiko goiztiarra). 2) Terapia izan dezaketen pazienteak hautatzeko aukera (besteak beste, gene-terapia edo zelula-terapia), aukera terapeutikoak sortzen doazen heinean, edo pertsona horiek biltzea Espainian eta nazioartean abian diren saiakuntza klinikoetan. 3) Populazioaren mutazio desberdinen prebalentzia-azterlana egitea, gene ohikoenen animalia-ereduak garatzeko, ahalik eta paziente gehienei soluzio bat emateko gene-terapia posible bat saiatzeko. 4) Diagnostiko klinikoa egiaztatzea. 5) Pronostikoa ezartzea. Topatutako mutazioaren arabera, pazienteari orientazio bat eman dakioke, pronostikoari eta bilakaera probableenari buruz.
Horrenbestez, baliabide sanitarioen erabilera txikiagoa izango da, eta, hori dela eta, paziente horien aldagai klinikoek narriatze txikiagoa izango dute.
Ikertzaile nagusia: Javier Ruiz Ederra. Biodonostia OII
Proiektuko liderra: Biodonostia OII// Donostialdeko ESI (Osakidetza)
Bazkideak:
- Biocruces Bizkaia OII // EzkerraldeEnkarterri-Gurutzetako ESI (Osakidetza)
- Bioaraba OII // Arabako ESI (Osakidetza)
- Sevillako Unibertsitatea
Xede den biztanleria: Erretinosi pigmentarioa duten pazienteak.
Obesitatea, epidemia globala:
Obesitatea, epidemia globala: ezaugarri molekularrak eta parametro dinamikoen ezaugarriak finkatzea, estrategia diagnostiko eta terapeutiko pertsonalizatuak garatzeko.

Helburua: Proiektuaren helburu nagusia da obesitatea diagnostikatutako pazienteen azpipopulazio baten ezaugarri molekularrak ezartzea edo horien parametrizazio molekularra egitea, prebentzio-neurri eta neurri terapeutikoak ezartzea ahalbidetzen duten analisi berriak oinarri hartuta, guztia ere paziente horien bizi-kalitatea hobetzeko.
Parametro antropometriko eta biomediko konbentzionalez gainera, eritozitroen mintz limodikaren, metabolomikaren eta epigenetikaren analisiak bilduko dira, eta gizabanakoaren asetasun- eta listu-profila ere eskuratuko da. Proiektuak behar adina jakintza ekarriko du, irizpide dietetiko pertsonalizatuak ezartze aldera. Inpaktu positiboa ekarriko du obesitatea duen populazioaren osasunean, eta haien bizi-kalitatea hobetuko du. Horri esker, epe luzera zahartzea eta gaixotasun kronikoak murriztea lortuko da, eta oihartzun berezia izango du osasun-gastuan. Horrez gainera, obesitatea aurreikusteko sistema berriak garatzea lortu eta elikagaigintzan produktu berriak garatzeko aukera berriak ekarriko ditu
Ikertzaile nagusia: Sonia Gaztambide Saénz. Biocruces Bizkaia OII
Proiektuko liderra: Biocruces Bizkaia OII // Ezkerralde-EnkarterriGurutzetako ESI (Osakidetza)
Bazkideak:
- UPV/EHU
- Azti Fundazioa
- Bizkaia Biofisika Fundazioa
- BCAM
Xede den biztanleria: Obesitatea duten pazienteak
Telemedikuntza eta suizidioa prebenitzea:
Suizidioa eta hantura prebenitzea telemedikuntzaren bidez.

Helburua: Proiektuaren helburua suizidioa prebenitzea da, eta hobeto ezagutzea gaixotasun horren oinarri neurobiologikoak. Zehazki, jokabide suiziden arriskua murriztu nahi da arriskutalde handi batean, hala nola berriki suizidiosaio bat izan duten pazienteen artean. Horretarako, 12 hilabetean zehar bost deiko esku-hartze bat egitearen efizientzia balioetsiko dute (astebete, hilabete, hiru hilabete, sei hilabete eta urtebete), berriki suizidio-saioa izan duten pazienteetan saio gehiago agertzea atzeratzeko (talde esperimentala), berriki beren buruaz beste egiten saiatu den talde batekin alderaturik, baina telefono bidezko segimendurik gabe (kontrol-taldea).
Proiektuaren helburua, era berean, portaera suizidaren hondoan ageri ohi diren oinarri klinikoak eta hanturazkoak ikertzen sakontzea da; hala, hobeto ezagutu ahalko da portaera horren fisiopatologia eta ikusi ahalko da hantura-markagailu horiek pazientearen egoeraren mende ote dauden. Gainera, aztertu egingo da pazienteetan egindako esku-hartze telefonikoak eraginik ote duen haien egoera klinikoan eta hantura periferikoko markagailuetan. Laburbilduz, saiatuko da pazienteen arreta hobetzen, larritasun-maila murrizten eta funtzionamendu soziala eta bizi-kalitatea hobetzen.
Ikertzaile nagusia: Ana María González-Pinto Arrillaga. Bioaraba OII
Proiektuko liderra: Bioaraba OII // Arabako ESI
Bazkideak:
- Biodonostia OII // Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarea (Osakidetza)
- Biocruces Bizkaia OII // BarrualdeGaldakaoko ESI (Osakidetza)
- Bioaraba OII // Arabako Osasun Mentaleko Sarea (Osakidetza)
Xede den biztanleria: Joera suizida duten pazienteak.
Osteogenesi inperfektua:
TGF-beta seinaleztapen-bidea inplikatzea osteogenesi inperfekturako estrategia terapeutiko berrien garapenean.

Helburua: Proiektuaren helburua gaixotasun arraro bat duten herritarren parte baten osasuna eta ongizatea sustatzea da: hezur-sintesiaren nahasmenduak. Gaixotasun hori izugarri mugatzailea izan daiteke, eta osteogenesi inperfektu deritzo. Gaur egun, ez dago terapia sendagarririk gaixotasun horretarako, eta eztabaida handia sortu da gehien erabiltzen diren sendagaien efikaziari eta albo-ondorioei buruz (bifosfonatoak), zeinak «erabilera errukitsu» gisa ematen baitira paziente pediatrikoetan.
Taldeak osteogenesi inperfektua duten paziente pediatrikoen zelula ama mesenkimalen bildumak ditu, baita osasun oneko emaile pediatrikoenak ere. Beste erasan batzuetarako saiakunzta klinikoetan baliatzen ari diren TGF-B seinaleztapen bidearen inhibitzaile diren sendagaiei modu efikazean erantzuten dieten pazienteak identifikatu nahi dituzte, baldin eta haien osteoblastoek erantzun bizkorra ematen badiete sendagai horiei (farmakoen birkokapena). Identifikatuz zer paziente motak erantzuten duen eta aztertuz zer efektu duen haien osteoblastoan, zehaztu ahalko da farmakoaren eragite-mekanismoa eta definitu ahal izango da osteogenesi inperfektua duen zer populaziok izango dituen TGF-b bidea gehiegi aktibatzea neutralizatzean oinarritutako terapia farmakologikoaren onurak.
Ikertzaile nagusia: Clara Isabel Rodríguez López. Biocruces Bizkaia
Proiektuko liderra: Biocruces Bizkaia OII // Ezkerralde-EnkarterriGurutzetako ESI (Osakidetza)
Bazkideak:
- Biodonostia OII // Donostialdeko ESI
- UPV/EHU
Xede den biztanleria: Osteogenesi inperfektua duten paziente pediatrikoak.
Prebalentzia eta karga ekonomikoa dementzian:
Jokabidearen nahasmenduen eta nahasmendu psikologikoen prebalentzia eta karga ekonomikoa dementzian, analisi epidemiologikoak, estatistikoak eta machine learninga baliatuz eskuratuak.

Helburua: Proiektu honen helburua da neurtzea jokabidearen nahasmenduen eta nahasmendu psikologikoen prebalentzia eta karga ekonomikoa dementzian, analisi epidemiologikoak, estatistikoak eta machine learninga baliatuz eskuratuak. Jokabidearen nahasmenduak eta nahasmendu psikologikoak dementziaren kargaren hasiera baino ez dira; izan ere, ez dira ikusten erregistro epidemiologikoetan
Halere, estres-eragile nagusiak izan ohi dira senideentzat, eta haiek eragiten dute instituzionalizazio gehien. Halakoei heltzeko lehendabiziko urratsa lehendik diren erregistroetan oinarritutako mekanismoak garatzea da, haien prebalentzia eta inpaktu soziala modu kuantifikatuan ezagutu ahal izateko. Diagnostiko kodeturik ez edukitzeak oztopatu egiten du horiek aztertzea, dela lehen mailako arretan, dela ospitalizazioetan. Proiektuaren xedea zailtasun hori konpontzen saiatzea da, eta horretarako, esperientzia dugu OBI (Oracle Business Intelligence) datu-basea baliatzen, diagnostikoak historia klinikoen berriskupenen bidez eta analisi estatistikoekin eginez. Ikuspegi klinikotik erreparatuta era sorospena kontuan izanik, zailtasunak planteatzen dituen egoera bat argituko du, zaila baita adostasuna lortzea medikazio antipsikotikoaren onura/arriskua analisian. Ikuspegi teknologikotik erreparatuta, adimen artifizialeko erremintak txertatuko dira (machine learninga, adibidez), dementzia duten pazienteetan jokabidearen nahasmenduak eta nahasmendu psikologikoak agertzen ote diren aurreikusteko ereduen errendimendua hobetzeko.
Ikertzaile nagusia: Javier Mar Medina. Biodonostia OII
Proiektuko liderra: Biodonostia OII // Debagoieneko ESI (Osakidetza)
Bazkideak:
- Biodonostia OII // Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarea (Osakidetza)
Xede den biztanleria: Dementzia diagnostikatu zaien pazienteak

Ikus ezazu nabarmendutako proiektu gehiago
Ezagutu itzazu garatzen ditugun beste proiektu batzuk.
Azken aldaketako data: