Metodo antikontzeptiboak
Metodo antikontzeptiboak
Antisorgailuak edo jaiotza-tasaren kontrolak barne hartzen ditu nahi ez den haurdunaldia saihesteko erabiltzen diren metodoak. Nahi gabeko haurdunaldia asmorik edo aurreko plangintzarik gabe gertatzen den hura da.
Sexu-harremanak dituen eta haurdun geratu nahi ez duen edo bikotea haurdun utzi nahi ez duen edonork metodo antikontzeptiboak erabili behar ditu.
Zuretzat zein metodo den onena erabakitzen laguntzeko eta/edo horren erabilerari buruzko zalantzak argitzeko, Osakidetzako Emagina, Ginekologia eta Familia Plangintzako kontsultak dituzu.
Antikontzeptiboen efektuak
Haurdunaldia saihesteaz gain, batzuek ondorio onuragarri erantsiak eragiten dituzte edo ondorio kaltegarriak izan ditzakete. Balorazio bat egiten da preskribatu aurretik. Emakume osasuntsuetan oso txikia da ondorio kaltegarriak agertzeko arriskua.
Ondorio onuragarri erantsien artean egongo litzateke, adibidez, hormona-metodoek hilekoa erregulatzen dutela, odol- eta min-kantitatea murrizten dutela, menopausiaren etapako sintoma batzuk hobetzen dituztela eta ginekologiako, koloneko eta ondesteko minbizi batzuk agertzeko arriskua murrizten dutela. Umetoki barneko gailuek endometrioko eta umetoki-lepoko minbizia izateko arriskua murrizten dute.
Antikontzeptiboen eraginkortasuna
Metodo bakoitzaren eraginkortasunari dagokionez, Pearl Indizearen bidez neurtzen da, eta metodo hori erabili duten 100 emakumek urtebetean izandako haurdunaldi kopurua kuantifikatzen du. Pearl Indizea zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta txikiagoa da nahi gabe haurdun geratzeko probabilitatea.
Horretarako bi parametro neurtzen dira:
- Erabilera perfektua: akatsik, ahanzturarik edo bestelako konplikaziorik gabe gertatzen dena.
- Erabilera erreala: egunerokoan ematen dena.
Metodoa | Erabilera perfektua | Benetako erabilera |
---|---|---|
Metodorik gabe | 85 | 85 |
Pilulak, partxea eta eraztun baginala | 0,3 | 9 |
Inplantea | 0,05 | 0,05 |
Injekzioa | 0,2 | 6 |
UBG ez hormonala | 0,6 | 0,8 |
UBG hormonala | 0,2 | 0,2 |
Gizonezkoen preserbatiboa | 2 | 18 |
Emakumezkoen preserbatiboa | 5 | 21 |
Emakumezkoen esterilizazioa | 0,5 | 0,5 |
Basektomia | 0,1 | 0,1 |
Metodo naturalak | 0,5 | 24 |
Amagandiko edoskitzea | 0,9 | 2 |
Antikontzeptibo-motak
Obulazioa inhibitzen duten eta, beraz, haurdunaldia eragozten duten hormonak askatzen dituzten gailuak eta/edo farmakoak dira. Oso eraginkorrak dira, baldin eta zuzen erabiltzen badira edozein eratako administrazio-moduetan (ahotik, baginatik edo larruazaletik). Aholku profesionala behar dute egokiena aukeratzeko. Galdetu nola jokatu ahaztuz gero, beste medikamentu batzuk hartu behar badituzu edo beste arazo batzuk izanez gero.
Metodo horiek honako hauek izan daitezke:
-
Bi hormona motekin: estrogenoak + gestagenoak.
Honakoak dira:
- Pilula konbinatua: hainbat aukera ditu dosiari eta hormona motari dagokienez. Egunero ordu berean hartzen da, 21, 24 edo 28 egunez.
- Larruazaleko partxea: itsasgarri txiki bat da, larruazalaren gainean itsasten dena eta xurgatzen diren hormonak askatzen dituena. Astean bat erabiltzen da, hiru astez, eta laugarrena atseden hartzen da.
- Eraztun baginala: baginan sartzen den aro elastikoa da, tanpoi bat bezala. Askatzen diren hormonak ditu, eta baginako mukosak xurgatzen ditu. Hiru aste erabiltzen dira, eta laugarrena atseden hartzen da. Bere abantaila nagusia, partxean bezala, egunero hartualdi bat egitera behartzen ez gaituela da, eta, beraz, ahazteko aukera murrizten du.
Hileko odoljarioen erregulazio ona eskaintzen dute.
Ibotikarako esteka:
-
Hormona mota batekin: gestagenoak.
Honakoak dira:
- Pastilla: «minipilula» gisa ezagutzen dena. Egunero ordu berean hartzen da, atseden-egunik gabe. Antikontzeptibo konbinatuak baino kontraindikazio eta albo-ondorio gutxiago ditu.
- Hormona-antikontzeptibo injektagarria: 12 asterik behin ematen da. Ezaugarri nagusia da hileko odoljarioa desagertzen dela.
Metodo horiekin, dituzten ezaugarriengatik, litekeena da hileko odoljario erregularrik ez egotea, horrek metodoaren eraginkortasunari eragin gabe edo osasunerako arazo izan gabe.
Jarri ondoren, urteetan haurdunalditik babesten duten gailuak dira. Oso eraginkorrak eta oso seguruak dira emakumearen osasunerako. Erabilera erosoa da, ez baita arduratu behar maneiuaz.
Gomendatuta daude hurrengo 3-5 urteetan haurdun geratzea nahi ez denean eta antisorgailu bat erabili nahi ez duzunean edo arduraz erabili behar ezin duzunean. Ondo eraginkorra da haurdunaldiaren aurka.
Osasun-langileek jartzen eta ateratzen dituzte.
Honako hauek daude horien artean:
-
Dermis azpiko inplantea: hormona bat (gestagenoa) askatzen duen hagaxka txiki bat da. Besaurrean jartzen da, larruazalaren azpian, minik gabe, eta 3 urteko iraupena du.
-
Umetoki-barneko gailua (UBG): umetokiaren barruan jartzen den objektu txiki bat da, normalean T formakoa. Bi mota daude:
- Kobrezko UBG, ernalketa inhibitzen duena eta habia egitea eragozten duena. 4 eta 6 urte bitarteko iraupena.
- UBG hormonala, gestagenoa askatzen duena, habia egitea eragozten duena, eta muki zerbikala asko loditzen duena, esperma igarotzea eragozten duena. 3 eta 5 urte arteko iraupena.
Esperma umetokira sartzea saihesten dute, eta, ondorioz, ez da ematen obuluaren eta espermatozoidearen arteko lotura.
-
Preserbatiboa: zorro fina eta elastikoa da, normalean latexezkoa (poliuretanozkoa ere izan daiteke), zakilaren gainean erekzioan jartzen dena sartu aurretik. Espermatozoideak igarotzea eragozten du. Erabilera bakarrekoa da eta, beraz, ez da berrerabili behar.
Hasieratik behar bezala eta sistematikoki erabili behar da sexu-harreman bakoitzean. Kendu egin behar da erekzioa galdu aurretik, eta, erabili ondoren, egiaztatu ez dela apurtu.
Sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko metodorik eraginkorrena da
-
Barne-preserbatiboa: poliuretanozko zorro bat da, bi mutur dituena, bata itxia eta bestea irekia, bakoitza eraztun malgu batekin. Mutur itxian dagoen eraztuna baginaren barruan jartzen da, umetokiaren lepoa estaliz, eta bestea, handiagoa dena, kanpoan geratzen da eta bulba estaltzen du. Espermatozoideak umetokiaren barrualdera igarotzea eragozten du. Erabilera bakarrekoa da eta, beraz, ez da berrerabili behar. Hasieratik behar bezala eta sistematikoki erabili behar da sexu-harreman bakoitzean.
Metodo eraginkorra da STI prebenitzeko, eta uzki-sartzeetan ere erabil daiteke, eraztuna mutur itxitik kenduz.
Eraginkortasun handiko metodoa da, baldin eta hiru baldintza hauek betetzen badira: duela 6 hilabete baino gutxiago erditu izana, egunez eta gauez hartualdiak maiz egitea eta erditzetik hilekoa ez izatea. Baten batek huts eginez gero, arriskua handia izango da; beraz, beste antisorgailu bat erabili beharko da haurdunaldia saihesteko.
Emakumearen ugalkortasun handieneko egunen iragarpenean oinarritzen dira, egun horietan koitozko sexu-harremanak babesteko edo ez izateko. Aldez aurretik behatzeko hilabete batzuk behar dituzte, eta ziklo menstrualaren ezaugarriek eragina dute haien eraginkortasunean.
Ebakuntza baten bidez, emakumeen obuluak eta gizonen espermatozoideak igarotzeko lekua eten egiten da, eta, beraz, haurdun geratzea saihesten da.
Emakumeengan, Falopio-ren tronpak (salpingektomia) erauzi egiten dira, obulua obulutegietatik umetokira pasatzen den tokia, hain zuzen ere. Gizonengan, hodi deferenteak (basektomia) moztu egiten dira, eta handik, espermatozoideak barrabiletatik uretrara joaten dira.
Basektomiaren kasuan ugalkortasuna lehengoratzeko eta berreskuratzeko aukerak dauden arren, metodo horiek behin betikotzat hartu behar dira, ez baitago emaitza-bermerik.
Koito osteko antikontzepzioa premiazko neurri bezala bakarrik erabili behar da eta ez metodo antikontzeptibo gisa. Ez dauka sexu-transmisioko infekzioekiko inolako prebentzio-efekturik.
Premiazko pilula antikontzeptiboa (PPA) edo larrialdiko pilula (LP) metodo hormonala da, ustekabeko kasuetan haurdunaldia saihesteko erabiltzen dena, antisorgailurik erabili ez denean edo gaizki erabili denean (antisorgailua ahaztea hartzerakoan edo preserbatiboak huts egitea, hala nola, haustea).
Bi motatakoak daude:
- "Hurrengo eguneko pilula" (lebonorgestrel), arrisku-harremana izan eta ahalik eta azkarren hartu behar da eta, gehienez, hiru egun igaro baino lehen.
- "Hurrengo bost eguneko pilula" (ulipristal-azetatoa), arrisku- koitoa eduki eta hurrengo bost egunen barruan hartu behar da.
Garrantzitsua da arrisku-koitoaren ondoren lehenbailehen hartzea.
Gaur egun farmazietan eros daitezke mediku-errezeta beharrik gabe.
Premiazko antikontzepzioaren barruan, koito osteko pilulez gain bada beste metodo bat. Kasu honetan, arrisku-koitoa izan eta ondorengo 5 eguneko epean kobrezko UBGa sartzean datza.
ibotikarako esteka:
Koitoaren aurretik baginan sartzen diren substantzia kimikoak dira; bagina-obulu, krema edo bagina-esponja motakoak, eta beraien zeregina espermatozoideak suntsitzea da.
Ez dira erabili behar metodo antikontzeptibo bakar gisa, beren eraginkortasuna oso baxua baita. Diafragmarekin edo estalki zerbikalarekin lotzen dira.
Gizonezkoak eiakulatu aurretik, zakila baginatik ateratzean datza. Haurdun geratzeko arrisku oso handia duen praktika da, eiakulatu aurretik ere, gizonezkoak semen-aurreko likidoa isurtzen duelako, haurdun geratzeko adina espermatozoide eduki ditzakeen likidoa. Gainera, kontrol zorrotza behar du garaiz ateratzeko.
Azken aldaketako data: