Pediatriarako Gomendio Erabilgarrien orria "Katarroa"
Zerk eragiten du eztarriko mina?
Katarroa edo marranta infekzio biriko bat da, eta zeinu hauek ditu bereizgarri: eztula, sudurreko kongestioa, malko-jarioa, mukiak, lo egiteko zailtasunak, jangura murriztua, suminkortasuna...
Kutsatzea prebenitzeko hezkuntza eta sintomen kontrola oso-oso garrantzitsuak dira.
Ez da antibiotikorik hartu behar, ez direlako eraginkorrak, eta gainera, gaizki erabiltzen badira, gero eta erresistentzia handiagoa duten germenak garatzen dira.
Umeek sarritan izaten dituzte marrantak beren bizitzaren lehenengo urteetan, eta ohikoa da urtean 6-8 izatea, eta haurtzaindegira doazenek are gehiago ere izaten dituzte. Berez pasatzen dira, 3-10 egun igarota, inolako tratamendurik gabe.
Zer egin daiteke kutsatzea ekiditzeko eta sintomak arintzeko?
- Kutsatzea ekiditeko, higiene-neurriak zorrotz bete behar dira, horrela saihesten baita beste batzuek gaixotasuna hartzea. Higieneak berebiziko garrantzia du sintomek dirauten bitartean.
- Birusa transmititzea ekiditeko, sarri garbitu eskuak ura eta xaboia erabiliz, eta beti garbitu eskuak eztul, doministiku edo zintz egin ondoren.
- Sintomak duten pertsonengandik ahal bezain urrun geratu.
- Eztul edo doministiku egitean, estali ahoa eta sudurra zapi batez edo ukondoaz, horrela arnasbideetako jariakinak zabaltzea ekiditen delako.
- Hobe da erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea mukiak kentzeko eta zapia erabili bezain laster botatzea.
- Ez erre adingabeen aurrean, ez daitezen giro ketsuetan egon.
- Normalean, ur gazi edo gatz-serum bidezko sudur-garbiketek kongestioa arintzen laguntzen dute.
- Umeen gaueko eztul-episodioak eztia emanez hobetu ahal dira. (Ez da gomendagarria eztia ematea 12 hilabete baino gutxiagoko umeei).
- Garrantzitsua da umeak behar bezala hidratatuta daudela ziurtatzea, eta horretarako, likido gehiago hartu behar dute egun horietan. Umeek jangura txikiagoa izaten dute eta ohi baino gutxiago edaten dute.Ez da komeni umea jatera behartzea.
Noiz galdetu behar zaie osasun langileei?
- Umeak 2 urte baino gutxiago baditu, beti joan behar da kontsultara.
- Arnasteko zailtasunak edo saihetsaldeko mina baditu.
- 38,5 gradutik gorako sukarra badu 3 egunez baino denbora luzeagoan.
- Sintomak agertzen hasi zirenetik 14 egun igaro ondoren umeak ez badu hobera egin, edo oro har, bere egoerak txarrera egin badu.
- Berriro badu sukarra edo sukarra igotzen bazaio.
- Belarriko mina badu edo/eta buruko min handia duela esaten badu.
- Eztula badu etengabe eta horren ondorioz luzaroan badago normaltasunez jan edo/eta edan ezinik.
Intereseko informazioa
- Medikamentuen erabilera seguruari buruzko informazio argia, independentea eta erabilgarria aurki dezakezu herritarrentzako webgune honetan: i-botika.
- i-botika web orrian aurkituko duzu “Eztula kudeatzeko” dokumentua (euskaraz eta gaztelaniaz).
- Lortu “Eztularen dekalogoa” Lehen Mailako Arretako Pediatriako Espainiako Elkartearen (AEPap) web orrian.
Azken aldaketako data: