Mundu digital batean heztea

Era digitalean bizi gara, eta teknologiarekin etengabe eta zuzenean gaudenez harremanetan, funtsezkoa da harreman osasuntsua izatea hurarekin.

Haurrak heztean, gure ideia eta desira nagusia honako hau da: haurrak osasuntsu eta askotariko egoerak eta emozioak kudeatzeko trebetasunarekin haz daitezen. Hori lortzea eragozten duen oztopoetako bat da mundu digitalean hezitako lehen belaunaldiak direla, eta horrexegatik ez dagoela jarraitzeko aurretiko eredurik. Ondorioz, garrantzitsua da etxean hausnartzea nola ekin pantailen erabilerari, bai eta ohartzea ere helduak haurren eredua direla.

Pantailen aurrean igarotzen dugun denbora ez dugu inbertitzen ez beste pertsona batzuekin ezta ingurunearekin ere harremanetan edo elkarreraginean egoten.

Garapen psikiko eta emozionala

Pertsonok egoera eta emozio ugari bizitzen ditugun izaki sozialak gara. Harremanak, beste pertsona batzuekin elkarreraginean egotea, hizkuntza, jarduera fisikoa eta atsedena beharrezkoak dira garuna behar bezala garatzeko, eta pantaila batek horiek oztopatzen ditu. Beste pertsona batzuekin edo ingurunearekin ditugun harremanak lantzeko denborari pantailetan emandako denbora kendu behar zaio.

Jaiotzean ezartzen den lehen harremana amarekin eta/edo aitarekin da. Bereziki zaindu behar dugu harreman hori, eta kontuan izan behar dugu pantailek garapen psikikoan eta sozioemozionalean interferentzia egiten dutela. Hau funtsezkoa da bizitzako lehen etapetan, horietan enpatizatzen, komunikatzen eta emozioak kudeatzen ikasten baita.

Bizitzako lehen urtean, garrantzitsuak dira begirada, ukimena eta ahotsa elikaduraren, higienearen edo loaren eguneroko errutinetan. Haurra ibiltzen hasten denean, mundua deskubritzen lagun diezaiokegu, haren garapena sustatzen duten jolasen bidez (manipulazio- eta mugimendu-jolasak).

Haurtzaroan, jolasa, aisia eta ikaskuntza elkarri lotuta daude; izan ere, beharrezkoak dira heziketarako, balioak transmititzeko eta harremanak izateko.

Gainera, pantailak etengabeko estimulu sentsoriala dira (zarata eta irudien bidez), eta eragina izan dezakete arretan eta ikaskuntzan, besteak beste.


Neurozientziako ikerketa batzuek lotu izan dute pantailen erabilera handiagoa ahozko adierazpen zein enpatia txikiagoarekin, bai eta arretaren, funtzio exekutiboaren, loaren eta memoriaren nahasmenduekin ere.

Ongizate digitala

Egungo gizarteak baditu garapen egokia izaten laguntzen ez duten ezaugarri batzuk; beraz, aldaketa positiboak sustatzeko ideia orokor batzuk proposatzen dizkizuegu.

Zailtasuna Konponbide posiblea
Berehalako saria jasotzeko nahia Pazientzia landu. Adibidez, eskatzen dutena berehala ez emanez, edo egun bat baino gehiago irauten duten proiektuak sustatuz (hala nola instrumentu bat jotzea)
Gehiegizko informazioa: bilaketa-aukerak mugatzea Adibidez, familiarekin batera ikusteko filma aukeratzerako orduan, bizpahiru aukera baino ez emanez
Azaleko edukia nahiago izatea: esfortzu-jarduerak egitea Adibidez, irakurketari edo oroimen bisualeko jolasei ekinez, edo abestiak buruz ikasiz
Gure berehalako arretaren mendekotasuna Denbora aprobetxatu behar dela azpimarratu. Adibidez, aplikazio batzuetan erabiltzen dugun denbora mugatuz
Emozio zirraragarriak bilatzea Asperdura kudeatzen lagundu sormena landuz. Adibidez, eskulanak egiteko materiala edo margoak hurbil utziz

Hona hemen familia-ingurunerako arau komun batzuk, hurbileko harremana izaten laguntzen dutenak:

  • Gauez itzali mugikorrak, atsedena errazteko. Gainera, mugikorrak gelatik kanpo uztea gomendatzen da, justu lo egin baino lehen horiek ez erabiltzeko; izan ere, horrek loa nahastu dezake.
  • Otorduetan utzi pantailak alde batera, komunikazioa errazteko.
  • Sustatu pantailarik gabeko interakzioa eta aisia, hala nola jarduera fisikoa, musika entzutea, ikastea, lo egitea, antzerkia, familiarekin eta lagunekin jolastea.
  • Pantailekin aritzeko denbora partekatua programatzea, hala nola film bat ikustea, bideojoko batera jolastea, edukia, irakurketa edo musika zein dantzak partekatzea… modu horretan pantailak loturagune bihurtzeko. Pantailen erabilera partekatua ez da norbanakoaren erabilera bezain kaltegarria. Pantailen erabilera partekatua ez da norbanakoaren erabilera bezain kaltegarria.
  • Bihurtu familia-ingurunea eredu: familia-ingurune bat izan non amak, aitak eta gainerako senideak eta hurbileko pertsonak pantailen erabilera onaren eredu diren.

Pantailak gehiegi erabiltzearen ondorioak

Neurozientziako ikerketa batzuek pantailen erabilera handiagoa lotzen dute ahozko adierazpen zein enpatia txikiagoarekin, bai eta arretaren, funtzio exekutiboaren, loaren eta memoriaren nahasmenduekin ere.

Gainera, honako arlo hauetan eragina izan dezake:

  • Loa: Sare sozialen eta bideojokoen erabilera ohean denbora gutxiago egotearekin, beranduago oheratzearekin eta lotan hasteko denbora gehiago behar izatearekin lotzen da.
    Gainera, oheratu aurretik edozein motatako pantailak erabiltzeak eguneko logura areagotzen du, gaueko logura gutxitzen du, melatoninaren sekrezioa murrizten du, erloju zirkadianoa atzeratzen du, eta REM loa murrizten eta atzeratzen du.
    Horrek guztiak depresio-aldartea, jokabidearen alterazioak, autoestimuaren murrizketa eta garun-garapenaren alterazioa sustatzen ditu.
  • Elikadura eta nutrizioa: Telebistaren aurrean denbora egotea dieta ez-osasuntsu batekin lotzen da; hala, gehiegizko pisua eta obesitatea izateko arriskua areagotzen da.
  • Ariketa fisikoa: Frogatu da sedentarismorako joera duten nerabeek denbora gehiago ematen dutela pantailak erabiltzen eta, gainera, horien erabilera mugatzeak jarduera fisikoa egitea errazten duela.
  • Ikusmena: Pantaila gehiegi erabiltzeak hainbat sintoma eragin ditzake, hala nola begi lehorrak, hazkura, malko-jarioa, begian gorputz arrotza izatearen sentsazioa edo ikusmen lausoa. Gainera, miopia eta estrabismo akutua agertzea errazten du.
  • Bestelakoak: Denbora asko emateak pantailak erabiliz min zerbikala eta lunbarra, neke orokorra eta zefalea eragin ditzake.

Azken aldaketako data: