Jaioberriak

Zorionak, haurtxoa hemen dago!

Litekeena da biok bizitzako unerik bizienetako batean egotea. Jarraitu zure senari.

Jaiotzaren ondoren, haurra hartzeko lekurik onena zure gorputza da. Horregatik, oso gomendagarria da besoetan eduki bezain laster zure toraxaren kontra jartzea, azala azalarekin. Badakigu " azala azalarekin ukitzeak " onura handiak dakarzkizuela. Besteak beste, umetokitik kanpoko bizitzara eta amagandiko edoskitzera modu lasaiagoan egokitzen laguntzen du, baita elkarren arteko lotura ezartzen ere.

Ama ez dagoenean, hurbileko norbait ere egon daiteke haurtxoarekin azala azalaren kontra, kontaktu horren bidez maitasuna, beroa, lasaitasuna eta segurtasuna transmititzeko.

Recién nacido
Azala azarekin ukitzea da haurtxoari ongietorri beroa egiteko onena.

Haurtxoa zaintzea

Jarraian informazioa eta gomendio batzuk ematen dizkizugu, jaioberriaren behar nagusiei erantzuten laguntzeko.

  • Haurtxoaren behar fisikoekin lotutakoak:
    • Ohikoa da jaio ondoren haurtxoak pisua galtzea; gutxi gorabehera 15 egun barru berreskuratuko du.
    • Normala da hartualdiaren ondoren haurtxoak korrokada egin eta esne pixka bat botatzea. Gorakoa ugaria bada eta indarrez ateratzen bada soilik kezkatu beharko duzu.
    • Amagandiko edoskitzearen kasuan, baliteke haurtxoari titiak handitzea; halaber, normala da neskek baginako odoljario arina izatea.
    • Lehenengo kakak ilunak eta itsaskorrak dira (“mekonio” deritze). Ondoren horiak eta bigunak izango dira. Maiztasuna aldakorra da oso: hartualdi guztien ondoren, egun batzuk igarota… Egokiena da behar den guztietan pixoihala aldatzea, eta garbiketa aurretik atzerantz egitea.
    • Sendatu zilbor-hestea egunean behin, edo zikintzen bada. Garbitu eskuak zainketak eman aurretik. Garbitu zilbor-hestearen eremua ur epelarekin eta xaboi neutroarekin. Ondoren, lehortu ezazu ondo. Zilbor-hestea lehor egon dadin, bildu ezazu gaza garbi eta lehor batekin, eta aldatu gaza pixoihala aldatzen duzun bakoitzean. Aldatu iezazkiozu pixoihalak sarri.
    • Hobe da zilbor-hestea erori arte itxarotea haurtxoa lehenengo aldiz bainatzeko. Bestalde, bainua laburra izango da, ur epeletan eta xaboi gehiegirik erabili gabe. Xaboia erabiliz gero, izan dadila neutroa eta haurtxoentzat egokia. Garrantzitsua da haurtxoa bakarrik ez uztea, nahiz eta momentu labur batez izan, arriskutsua izan daiteke eta. Ez da beharrezkoa haurtxoa egunero bainatzea, baina batzuetan lagungarria da gauez lo egin aurretik erlaxatu dadin.
    • Lima iezazkiozu azazkalak lima batekin eta ez iezazkiozu ipini manoplarik harramazkak ekiditeko. Izan ere, manoplek ukimen-sentsazioa mugatzen dute, eta ukimena zentzumenik garatuenetako bat da etapa honetan.
    • Hasieran, ez erabili kolonia, amaren usaina antzematea eragotz baitezake.
    • Lo egiteko orduan, onena da haurtxoa ahoz gora jartzea, bat-bateko heriotza prebenitzeko.
    • Ahal dela, ipin iezaiozu ehun naturalez egindako arropa erosoa, baina ez gehiegi. Bere arropa garbitzeko, saihestu leungarriak eta zurigarriak, hala nola lixiba.
    • Lehenengo egunetatik paseatzera irten zaitezkete. Onena da eguzkiak zuzenean jotzea saihestea, baita bero handiko orduak ere.
    • Txupetea eskaini ahal zaio, baina erabiltzera behartu gabe. Ez da komeni txupetea eztian edo elikagai gozoetan bustitzea, ezta bizitzako lehen hilabetea baino lehen ipintzea ere, amagandiko edoskitzea aukeratzen bada.
  • Haurtxoaren afektu- eta komunikazio-beharrarekin lotutakoak:
    • Hitz egiozu; zure ahotsa ezagutzeko gai da, eta besteena baino nahiago du. Estres-egoeretan lasaitzeko balioko dio.
    • Oso ikusmen sentikorra du argi aldaketekiko, nahiz eta lehen etapa honetan zuri-beltzean ikusiko duen. 20-30 cm-ra dauden itzalak identifikatzeko gai da; alegia, gutxi gorabehera zure bularraren eta zure aurpegiaren arteko distantzia.
    • Zaporeak ondo bereizten daki, eta gauza gozoak ditu nahiago.
    • Ukimena oso garatuta du. Gainera, laztanek garapen emozionalean laguntzen diote.
    • Oso usaimen zorrotza du. Zure usaina ezagutzeko gai da.
    • Haurtxoaren negarra da adierazpenik zuzenena: dei edo komunikazio-eskaera gisa ulertu ezazu, ez baitu beti gosea edo ondoez fisikoa adierazten. Pixkanaka, bere beharrak interpretatzen ikasiko duzu.
    • Egunaren amaieran egoten da urdurien. Besarka dezakezu, segurtasuna senti dezan.
  • Haurtxoaren segurtasun-beharrarekin lotutakoak:
    • 3 hilabete bete aurretik sukarra badu, gogoratu pediatria-zerbitzura eraman beharko duzula, balorazioa egin diezaioten.
    • Bermatu giro osasungarria eta segurua.
    • Aireztatu sarri haurra egoten den lekuak.
    • Garbitu eskuak haurra ukitu aurretik eta beharrezkoa den guztietan.
    • Ez erre bere aurrean, ezta egongo den lekuetan ere.
    • Egon bere ondoan, ez ezazu bakarrik utzi.
    • Ipin ezazu ahoz gora etzanda.
    • Egiaztatu ematen dizkiozun elikagaien tenperatura.
    • Saihestu muturreko tenperaturekiko esposizioa.
    • Etxeko garbiketarako produktu toxikoak erabiliz gero, hobe da haurra bertan ez dagoenean egitea garbiketa.
    • Eman haurrari bere adinerako egokiak diren jostailu seguruak; hau da, beti bere ahoa baino handiagoak, artikulatu gabeak, eta aska daitezkeen piezarik gabeak.
    • Haurra lekuz aldatzeko, erabili bere ezaugarrietara egokitutako bitarteko segurua.

Informazio gehiago lortzeko gidak:

Haurtxoa zaintzen

Ohiko galderak

Azken aldaketako data: