Ministerioak listeriosi agerraldiaren inguruan deitutako koordinazio bileran parte hartu zuen Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako osasuneko sailburuorde Iñaki Berraondo izan zen listeriosi agerraldiari buruzko informazioa partekatzeko Ministerioak Madrilen atzo arratsaldean deitutako bileran. Bileran egiaztatu zen agerraldia “La Mechá” markako haragi urdaiztatuaren kontsumoarekin erlazionatuta dagoela, eta kutsatutako haragi hori batez ere Andaluzian banatu dela. Bestalde, adierazi zen produktua erretiratu zutela merkatutik, eta kasu berri gutxiago agertzen ari direla.

Autonomia-erkidego guztiek partekatu zuten informazioa, bereziki Andaluziak, bai eta Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) eta zaintza epidemiologikoaren sareak ere. Iñaki Berraondok jakinarazi zuen Euskadin ez dela banatu kutsatutako haragi urdaiztatuaren loterik, eta oraingoz ez dela listeriosi kasurik antzeman.

Berraondok azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila osasun-sistema publikoko nahiz pribatuko laguntza-sarearekin koordinatuta ari da lanean sor litezkeen kasuak antzemateko. Alde horretatik, sailburuordeak adierazi zuen Andaluzian “La Mechá” haragi urdaiztatua jan zuten eta sintomaren bat duten pertsonek medikuari jakinarazi behar diotela. Jaurlaritzako sailburuordeak gogoratu zuen listeriosia derrigorrez deklaratu beharreko gaixotasuna dela, eta edozein osasun-zentrotan (lehen arretakoetan, ospitaleetan…) kasuren bat hautemanez gero, beraz, protokoloa aplikatuko litzatekeela.

Azken aldaketako data: