Kolon eta ondesteko minbizia

Zer da
kolon eta ondesteko minbizia?

Heste-horman sortzen den gaixotasuna da, heste-polipo batek eraginda. Denbora igaro ahala, era desordenatuan haz daiteke eta gorputzaren beste atal batzuetara zabaldu daiteke. Prozesu horrek 10 urte ere iraun ditzake.

Kolon eta ondesteko minbiziak ohikoenak dira herrialde garatuetan, eta gizon eta emakumeetan heriotza-tasa indize altuak eragiten dituzte.

Euskadin, urtero, 1.800 kasu baino gehiago detektatzen dira: emakumeetan bigarren tumorerik ohikoena da, bularreko minbiziaren ondoren, eta gizonetan ere bigarren ohikoena, prostatako minbiziaren ondoren.

Kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko programaren irudia

Informazio gehiago


Sintomak

Sarritan minbizia isila izaten da, eta, agertzen denean, honako sintoma hauek ekar ditzake:

  • Aldaketa iraunkorra hestea husteko ohituretan; bereziki komunera ohi baino sarriago joateko beharra izaten da edo beherakoa izaten da, eta biek zenbait aste iraun dezakete.
  • Uzkitik odola botatzea, ageriko arrazoirik gabe.
  • Sabeleko min handiak.
  • Sabelean koskorra agertzea.

Gogorarazten dizugu sintoma horiek ez dutela ezinbestean adierazten kolon eta ondesteko minbizia duzula, baizik eta baztertu beharra dagoela; beraz, familiako medikuarekin kontsultatzeko gomendatzen dizugu.

Lazo urdinaren irudia

Prebentzioa
eta arrisku-faktoreak

Prebeni daiteke kolon eta ondesteko minbizia? Bai. Detekzio goiztiarrak prebenitzen eta tratamendu-aukerak hobetzen laguntzen du.

Ariketa fisikoak eta barazki eta frutak jateak hura jasateko arriskua murriztu dezakete.

Modu berean, obesitateak, alkoholak eta tabakoak minbizia izateko arriskua areagotzen dutela egiaztatu da.

Minbizia jasateko arriskua txikiagoa da bizi-ohitura osasungarriak dituzten pertsonetan:

  • Utzi alde batera tabakoa eta alkohola.
  • Egin ariketa fisikoa.
  • Egon argal.
  • Egin barazki eta fruta askoko dieta.
  • Ez kontsumitu haragi gorri eta prozesatu gehiegi.

Kolon eta ondesteko minbizia garatzeko arriskua areagotu egiten da adinarekin. Kolon eta ondesteko minbizia dutela diagnostikatzen diren hamar pertsonatik zortzik 60 urte baino gehiago dituzte.

Ariketa gutxi egiten duten pertsonek, obesitateak, haragi gorria eta prozesatua kontsumitzeak eta barazki, fruta eta lekale gutxi duten dietek kolon eta ondesteko minbizia edukitzeko arrisku handiagoa dakarte.

Kolon eta ondesteko minbizidun familia-historiala duten pertsonek gaixotasun hori izateko arrisku handiagoa daukate; dena den, kolon eta ondesteko minbizien % 70etik gora ez dago familia-arriskuari lotuta. Kolon eta ondesteko minbizia diagnostikatu dioten lehen mailako familiakoren bat baldin baduzu, 60 urtetik beherakoa, edo diagnostiko hori bera duten bigarren mailako familiako 2 edo gehiago badituzu, kontsultatu medikuari.

Kolon eta ondesteko minbiziaren irudia

Kolon eta ondesteko minbizia garatzeko arriskua areagotu egiten da adinarekin. Kolon eta ondesteko minbizia dutela diagnostikatzen diren hamar pertsonatik zortzik 60 urte baino gehiago dituzte.


Tratamendua

Kolon eta ondesteko minbizia hasierako fasean detektatzen bada, minbizitik bizirik irauteko aukera % 90etik gorakoa da.

Minbizia kolonoskopia batean erauzitako polipo batean badago, baliteke aldizkako mediku-azterketetara bakarrik joan behar izatea.

Kolonoskopian erauzterik izan ez bada, tratamendu nagusia kirurgia izango da. Kasu batzuetan baliteke kimioterapiaren edo erradioterapiaren tratamenduekin jardun behar izatea.

Kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko programaren irudia

Koloneko minbizia goiz detektatzeko programa

Helburua lesioak sasoiz eta minbizia hasierako faseetan detektatzea da.

Lesio horiek goizetik tratatzen badira, gutxitu egiten dugu gaiztoak izateko aukera.

Informa zaitez


Bideoak

Koloneko minbizia goiz detektatzeko programako kolonoskopia

Bideo honetan erakusten da nola egiten den kolon-ondesteko minbizia detektatzeko programako kolonoskopia bat. Osakidetza

Kolonoskopiarako prestaketa

Bideo honetan adierazten da zer den kolonoskopia eta aurretik egin behar den prestaketa nola egin behar den. Kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programa. Osakidetza

Lagina jasotzeko prozedura odola gorozkietan zehazteko

Bideo honetan adierazten da nola jaso behar den lagina gorozkietan odol ezkutua atzemateko. Osakidetza

Azken aldaketako data: