Mugako Nortasunaren Nahasmendua

Zer da?

Parke batean paseoan nabilela nire begiradak beste norbaitenarekin topo egiten badu, nire buruak oharkabean prozesatzen du. Horrelako gertakariek ia ez dute eraginik jendearen errutinan. Batzuek "begiratu dit" pentsatzen dute, besterik gabe, eta oinez jarraitzen dute, beste batzuek "irribarre egin dit" pentsatuko dute, aurrera jarraitzen dutela; baina beste batzuentzat, begirada soil bat beste zerbait bihur daiteke, "inoiz ez bezala maitemindu naiz" (ezin zoriontsuago egin nau) edo "gorroto nau nire itxuragatik" (amorrua sentitzen dut), adibidez. Nortasunak eragiten ditu erantzun baten eta bestearen arteko aldeak. Nortasuna edo izaera da pertsona baten sentimenduak, ezagutzak eta kontzientzia osatzen dituzten ezaugarri psikologikoen multzoa, eta horiek dira, hain zuzen ere, haren jokabidearen oinarria, baita bere buruarekiko nahiz ingurunearekiko dituen pertzepzioa eta harremana.

Zer da Mugako Nortasunaren Nahasmendua. Lurrean makurtutako gizona, burua hartuta

Egunero estimulu ugari jasotzen ditugu, eta horien barne-irakurketa egiten dugu. Barne-interpretazio hori gure jokabidean eta sozializazioan islatzen da, eta erantzuna gehiegizkoa bada, gure funtzionamendua eta harremanak oso konplikatuak izango dira. Pertsona batek Mugako Nortasunaren Nahasmendua (MNN) edo Nortasunaren Aldakortasun Emozionalaren Nahasmendua (AEN) dauka bere izaeragatik estimuluak gehiegi balioesteko joera badu eta arazoak sortzen badizkio arlo hauetan:

  • Barne-esperientzia. Bere buruarekin gaizki sentitzen da, etengabe dago larrituta edo gogobete gabe.
  • Afektibitatea. Emozio oso biziak, ezegonkorrak edo erantzun desegokiak ditu.
  • Besteekiko jokabideak eta harremanak.

Izateko eta funtzionatzeko modu hori denboran zehar mantentzen da. Nekez jokatzen du malgutasunez. Normalean nerabezaroan hasten da, eta ondoeza eragiten die bai pertsonari, bai haren ingurukoei.

Nahasmendu honek bereizgarri ditu ezegonkortasun emozionala eta inpultsibotasuna harremanetan, jokabideetan eta norberaren irudiari dagokionez.

Hamaika nortasun-nahasmendu mota deskribatu dira, eta horietako bat Mugako Nortasunaren Nahasmendua (MNN) da. Gaur egun, honako termino hauek ere erabiltzen dira: Nortasunaren Aldakortasun Emozionalaren Nahasmendua (AEN) edo Emozioen Erregulazioaren Nahasmendua (EEN).

Síntomak

Nortasunaren ezaugarriek pertsonaren bizipen guztiak bustitzen dituzte. MNN-AEN diagnostiko bat baieztatzeko, sintomak larriak izan behar dira, hau da, eguneroko premiei erantzutea eragotzi edo oztopatzeko modukoak, eta ohiko arazoei eta tentsioei aurre egiteko zailtasunak eragiten dituztenak. Nahasmenduaren adierazpenak hainbat minutu edo ordu irauten du, eta normalean estresa sortzen duten egoeretan gertatzen da. Nahasmendua egoera estresagarrietan azaleratzen da, normalean, eta hainbat minutu edo ordu irauten du.

Bikoteen irudia eztabaidan

Balorazioan kontuan hartzen da bederatzi irizpide hauetatik gutxienez bost dauden:

1. Benetako edo irudikatutako abandonua saihesteko ahalegin frenetikoak.

Pertsona hauek oso sentiberak dira ingurumen-baldintzekiko, eta abandonatuak izateak edo abandonatuak izan daitezkeela pentsatzeak beldur ikaragarria sentiarazten die (esaterako, aldi batez banantzea, plan-aldaketak…). Horrelakorik gerta ez dakien, batzuetan gehiegizko eskaera, exijentzia edo inposizioekin erantzuten dute (neurriz kanpoko haserrea edo larritasuna, mehatxuak…).

2. Harreman ezegonkorrak eta sutsuak, muturreko idealizazioa eta gaitzespena tartekatuz.

Bat-bateko iritzi-aldaketa handiak izaten dituzte, pertsonak idealizatu edo gaitzetsi egiten dituzte haien babesa edo arbuioa hautematen badute (onena da edo txarrena da). Muturreko terminoetan pentsatzeko joera dute (dena ala ezer ez, beti ala inoiz ez). Horren ondorioz, harreman ezegonkorrak, sutsuak eta gorabeheratsuak izaten dituzte.

3. Nortasunaren alterazioa: norberaren gaineko irudi edo zentzu nabarmendua eta etengabe ezegonkorra.

Besteekin gertatzen zaien bezala, beren buruari, gaitasunei eta afektibitateari buruz duten irudia oso aldakorra da. Ez dute garatzen nortasun kohesionatu eta iraunkorra: "ez dakit nor naizen". Horrek segurtasun falta handia eragiten die, eta askotan bat-bateko aldaketak dituzte alderdi askotan, adibidez itxura fisikoarekin edo etorkizuneko planekin obsesionatzen dira, aldaketak dituzte sexu-identitatean, balio-eskalan… Ohikoak dira irudi-aldaketak, lanak behin eta berriz galtzea, ikasketak etetea eta harremanak etetea.

4. Inpultsibitatez jokatzen dute gutxienez bi eremutan, eta kaltegarriak izan daitezke haientzat.

Inpultsibitatez jokatzearen ondorioz, zenbait jokabide arriskutsu izan ditzakete: substantzia toxikoen abusua, farmakoak hartzea, janari-betekadak, modu arriskutsuan gidatzea, gehiegi gastatzea… Ondorioak kontuan hartu gabe jokatzeko joera dute, beren buruari ere kalte eginez.

5. Portaera, saiakera edo mehatxu suizidak, behin baino gehiagotan, baita beren burua zauritzea ere (beren buruari min egitea).

Ohikoa da beren buruari lesioak eragitea (ebakiak, erredurak…) eta beren buruaz beste egiten saiatzea edo mehatxu egitea, eta askotan, horrexegatik bilatzen da laguntza profesionala. Sarritan, horrela jokatzen dute banantzearen edo gaitzespenaren beldur direlako, edo porrot egingo dutela uste dutelako eta arazoen aurrean ezin dutelako ezer egin. Sufrimendu handia arintzeko edo murrizteko egiten dute, ("lasaigarri" gisa) edo "sentizeko" gai direla baieztatzeko (gaitasun hori galdu dutela uste dutelako).

6. Ezegonkortasun afektiboa, gogo-aldartearen erreaktibotasun nabarmenaren ondorioz. Adibidez, suminkortasun edo antsietate handiko episodioak (ordu batzuk irauten dute, eta oso gutxitan, egun batzuk).

Pertsona hauen umorea bat-batean aldatzen da, intentsitate handiarekin. Ondoeza sentitzen dutenean, etsipena, suminkortasuna, antsietatea, haserrea kontrolatzeko zailtasuna, gatazkak (hitzezkoak nahiz fisikoak)... erakusten dituzte. Neurriz kanpoko jokabidea dute, estimuluak kontuan hartuz.

7. Hustasun-sentsazioa.

Sarri edo etengabe izaten dute zentzu falta edo hutsune emozionala, ezerekin bete ezin dena eta min fisikoa edo paralisi mental antzeko bat eragin ahal diena. Sufrimendu handiarekin bizitzen dute, eta horrek etsipen handia eragiten die, eta bizitzak ez duela inolako zentzurik sentitzen dute.

Hori konpentsatzeko, etengabe bilatzen dituzte esperientzia desberdinak, baina gogobetetasun falta handiarekin. Objektu, jarduera edo pertsona desberdin askorekiko interes sutsua izaten dute.

8. Haserre desegokia eta bizia edo kontrolatzeko zailtasunak.

Haserre biziko episodioak oso ohikoak dira pertsona hauengan, eta, oro har, garrantzitsutzat jotzen dituzten pertsonek arbuiatu dituztela nabaritzen dutenean edo ez dietela jaramonik egiten uste dutenean sortzen dira. Oro har, erru handia sentitzen dute jarraian.

9. Ideiagintza paranoide iragankorra, estresari lotuta, edo disoziazio-sintoma larriak.

Estres handiko aldietan, norbaitek min egin nahi dielako ideiak edo pertzepzioak izan ditzakete, muturreko zaurgarritasun-sentsazioarekin lotuta, oro har, eta disoziazio-sintomak ager daitezke. Disoziazioa "bere gorputzetik kanpo bezala" sentitzea da, eta hainbat maila ditu, hala nola, "sorgortuta" egotea, edo gauzak automatikoki egitea, baita bere ekintzak ez gogoratzea ere. Batzuetan, mekanismo psikologiko inkontziente hori oroitzapen, gertaera edo sentimendu mingarrietatik babesteko tresna bihurtzen da.

Pertsona bakoitzak zailtasun desberdinak izan ditzake, baina beti daude lotuta

Irizpide horiek funtzionamendu-arlo hauekin lotu daitezke, besteak beste: jokabidea, emozioak, harremanak, identitatea eta pentsamendua. Pertsona bakoitzak zailtasun desberdinak izan ditzake, baina beti daude lotuta; beraz, norbanako bakoitzak modu desberdinean funtzionatuko du, pertsona guztiak direlako desberdinak. Askotan, kontsultara joaten dira harremanetarako zailtasunak dituztelako, depresioa dutelako, antsietatea dutelako, elikadura-nahasmenduak dituztelako edo alkohola edo beste substantzia batzuk gehiegi hartzen dituztelako (komorbilitatea, gaixotasun bat baino gehiago izatea paraleloan).

Gainera, nahasmendu honek bereizgarri duen inpultsibitateari lotuta, alkohol- eta droga-abusua ohikoa da sufrimendua arintzeko edo saihesteko. Kontsumo horrek sintoma paranoideak eragin ditzake (mesfidantza, arrazoirik gabeko susmoak) eta jokabide autosuntsitzaileak bultza ditzake, hala nola nahita kalte egitea bere buruari, babesik gabeko sexu-promiskuitatea, ausarkeriaz gidatzea…

Beste batzuetan, lehenengo kontaktua gertatzen denean heriotza-ideiak puri-purian daude edo suizidio-saiakera bat gertatu da, eta ospitalizazioa izaten da suspertzeko bideari ekiteko gunea.

Arrazoiak

Gutxi gorabehera herritarren % 2k dute MNN-AEN, eta gizarte-klase eta kultura guztiei eragiten die. Gaur egun, diagnostikatutakoen hiru laurden emakumezkoak dira. Zenbait profesionalek uste dute jokabide batzuk modu desberdinean adierazten direla generoaren arabera (gizonezkoek besteekiko ekintza agresibo gehiago egiten dituzte beren buruarekiko baino, alkohol edo beste toxiko batzuen kontsumoarekin batera). Ezaugarri espezifiko horren ondorioz, eta kontuan hartuz laguntza profesionala eskatzeko zailtasun handiago dutela, askotan ez zaie diagnostikatzen edo beste diagnostiko bat egozten zaie.

Hainbat faktore biologikok eta ingurunekoek (giro baliogabetzailea) emozioak behar bezala kudeatzeko gaitasunaren alterazioa eragiten dute. Batez ere haurtzaroan emozioak kudeatzeko eta onartzeko baliabideak garatzeko zailtasunak dituzte, estimuluekiko sentsibilitate handiarekin eta erantzuteko gaitasunaren gaineko konfiantza faltarekin batera.

Esperientzia traumatiko errepikatuak eta denboraldi luzeetan mantenduak bizitzeak aukera handiagoa ematen du MNN-AEN garatzeko, batez ere pertsona horiek ez badute ez babestuko dituen inor, ez esperientzia konpontzaile eta mesedegarririk. Egoera horiek gertatzen diren guztietan ez da MNN-AEN garatzen, eta nahasmendu hau duten guztiek ere ez dute beti jasan horrelako egoerarik.

emakumea aurpegia estaltzen

Pronostikoa

Afekzio-mailaren arabera, pertsonak bizitza aktiboa izan ahalko du, lana mantenduko du, eguneroko arazoak konponduko ditu, harremanak mantenduko ditu… edo arlo horietako batzuk mugatuta izango ditu. Nahasmenduaren eragin handiena 20 eta 35 urte bitartean izaten da. Ez da endekapenezkoa. Kasu gehienetan, 35-40 urteen artean egonkortu egiten dira, inpultsibitatearen eta beste sintoma batzuen hobekuntzarekin batera.

Pronostikoa desberdina da hainbat faktoreren arabera:

  • Adina, zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta okerrago.
  • Sintomen larritasuna.
  • Adikziorik duen.
  • Jokabide suizidak dituen edo bere buruari lesioak eragiten dizkion.
  • Beste pertsona batzuen oinarrizko eskubideak urratzen dituzten jokabideak.
  • Gaixotasunaren kontzientzia, onartzea.
  • Bere tratamenduan laguntzen duen.
liburuetan eserita dagoen emakume zoriontsua
Nahasmenduaren eragin handiena 20 eta 35 urte bitartean izaten da

Tratamendua

MNN-AEN dutenen tratamendua prozesu konplexua eta luzea da. Helburu eta esku-hartze errealistak planteatu behar dira, kasu jakin bakoitzera egokituta. Konpromisoa eta inplikazioa izanez gero, emaitzak lortzen dira, eta horregatik dira garrantzitsuak gaixotasunaren kontzientzia eta onarpena. Ahalegin pertsonala eta konstantzia eskatzen ditu. Gehienetan, gertuko pertsonen parte-hartzea eta lankidetza eskatzen da, baina batzuetan, gizarte-ingurune oso pobretuetako pertsonak izaten dira. Batzuetan, ospitalizatu egin behar dira.

Ez dago nahasmendu hau sendatzeko edo tratatzeko tratamendu farmakologiko espezifikorik. Sintomak arintzeko medikamentuak erabiltzen dira (antsietatea, insomnioa, depresioa, inpultsibitatea).

Psikoterapiaren bidez, elkarrizketaz baliatzen da gaixotasuna ezagutzeko eta hura kudeatzeko estrategiak ikasteko. Psikiatra edo psikologo kualifikatu batek egiten du. Nahitaezkoa da bien artean harreman arina eta konfiantzazkoa izatea.

Hainbat psikoterapia mota erabiltzen dira MMN-AEN tratatzeko. Terapia hauetan, besteak beste, hauek lantzen dira jokabide- eta elkarrizketa-terapiako taldeetan: kontzientzia, emozioen erregulazioa, ondoezaren tolerantzia, pertsona-arteko eraginkortasuna eta erabakiak hartzeko ebaluazio arrazionala.

Banakako eta taldeko psikoterapiako esku-hartzeek frogatu dute eraginkorrak direla MNN-AEN duen pertsonaren lankidetza izanez gero; hau da, pertsona horiek ulertu behar dute zer ondorio dituzten haien funtzionamenduak eta harremanak izateko moduak. Psikoterapiaren bidez, modu erregulatuan edo egokituan erantzuteko tresna berriak aurkitu eta ikasiko dituzte. Beren inplikazioarekin, saioetara joango dira, horietan parte hartuko dute, arauak errespetatuko dituzte, puntualak izango dira, zintzotasunez hitz egingo dute, autokritikarako gaitasuna izango dute, terapeutaren eta beste taldekideen ekarpenak onartuko dituzte, aldatzeko motibazioa aurkituko dute eta ikasitako teknikak praktikan jarriko dituzte.

aulkietan eserita, hizketan
Pertsona bere tratamenduan konprometitu eta inplikatu behar da

Nola zaindu eta lagundu

Sintomen larritasunaren arabera, MNN-AEN duten pertsonen artean alde handia dago hainbat alderditan: bizitza aktiboa izateko gaitasuna, lan egiteko gaitasuna, eguneroko arazoei aurre egiteko gaitasuna, elkarreragiteko gaitasuna eta harremanak izateko trebetasunak. Kasu larrietan, sarritan sentitzen dute ez direla gai jarduera horiek egiteko, edo ospitalizatu egin behar dira beren buruari lesioak eragiten dizkiotelako, elikadura-nahasmendu larriak dituztelako, substantzien abusuagatik edo beren buruaz beste egiten saiatzeagatik.

pertsona batzuk eskuak inguruan dituztela

Harremanetan dauden zailtasunengatik, normalean gizarte-euskarri eskasa izaten dute. Inguruko pertsonei zuzenean eragiten die. Iturri fidagarrietan informazioa bilatzeak edo ezagutzen eta tratatzen dituzten osasun-langileei galdetzea lagungarria izan daiteke zer gertatzen zaien eta haien jokabidea zerk eragiten duen ulertzeko. Baliagarria izango da gai pertsonal gisa ez interpretatzeko eta bere bilakaera hobetzeko behar duen laguntza eskaintzeko. Gainera, lagunek eta familiak aintzatestea (“ulertzen dut”, “badakit zer ari zaren pasatzen”) oso eraginkorra da harremanen kalitatea hobetzeko.

Zure inguruko norbaitek arazo hau duela uste baduzu, eskatu laguntza profesionala.

Gomendio hauek lagungarriak izan dakizkizuke, baina ez dituzte inola ere ordezten zure senide edo lagunarekin lan egiten duen taldearen jarraibide espezifikoak:

Zaintzeko eta laguntzeko gomendioak

Aldaketa lortzea

  • Kontuan izan prozesu zaila izango dela.
  • Proposamena egite edo perspektiba planteatze hutsak ikaratu egingo du.
  • Ezarri helburu errealista eta lorgarriak. Arazo handiak pauso txikien bidez konpondu, une bakoitzean gauza bakar batean kontzentratuz.
  • “Aurrerapen handia” lortu dela edo “egin dezakezu” esan aurretik, garrantzitsua da ulertzea hori esateak abandonatuak izateko beldurra eragin ahal diela.

Etxean giro lasaia mantentzea

  • Familiaren jardueretarako errutinak ezarri.
  • Izan kontaktua besteekin.
  • Bilatu gozatzeko aukerak.
  • Aurkitu hitz egiteko denbora. Sustatu gai arin edo neutralei buruzko elkarrizketak.
  • Desadostasun-egoeretan eta kritikak egitean, iritziak modu egokian trukatu. Ez egin garrasi, eta saihestu jokabide sutuak.

Krisia kudeatzea

  • Adi egon eta jarrera lasaia izan.
  • Akusazioak eta kritikak jasotzen badituzu, bidegabeak iruditzen bazaizkizu ere, ulertu ez dela eztabaidarako eta borrokarako unea.
  • Mehatxuak edo jokabide autosuntsitzaileak erakusten hasten bada, hitz egin argi zure senidearekin, eta egiaztatu haren terapeutak ezagutzen dituela.
  • Entzun eta onartu, epairik gabe, emozio negatiboak. Animatu hitzak erabiltzera beharrak, beldurra, bakardadea edo haserrea adierazteko.

Arazoak konpontzea

  • Lagundu pertsonari bere ekintza eta ondorioez konturatzen.
  • Anima ezazu konponbideren bat aurkitzeko, eta are hobeto inplikatu behar bada.
  • Parte hartu eta lagundu, laguntza behar duten gauzetan.
  • Saiatu inplikatutako guztiek koordinatuta jardun dezaten.
  • Medikazioarekin edo esku-hartze terapeutik lotutako zalantzak badituzu, eztabaidatu zure senidearekin eta terapeutarekin.

Mugak ezartzea

  • Adierazi gauzak zuzenean eta kontu handiz.
  • Ezarri mugak zure tolerantzia kontuan hartuta.
  • Azaldu zer espero duzun, modu argi eta sinplean mintzatuz.
  • Lagun iezaiozu ulertzen akatsak ikasketa-prozesuaren parte direla, eta bere ekintzen ondorio naturalak onartzea ere bai. Utz iezaziozu errealitatetik ikasten.
  • Abusuzko tratuarekin, mehatxuekin, eraso egiten, ostikadak jotzen edo txistua botatzen hasten bada, urrundu. Heldu egoerari geroago, hitz egiteko jarrera egokiagoa duenean.
  • Mehatxua eta ultimatuma azken baliabide gisa erabili soilik, baina ahal duzunean eta betetzeko asmoa duzunean bakar-bakarrik.
  • Jo ezazu haren terapeutarenera, orienta zaitzan.

Hurbileko pertsonentzako gida praktikoa

Baliteke bizikidetzak sentsazio eta sentimendu desatseginak eragitea. Ez ahaztu zeure burua zaintzea, zeure beharrei erantzutea eta atsedenerako guneak eta uneak gordetzea. Egoerak gainditzen zaituela sentitzen baduzu, bilatu laguntza profesionala.

Baliabide interesgarriak

Icono enlaces de interés

Osasun Eskolako estekak

Webguneak

Bideoak

Elkarteak

Gidak

Azken aldaketako data: