Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa

Umetoki-lepoko
minbizia bahetzeko programari buruz

Programa honen helburua da gaiztotu aurreko lesioak eta minbizia hasierako faseetan modu goiztiarrean detektatzea.

Umetoki-lepoko minbiziaren populazio-baheketa egiteko Osakidetzaren programak parte hartzera gonbidatzen du osasun-zentroko emagin-kontsultara joanez. Proba sinple baten bidez, minbizi aurreko lesioak detekta daitezke umetoki-lepoko (zerbixeko) minbizia garatu aurretik.

Egiaztatuta dago programa hauek eraginkorrak direla, hainbat herrialdetan modu egokian eta sistematikoan aplikatu izanak ekarri duelako minbizi honen intzidentzia eta heriotza-tasa % 70-80 jaistea.

Norberak erabakitzen du proba egin nahi duen ala ez. Web-orri honetan programari buruzko informazio guztia duzue eskuragarri.


Zertan datza baheketa-proba?

Baheketa-proba, normalean, emaginak egiten du, eta zailtasunik gabe jasan daiteke. Proba erraz honek ez du minik sortzen eta ez du prestaketarik eskatzen. Umetoki-lepoa estaltzen duten zelulen lagin bat hartzean datza. Espekulu baten laguntzarekin (zerbixa behatzeko baginan sartzen den gailua), umetoki-lepoa ikusten da eta lagina hartzen da.

Lagin honekin, zure adin-taldearen araberako azterketak egingo dira:

  • 25-34 urteko emakumeak, umetoki-lepoko zelulak mikroskopio baten bidez aztertuko dira (zerbix-baginako zitologia)
  • 35-65 urte bitarteko emakumeek giza papilomaren birusa (GPB) detektatzeko proba egingo dute.

Alde horren arrazoia da 35 urtetik behera hain ohikoa dela giza papilomaren birusak eragindako infekzioa, ezen horrek ez baitigula uzten zehazten zer pazientek duten umetoki-lepoan lesio bat izateko arrisku handiagoa edo txikiagoa. Zitologia eta GPB proba mundu osoko umetoki-lepoko minbiziaren prebentzio-programetan erabiltzen dira.

Emaitza negatibo batek iraupen mugatua du. Horregatik, komeni da baheketa-proba aldian-aldian egitea. Emaitza oso arrisku txikikoa bada, zitologia 3 urtean behin errepikatzea gomendatzen da, eta giza papilomaren birusaren proba 5 urtean behin. Egiten den giza papilomaren birusaren probak sentsibilitate handiagoa du minbizi aurreko lesioak detektatzeko, eta, beraz, proba maizago egiteak ez du inolako onurarik.

Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programaren irudia

Herritarrentzako kontaktu-harremana:

Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa

Umetoki-lepoko minbiziari buruzko informazio osoa


Nork egin behar du proba?

25 eta 65 urte bitarteko emakume guztiak.

  • 25-34 urte artean: zitologia 3 urtean behin.
  • 35-65 urte: GPBaren detekzioa 5 urtean behin.

GPBaren kontrako txertoa jaso duten emakumeek ere egin behar dituzte umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko probak, txertoa berez oso eraginkorra izan arren, ez duelako GPBaren mota guztietatik babesten.

Sexu-harremanik inoiz izan ez duten emakumeek oso arrisku txikia dute lepoko minbizia garatzeko; beraz, proba egin ala ez erabaki dezakete. Une honetan emakume batek sexu-jarduerarik ez badu, baina iraganean izan badu, gomendatutako denbora-tarteetan aldizkako probekin jarraitzea gomendatzen da.

Programaren gonbidapena jaso baduzu (gutun edo sms bidez) eta egun Ginekologian zure jarraipena eta kontrola egiten ari badira, proba egiteko irisgarritasun-arazoren bat baduzu edo bestelako arrazoiren bategatik uste baduzu ez zenukeela parte hartu beharko programa honetan, deitu 900 222 002 doako telefonora edo idatzi programacervix@osakidetza.eus helbide elektronikora.

Beharrezkoa da kontuan izatea proba egin baino lehen:

  • Hilekoarekin egonez gero, ez da proba egin behar.
  • Probaren aurreko hiru egunetan ez erabili baginatik hartutako medikamenturik (baginako eraztuna eta hormona bidezko UBG izan ezik, ez baitute eragozten).

Nork ez du proba egiteko adierazpenik?

25 urtetik beherakoak, sexu-harremanak hasteko adina edozein dela ere, umetoki-lepoko minbizia oso ezohikoa baita adin hori baino lehen. 65 urtetik aurrera, aurreko baheketa-probak normalak izan badira, ez litzateke beharrezkoa izango berriro egitea.

Umetoki-leporik ez duten pertsonek ez dute proba egin behar. Ebakuntza kirurgiko bat egin badizute (histerektomia osoa) eta umetoki-lepoa erauzi badizute, ez da beharrezkoa baheketa hori egitea.

Gutun edo SMS bat jaso baduzu, programatik kanpo zaudela eta zalantzaren bat duzula jakinaraziz, ez zaude ados edo informazio gehiago nahi baduzu, 900222002 doako telefono-zenbakia eta helbide elektroniko hau jarri ditugu zure esku: programacervix@osakidetza.eus


Erabakia hartzea: baheketa-probaren onura eta arrisku posibleak

Baheketa sintomarik gabeko emakumeetan egiten da, printzipioz gaixotasunik gabe.

Gaur egun, baheketarik eza da umetoki-lepoko minbizia garatzeko arrisku-faktorerik garrantzitsuena.

Onurak:

  • Umetoki-lepoko minbiziaren intzidentzia eta hilkortasuna murrizten ditu.
  • Bizi-kalitatea hobetzen du, gaiztotu aurreko lesioen tratamendu ez hain erasokorrei esker.
  • Emakumeei psikologikoki mesede egiten die, baheketa-proba negatibo baten emaitzak gaixotasunik gabeko segurtasun-tartea eskaintzen duela dakitelako.

Kalte potentzialak:

  • Miaketarekin lotutako min fisikoak, hala nola mina, odoljarioa edo lesioen tratamenduaren konplikazioak.
  • Minbizi aurreko lesioen tratamenduarekin lotutako efektu obstetriko kaltegarriak, eta ez baheketarekin lotutakoak, hala nola garaia baino lehen erditzeko arrisku handiagoa izatea.
  • Antsietatea, baheketa anormala jaso, azterketa kolposkopikoa egin eta tratamendua jasotzean.
  • Atzerapena lesioaren diagnostikoan, emaitza faltsu negatibo batekin lotuta.
  • Gehiegizko tratamendua jasotzea, emaitza positibo faltsu bat jaso ondoren.

Gaur egun, baheketarik eza da umetoki-lepoko minbizia garatzeko arrisku-faktorerik garrantzitsuena.



Umetoki-lepoko minbiziaren irudia

Nolakoak izan daitezke baheketa-probaren emaitzak?

Emaitzak postaz edo telefono bidez jakinaraziko dira; horretarako garrantzitsua da zure harremanetarako datuak eguneratuta izatea Osasun Zentroan. Era berean, emaitzak Osasun Karpetatik kontsulta daitezke (www.osakidetza.euskadi.eus web-orrian edo Osakidetzako app-tik) zure sakeleko telefonotik edo ordenagailutik. Gakorik ez baduzu, eska itzazu zure Osasun Zentroan.

Baheketa-proban hainbat emaitza izan ditzakegu:

Baloratu ezin den emaitza, hortaz proba errepikatu behar da. Proba berria baliozkoa izateko, aurrekotik gutxienez 4 hilabete itxaron behar da. Normalean, azterketa egiteko material nahikorik ez izatea izaten da emaitza horren arrazoia, eta horregatik errepikatu behar izaten da. Oraindik ez baduzu zitarik, hartu zita zure emaginarekin aurrekotik 4 hilabete igaro direnean.

Arrisku oso txikia, hau da, une honetan oso aukera gutxi dago gaiztotu aurreko lesio bat edo lesio gaizto bat izateko; beraz, hurrengo kontrola 3 edo 5 urtetan izango da osasun-zentroko emaginarekin. Baheketa-programak beste gonbidapen bat bidaliko dizu adierazitako unean, baldin eta zure ginekologoak aurretik joatea gomendatu ez badizu. Hala ere, etorkizunean edozein anomalia nabaritzen baduzu (bat-bateko odoljario genitala, irregularra eta errepikatua; koitorragia errepikatua; baginako fluxu anomaloa) eta azterketa berriak egitea komeni bada, kontsultatu zalantzarik gabe.

Arrisku txikia, hau da, une honetan lesioren bat izateko probabilitate txikiko alterazioren bat ikusi da, baina kontrol hurbilagoa behar du. Horregatik, kasu horietan, proba urtean behin errepikatzea gomendatzen da. Urtebetera, Programa berriz jarriko da harremanetan zurekin.

Azkenik, arrisku handiagoa dakarten alterazio batzuk daude, eta azterketa osatzea gomendatzen da, lesiorik dagoen hautemateko eta behar den tratamendua edo jarraipena aplikatzeko. Zure kasua bada eta jakinarazpena jaso baduzu, gogoratu Ginekologiako Zerbitzura joan behar duzula epe laburrean.

100 emakumetik 4k soilik izango dute ginekologiako kontsultara joan beharra azterketa osagarria egiteko. Horrek ez du esan nahi minbizia dugunik; izan ere, baheketaren emaitza alteratua duten emakume gehienek ez dute tratamendurik behar, zaintza eta kontrola soilik.

Horrelakoetan, proba bat egingo zaizu ginekologiako espezialistaren kontsultan: kolposkopia. Proba hori ez da ohiko ginekologia-azterketa baino askoz ere gogaikarriagoa. Umetokiaren lepoa, bagina eta bulba mikroskopio baten bidez behatzen dira, lesioak aurkitzeko tindaketa batzuk aplikatu ondoren.

Imagen colposcopia

Kolposkopiaren ondoren, kasu gehienetan jarraipena baino ez da egingo, aldizkako azterketekin, non zitologia eta kolposkopia berriak egingo diren. Hala ere, kasu batzuetan gaiztotu aurreko lesioak detektatzen dira, hau da, ezer egingo ez balitz minbizi bilaka litezkeen lesioak. Hori gerta ez dadin, minbizi aurreko lesio horiek desagerrarazteko teknika bat daukagu, konizazio izenekoa.



Herritarrentzako kontaktu-harremana:

Umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa

Azken aldaketako data: